Erlijioa -en artxiboa

Ezkerraren “koherentzia”, giristinofobiatik islamofiliara

Posted in Anarkismoa, Erlijioa, Politika with tags , , , , , , on 2015/01/08 by aselluzarraga

indizeaOso bitxia da azken hamarkadotan ezkerra zeharkatzen duen eskizofrenia erlijiosoa. Bitxia eta kezkagarria. Azken adibidea Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurka egindako sarraskiaren harira etorri da. Hasteko, bihoa hemendik elkartasun osoa aldizkariko langile guztiekin, hildakoekin, zaurituekin, zein onez atera direnekin, baita aldizkariaren irakurleekin ere. Mundu honetan adorea erakusteak halako ondorioak dakartza, tamalez, baina ez gaitezen horregatik kikildu.

Kontua da, aspalditik dakusadala Islamarekin mendebaldeak dakarren jokoa eta, eskuinaren jokoaren kolpe-leungailua, beste kontu askotan legez, behin eta berriz ezkerra dela berresteak kezkatu egiten nau. Antzerki txar honetan oso ondo jokatzen du bere zatia alde bakoitzak.

Ez gintuzke harritu behar munduko eskuinek, ezkerreko eskuin “demokratek” zein ultra-eskuinek, munduan edozein totalitarismoren alde egiteak eta, logika horretan, totalitarismo islamikoa finantzatu eta militarki babesteak. Hala, inor gutxik dauka arazo handirik barneratzeko Al Qaeda, Estatu Islamdarra eta halako talde armatu islamofaxistak AEB, Israel eta Europatik finantzatuta eta bultzatuta daudela. Gehienek ulertu ere ulertzen dute zer asmo politikoz sortzen eta indartzen diren halako mugimenduak eta erraz konturatzen dira mendebaldearen hipokrisiaz -edo hori sinistu nahi nuke…-. Honaino dena ondo. Eskuinari halakoek ez diote kontraesanik sortzen. NATO beti izan da diktadura islamdarren -eta beste diktadura mota askoren- aliatua, batez ere petrolio asko badaukate eta mendebaldearekin otzan jokatzen badute. Beharrezkoak dira Europatik “beherako” mundu “arraro” hori kontrolpean edukitzeko.

Ulertzen zailagoa, ordea, ezkerraren jarrera eskizofrenikoa da.charlie-hebdo Edo agian ez, ez da batere ulertzen zaila, ezkerraren logika historikoan sartzen baita, ezker parlamentarioa, Frantziako iraultza burgesa garaile atera zenetik, beti izan baita eskuin parlamentarioaren derrigorrezko beste laranja erdia, ispilua, langileak eta zapalduak kontrolpean edukitzeko behar zen eskua. Dialektika kontuak, agian. Eta ezkizofrenia horren eredu argia izan daitezke Willy Toledok, ezker horren ahots ezagun eta “errebeldeak”, bere twitterren bota eta Publiko egunkariak, zelan ez, zabaldutakoak: “Alerto sobre lo que suele ocurrir tras tanto ataque criminal, no me mofo de nadie, sólo hago memoria. Occidente asesina diariamente. Sin ruido”, “El Pentágono y la OTAN bombardean y destruyen países enteros, asesinan a millones, cada día. ¿De verdad esperamos qué no hagan nada?”. Jakina, Willy Toledoren buru argiak ez dauka zalantzarik, Charlie Hebdo aldizkari satirikoak lotura ukaezina dauka NATOren bonbardaketekin eta, beraz, nondik harridura musulman zapalduek haren aurka jotzen badute!

Eta hortxe dago nire kezka. Izan ere, gaur egun, ezkerrekoa bazara, onez ikusiko dute zure inguruko ezkertiar guztiek “gehien argitzen duen eliza sutan dagoena da” eta antzekoak botatzen badituzu, Eliza giristinoaren aurka denak balio du; giristinofobia derrigorrezkoa da, azken batean, eta hor ez du balio giristinoen artean aldeak egiteak, garai historikoak eta mugimenduak bereizteak… Gainera, Kristautasuna patriarkatuaren ikurretako bat da -batzuetan, ordea, salbuespenak egingo dira, eta protestantismoak ekarri zuen “askatasun” airea goraipatuko dute ezkertiar batzuek, une horretan ahaztuta protestantismoaren etika ezinbestekoa izan zela kapitalismoaren oinarriak ondo errotzeko, katolizismoaren moral materiala traba zen garaietan-. Ateoa, anarkista eta hierarkia guztien etsai naizen aldetik, ez daukat batere arazorik kristautasunaren aurkako herra hori ulertzeko, maila guztietan bat etorri ez arren. Honaino ere, dena ondo, ulergarria-edo… Baina orduan, baten bati bururatuko zaio esatea “gehien argitzen duen meskita sutan dagoena da”… eta inguruko aurpegi ezkertiarrak aldatzen hasiko dira. Islamofoboa izango zara, eta giristinofobia derrigorrezkoa den bitartean, islamofobia Marxen hamar bekatu kapitalen artean ei dago egun. Orduan bai, ñabardurak etorriko dira, islamdar guztiak ez dira… Bat-batean, jainkoagan sinestea ez dago hain txarto. Halako batean, erlijio hierarkikoak ez dira beti txarrak. Tupustean, totalitarismo morala ulergarria izan daiteke. Minutu batetik bestera, patriarkalismo erlijiosoa ahaztuta geratzen da… Bai, patriarkalismo islamdarra ere bai, maiz feministarik erradikalenak, are anarkofeminista batzuk, izango baitira zure islamofobia salatu eta Islam homofobo eta matxistaren alde aterako direnak. Orduan oroimenaren txoko ilun, giltzaz ondo itxitako batean geratuko dira harrika hildako emakumeak, genitalen erauzketak -emakumeek pairatzen dituztenak, gizonek pairatzen dituztenak egunero ahazten baitira, eta horretaz hobe ez mintzatzea…-, gizon zaharrekin ezkonarazitako neskatilak -berriz ere, emakume zaharrekin ezkonarazitako mutikoak egunero daude ahaztuta-, burkak, eta beste sexu zapalketa mota guztiak. Hala, ezkertiar batzuentzat, Willy Toledorentzat, esaterako, ezkerreko komunikabide satiriko bateko langileen aurkako sarraskia ez da adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat, eta ez du merezi frantses Estatuaren, poliziaren eta hiltzaileen artean loturaren bat ote dagoen ikertzea, edo Europa osoan gora doan ultra-eskuinak ezkerrak baino zer irabazi askoz gehiago daukala pentsatzea… Ezkerreko komunikabide satiriko bateko langileen aurkako sarraskia islamdar koitaduek pairatzen duten zapalkuntzaren aurreko erantzuna baino ez da, espero zitekeena, gainera. Logika horri tiraka, zilegi, beharbada…

Borobila osatuta dago: eskuinak Islama behar du, islamismo erradikalena. Bide hori zelaitzeko, ezkerra dago, arazoa Islama bera ez dela gogorarazteko. Batzuk -eta ez da txantxa, foro anarkista batean ikusi baitut-,  eskizofreniaren gailurrean, Korana defendatzera iritsiko dira, Bibliarekin alderatuz, ahaztuta Biblia giristinoak dakartzan liburu nagusi biak sakratuak direla musulmanentzat ere, alegia, haien erlijioaren baitakoak, Korana haien gainetik egon arren.

Bada, nire iritzi apalean, Islama, Kristautasuna legez, arazoa da. Gizateriak duen arazo bakarra ez, baina arazoetako bat bai, eta oso handia. Musulmanak, islamofaxismoaren aurka matxinatzen direnak batez ere, errespetu osoz ikusten ditut, giristinofaxismoaren aurka matxinatzen diren giristinoak legez, hain zuzen ere. Ez dira nire etsaiak euren morala eta sineskeriak inor inposatzen saiatzen ez diren bitartean. Ez ditut txalotuko, noski, ultra-eskuinak bere diskurtso xenofoboa elikatzeko meskiten aurka abiatutako erasoak. Beste testuinguru batean irribarrez ikusiko nituzke meskitak, sinagogak eta elizak batera erretzen. Edo agian ez, azken finean ondare arkitektonikoa izan baitaitezke haietako batzuk, eta eraikin apartak beste erabilera bat emanez gero. Ez dut ontzat emango musulman xumeen aurkako erasorik, giristino eta judutar xumeen aurkako erasorik ere ontzat ematen ez dudan legez. Baina ez naiz sartuko erlijio baten alde egitearen jokoan, zein ere den erlijio hori, are gutxiago erlijio horrek totalismoaren haziak gordetzen dituenean bere testu sakratuetan. Ez dut palestinarren alde egingo haietako asko -ez denak- musulmanak izateagatik, herri zapaldua izateagatik baizik. Era berean, ez dut Israelen aurka egingo israeldarrak -batzuk- judutarrak izateagatik, nazionismoa eta beste herrien zapalkuntza bultzatzeagatik baizik. Badirudi egun ahaztu egin dugula beste garai batzuetan antisemitismoaren mamua astintzen zela israeldarren nazionismoaren jardunari bidea libre uzteko, eta oraindik ere ez gara gai hura geldiarazteko. Seguruenik gaur egun antisionista izateak, Israelgo Estatuaren zilegitasuna ukatzeak, antisemita izatearekin batere zerikusirik ez daukala ulertzen dugun arren, badirudi historiak ez digula aski irakatsi ulertzeko islamofaxismoari, bere forma guztietan, aurre egiteak ez duela zerikusirik islamofoboa izatearekin. Noiz konturatuko da ezkerra? Beti bezala, kaltea eginda dagoenean?

