Gizartea -en artxiboa

Ezkerraren “koherentzia”, giristinofobiatik islamofiliara

Posted in Anarkismoa, Erlijioa, Politika with tags , , , , , , on 2015/01/08 by aselluzarraga

indizeaOso bitxia da azken hamarkadotan ezkerra zeharkatzen duen eskizofrenia erlijiosoa. Bitxia eta kezkagarria. Azken adibidea Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren aurka egindako sarraskiaren harira etorri da. Hasteko, bihoa hemendik elkartasun osoa aldizkariko langile guztiekin, hildakoekin, zaurituekin, zein onez atera direnekin, baita aldizkariaren irakurleekin ere. Mundu honetan adorea erakusteak halako ondorioak dakartza, tamalez, baina ez gaitezen horregatik kikildu.

Kontua da, aspalditik dakusadala Islamarekin mendebaldeak dakarren jokoa eta, eskuinaren jokoaren kolpe-leungailua, beste kontu askotan legez, behin eta berriz ezkerra dela berresteak kezkatu egiten nau. Antzerki txar honetan oso ondo jokatzen du bere zatia alde bakoitzak.

Ez gintuzke harritu behar munduko eskuinek, ezkerreko eskuin “demokratek” zein ultra-eskuinek, munduan edozein totalitarismoren alde egiteak eta, logika horretan, totalitarismo islamikoa finantzatu eta militarki babesteak. Hala, inor gutxik dauka arazo handirik barneratzeko Al Qaeda, Estatu Islamdarra eta halako talde armatu islamofaxistak AEB, Israel eta Europatik finantzatuta eta bultzatuta daudela. Gehienek ulertu ere ulertzen dute zer asmo politikoz sortzen eta indartzen diren halako mugimenduak eta erraz konturatzen dira mendebaldearen hipokrisiaz -edo hori sinistu nahi nuke…-. Honaino dena ondo. Eskuinari halakoek ez diote kontraesanik sortzen. NATO beti izan da diktadura islamdarren -eta beste diktadura mota askoren- aliatua, batez ere petrolio asko badaukate eta mendebaldearekin otzan jokatzen badute. Beharrezkoak dira Europatik “beherako” mundu “arraro” hori kontrolpean edukitzeko.

Ulertzen zailagoa, ordea, ezkerraren jarrera eskizofrenikoa da.charlie-hebdo Edo agian ez, ez da batere ulertzen zaila, ezkerraren logika historikoan sartzen baita, ezker parlamentarioa, Frantziako iraultza burgesa garaile atera zenetik, beti izan baita eskuin parlamentarioaren derrigorrezko beste laranja erdia, ispilua, langileak eta zapalduak kontrolpean edukitzeko behar zen eskua. Dialektika kontuak, agian. Eta ezkizofrenia horren eredu argia izan daitezke Willy Toledok, ezker horren ahots ezagun eta “errebeldeak”, bere twitterren bota eta Publiko egunkariak, zelan ez, zabaldutakoak: “Alerto sobre lo que suele ocurrir tras tanto ataque criminal, no me mofo de nadie, sólo hago memoria. Occidente asesina diariamente. Sin ruido”, “El Pentágono y la OTAN bombardean y destruyen países enteros, asesinan a millones, cada día. ¿De verdad esperamos qué no hagan nada?”. Jakina, Willy Toledoren buru argiak ez dauka zalantzarik, Charlie Hebdo aldizkari satirikoak lotura ukaezina dauka NATOren bonbardaketekin eta, beraz, nondik harridura musulman zapalduek haren aurka jotzen badute!