Beraz, ez dut emango, inolaz ere, giristinofobiatik islamofiliarako urratsa. Erlijio guztiak dira zabor bera.

images(Castellano)

Neo-matxismoei buruz

Posted in Anarkismoa, Ekonomia, Erlijioa, Gizartea, Kultura, Lana, Politika, Sexualitatea with tags , , , , , , , , , , , , , on 2012/03/17 by aselluzarraga

(Castellano)

Azken egunotan feminismoei eta matxismoei buruz ditudan ideien gainean hausnarrarazi didaten zenbait testu irakurri ditut. Azkena, alasbarricadas-en gustura irakurri ohi dudan Acratosaurioarena izan da, Esperanza Aguirreren hitz batzuen harira. Oraingoan, ordea, ezarritako diskurtso politikoki zuzenetik aldentzen ez dela begitandu zait, testuaren eta ideien kalterako.

Irakurritako testu horiek -besteak beste, Prado Estebanen “Pensar la mujer desde el 15-M” eta “Una nueva reflexión a 15 de octubre” eta aipatu Acratosaurioaren “¿Existe la violencia estructural contra las mujeres?”– feminismo eta matxismo kontzeptuei zenbait buelta emanarazi didate. Gaia oso sentikorra da eta interpretazio okerretarako bidea eman dezake; horregatik, ahalegin handia egingo dut hemen zirriborratuko ditudan ideiak matxismoa elikatzeko biderik eman ez dezaten. Bestalde, aurreratu behar dut, gai guztietan bezala, hemengo hausnarketak ez direla ziurtasunak, etengabe birpentsatzera zabalik daudela eta behin-behineko ondorioak baino ez direla.

Hasi baino lehen, gizonen eta emakumeen balioez hitz egiten dudanean, argitu nahi dut, txarto uler ez dadin, kultura judeo-kristau-islamdar patriarkaleko -eta seguruenik gutxiago ezagutzen ditudan munduko bestelako kultura patriarkaletako- gutxiengoek, historikoki boterea izan dutenek -gizonak haietako gehienak, baina ez denak- gizonentzat eta emakumeentzat finkatu dituzten paradigmez ari naizela, ondo baitakit historian egon diren eta orain diren emakume eta gizon gehienek eredu horietatik norabide batean edo bestean aldentzen diren hamaika balio eskala, gustu, joera eta nortasun izan dituztela eta dauzkatela.

Politikoki zuzenak izan beharrak feminismoak dioen oro ontzat hartu eta zalantzan ez jartzera bultzatu gaitu askotan, haren ideia nagusien atzean ezkutatzen den errealitatearen irakurketa ofizialaz besteko interpretazioak baztertuta. Askotan, emakumeak baino gehiago, gizonok bultzatu ere, feminismo ofizialarekin aurkitu ditudan kritikoenak emakumeak eurak baitira, maiz diskurtso horrek emetasuna bizitzeko duten modua ukatzen diela sentitzen dutelako. Hori dela-eta, ematen du momentu batean denak bihurtu garela, ezpainetatik kanpora, feminista, zalantzan jartzerik ez dagoen ideologia nagusia balitz bezala. Baina feminismo ofizial horrek bultzatzen duen gizarte eredua sakonago aztertuta, hasi naiz pentsatzen erabateko matxismoaren garaipen atzeraezina ez ote dagoen haren baitan. Askok feminismoa matxismoaren ifrentzutzat hartzen dute, baina nago matxismo beraren jantzitik modernoena ez ote den, sarri. Neo-matxismoa, azken finean. Adierazpen arriskutsua da eta horregatik kontu handiz azaltzen ahaleginduko naiz.

Hasteko, ikusi behar dugu feminismoa, ideologia moduan, zer testuinguru historikotan eta nork bultzatuta sortu zen eta, horri lotuta, zein ziren aldarrikapen nagusiak, harrezkero, gure egunotaraino aldarrikapen nagusi horietan sakondu eta ildo beretik jarraitu baino ez baita egin, oro har. Feminismo mota asko egon daitezkeela jakinik -eta haien artean feminismo ofizialarekin guztiz kritikoak direnak, are erabat arbuiatzen dutenak edo, “ismo” horri hartzen dioten usainagatik, feminismo deitzeari ere uko egiten diotenak ere badaude-, batez ere adar ofizialari, mendebaldeko Estatu kapitalistek bultzatzen dutenari helduko diot.

Ez naiz aditua, baina historiografiari kasu eginez gero, feminismoa, mugimendu gisa, XIX. mendearen amai aldera sortu zen, aldarrikapen nagusia emakumearentzako boto eskubidea zelarik. Haren bultzatzaileak, oker ez banago, klase ertaineko emakume burgesak ziren. Harekin batera, aldarrikapen historiko nagusiak ardatz ekonomikoei lotuta egon dira: lan egiteko (soldatapeko izateko) aukera berdintasuna, soldata berdintasuna, ikasteko -langile izateko prestatzeko- aukera berdintasuna, enpresetan goi karguak betetzeko berdintasuna… Politikari edo, zehazkiago, botereari lotutakoak ere etorri dira, eta horren gailurra zenbait erakundetan ezarri diren “parekotasun” legeak eta kupoak dira. Halaber, jakina, Estatuaren egitura guztietan berdintasunez egoteko aldarria ere egon da; besteak beste, epaile, polizia, soldadu… izateko aukera berdintasuna. Bestetik, sexualtasunari, gorputzari eta genero rolei lotutako aldarriak ere agertu dira. Horiei dagokienez, nagusienak abortu eskubidearen -edo ama izan ala ez izan hautatzearen- aldeko aldarria -askotan zio ekonomikoen arabera erabakitzen dena-, eta sexu indarkeriaren aurkako borroka lirateke. Horiekin guztiekin batera, aldarrikapen txikiagoak ere egon dira -hauek ere ekonomikoak, batik bat-, hala nola Estatuak emakumeen etxeko lanak ordaintzekoa edo prostituzioa legeztatzekoa.

Lehen begiratuan, zentzuzkoak ematen dute guztiek eta daukagun gizarte eredu hau ontzat ematen badugu, bitan pentsatu barik haien alde egiteko modukoak. Baina zentzuzkoak, zer begirada edo balio eskalaren arabera? Ikus dezagun zein izan diren gizonezkoei eta emakumezkoei historikoki goitik eman zaizkigun eginkizunak eta balioak eta argiago ulertuko dugu.

Horretarako, gizarte eredu bat hartuko dut, kultura eredu nagusi eta menderatzaileak izan duen ehiztarien sistema patriarkala. Izan ere, gizarte guztiek ez dituzte balio eskala berberak, mundu ikuspegi berberak eta eginkizun banaketa berberak izan, ezagutarazi dizkiguten nagusiak egiturazko matxismoan edo patriarkatuan bat etorri badira ere.

Gizarte patriarkalean, ontasunaren eredua gizona izan da. Hura da izaki bukatua, buruzagia, legea, benetako gizakia. Haren balio nagusiak ehizatzeko eta besteak menderatzeko indarra eta gaitasuna izan dira. Gizonak ezin da umeez erditu eta, beraz, gaitasun hori gutxiesgarria da, amatasuna gizonezkoen eginkizunak betetzeko oztopo baino ez, beste izaki ahul horren, sasi-gizakia den emakumearen, zama gogaikarria -are gogaikarriagoa “zikin” edo “kutsatu” bihurtzen dituen hilekoa, batez ere sexu harremanetarako oztopo sentitzen denean-. Alabak izatea, gainera, lotsagarria da, emakumeen dohain bakarra gizonezko oinordekoak ematea baita -Biblia irakurtzea baino ez dago, ikusteko patriarken semeen zerrendak baino ez direla aipatzen-. Beraz, emetasunari lotutako ezaugarriak gutxietsiak izan dira historikoki, eta gizontasunari legozkiokeenak goretsi. Maitasuna, besteekiko ardura, elkar-laguntza, errukia, ahulekiko ardura, etxea, familia… traba dira gizonentzat. Beraz, haiek denak emakumeei dagozkie -eta halako joerak dauzkaten gizonak baztergarriak, maritxuak, ahulak haiek ere, azken finean, emakumeak bezalakoak direlako-. Horiek denak, noski, paradigmatzat hartuta; horregatik, gorriak eta bi ikusiko zituzten bestelako ezaugarriak zeuzkaten gizonek eta emakumeek euren burua zen bezala onartzeko eta besteen aurrean agertzeko. Hori horrela izan dadin ziurtatzeko, erlijioak jantzi morala eman dio emakumeen “betebeharrari”. Familia jainkoaren nahia da, eta emakume ororen derrigorrezko desira -eta patua- ama izatea. Emakumea ahula izatea merezi duen zigorra da, gizona bezain duina ez delako; azken finean, bekatuaren iturria -desiraren objektu debekatua- da emakumea.

Gizonari egotzitako balio eskala hori ideologia liberalak eta hark asmatutako kapitalismoak eta Estatuak eraman dute gorenera, antiklerikalismo erabilgarriz mozorrotuta maiz. Kasu honetan, gizarte patriarkalaren balioak batez ere ekonomiaren eta boterearen -politikaren- ikuspegi bat ezartzeko erabili dira. Balio gorena besteak menderatzea izanda, ekonomian ere kapitalista baten (eta Estatuaren) balio gorena beste enpresariak, merkatuak, kontsumitzaileak (eta Estatuak) menderatzea da; politikariarena beste politikariak eta herritar guztiak menderatzea, boterea, gobernua eskuratzea. Hobbesen filosofia: guztiok guztien aurkako gerra maila guztietan. Arrakastatsua, miretsia, goraipatua, edozein gerra motatan garaile irteten duena. Indarra ahultasunaren aurka, ahultasuna -mota guztietakoa, hortik gaixotasunari, zahartzeari, txirotasunari… eta emetasunari eta homosexualitateari izandako higuina, horiek denak ahultasuntzat jotzen direlako, gizarte patriarkalaren ereduan- deitoragarria baita. Horixe bera zen, besteak beste, Nietzscheren balio gorena. Errukiak ez du lekurik, ez gerran, ez negozioetan, ez politikan. Hortaz, maitasunari eta altruismoari lotutako jarduera guztiak gutxietsi behar dira. Familiak eginkizun bakarra du: gerlari eta morroi gehiago sortu eta heztea. Eginkizun hori beharrezkoa den bitartean, familia onargarria da.