Eta hortxe dago nire kezka. Izan ere, gaur egun, ezkerrekoa bazara, onez ikusiko dute zure inguruko ezkertiar guztiek “gehien argitzen duen eliza sutan dagoena da” eta antzekoak botatzen badituzu, Eliza giristinoaren aurka denak balio du; giristinofobia derrigorrezkoa da, azken batean, eta hor ez du balio giristinoen artean aldeak egiteak, garai historikoak eta mugimenduak bereizteak… Gainera, Kristautasuna patriarkatuaren ikurretako bat da -batzuetan, ordea, salbuespenak egingo dira, eta protestantismoak ekarri zuen “askatasun” airea goraipatuko dute ezkertiar batzuek, une horretan ahaztuta protestantismoaren etika ezinbestekoa izan zela kapitalismoaren oinarriak ondo errotzeko, katolizismoaren moral materiala traba zen garaietan-. Ateoa, anarkista eta hierarkia guztien etsai naizen aldetik, ez daukat batere arazorik kristautasunaren aurkako herra hori ulertzeko, maila guztietan bat etorri ez arren. Honaino ere, dena ondo, ulergarria-edo… Baina orduan, baten bati bururatuko zaio esatea “gehien argitzen duen meskita sutan dagoena da”… eta inguruko aurpegi ezkertiarrak aldatzen hasiko dira. Islamofoboa izango zara, eta giristinofobia derrigorrezkoa den bitartean, islamofobia Marxen hamar bekatu kapitalen artean ei dago egun. Orduan bai, ñabardurak etorriko dira, islamdar guztiak ez dira… Bat-batean, jainkoagan sinestea ez dago hain txarto. Halako batean, erlijio hierarkikoak ez dira beti txarrak. Tupustean, totalitarismo morala ulergarria izan daiteke. Minutu batetik bestera, patriarkalismo erlijiosoa ahaztuta geratzen da… Bai, patriarkalismo islamdarra ere bai, maiz feministarik erradikalenak, are anarkofeminista batzuk, izango baitira zure islamofobia salatu eta Islam homofobo eta matxistaren alde aterako direnak. Orduan oroimenaren txoko ilun, giltzaz ondo itxitako batean geratuko dira harrika hildako emakumeak, genitalen erauzketak -emakumeek pairatzen dituztenak, gizonek pairatzen dituztenak egunero ahazten baitira, eta horretaz hobe ez mintzatzea…-, gizon zaharrekin ezkonarazitako neskatilak -berriz ere, emakume zaharrekin ezkonarazitako mutikoak egunero daude ahaztuta-, burkak, eta beste sexu zapalketa mota guztiak. Hala, ezkertiar batzuentzat, Willy Toledorentzat, esaterako, ezkerreko komunikabide satiriko bateko langileen aurkako sarraskia ez da adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat, eta ez du merezi frantses Estatuaren, poliziaren eta hiltzaileen artean loturaren bat ote dagoen ikertzea, edo Europa osoan gora doan ultra-eskuinak ezkerrak baino zer irabazi askoz gehiago daukala pentsatzea… Ezkerreko komunikabide satiriko bateko langileen aurkako sarraskia islamdar koitaduek pairatzen duten zapalkuntzaren aurreko erantzuna baino ez da, espero zitekeena, gainera. Logika horri tiraka, zilegi, beharbada…

Borobila osatuta dago: eskuinak Islama behar du, islamismo erradikalena. Bide hori zelaitzeko, ezkerra dago, arazoa Islama bera ez dela gogorarazteko. Batzuk -eta ez da txantxa, foro anarkista batean ikusi baitut-,  eskizofreniaren gailurrean, Korana defendatzera iritsiko dira, Bibliarekin alderatuz, ahaztuta Biblia giristinoak dakartzan liburu nagusi biak sakratuak direla musulmanentzat ere, alegia, haien erlijioaren baitakoak, Korana haien gainetik egon arren.

Bada, nire iritzi apalean, Islama, Kristautasuna legez, arazoa da. Gizateriak duen arazo bakarra ez, baina arazoetako bat bai, eta oso handia. Musulmanak, islamofaxismoaren aurka matxinatzen direnak batez ere, errespetu osoz ikusten ditut, giristinofaxismoaren aurka matxinatzen diren giristinoak legez, hain zuzen ere. Ez dira nire etsaiak euren morala eta sineskeriak inor inposatzen saiatzen ez diren bitartean. Ez ditut txalotuko, noski, ultra-eskuinak bere diskurtso xenofoboa elikatzeko meskiten aurka abiatutako erasoak. Beste testuinguru batean irribarrez ikusiko nituzke meskitak, sinagogak eta elizak batera erretzen. Edo agian ez, azken finean ondare arkitektonikoa izan baitaitezke haietako batzuk, eta eraikin apartak beste erabilera bat emanez gero. Ez dut ontzat emango musulman xumeen aurkako erasorik, giristino eta judutar xumeen aurkako erasorik ere ontzat ematen ez dudan legez. Baina ez naiz sartuko erlijio baten alde egitearen jokoan, zein ere den erlijio hori, are gutxiago erlijio horrek totalismoaren haziak gordetzen dituenean bere testu sakratuetan. Ez dut palestinarren alde egingo haietako asko -ez denak- musulmanak izateagatik, herri zapaldua izateagatik baizik. Era berean, ez dut Israelen aurka egingo israeldarrak -batzuk- judutarrak izateagatik, nazionismoa eta beste herrien zapalkuntza bultzatzeagatik baizik. Badirudi egun ahaztu egin dugula beste garai batzuetan antisemitismoaren mamua astintzen zela israeldarren nazionismoaren jardunari bidea libre uzteko, eta oraindik ere ez gara gai hura geldiarazteko. Seguruenik gaur egun antisionista izateak, Israelgo Estatuaren zilegitasuna ukatzeak, antisemita izatearekin batere zerikusirik ez daukala ulertzen dugun arren, badirudi historiak ez digula aski irakatsi ulertzeko islamofaxismoari, bere forma guztietan, aurre egiteak ez duela zerikusirik islamofoboa izatearekin. Noiz konturatuko da ezkerra? Beti bezala, kaltea eginda dagoenean?

Beraz, ez dut emango, inolaz ere, giristinofobiatik islamofiliarako urratsa. Erlijio guztiak dira zabor bera.

images(Castellano)

Francisco “Papas Fritas”, egitatearen bidezko propaganda ondo ulertua

Posted in Anarkismoa, Ekonomia, Errepresioa, Gizartea, Komunikabideak, Kultura, Politika with tags , , , , , , , , , , on 2014/05/18 by aselluzarraga

Azken egunotan Txilen albiste bihurtu den arte ekintza bati heldu nahi diot gaur. Txileko ohiko komunikabideek farandula bihurtzeko saio guztiei izkin eginez bihurtu da albiste, gainera. Francisco “Papas Fritas” artistaren “Ad augusta per angusta” lanaz ari naiz, duda barik. Espero zitekeen bezala, Txileko komunikabideek garrantzi handiagoa eman diote PDIk (Policía De Investigaciones) erakusketa bahitu izanari “Papas Fritas”en ekintzaren zentzuari baino. Eta espero zitekeen, arte ekintza horrek agerian utzi dituelako sistemaren lotsak, eta ez da komunikabide horien lana lotsa horien berri ematea, ekintza baten zentzu politikoaz eta gizarte ondorioez hausnartzea. Txileko komunikabideek farandula bihurtu edo, bestela, isilarazi nahi izan dutena, ordea, nazioartean eta, noski, lerro ofizialetatik ateratzen diren hedabideetan izan du oihartzun zabalagoa, gazteleraz zein ingelesez. Zertaz ari naizen jakiteko onena, seguruenik, lehenago haren ekintzaren aldarrikapenaren bideoa ikustea da :