Horixe da eredu kapitalistaren barruko tentsioa, familiari dagokionez: gustura ezabatuko luke, gorrotoaren logikari ihes egiten dion azken aterpeetako bat delako, baina hura behar du Estatuaren beharrak asetzen dituzten besoak berritzeko -gogora dezagun Aldous Huxleyk bikain marraztu zigun gizartea, klonazioari esker familiak herri atzeratu eta basatien bitxikeria bihurtu zirenekoa, gizaki guztien betebehar nagusiak sistemarentzat lan egin eta beti zoriontsu izatea zirelarik-. Beraz, komeni zaionean, Estatuak erlijioaren diskurtso moralista erabiliko du, alde baterantz bultzatzeko, eta komeni ez zaionean, diskurtso antiklerikal faltsua eta “erradikala” erabiliko du besterantz orekatzeko. Emakumeak -eta gizonak- presio horien bien artean kateatuta beti.

Larriena honakoa da: feminismo ofizial edo instituzionalak, emakumeen balioak -zenbat emakume hainbat balio, zalantza barik- bilatu, balioetsi eta haien arabera beste mundu bat asmatu beharrean, bere egin ditu eredu patriarkalak bultzatutakoak eta berdintasuna bilatzeko bide bakarra hautatu: emakumea gizon bihurtzeko bidea. Horrela, eredu patriarkalak egindako emetasunari lotutako balio guztien negatibizazioa bere egin, eta maitasunaren, sentiberatasunaren, elkartasunaren, elkar-laguntzaren aurkako diskurtsoa eraiki du, gizonak eta emakumeak elkarren arerio bihurtuta. Ez da harritzekoa batzuengan sentitzen den gizon guztiekiko gorrotoa, androfobia: hura izan nahi eta ezin. Zoritxarrez, gainetik kentzerik ez duten emetasunari gorroto diote. Gizarte patriarkaleko gizonentzat haurrak, adinekoak, gaixoak… zaintzea zama, katea, arrakasta ekonomikorako oztopoa bada, emakume feminista patriarkalentzat -neo-matxistentzat- ere maitasunak gidatutako jarduerak oro zama, katea, kartzela bihurtu dira. Gizarte patriarkaleko gizonentzat balio nagusiak arrakasta ekonomikoa eta botere nahia badira, emakume feminista patriarkalak ere arrakasta ekonomikoaren eta boterearen atzetik jarri dira, hil ala biziko lehian.

Horrela uler daiteke hainbat gizon eta emakume ezkertiarren artean emakume gerrillariek sortzen duten miresmena. Haiengan ametsa gauzatzen da. Gizarte patriarkaleko gizonen balio eskala erabat bere egin duen emakumea ikusten dute, basakeria gizonen pare erabiltzeko kapaz den emakumea, gerra egiteko eta goitik beherako sistema hierarkiko eta diziplinatuan bere tokia betetzeko gai den eta, aldi berean, gizonentzat desio objektu ezkutua den izakia. Uste dut ez dela kasualitatea azken gobernu sozialistan gerraren ministroa -Defentsa Ministerioa diotsote Gerra Ministerioa zenari, eta Afganistanen soldaduak izatea, seguruenik, “defentsa” kontua baino ez da…- Carmen Chacon izendatu izana. Nork bere borrokak borrokatu behar ditu, noski, eta seguru nago emakumeek ez dutela inoren beharrik euren borrokak eurek borrokatzeko -dirudienez, feminista batzuek uste dute emakume “ahulek” Estatuaren laguntza behar dutela aurrera ateratzeko-, baina horretarako ez dut uste gizonezkoek sortutako borroka paradigmei eta estetikari jarraitu behar dietenik.

Feministen eginkizuna kontrakoa ere izan zatekeen: gizonoi maitasunaren, elkartasunaren, errukiaren, elkar-laguntzaren… edertasuna erakutsi, balio haiek goresten irakatsi eta gorrotoak, botere eta arrakasta nahiak bultzatutako balioak gutxiesteko bidea gure begien aurrean jarri. Horrela, agian, guk haiei lotzen dituzten kateak seme-alabak, bikotekideak, gaixoak eta aitaita-amamak direla irakatsi beharrean, haiek irakatsiko ziguten benetako katea soldatapeko lana dela, egunero txanpon batzuk ateratzearren, telebistak nahiarazten dizkigun mila tontakeria erosteko dirua izatearren, gogoko ez dugun zeregin batera abiatu eta gure bizitzako ordurik onenak eginkizun hari ematea dela daroagun katerik astunena. Arrakastak edo botere nahiak baino atsegin handiagoa ematen duela gure beharra duenari laguntzea, saririk espero barik. Irabazten aterako ginen denok eta ardurak eta premiak elkarrekin eta berdintasunean hautatu eta banatzeko askoz askeagoak ginateke.

Gizarte patriarkalaren ikuspegi zikiratu horren erruz, emakumeek guk baino sarriago, hobeto edo maitasun handiagoz egin dituzten eginkizun horiek guztiak gutxietsi ditugu eta, okerragoa dena, emakumeei ere gutxietsiarazi dizkiegu, gure gizartean “prestigiorik” ematen ez dutelako. Eta hori, emakumeen kalterako ez ezik, gizonon kalterako ere izan da, hots, gizaki guztion txarrerako, geure buruari maitasunez jarduteko aukerak murriztu dizkiogulako eta behar genuen eta dugun benetako iraultza atzeratu baino egin ez dugulako -ez ahal da betiko izango!-.

Bestetik, emakumeak “gizonezkoenak” ei ziren esparruetan sartu direnetan, gizonezkoek ezarritako ikuspegi berbera erabili dute haietan jarduteko. Azken finean, haiei heltzeko bultzada ez da emakumeen erabaki aske eta kontzientetik atera -ezta gizon gehienon erabaki aske eta kontzientetik ere-, sistemak oso ondo pentsatutako operazio batetik baino. Horrela, esan legez, feminismo ofiziala neo-matxismoa baino ez da izan. Emakumeak gizonezkoek diseinatutako sistemaren borondatezko mendeko bihurtzeko estrategia ezin hobea. Emakumeei “eman” zaien “eskubide” bakoitza ez da haiek askatu eta berdintasuna eskuratzeko urrats bat, guztiontzako kate estuago bat baizik.

Horregatik, feminismoak, benetako berdintasuna bilatzen duen mugimendua izan nahi badu, lehenbizi honako hausnarketa egin behar luke: berdintasuna zertan? zer ereduren arabera? berdintasuna gu gizonezkoak bezalakoak izateko, haien balioak indartu eta geureak lurperatzeko? berdintasuna gizarte eredu patriarkalaren arabera goitik behera eraikitako Estatuan eta kapitalismoan? Ala hutsetik hasi behar genuke geure mundua, geure balioak, geure harremanak, geure nortasunak, geure gizartea, geure gorputzak… eraikitzen, emakumeok eta gizonok, gizakiok, denok batera eta benetako berdintasunean?

Pentsa dezagun emakumeak gizonekin berdintzeak (zergatik ez da alderantziz izan, gizonak emakumeekin berdindu? edo, egokiena, elkarrekin zertan eta norantz berdindu eta zertan ez erabaki? aniztasuna askoz aberatsagoa, emankorragoa eta askeagoa delako) zer “aurrerapen” ekarri duen: emakumeek -herri batzuetan- boto eskubidea lortu zuten eta…, zelako gobernuak atera dira hautestontzietatik, ezer aldatu da, gizarte ereduak hobetu dira gobernu horiei esker, aintzat hartu dituzte emakumeen balioak gobernu horiek?; emakumeak gizonezkoek egiten zituzten soldatapeko lanetan hasi dira eta…, morrontza bikoitzean ez dira sartu, bada, emakume -eta gizon- anarkistek eurek aspaldi salatu zuten bezala, hain zuzen ere, lehen egiten zituzten zereginak gutxietsita, zama gorrotagarritzat hartuta, gizonezkoak haiei heltzeko prest egon ez direlako?; emakumeak gobernuburu bihurtu dira -gogoratu behar da aspaldi ere erreginak egon zirela eta horrek ez zuela gehiegi aldatu erresuma horien izaera totalitario eta inperialista, Ingalaterra edo antzinako Egipto eta Kleopatra ospetsua gogoratzea baino ez dago- eta, zer aldatu da onerako haien gobernuetan, emakume izateagatik? Margaret Thatcher eta Angela Merkel, Esperanza Aguirre, Yolanda Barcina, Michelle Bachelet…, ezagun egiten zaizkigu?; emakumeek enpresak zuzentzea eta administratzea lortu dute eta…, galdu dute enpresa horiek euren izaera esplotatzailea edo hobetu da haietan emakume langileen egoera?; emakumeak polizian eta armadan sartu dira, epaile bihurtu eta…, aldatu da haien izaera errepresibo, edo hiltzailea, haien ankerkeria? gogoratzen naiz, honi dagokionez, Espainiako Polizia Nazionala istiluen aurkako taldeetan emakumeak sartzen hasi zenean, lagun batzuek esaten zidatela -horretan eskarmentua izan zutelako esan ere- nahiago zutela emakume polizia batek ez atxilotzea, gizonezkoen pare egon nahi horretan askoz basatiago jokatzen zutelako, indarkeria mailan ere “gizonak baino gizonago” bihurtuta, “ahul” ez agertzeko…

Aipatutako aldarrikapenen artean, oso bitxia da Estatuek etxekoandreei soldata ordaintzeko garai batean egiten zen aldarrikapena -gaur egun argi dago Estatuaren kutxa ez dagoela holako alaitasunetarako-. Lehen begiratuan aldarrikapen onargarria eman dezake, baina, azken finean, lerro artean irakurriz gero, ondorio bi atera daitezke: mundu honetan ez dago ezer musu truk edo maitasunez egiterik balioa galdu barik -eta emakumeek ere horrela ikasi behar zuten, ahalik eta lasterren-, eta dirua bikotekidearen eskutik onartzea baino duinagoa da Estatuaren eskutik jasotzea, horrek “independentzia ekonomikoa” ematen ei duelako. Egiten den guzti-guztia monetarizatu behar da -zer eta kontsumitzeko ahalmen handiagoa izan dezagun, noski-. Jakina, pentsaera hori ezin hobea da Estatuaren beharra elikatzeko. Lehen, legez, senarraren mendeko zen emaztea. Orain, Estatuaren mendeko da emakumea, gero eta gehiago. Kasu batean zein bestean, inoiz ez bere buruaren jabe. Objektu beti, inoiz ez subjektu, feminismoak berak objektu bihurtu baititu emakumeak, Estatu gurasokeriaren kate hertsatzailearen mende.

Are bitxiagoa da, aldarrikapen feminista delakoan, prostituzioa legeztatzeko eskatzea, batzuek, oso aurrerakoiak direlakoan, egiten duten bezala. Estatuak aldarrikapen hori behar du, egon daitezkeen errezelo moralak ahultzeko. Azken finean, askoz egokia litzateke emakume horiek -eta batez ere haien atzean dauden gizonek- egiten duten jarduera ekonomikoa legearen barruan egotea eta zergak ordaintzea. “Babestuago” leudeke, gainera. Zentzuzkoa dirudi, hola ulertuta, baina prostituzioa, jarduera moduan, nekez defenda daiteke. Batzuek, zurigarri, esango dute puta batzuek gustura eta euren gogoz dihardutela, eta haiei legez lan egiteko aukera eman behar zaiela. Berriz ere, gizonei -sexu esklabotzaren onuradun nagusiak eurak- komeni zaien irakurketa sinplifikatzaile, atzerakoi eta patriarkala. Sexua era osasuntsuan bizi bagenu, zama moralik, taburik eta konplexurik gabe, benetan denok, emakumeek eta gizonok, gizakiok, geure gorputzaren eta, batez ere, geure buruaren jabe bagina, prostituzioak ez leukake lekurik. Gainera, “nahi duelako” prostituitzen den emakume bakoitzeko, seguru nago milioi batek modu batean edo bestean derrigortuta eta gogoz kontra egiten dutela. Baina gizarte patriarkalak buruan sartu digu munduko lanbiderik zaharrena delako leloa -eta ikuspegi ezkertiar batzuek erromantizismoz jantzi dute drama-, berezkotzat eta saihestezintzat harrarazi digu milioika neska-mutil, gizon eta emakumeren eguneroko tragedia den jarduera. Prostitutak benetan babestu nahi baditugu, haien onerako zerbait egin nahi badugu, eman diezaiegun beste zerbaitetan jarduteko aukera.

Bestalde, pentsatu behar da noiz eta zer helbururekin “eman” zaizkien “eskubideak” emakumeei. Pentsa daiteke feminismoa emakumeek askatasunez eraikitako ideologia dela, baina “emakumeen” aldarrikapenei “men” egiteko uneak eta haien onuradunak aztertuz gero, ikusiko dugu oso bestelakoa dela kontua:

Emakumeei boto emateko “eskubidea” eman zitzaienean, emakume burges eta kultuen botoa -egun bezala, haietako asko manifestazioetan ateratzen ziren bitartean, etxeko lan “desatseginak” bigarren mailako emakume txiroek egiten zituzten- beharrezkoa zen Estatua eta kapitalismoa -botoa batez ere emakume burges horiek emango baitzuten- indartzeko eta partitokrazia parlamentarioari zilegitasun handiagoa emateko.

Lan indar gehiago behar zenean, emakumeak soldatapeko lanetara bultzatu zituzten -AEBn ere, lan indar gehiago behar zutenean beltzak “askatu” zituzten, haiek proletarizatu eta iparraldeko industriak elikatzeko, orain hegoaldeko etorkinekin egiten den bezala, euren herrietatik kanpo estrategia askoren bidez eta egoera guztiz dramatikoetan bultzatuta europarrek nahi ez dituzten lanpostuak har ditzaten eta Gizarte Segurantzaren kutxak eta europarren jaiotza-tasa urria orekatzeko, kasurik pribilegiatuenetan, txarrenetan paperik gabeko esklabotzan murgiltzen baitituzte batzuk aberasteko behar den azpi-ekonomian; haiei guztiei “eskubideak” pixkanaka onartzea Estatuarekiko fideltasuna ziurtatzeko estrategia oso adimentsua izan daiteke, behar denean arazo guztien errudun bihurtzeko erabiltzen dituzten bitartean, diskurtso bikoitz oso interesatuan-, eta enpresen interesei jarraituz, Unibertsitateak haientzat ere zabaldu; bide batez, lanean ere emakumeen eta gizonen arteko lehia bultzatu zuten, eta langile guztien baldintzak okertu, eskulan gehiagoren artean hautatzea zegoelako, emakumeen soldatak baxuagoak beti. Baldintzak zelan okertu diren ulertzeko, nahikoa da ikustea emakumeak lan merkatuan sartu aurretik klase ertaineko pertsona baten soldata nahikoa zela familia aurrera ateratzeko, eta egun klase bereko bikotekide bien soldatekin ere ozta-ozta iristen dela hilaren amaierara, besteak beste, kontsumo “premiak” muturrera eraman direlako. Beraz, ematen du merkatuak askoz lehenago ulertu zuela kontsumo mailari eusteko eta enpresen irabaziak handitzeko familia bakoitzeko pertsona bik egin beharko zutela lan, gutxienez.

Armadak krisian zeudenean, kalean haien aurkako mugimenduak guztiz gizarteratuta eta onartuta zeudelako eta modernizatu behar zirelako, profesionalizatu eta emakumeak -eta ondoren etorkinak; AEBn homosexualak ere “onartzea” neurri izugarri demokratikotzat saldu zen, armadaren aldeko propaganda operazio ikusgarri batean- onartu ziren.

Estatu aparatuetan emakumeari leku handiagoa emanda, berdintasunean aurrera egin baino askoz gehiago, Estatua sendotzea lortu da. Kapitala ere bai. Normala da. Mendeetan emakumeei esan bazaie besteak menderatzea, boterea izatea, materialki aberastea gauzarik desiragarrienak direla, azkenean haietarako guztietarako “aukera” ematen zaienean zelan egingo diote uko! Estatuaren eta kapitalismoaren defendatzailerik sutsuenak izango dira, haiek ere gizonen arabera hain desiragarriak diren plazer horiek dastatu nahi dituztelako. Ez da haien errua hala nahi izatea eta ezin bestela izan mendeetako doktrinamenduaren ondoren. Bestalde, daukagun gizartea hau bada, ez dago ukatzerik emakumeek gizonek egiten dituzten gauza berberak baldintza berberetan egiteko “eskubidea” daukatela -edozein gizartetan behar lukete, eskatu beharrik gabe, erabateko aukera berdintasuna-. Baina, gizonok zein emakumeek, gizarte honekin konformatzen gara? Eredu honetara etsi dugu? Aukera berdintasunik izan dugu hura hautatzeko?

Sistema hau gorrotoak elikatzen du, gorrotoa guztiz funtzionala da Estatuarentzat eta kapitalismoarentzat. Gizartea zatituta egotea, elkarren arerio sentitzea, elkarren lehian, aurrez aurre. Herritarren arteko elkartasuna, batasuna, maitasuna, elkar-laguntza… arriskutsuak dira oso sistemarentzat. Ildo horretan, feminismo instituzionalak lan handia egin du sistemaren alde, sexuen arteko gorrotoa bultzatuz. Daukaten bide bakarra gizonen balioak bere egin eta gizonek diseinatutako borroka zelaian eta arauekin haiekin lehiatzea dela barnerarazi zaie emakumeei. Benetako lehia agertzen ez den esparruetan, artifizialki sortu behar da. Helburua, gainera, ez da gizona bezalakoa izatea, bera baino “hobea” izatea baizik. Gizakiak arriskutsuak dira eta ezinbestekoa da edozein harreman motatan argi izatea ez garela gizakiak, gizonak eta emakumeak baizik, ondo bereizita eta elkarren aurkari.

Bestalde, Estatua, kapitalismoa, gizarte eredu hau, berez, egiturazko indarkerian oinarritzen badira ere, indarkeria mota batzuk ezkutatu eta bakan batzuei jarri behar zaie bozgorailua edo lupa. Indarkeria, gehienetan, botere harreman baten adierazpena da, eta indartsuak darabil ahularen aurka -edo ahulak indartsuaren aurka, indartsua bere indarraz kontura ez dadin-. Botere harreman horren arabera, gurasoek erabil dezakete seme-alaben aurka, edo seme-alabek gurasoen aurka; patroiek erabil dezakete langileen aurka, edo langileek patroien aurka; gobernuek erabil dezakete herritarren aurka, edo herritarrek gobernuaren aurka; herri inperialistek erabil dezakete herri menderatuen aurka, edo herri menderatuek herri inperialisten aurka; aberatsek erabil dezakete txiroen aurka, edo txiroek aberatsen aurka; bikotekide batek erabil dezake beste bikotekidearen aurka; gizakiek erabil dezakete beste izakien aurka, edo beste izakiek gizakiaren aurka; gizonek erabil dezakete emakumeen aurka, edo emakumeek gizonen aurka; gizonek erabil dezakete gizonen aurka; emakumeek erabil dezakete emakumeen aurka… Baina, esan bezala, indarkeria mota horien guztien artean, sistemaren bozgorailuek, komunikabideek, batzuekin bonbardatu eta besteak isilaraziko dituzte. Erabilera ez da neutroa, eta beti pentsatu behar genuke zer ezkutatzen den ikusarazten digutenaren atzean. Sistemari guk zerbait oso argi ikustea interesatzen bazaio, susmatu behar genuke atzean ikusten ez dugun mekanismoren bat jarri dela martxan.