Ez dut ekintza artearen ez inkomunikabideetan izandako islaren ikuspuntutik aztertu nahi, haiek ere interesgarriak izan daitezkeen aren. Ezta Unibertsitateari buruzko eztabaidan sartu ere. Erakunde horrek, enpresa pribatuena zein Estatu enpresarena izan, sistemaren balioak betikotzeko tresna gisa esan nahi duenaren aurka nago, dirudienez Francisco bera dagoen bezala, eman duen elkarrizketari erreparatzen badiogu, eta uste dut doakotasunari buruzko eztabaida iruzurra dela planteatuta dagoen bezala. Doakotasuna ez dago inon ezbaian, ez da aukera; izan ere, mahai gainean dagoena da ikasleek, doktrinatuak eta sistemarentzako funtzionalak izateko, behin -Estatuak kentzen diguten gainbalio zatiaren bidez-, birritan -zergetan eta unibertsitate-tasetan- ala hirutan -zergetan, unibertsitate-tasetan eta banku interesetan- ordaintzea “nahi” den, eta eztabaida hori ez zait batere interesatzen, ikasleen borrokarekin elkartasuna sentitu arren. Ildo horretatik, interesgarria deritzet Franciscok berak aipatu elkarrizketan “pluribertsitatea” darabilen kontzeptuari eta egungo unibertsitateez dioenari. Aitzitik, anarkismoaren ikuspegitik heldu nahi diot “Papas Fritas”en ekintzari, batzuek ulertzen dutenaren aurrean, egitatearen bidezko propagandaren eta ekintza zuzenaren ezaugarriek zein behar luketen pentsatzeko.

Bereziki interesgarria da halako ekintza Txilen gertatzea. Haren aurrekari garbietako batzuk Enric Duran katalanak eta Lucio Urtubia euskaldunak, zeinek bere estiloan eta helburuekin, burututako ekintzak lirateke, eta halaxe aldarrikatu du Franciscok berak Enric Duranekin trukatutako txioetan. Eta Txilen gertatua bereziki interesgarria dela diot, herri horretan egitatearen bidezko propagandaren eta ekintza zuzenaren zentzuaz jabetu den mugimendu eztabaidagarria, intsurrekzionalismoa, hain zuzen ere, bihurtu delako, gizartearen aurrean, ustezko anarkismoaren irudi ia bakarra. Beraz, haien ekintzari entzutetsuenak eta “Ad augusta per angusta” arte-ekintzaren egileak burutzen ari direna -oraindik ez baita amaitu- erkatu nahi ditut, batzuen eta besteen bideen ezaugarriak, xedeak eta emaitzak aztertuta.

Hasteko, egitatearen bidezko propagandari helduko diot. Kontzeptu hori XIX. mendean hasi zen erabiltzen. Kontzeptu horren arabera, gauzatutako ekintza batek edo haren ondorioek berez azaldu behar lukete bere atzeko asmoa eta, gainera, izenak berak dioen legez, propaganda egin behar dio zerbaiti.

Bestalde, garai beretik datorren ekintzat zuzenaren zentzua honakoa zen: langileek edo esplotatuek, esplotatzaileekin edo botere erakundeekin zeuzkaten gatazkak konpontzeko, bitartekaririk gabe jokatu behar zuten, zuzenean. Ekintza zuzenaren helburua, beraz, xede jakin bat lortzea zen. Hala, esaterako, grebetan eta lan-gatazketan, ekintza zuzenak esan nahi zuen langileek zuzenean eztabaidatu behar zutela jabe edo patroiekin, edo, bestela, euren eskuz hartu behar zituztela esplotatzaileari aurka egiteko ekintzak -sabotajeetatik patroien aurkako eraso zuzenetara-.

Beraz, bai egitatearen bidezko propagandan, bai ekintza zuzenean, abiapuntua gizarte gatazka, talde gatazka, lan gatazka… izaten zen, eta horretara jotzeko asmoa etsaiari zuzenean aurka egin eta langileek eta, oro har, gizarteak erraz ulertuko zuten ekintza burutzea zen. Elkartasuneko ekintza zen, bakarka edo taldeka burutua, baina norberari begira barik, besteei, taldeari, gizarteari begira burututakoa. Kontzeptu bien barruan sar zitezkeen, bestalde, zapaltzaile eta patroi gupidagabeen aurkako atentatuak, langileen aurkako sarraskiak mendekatzeko. Halaxe uler daitezke Simón Radowitzky edo Kurt Wilkensen ekintzak, eta gogoratu behar da azken hori, gainera, bakezale tolstoianoa zela, indarkeriaren erabilera bandera hartzen ez zutenetakoa, patroien indarkeria sistematikoa borrokatzeko hura erabiltzen zutenak ulertzeko gai bazen ere.