Emakumeen aurkako indarkeria aspaldikoa da, eta sistema patriarkalak berak bultzatu du. Gerra guztietan, menderatutako herriko emakumeak bortxatzea aitortu gabeko lehen arauetako bat da -duela zenbait urte txanponaren ifrentzua ikustea tokatu zitzaigun, Irakeko inbasioan, emakume soldadu haren argazkia erakutsi zigutenean, biluztutako gizona txakur gisa zerabilela, eta ez da harritzekoa, emakume hark sistema eta mundu ikuspegi oso bat barneratu baitzuen soldadu egitea erabaki zuen unetik-. Emakumea gizonaren desio iturria da -baita gizona emakumearena ere, normala denez, batzuetan hori ahaztarazi nahi badigute ere; desio homosexualak bezain berezkoak biak-, eta horrek sortzen duen tentsioa modurik makurrenetan lasaitzen da maiz. Baina Estatuen oinarria armada eta gerrak izanda, armadek gerretan egiten dituztenak ezin dira zalantzan jarri eta hobe haiek isiltzea, politikoki gure alde erabiltzerik ez badaukagu, behintzat. Lanean ere, emakumeen -eta gizonen- aurkako indarkeria etengabea da, baina sistema kapitalistaren oinarria ezin da kolokan jarri eta emakumeen eta gizonen arteko gerra elikatu behar da soldatapekoen eta jabeen artekoa uxatzeko. Familian ere indarkeria ez da falta eta modu askotan agertzen da. Luzaroan, hori dena ere ezkutatu egin da, familia eredu sakratu bakarra egon den eta hura erakustea funtzionala izan ez den bitartean. Orain, ordea, interes berezia dago indarkeria horren alde bat -eta bakarra- egunero jartzeko gure begien aurrean. Bikote homosexualetan dauden indarkeria kasuak tabu dira oraindik. Genero indarkeria esaten diote, edo indarkeria matxista. Alde batetik, kasu askotan hala dela ukatzerik ez badago ere, eta haiek inolaz ere gutxietsi barik, pentsatu behar genuke gizonen eta emakumeen artean dauden indarkeria kasu guztietan generoa edo matxismoa ote den eragilea, salbuespenik gabe. Bestetik, geure buruari galdetu behar genioke zein den indarkeria mota bat eta bakarra egunero gure aurrean jartzeko helburua eta, era berean, zein diren horren emaitzak. Eta, batez ere, indarkeria mota guztietan bezala, hartzen diren neurriak hura desagerrarazteko diren ala beste xederen bat duten. Indarkeriaren zioetan sakontzen ari gara, ala haiek ezkutatzen eta sintomak baino ez erakusten. Dirudienez, Stieg Larssonek bizia galdu zuen Suedia bezalako herri “eredugarrian” eskandaluzko zifren atzean ezkutatzen den errealitatea agertzeagatik. Jakina, askoz errazagoa da azalpen sinpleak eta norabide bakarrekoak ematea eta haiei heltzea, arazoek eduki ditzaketen konplexutasun guztiak ulertzen saiatzea baino, batez ere konplexutasun horiek sistemaren erroak ukitzen badituzte.

Izan ere, gorrotoan, lehian, kontsumismoan eta indarkerian oinarritutako gizartean bestelakorik espero genezake, gure gida espirituala zaborra besterik ematen ez duen telebistaren doktrina dugunean? Gizakiok galduta gaude eta ez daukagu helduleku etikorik ezta gatazkei, frustrazioei, bakardadeari, ezintasunari, beldurrei, antsietateari… aurre egiteko tresnarik. Maitasunak balioa galdu du, aspaldi, gizartea desegituratuta dago eta komunitate sena galdu du, eta geratzen zaizkigun aterpeak -familia eta lagunartea, batez ere- ahuldu eta suntsitzeko lanean ari dira.

Aztertzen ari naizen berdintasunaren ikuspegi horretan eredu baten barruko ekonomia eta botere borrokari baino ez zaio begiratu, eta, gainera, espiritualtasun eta etika oro desagerrarazi eta eredu haren atzean gordetzen diren balioak ezkutatzea ezinbestekoa zenez gero, gure begien aurrean emakumeak eta gizonak bereizten dituen generoa, sexua, alde biologikoa baino ez da jarri. Emakumea gizonarekin berdindu nahi izan da, ez alderantziz, ez ezarritako eredutik at. Eta bien arteko harremanak aurrez aurreko lehia bilakatu dira. Horrela, ez da arraroa egungo emakumeek eta gizonok geure nortasuna eraikitzeko, geure sexua bizitzeko eta harremanak eraikitzeko hainbeste zailtasun izatea. Emakumeek -eta gizonok- moralak ezarritako ereduaren edo interes ekonomikoak ezarritako bidearen artean hautatu behar dute. Ez daukate modurik euren bidea, euren eredua, euren baitatik eraikitzeko. Ezkerreko ideologia “progresista” eta “iraultzailea”k erakutsi die naturak ezarritako “kateak” hautsi eta moral klerikalari aurre egin behar diotela, horretarako gizonak borrokatuz eta gizon bilakatuz. Moral kristauak erakutsi die gizonaren atseginerako eta Jainkoaren borondatea betez seme-alabak ekartzeko makina bat direla. Dirudienez, ez dago beste eredurik. Eta eredu biak gizarte patriarkal matxista berberak eraiki ditu, kasu bietan, emakumeen balio etiko eta pertsonalak eta haien balizko gizarte ereduak gutxietsiz.

Euren gorputza bizitzeko modua ere su biren artean dago. Alde batetik, gizonen gutiziarako zaindu behar dute gorputza, haien desiren arabera moldatu, edertasun kontzeptu jakin bati erantzun. Bestetik, eder sentitzeari, seduzitzeko gogoari uko egin behar diotela agintzen zaie, gizonekin mesfidatiak izan, bestela haien mendeko izango direlakoan. Batzuek eta besteek erabaki dute emakumeak ez direla gai zer nahi eta behar duten erabakitzeko; besteek interpretatu behar dute beti zer sentitu behar duten eta zelan ulertu behar dituzten euren gorputza, euren gogoa, euren libidoa, gizonek haiekiko dituzten portaerak… Harremanak feministek ezarri duten bezala ulertzen ez badituzte, kolonizatuta daudelako eta jakin gabe ere matxistak direlako da. Publizitateak erakusten dituen emakumeak bezalakoak ez badira edo gizarteak ezarritako interesak eta jarduerak bilatzen ez badituzte, ez dira bizitzan ezer izango, ez dute arrakastarik lortuko.

Zoritxarrez, Esperanza Aguirreren hitzak -ez berak ematen dien zentzuan, zalantza barik- Acratosaurioarenak bezain egiazkoak dira. Moral kristauak ama eta emazte fin eta saiatuak izateko eskatzen die, seme-alabak izatera bultzatzen ditu -eta abortua, haren aurka agertu baina ordain dezaketen familia aberatsen pribilegio hipokrita da-. Baina erlijio feministak, Estatuaren egungo premiak, “askatasun” ekonomikoaren alde eta gizonen pareko jarduteko edozer sakrifikatzeko gertu nahi ditu; langile, ama edo bikote baino lehenago; dirua maitasunaren aurretik. Gozamena, atsegina, zoriontasuna, gainera, derrigorrez bilatu beharrekoak dira, ulertzeko modu bakarra dute eta ez daude erantzukizunari lotuta, oinarria eskubideak direlako, eta ez betebeharrak. Horrela, zaila da pentsatzea emakumeei erabakitzeko askatasun handirik geratzen zaiela. Gizonezkooi ere geratzen ez zaigun bezalaxe, baina maila larriagoan. Hala sentitu duelako ama izan eta soldatapeko izateari uko egin dionak -agian, besterik gabe, enpresa baten morroi bilakatzeko asmorik izan ez duelako- hamaika azalpen eman beharko dizkie besteei eta bere buruari bere erabakia “zuritzeko”, batez ere bere burua aurrerakoi, ezkertiar eta iraultzailetzat badu. Oso bitxia da, seme-alabak izan dituztenean, haiek haztearren, euren sormen lanari uko egin eta idaztea beste une baterako utzi duten zenbait gizon idazle ezagutu ditut azken urteotan -eta ahalke barik adierazten dute seme-alabok euren zoriona direla-, aurrerakoiak eta ezkertiarrak haiek denak, kontzientzia handikoak eta, beharbada, euren erabakia hartu duten gizonak direlako, eta ez emakumeak, ez dakit inork esan dien seme-alabak, bikotekidea eta etxea kateatzen dituzten oztopoak direla eta ez lioketela euren pasioari uko egin behar mendeko bizitza bat izateko. Jakin nahi nuke zer entzungo zuten emakumeak izan balira…

Esandakoaren eredu ezin hobea da publizitate kapitalista. Seguruenik, jende askok izango du gogoan frankismoaren garaiko etxetresna elektriko marka ezagun baten zuri-beltzeko iragarkia. Han, garai hartako estilo apaineko klase ertaineko emakume eder batek larritasun eta itxaropenez begiratzen zion, zutik eta atzetik, berak prestatutako oilaskoa jaten zuen senarrari, garai hartako pelikuletako galai frankista horietako bat. Senarrak plateraren gozoa laudatzen zuenean, emazteak arnasa hartu eta berekiko ziotson sukalde modernoari, eskerroneko: <<Zenbat ordu zoriontsu emango didazun>>. Garai hartako matxismoaren paradigma da iragarkia. Baina duela pare bat urte, Txilen, feminismo instituzionalaren paradigma den iragarki ezin matxistagoa ikustea tokatu zitzaidan. Matxismo atzerakoiaren eta feminismo patriarkal aurrerakoiaren uztarketa perfektua. Aurrekoaren bertsio modernoa baino ez zen, azken finean. Kasu honetan ere, etxetresna elektriko marka ospetsua zen iragarlea. Emakume gazte, eder -gure garaiko edertasun ereduaren arabera, esan nahi baita-, lirain, bizi eta modernoa zen protagonista, klase ertainekoa hura ere. Harro zioskun bera, aldi berean, chef -etxeko sukaldari-, psikologo -ama-, hizkuntza aditua -ama berriz, haurrei etxeko-lanetan laguntzen-, ez dakit zer arlotako langile -bulego moderno batean ageri zen-… eta ez dakit zenbat gauza gehiago zela. Guztietan irribarretsu, fresko, neke aztarna barik. Hori dela-eta, honakoa haren buruari ziotsona: <<Harro nago super-emakumea izateagatik>>. Eta elektrotresnei esker, “askeagoa” ei zen. Uste dut super-emakume horrekin pozik bizi zen gizona ere ageri zen non edo non. “Super-emakumeen” marka farandulako programa batean ere iragartzen zuen haren aurkezleetako batek, bera ere emakume eder, moderno eta “emantzipatua”. Azken finean, hamaika lan eta bosti lotuta egonda, gizona baino gehiago dela erakusten ei du eta muturreko esplotazio horrek harrotasun eta pozerako zioa behar du, antza.

Ondorioak atera nahi badira, honakoa esango nuke: berdintasun mota guztien alde nago, baina berdintasuna askatasunean baino ez da posible. Askatasunak baldintza bat behar du, ordea: aukera guztiak maila berean egotea. Hortaz, gizarte eredu patriarkal batean, Estatua eta kapitalismoa nagusi diren bitartean, emakumeen eta gizonen -eta, oro har, gizakien- arteko benetako berdintasuna ezinezkoa da, balio eskala gizonek (gizon batzuek, gutxiengoak, eliteak) ezarri duten sistema batean, ez dagoelako aukera berdintasunik nork bere balio eskalaren arabera hautatzeko. Arrakasta ekonomikoa eta boterea balio gorenak diren gizartean, ezin dut askatasunez hautatu nire lehentasuna soldata lortzea eta lanean gora egitea den, ala sari bakarra maitasuna izango duen jarduera batean jardutea. Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna baino askoz gehiago behar dugu: gizaki guztien arteko aukera berdintasuna. Lehen batez ere emakumeek egiten zituzten lanak eta eginkizunak, hala nola haurrak, gurasoak, gaixoak zaintzea, etxea txukun edukitzea eta otorduak prestatzea -ahaztu barik horiek baino askoz gehiago ere egin dituztela beti, batez ere beti egon diren emakume nekazari eta langileek-, eta maitasunez eta ordainik eskatu gabe egiten diren jarduera guztiak, maitatzen eta balioesten ikasi bagenu, emakumeei zerbait irakasteko aukera eman bagenie, soldatapeko lana baino hobetsiko genituzke haiek denak, beharbada, eta zamatzat hartu beharrean, gustura egin geure haiek guztiak. Orduan bai, aukera legoke, berdintasunez, askatasunez eta doktrinamendurik gabe hautatzeko, emakumeek eta gizonok, ama edo aita izan nahi dugun -edo ez dugun izan nahi-, zer lan egin nahi dugun, zein diren gure lehentasunak, zelan eta norekin bizi nahi dugun gure sexualtasuna, zer eta zertarako ikasi nahi dugun… Bestela esanda, gure denbora zertan, norekin eta zertarako erabili nahi dugun eta gure emetasuna edo gizontasuna -edo biak- zelan bizi nahi ditugun hautatzeko askatasuna. Baina sistemarentzat arriskutsua litzateke, seguruenik bai emakumeek bai gizonok ohartuko ginatekeelako egiten ditugun -sistemak behar dituen- gauza gehienak ez ditugula egin nahi eta ez dutela merezi, kontsumitzen ditugun produktu gehienak ez ditugula behar eta kalte egiten digutela guri eta gu parte garen inguruneari, eta posible dela beste balio eskaletan oinarritutako gizarteak eraikitzea, hasieratik berdintasunean eta adostasunez eraikitakoak. Indarkeriak ere askoz leku txikiagoa izango luke, eta sistemarena ere ez genuke onartuko.

Bukatzeko, beste zerbait argitu nahi dut. Beharbada, testua irakurrita, uler daiteke nire ustez patriarkatuak ezarritako prozesu guztietan, iraganekoetan zein azken mendeotako bultzada berrian, emakumeak biktima eta objektu pasibo hutsak izan direla. Hori egitea berriz ere diskurtso neo-matxistarekin bat egitea litzateke, eta errealitatetik kanpo kokatuko ninduke. Ez. Gauzak aldatzeko onartu behar dugu patriarkatuaren ezarpenean emakumeek gizonek beste egin dutela. Alde batetik, era aktiboan, patriarkatuaren oinarri izan den esplotazioari eta rol banaketari emakume askok etekin handia atera diotelako, piramidearen goiko erpinean egonda, itzalean zein agerian. Neo-matxismoaren bultzatzaile eta onuradunen artean, noski, ez dira emakumeak falta. Bestetik, era pasiboan, sistema patriarkala zuzenean bultzatu ez arren, emakume asko, gizon asko bezala, oso eroso sentitu direlako. Honetan ere La Boétieren Borondatezko morrontzaren diskurtsoak esanahi osoa hartzen du. Gutxiengo batek gehiengoa menderatzeko derrigorrezkoa da gehiengoa menderatuta bizitzeko prest agertzea. Pasibotasuna, askatasunari uko egitea, gizatasuna galarazten badigu ere, oso tentagarria da, bizitza errazten zaigulako. Azkenik, garai guztietan, ez dira gutxi izan sistema patriarkalari aurre egin dioten emakumeak -eta gizonak-, estrategia batzuk edo besteak erabilita, hura saboteatzeko modu asko erabili direlako -armak hartzea modu bat baino ez da, eta gehienetan ez da eraginkorrena izan aldaketa sakonak lortzeko-, eta haietan emakumeak ere protagonista izan dira. Beraz, patriarkatua -eta hark sortutako Eliza, Estatua eta Kapitala- menderatzeko eta gizartea errotik aldatzeko bidean, ez dut uste gizonen eta emakumeen borrokak daudenik, eta banaketa horrek emakumeak eta gizonak ahuldu baino ez gaitu egiten. Gizaki guztiak emantzipatzeko borroka bakarra da, gizaki guztiok batera, aukera berdintasunez eta estrategiak eta helburuak adostuta, egin beharrekoa. Hori horrela ulertzen badugu, urrats handia emango dugu emakumeen emantzipaziorako eta benetako berdintasunerako bidean, emakume emantzipaturik gabe ez baitago gizon emantzipaturik, beltz emantzipaturik gabe zuri emantzipaturik ez dagoen bezala, edo homosexual emantzipaturik gabe heterosexual emantzipaturik ez dagoen bezala. Nire benetako askatasuna beste guztiak ere aske direnean baino ezin da gauzatu. Besteen kateek neu ere lotzen naute. La Boétiek ere argi ikusi zuenez, herria lotzeko darabilen tiraniaren kateak tiranoa bera lotzen du herria beste. Inoiz txakurrik paseatu baduzue, erraz ulertuko duzue. Txakurrari heltzen dion eta mugimenduak mugatzen dizkion uhalak geuri ere heltzen digu eta mugimenduak murrizten dizkigu. Uhaletik askatu nahi badugu, hari jaregin eta txakurra askatzea dugu irtenbide bakarra. Tiranoaren egoera tragikoagoa da, txakurraren kasuan ez bezala, hark jakin baitaki kateari jareginez gero herri askea ez dela haren eskua miazkatzera itzuliko, haren lepoaren bila baizik.

Paradigmak elkarrekin birdefinitzen hasi behar genuke, ezta?

Aita-Jainkoa-Estatua

Posted in Anarkismoa, Erlijioa, Gizartea, Ironia, Politika with tags , , , , , , , on 2009/10/14 by aselluzarraga

Azken egunotan lagun on batekin gurutzatutako mezuek berria ez den hausnarketatxo hau ekarri dit. Nondik dator egun daukagun Estatuaren eredua? Azalpentxo bat (eman daitezkeen guztien artean arrazoibide xume bat baino ez dena) ematen ahaleginduko naiz. Kontua Aita-semea, Jainkoa-sinestuna, Estatua-herritarra paralelismoan dago, ikusiko dugunez.

Munduko familia ereduak jatorriz matriarkalak zein patriarkalak izan, ados egongo gara egun eta aspalditik nagusi den eredua patriarkala dela, baita gure Euskal Herrian ere, hortzetatik kanpora matriarkala izan zela aldarrikatzea gogoko daukagun arren (beste kontu bat da gizon euskaldunen hortzetatik barrura nagusitzen den ideia eta, benetan inoiz hala izan bazen, noiztik utzi zion matriarkala izateari). Zelakoa da eredu patriarkal hori? Figura nagusia, zereginik garrantzitsuena daukana, gizona da, Aita, zehatzagoak izateko. Hark “zaintzen du” (eta aditz hori oso garrantzitsua da) familiaren ongizatea, hark jartzen du hazia emakumearen baitan, hark dauka indarra eta hark egiten ditu arauak. Besteei betetzea baino ez zaie geratzen, “euren onerako” baita Aita ahalguztidunak erabakitzen duena. Aita horrek, ordea, ondo daki ez dela hain ahalguztidun. Semeak izugarri maite ditu (bai, semeak, ez eme-alabak), aske nahi ditu, baina ez da guztiz fio: beharbada seme horiek ez dira bera bezain gai eta jakintsu. Beraz, estu lotzen ditu, agintea berak daukala inoiz ahaztu ez ditzaten, eta euren buruaren aurka babesteko (beste aditz garrantzitsua), arauz betetzen ditu semeen bizimoduak (are gehiago alabenak, haiek are ahulagoak izaki). Indartu daitezen, ikas dezaten, euren buruari kalterik egin ez diezaioten, familia beste familiak baino indartsuagoa izan dadin… Okertzen diren semeentzat (alabak, ahulagoak izanagatik, ez dira horretatik salbatzen) zigorrak daude (fisikoak, maskulinoagoak direlako, edo batzuetan psikologikoagoak, besteek huts egiten badute).