Gaur egun, ordea, gero eta ohituago gaude halako kontzeptuak intsurrekzionalismoa deritzon korronte “anarkista”ri lotuta entzutera. Erka ditzagun harro aldarrikatu ohi dituzten ekintzak eta Francisco “Papas Fritas”ek burutu berri duena.

Intsurrekzionalismoan ohikoak dira bankuen, elizen eta bestelako erakundeen egoitzen aurkako bonbak, esaterako. Lehergailu txikiak gehienetan, kalte materialak eta oihartzun mediatikoa baino bilatzen ez dituztenak. Haiei lotuta, erretorika nahiko errepikakorra eta orokorra irakurri ohi dugu ekintza haien berri emateko idatzietan. Idatzi haien bidez eman nahi izaten dute ekintzaren zentzua eta, intsurrekzionalismoaren atzean dagoen iturri ideologikoei jarraiki, nia -edo gehienez ere gua, gu oso murriztua, ustezko afinitate taldeari baino erreferentzia egiten ez diona- da gailentzen dena. Horrekin batera, gehienetan gizarte osoarenganako mespretxua eta gorrotoa. Hala, intsurrekzionalistek errealitateaz konturatu eta “koherentziaz” jokatzen duten bakarrak balira bezala hitz egiten dute euren buruaz. Gainerakoak, eta gero eta gehiago langileak eurak, mespretxagarriak dira, sistemak anestesiatuta bizitzeagatik batere errespeturik merezi ez duen jendea. Niaren eta sistemaren arteko gerran sentitzen dira. Ez da arraroa. Intsurrekzionalismoa teoria indibidualisten adierazpenetako bat da -kapitalismoa bera legez- eta Hobbesen fikzio bera du abiapuntua, Stirnerrek eta Nietzschek bezala: inolako gizarte aurreko gizabanako isolatua, historian inoiz izan ez den izakia, alegia. Hobbesek Estatu totalitarioaren beharra ondorioztatzen zuen bere fantasian baino ez zegoen hasiera mitiko horretatik, hura izanik gizabanako isolatu berekoien asmo azpiratzaileen aurrean “oreka” berma zezakeen bakarra. Stirnerrek eta Nietzschek, aldiz, norbanako berekoiaren totalitarismoa bera aldarrikatu zuten Estatuaren aurrean, irtenbiderik gabeko dialektikan harrapatuta. Hobbesi arrazoia emateko idatzi zuten, nahita edo nahi gabe, azken finean, eta ezaguna da filosofia horrek, Nietzscherenak batez ere, zer eragin izan zuen nazismoaren oinarri ideologikoetan. Beraz, intsurrekzionalisten ekintzak egitatearen bidezko propaganda eta ekintza zuzen gisa ulertu behar badira, geratzen zaiguna niaren propaganda eta niaren ekintza zuzena dira. Zer helbururekin? Seguruenik, helburu zehatzik behar ez dutela erantzungo ligukete haietako askok. Nia asetzea, sistemari gerra etengabea egitea. Propagandaren ikuspuntutik, ekintza horiek, bankuei eta abarri jarritako bonbek, alegia, erasotako erakundeei eurei, Poliziari, Elizari, komunikabideei… eta Estatuari berari egiten diete propaganda, inori egitekotan. Hasteko, kalte material horiek guztiz onargarriak direlako erasoa pairatu dutenentzat eta, bestetik, haiek denak eguneroko biktimarioak izan arren, jendeak, halako ekintza gehienetan, biktima ikusiko dituelako, intsurrekzionalisten komunikatuek zer dioten ere -bestetik, ez da ondo ulertzen indibidualismo horren ikuspuntutik komunikatuak nori zuzenduta dauden, propagandaren baitan ulertuz gero, lehendik ere eurek bezala pentsatzen dutenentzat edo euren buruarentzat ez bada-.