Eredu patriarkal horrek, bere garapenaren une batean, beharbada Aitaren nagusitasuna nahikoa ez zelakoan, batez ere Aita ahalguztidun horiek beste Aita ahalguztidun batzuekin topo egin eta lehiatu behar zutenean nabarmena zelako hain ahalguztidunak ez zirela, Jainkoa behar izan zuten, Aiten arteko arauak finkatzeko. Beraz, euren eredura egindako Jainkoa egin behar zuten, baina haiek baino are bikainagoa, haien akatsik gabea (azken finean, asmatua zen, beraz, eredua hobetzeko aukera zegoen). Akats horietako bat semeak ekartzeko (alabak, argi dago, istripuak baino ez ziren, Biblian, esaterako, aipatu ere ez baitira egiten) ama, emakumezkoa, behar izatea zen. Beraz, Jainko bakar horrek gizonezkoa izan behar, baina emakumerik behar ez zuena. Noranahikoa izanik, bere burua baino ez zuen behar bere semea sortzeko. Zoritxarrez, bere sorkuntza ez zen nahi bezain bikaina, eta alaba ere sortu behar izan zuen, semea ugal zedin (azken finean, Aita horiek ama behar zutela onartu behar zuten, nahitanahiez). Jainkoak bere irudira sortu zuen semea (alaba politagoa atera zitzaion, baina tira). Hala ere, ez zegoen semearen gaitasunez guztiz seguru (alabaren gaitasunak zein ziren ere ez zion lar ardura) eta, aske sortu bazuen ere, seme ahul horren onerako, debekuak…, pekatua, alegia, sortu zuen. Semeak bere buruari egin ziezazkiokeen kalteez babesteko, “zaintzeko”, noski. Eta debekuak errespetatuko zituen oso seguru ez zegoenez, zigorraren mehatxua ere ezarri zion: zure bizitza labur eta ezdeus horretan bekatua egiten baduzu, beti-betiko eta sekulako pairamena, kondena, sufrimendua izango duzu. Azkenean, sinestuna sortu zuen, harro. Argi dago ez zuela fede handirik berak sortutako sinestun horrengan. Jainko babeslea daukagu, Aita babeslea bezalakoa, baina zigortzeko ahalmen are handiagoa daukana.

Hasierako komunitate patriarkal horiek, euren Jainkoaren babespean, zaintzapean, lar hasi ziren ugaltzen. Haiek denak kontrolatzeko zerutik begiratzen duen Jainkoaren ardura ez zen nahikoa. Arerioak ere, beste komunitateak, beste motatako sinestunak, alegia, gero eta indartsu eta jendetsuagoak ziren. Beraz, komunitateen “seme” horiek zaintzeko, Jainkoaren lurreko ordezkoa behar zen: Estatua. Monarkia primitiboetatik egungo Estatu modernora iritsi gara baina, funtsean, zer aldatu da? Ezer gutxi. Estatua Jainkoa da, Jainkoa Aita da, Estatua, beraz, Aita da. Aita horren, Jainko horren, eredu eta ikuspegiaren arabera asmatu zen Estatua. Estatuak sortzen ditu bere herritarrak (hark erabakitzen du bere “semea”, hots, herritarra izateko behar diren paperak nori eman, nori ez, eta jaio garenetik herritar gisa ez gara sortuko Estatu horren erregistroetan izena emanda egon arte). Estatu horrek, Jainko eta Aita horiek bezalaxe, ez du fede handirik bere herritarrengan (are gutxiago, alabei gertatu legez, istripuz eta nahi barik agertzen zaizkionengan: etorkinengan). Estatuarentzat herritarrak ez dira arduratsuak, ez daukate bere kasa erabaki onik hartzeko gaitasunik. Estatuak esan behar dio zer dagoen ondo eta zer txarto. Estatuak herritarra “zaindu” behar du bere buruari kalterik egin ez diezaion. Beraz, legeak sortzen ditu etengabe, herritarrari bide zuzena erakusteko (zuzena norentzat? Aitarentzat, Jainkoarentzat, hots, Estatuarentzat), eta legeak beteko ez dituela eta, beraz, herritarrak bere buruari kalte eragingo diola (koitadua erdi leloa delako) jakitun, gizontasuna atera eta indar erakustaldia egiten du “semea”, herritarra, artez eta zintzo ibil dadin: poliziak, izunak, kartzelak, tortura eta, Estaturik koldarrenen kasuan, heriotza zigorra. Zeresanik ez, istripuz agertutako alabentzat, etorkinentzat, are estuagoak legeak, gogorragoak zigorrak.

Ez zegoen beste emaitzarik lortzerik. Aita koldarrek Jainko koldarra baino ezin dute asmatu. Aita koldar berberek Jainko koldarra ordezkatzeko Estatu koldarra baino ezin dute asmatu.

Eta ezin zen beste ondorio batera iritsi: semeengan federik ez daukaten Aita koldarrek seme arduragabeak, segurtasunik gabeak, esanekoak, koldarrak baino ezin zituzten sortu; bere sinestunengan federik ez zeukan Jainko koldarrak sinestun arduragabeak, segurtasunik gabeak, esanekoak, koldarrak baino ezin zituen sortu; bere herritarrengan federik ez daukan Estatuak herritar arduragabeak, segurtasunik gabeak, esanekoak, koldarrak baino ezin ditu sortu.

Familia patriarkal horretako Aita beldur zen egunen batean semea Aita behar ez zuela ohartuko ote zen, eta zaharrenganako gurtza ezarri zuen. Erlijio patriarkal horretako Jainkoa beldur zen egunen batean sinestuna Jainkoa behar ez zuela ohartuko ote zen, eta “mirariak”, “agerpenak”, apezpikuak eta Aita Santua sortu zituen; Estatu patriarkala beldur da egunen batean herritarra Estatua behar ez duela ohartuko ote den, eta TELEBISTA asmatu zuen.

(2009-7-30)

Monoteismoaren silogismoa

Posted in Anarkismoa, Erlijioa, Ironia with tags , , on 2009/10/12 by aselluzarraga

Txikitan eskolan erlijioari buruz irakatsi zidaten kontzeptu batekin gogoratu naiz gaur. Ezin esan Erlijio orduan ala Gizarten izan zen, gure eskoletan gai batzuk ez direlako beti ondo bereizita egon… Kontua da, gure gizartearen garapenean aurrerapauso handitzat jotzen zutela politeismotik monoteismorako aldaketa. Harrezkero, politeismoa mitologiaren, ipuinaren, fantasiaren lanbroetara kondenatuta geratu zen, eta monoteismoak erlijioaren, historiaren, egiaren atala betetzeko papera hartuko zuen. Haur baten buruak erraz egin zezakeen dedukzio hau: aurrerakuntza jainko askotatik jainko bakarrera pasatzea izan bazen, erlijio batek zenbat eta jainko gutxiago izan, orduan eta bikainagoa izango da. Hortaz, gure gizarteak aurrerapen handia egin zuen baina, erabateko jauzia egin nahi badu, utzi duena kenduta lortu behar luke. Zenbaki naturaletan ez dago zero baino gutxiagorik. Aitzinean utzi zuten jainko bakar hori kendu behar dugu gizartea ezin hobe eta aurreratuagoa bilaka dadin… Ikustagun hau dena astiroago.

(Irudi hau hortik fusilatu eta testua neuk aldatu diot. Barka nazala irudi honen gainean eskubide guztiak dituen egileak…) Arestian egindako silogismoari jarraituz, bi dira gizartearen eredua finkatzeko aukerak: ateismoa eta budismoa, azken honek ere ez baitu jainkorik ezartzen.

Baina holako erantzuna iristeko zalantza bat geratu zaio nire umetako bihotz artega honi: nork ziurtatzen dit niri jainko murrizketa hura egiarako bidean emandako aurrerapausua zela? Aitortuko dut, gaztetatik ikasi nuen irakasleen berbak badaezpadakotzat hartzen (nire ikasleei, berriz, nire ahotik irteten duen guztia sinisteko eskatu behar diet, arren eta faborez).

Egia da, gainditutzat eman ziren erlijio politeista haien istorioei erreparatuta, erraz antzematen zaiela ipuin usaina. Politak, hori bai. Baina haiek ordezkatzera iritsi zirenak, gure Europa-Afrika-Asia gertu honetan, erlijio judeo-kristauak izan ziren. Haien guztien abiapuntua Bibliaren Itun Zaharra da, liburu sakratua eta… zuetariko nork irakurri du Biblia hasieratik? Hau monoteismo horren abiapuntua baita. Zer berrikuntza dakarkigu, esaterako, munduaren sortzea azaltzeko? Egia esan, izugarrizko ipuin ederra, denok ezagutzen ditugun Adan eta Evarekin, suge gaiztoarekin… Nork dio mitologia? Eta kuriosoa da zelan judutar herriaren epopeia eta apologia itzela den kondaira honetan, Iliada edo Odisean legez, naturaz gaindikoak zuzen-zuzenean eta taigabe hartzen duen parte herri hautatuaren patuan. Lerro bakoitzari darion matxismo asaldagarria alde batera utziko dugu… Kontua da, antza, egunen batean jainkoa aspertu egin zela, eta berriro ez agertzea otu zitzaiola.