Bestetik, ekintza zuzenaren ikuspuntutik, pentsatu behar genuke zertarako balio duen helburu zehatzik lortu nahi ez duen ekintza zuzenak edo helburu bakara ekintza “zuzen” hori bera egitea baino ez ote den. Lehergailua jarri duten intsurrekzionalisten eta erasotako erakundearen artean, gehienez ere, gatazka abstraktua dago, halako erakundeekin denok daukagun gatazka etengabe bera, baina borroka horretan lehergailu batek ez dakar aurrerapauso bakar bat ere, ez du erakunde hori ahultzen eta guk ez dugu ezer irabazten. Ekintzak gizartearen testuingurutik kanpo egoten dira, gehienetan ez dira kokatzen gatazka giro jakin batean -gehienez ere, presoen aldeko “elkartasun” kanpainetan kokatzen dira batzuk-, eta ez dute balio ezta balizko borroka batean indar morala igotzeko ere. Baina, esango digute intsurrekzionalistek, gizarteak bost axola guri, ez dugu egiten harentzat ezer lortzearren. Argi dago, bai. Azkenik, etika indibidualistaren sorburu aitortua berekoikeria izanik, Stirnerrek berak aldarrikatzen zuen legez, intsurrekzionalistek maiz errepikatuko dute euren idatzietan euren ekintzek besteengan dituzten ondorioek ere ez dietela inporta. Beraz, euren ekintzaren baten ondorioz zerikusirik ez daukaten pertsonak kartzeleratzen badituzte edo, XX. mende hasieran Espainiako Estatuak asmatutako “Esku Beltza” ustezko erakunde anarkistarekin eta antzeko beste kasu askorekin gertatu legez, sistemarentzat egiatan arriskutsuak izan daitezkeen mugimenduak errotik deuseztatzeko aitzakia erabiltzen badira ere, Estatu Batuetako gobernuak esango lukeen moduan, “albo ondorioak” dira horiek denak. Azken finean, intsurrekzionalistek ez dute aurpegia emango eta Estatuak haien ekintzak zerikusirik ez duten anarkista eta mugimenduak neutralizatzeko erabiltzen baditu, muntaien bidez, maiz gertatu legez, ondo etorriko zaie euren diskurtsoa elikatzeko. Haien ekintzen aitzakiapean atxilotuenganako elkartasuna horretara mugatuko baita: muntaia salatzeko aldarrikapen eta ekintza intsurrekzionalista berrietara, toki segurutik eta aurpegia eman gabe. Haietakoren bat harrapatua izan ondoren, ordea, birritan pentsatu barik joko dute guztion elkartasunera eta anarkista guztiok, gainera, ez diegu sekula ukatuko haiek beste guztiei euren ekintzen eta jarreren bidez ukatu ohi dieten elkartasuna.

Oso zaila da, beraz, halako ekintzetan egitatearen bidezko propagandaren eta ekintza zuzenaren zantzuak inon ikustea, haiek ulertzeko modua guztiz bihurrituz ez bada. Eta ondorioak eta maiz Estatuek, aipatu legez, balizko taldeak asmatuz mota bereko ekintzak antolatu eta antzeko panfletoak agerrarazi dituztela ikusita, mesede nori egiten diote pentsatu behar genuke.