Geure buruari, bestalde, benetako monoteismoak ote diren galdetzea daukagu. Ematen du jainko bakar-bakar hori nahikoa ez izan, eta sainduz, ama birjinaz eta zaindariz bete dituztela geratutako hutsuneak.

Hastapeneko ageriko aurrerapausu itzel horren ondotik, azter dezagun gure gizarteari ekarritako onura. Agian atzo bertan ez dakit zenbat tren lehertarazi zituztelako Indian, baina egingo nuke erlijio monoteista handi eta aurreratu horiek ez dutela gehiegi lagundu bakearen kontzeptua finkatzen. Tira, agian hori ere aurrerapena da, izan ere, armagintza gure mundu honen zutabe ekonomikoetariko bat da…

Eta beste erlijioek zer egin dute? Batzuek kontrakoa pentsatu arren, politeismoa ez baita lurrazaletik lurrundu… Alta, nork ekin dio gerra bati azken mendeotan jainko hinduisten izenean (zabaltzeko ez baina bizirik irauteko egin beharrekoak kenduta), edo txinatarrenean, budismoaren filosofiaren alde, edo munduan barrena topa daitezkeen erlijio animista guztien nagusitasunerako? Batzuek guztiz zaharkitutzat jotzen duten panteismoaren alde ere gerra gutxi piztu da historian, agian sinismen horrek gizakiari ez diolako harri bati baino zeregin handiagorik aitortzen, diren gauza guztiak osotasun bakarraren parte ñimiñotzat hartuta, geu barne. Ateismoaren alde elizaren bat edo beste, inoiz agian abadea eta guzti, erre izan da, bai, baina ez dut uste inork pentsatu duenik Vatikanoan lehergailuz josita sartzea jainko eza aldarrikatzeko. Erlijio ofizialak zapaltzea askapentzat hartu zuen komunismoak aitzakia, esaterako, Tibet inbaditzeko erabili zuela ere ez dut ahazten. Bakoitzari berea. Baina kasu horretan helburu bakarra botereari eustea izan denez, hainbat lekutan komunismoak erlijioaren lagun ona izaten ere jakin du, Asian batik bat. Ezin esan, beraz, ateismoaren izenean abiatutako gerrak izan direnik.

Kontua da, jainko egiazko bakarra bandera hartzen denean, bakartasun horrek aniztasun gutxi onar dezakeela… Ez dut aipatuko monoteismo horiek bultzatu duten gizakiaren oroz gaineko ustezko nagusitasuna, ideia horren ondorioei gure inguru guztian erraz igar baitiezaiekegu.

Uste dut ume haren silogismoak buztinezko oinarria zuela baina, edozelan ere, hasieratik marraztutako lerro nagusiak zutik dirau: monoteismoa baino zerbait hobea egon daiteke gizarteak, eta beraz, gizakiak, aurrera egin dezaten. Aukera norberaren baitan dago.

(2006-7-12)

Homosexualak bakerako zubia?

Posted in Erlijioa, Gizartea, Ironia, Sexualitatea with tags , , , , , on 2009/10/12 by aselluzarraga

Nork esango zigun homosexualek lagunduko zutela Ekialde Hurbilera bakea ekartzen! Badakit ametsetan egon naitekeela, baina mementoz gay eta lesbianek lortu dute inork gutxik eskuratutakoa: etsai zaharren muturrak soka berean elkartzea. Dena jai koloretsu bati esker…

Ez da harritzekoa eta agian bake nobel batzuek lehenago pentsatu behar zuketen hortxe egon zitekeela giltza: hiru erlijioek jatorri bera badute, zergatik ez jo haien erro homofobo eta misoginoei, hasieran bat zirenak anaitasunera eroateko? Anaitasunera, bai, hauen artean ahizpatasunak jai daukalako. Itun Zaharra irakurtzen hasi eta hortxe gatazka odoltsuaren bukaerarako gakoa gure zain. Hiru erlijioak eskutik homosexualen aurka! Prestatu misilak desbideratu horiek txikitzeko! Animaliak baino okerragoak diren horiek lur gainetik ezaba! (zein gutxi ezagutzen dituzte batzuek abereen ohitura intimoak…).

Asko eskatzea ote da hauen moduan elkar musuka hasteko eskatzea?

Pulp Fiction-eko “Lobo” handiak zioen legez, “ez diezaiogun elkarri zakila oraindik jan…” (denetarako denbora egongo da, baina zuhur jokatzea hobe!).

(2006-11-11)

Mundu borobil eta bikain batean

Posted in Anarkismoa, Erlijioa, Ironia with tags , , on 2009/10/11 by aselluzarraga

Bazen behin mundu bikain eta zoriontsu bat. Jainkoak, bere jakintza mugagabearekin sortu zuen, akatsik eta orbanik gabea, aratza, garbia eta osoa. Ondo pentsatua zegoen: unibertsoa gutxika-gutxika joango zen handitzen, Jainkoaren beraren loriarako, eta bizia ere milioi urtetik miloi urtera aldatzen eta garatzen joango zen, aurrez programatutako diseinu bikain bati jarraituz. Milioika urte horiek guztiek helburu bakarra izango zuten: Jainkoaren irudira egindako izaki bat ematea, gizakia, alegia. Horrela, Jainkoak helburu bi lortuko zituen: bere nartzisismoari bide jostagarria ematea, eta gizaki horrek sortuko zuen zientziaren gezurra tronpatzea, dena kasualitatez sortua izan zitekeela ere sinetsaraziz.

Bere kalkuluen barruan sartzen zen gizaki bikain horrek hainbeste lanaren ondoren osatutako mundu idilikoa suntsituko zuela. Izan ere, egunen batean Jainkoa bere jostailuarekin aspertuko zen eta zer hobe, jostailuaren deuseztatzea bere irudira egindako izakiaren esku uztea baino.

Jokuak arrisku bakarra zeukan: gezurrezko zientzia ziztrin horren bitartez gizakia Jainkoaren borondaterik ez zegoela sinistera iristea. Hori onartezina baita Jainkoaren nartzisismorako, berak etengabe gurtuko duen menpekoa behar baitu jolaserako. Baina hori ere aldez aurretik kalkulatu, eta Ratzinger kardinala sortu zuen.

Egia da, ezin ukatu, Bibliak ezin hobeto deskribatu zuen munduan bizi gara eta gure lur hau ez da sekula bere lekutik mugitu. Gira-biraka dabiltzanak gizaki tronpatu batzuen garunak baino ez dira. Jainkoak berak han-hemenka izkutaturiko hezur eta fosilak topatuz eta geneak lako izaki mitologikoak ikertuz ziri ederra sartu die Jainko ahalguztidunak euren buruari zientzialari deritzoten horiei…

Salbatuak gara, ordea, Jainkoari esker!

(2006-9-14)

Kristau onaren betebeharra

Posted in Anarkismoa, Erlijioa, Gizartea, Ironia with tags , , , on 2009/10/11 by aselluzarraga

Bizi garen garai ilun honetan, baten baino gehiagoren kontzientzia aztoratuta dago. Badirudi berriro piztu direla gerra santuak, eta buruzagi batek baino gehiagok jainkoaren izenean berba egiten ei du. Honen aurrean normala da kristauak eta beste erlijio batzuetako fededunak noraezean sentitzea. Baina honen bidez kontzientzia batzuk lasaitzera gatoz. Dena doa ondo eta planari jarraituz, azken batean, kristau onaren betebeharra, munduan anarkia eta Hirugarren Mundu Gerra bultzatzea da.

Hori ulertzeko, ordea, gogoratu behar dugu Jainkoaren agindua, Bibliaren bitartez: egizue Paradisua Lurrean bertan.

Inori begitantzen zaio zelakoa izan behar duen Paradisuak? Aberriak, presidenteak, armadak, polizia, banderak, kartzelak, abokatuak, politikariak, sindikatuak, kazetariak, langile zapalduak, aberatsak, txiroak, goseak hildakoak, kutsadura, mugak, auto-ilarak, tabernak ixteko ordutegiak, arrazakeria, paterak, debekuak, tratu txarrak, ardo txarra, belar debekatuak, irakasleak, Ricky Martin, erregeak, biktimak, borreroak, epaileak, abadeak, erlijioak, dirua, txortan egiteko ordaindu beharra, tunning-a, diskotekak, kapitalistak, komunistak, Iturgaitz, telebista, McDonalds, hizkuntza murriztuak, punkiak… dauden Lur batean imajina daiteke Paradisurik? Baten batek esango du “kalimotxoa dagoen bitartean…”, baina ez, ez dago imajinatzerik. Balizko Paradisu bakarrak anarkista izan behar, derrigorrez.

Lehenengo ondorioa aterata, begi bistako oztopoa: posible al da gaur egungo mundu aldrebes hau anarkiarantz bideratzea modu baketsu eta eraginkorrean? Erantzun iragarkien ostean. Hortaz, mundua ezagutzen dugun moduan deuseztatu behar da, eta horretarako, sentitzen dut bizi osoa eman eta gero pisua ordaintzen amaitzeko zorian bazaude, Hirugarren Mundu Gerra da bide bakarra.

Giza-talde txiki sakabanatuak baino geratzen ez direnean, eskura duten teknologia, energia, tresneria guztia guztiz alperrekoak direnean, abiatuko dituenik ez dagoelako, aukera izango dugu zerotik hasi eta anarkiarantz abiatzeko. Edo, ikasbidea hartu ez badugu, mende batzuetan itxaron Laugarrena iritsi arte.

Ulertzen duzue orain jatorri judeo-kristaukoak diren buruzagi kristau, judutar eta musulmanen eginkizun jainkotiarra? Bush, Sharon eta Bin Laden jainkoak bidaliak dira! Gora anarkia! (Baina lehenago…)

(2006-6-26)