Ohituta gauzkan jokabide horren ifrentzua izango litzateke, aldiz, Francisco “Papas Fritas”en ekintza. Hasteko, egitatearen bidezko propaganda gisa, borobila da. Gatazka jakin batean kokatzen da, kasu honetan, Universidad del Mar-ek bere ikasleekin izandakoan. Ondo ezagutzen du gizarteak Unibertsitate horren iruzurra eta, gainera, gizartean unibertsitate sistemari berari buruzko eztabaida puri-purian dagoen testuinguruan. Ekintza irudimentsua da, eta emaitza jakina bilatu du: ikasleek Unibertsitatearekin zuten zorra bertan behera uztea, iruzurra agerian uztea eta sistema osoaren ahuleziak erakustea. Alde horretatik, helburua bete du, zalantza barik. Bestetik, propaganda moduan, ekintzak berak azaltzen du bere atzeko mezua, eta gizarteak, eta batez ere kasuan nahastuta dauden ikasleek, begi onez ikusteko moduko kolpea da. Sinpatia sortzen du. Eztabaidarako beste ardatz bat ere finkatzen du: legezkotasuna vs bidezkotasuna. Edonork ikus dezake, kasu honetan, beste askotan legez, legeak bidegabekeriaren alde egiten duela, eta bidezkotasuna legez kanpo baino ezin dela defendatu sarri. Are gehiago PDIren esku-hartze azkarraren ondoren: iruzurgileen, kapitalaren, aberatsen interesak defendatzeko dago Polizia, zein eta nongo ere den Polizia hori -eta museoak ere, hartzen duten izena hartzen dutela, sistemaren beste pieza bat baino ez direla erakutsi, bidenabar-. Begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola, propaganda ekintza bikaina da, bai ekintza zuzenaren aldeko propaganda, bai Unibertsitatearen iruzurra zabaltzeko propaganda, bai Estatuaren -Alderdi Komunista barne-, ikasle erakunde batzuen eta komunikabideen pasibotasuna zein sistemaren lotsak agerian uzteko propaganda.

Ekintza zuzenaren ikuspuntutik ere, bestetik, erabatekoa da: erakunde baten aurkako borrokan -kasu honetan, Universidad del Mar-, bide instituzionalak, bitartekaritzak, negoziazioak alde batera utzi eta zuzen-zuzenean jo du: zor-titulu guztiak hartu eta erre. Gatazka identifikatuta dago, ezaguna da gizartean, etsaia ere identifikatuta dago, eta helburua ere bai: kasu honetan, ikasleen zorra bertan behera uztea. Eta helburu horretarantz, bide zuzena. Emaitza ere, borobila. Ea zer lege eskujoko asmatzen duen Unibertsitateak momentuz kobraezina den zor bidegabe hori kobratzeko. Sistematikoki borondate txarrez jokatu duten pertsonek -jabeek- euren kaltetuen borondate “ona” espero beharko dute diru hori usaintzeko.

Lucio Urtubiak Citibank boteretsua belaunikatuta edukitzea lortu zuen. Enric Duranek, bestalde, bankuen kreditu sistemaren lotsak agerian utzi, haiek egunero osten duten dirutik zerbait berreskuratu eta Europan eratzen ari den mugimendu iraultzaile interesgarrienetako bat abiaraztea lortu zuen. Francisco “Papas Fritas” ere ez da atzean geratu eta, eztabaidaren ardatza mugitzearekin batera, unibertsitateen etekin gosearen aurkako borrokan ikasle asko itotzen duen zorra indargabetzea lortu du. Eta hirurek besteak, gizartea, gizarte berri baterako eredua, besteen ongizatea izan dituzte buruan, ez euren ospea, euren bakarkako gerra. Halaber, ondorioei aurpegi eman diote hirurek eta askorentzako eredu izan daitezkeen ildoak marraztu dituzte.

Zalantza barik, egitatearen bidezko propaganda ondo ulertua izan da Francisco “Papas Fritas”ena, ekintza zuzen txalogarria. Ikusiko dugu aurrerantzean zer dakarren.

(Castellano)

Gizarte atomizatuan familia eragozpen denean

Posted in Anarkismoa, Ekonomia, Gizartea, Kultura, Politika with tags , , on 2014/04/25 by aselluzarraga

Gaur, sistemak inteligentzia zerbitzuei lana geuk egin diezaiogun oparitu dizkigun tresna horietako batean, Facebooken, alegia, honako esaldia irakurri diot nire lagun birtual bati: “Patroia eta familia erakundeak kaltegarriak dira berez; bateratuta, dagoen esplotazio modurik okerrena dira”. Ados egon ohi naiz lagun horrek idazten dituen gauza askorekin, baina honetan ezin, eta uste dut aukera ona dela buruan maiz izan dudan gai horri heltzeko.

Hasteko, edozer aztertzeko bide zientifikoaren oinarria -halako bideetatik urrun egon nahiago badut ere, ez bainaiz zientziaren erlijioaren gurtzailea- enpirismoa izanda, denok daukagun esperientzia iturririk gertukoena geurea dela ezin ukatu eta, beraz, neure familiari begiratu diot lehenbizi hori hala den ikusteko: erakunde esplotatzailea, kaltegarria izan da nire familia niretzat? Bada…, ez. Ezezko borobila. Askotan mugatzailea bai, ziur, daukadan familia izan ez banu gauza askoz gehiagotara ausartuko bainintzatekeen, seguruenik. Familiari min emateko aukera beti izan daiteke galga bat bizitzan aurrera egiteko. Baina kendu legez, zalantza barik, asko eman dit eta, balantzan jarrita, niri dagokidanez, behintzat, errepikatu nahi dudan eredua ez bada ere, mugatu baino gehiago naizena izatera bultzatu nau, bere borondatez edo bere borondatearen kontra. Lehen esperientzia horretatik atera eta, nire ingurura begiratuta, ez dakit bere familia esplotatzailetzat daukan jende askorik ezagutu dudan. Oro har, diskurtso erradikal teoriko ikasietatik harago, bere familia maite duen jendea ezagutu dut nik, ñabardurak ñabardura. Askotan, gainera, ikusi dut familia horixe dela aterpe bakarretakoa gizarte honetan gauzak oker doazenean, jendea esplotatua izateko “eskubidea” ere gauzatzera iristen ez denean, esaterako. Halaber, familia osatu duten lagun anarkistak ere badauzkat, familia horietan aita-amak egon, ama bakarra izan…, eta ez dut uste eurek ere izan dituzten seme-alaben edo daukaten bikotekidearen esplotatzailetzat daukatenik euren burua, familia osatu dutela argi izan arren.

Norberak lehen eskutik ezagutzen duenetik harago, estatistikak dauzkagu. Ez dut haietan batere federik, jainkoengan beste, gutxi gorabehera, manipulazio zientifikorako biderik erabilienetakoa izanda, baina hala ere, egun, komeni denean, denek begiratzen diete datu hotz horiei eta direnak eta ez direnak ondorioztatzeko eta teoriak eraikitzeko erabiltzen dituzte barra-barra; beraz, ikus dezagun haien bidez zer datu atera dezakegun, adibide soil batekin… Umeek familian pairatzen duten esplotazioaren eredu zehatza ez bada ere, familiaren kalteetako batzuk neurtzeko balio diezagukete, esaterako, umeek pairatzen duten indarkeriari buruzko informazioek. Estatu Batuetarako emandako datuen arabera, 10 umetatik 1ek pairatzen du familia indarkeria -eta indarkeria, oro har- eta 16 umetatik 1ek pairatzen ditu sexu gehiegikeriak. Datu horietan, bestalde, bitxia da ikustea mutilek eta neskek antzera pairatzen dituztela tratu txarrak eta gehiegikeriak, hildakoen artean mutilak apur bat gehiago izan arren, eta are bitxiagoa ikustea tratu txar eta gehiegikeria gehienak (%53,5) emakumeen eskutik datozela, pentsatu ohi denaren kontra. Baina tira, horrek beste hausnarketa batzuetarako emango luke. Kontua da, estatistiketatik harago edozein tratu txar eta gehiegikeria kasua guztiz dramatikoa bada ere, ume gehienek (%90ek) ez dutela, horren arabera, halakorik pairatzen euren familietan. Indarkeria mota guztietan legez, gutxiengoen kontua izaten da beti, gutxiengo horiek guztienganako susmoak eta akusazioak mirarizko erraztasunez zabaltzeko erabili ohi badira ere, batere azterketa kritikorik gabe, bizi ditugun alarmismoaren eta errepresio mota guztientzako gorazarrearen garaiotan. Bestalde, umeen esplotazioari erreparatzen badiogu, ume esplotatu bakoitzaren atzean, kasu gehienetan, familia esplotatu oso bat dagoela ikusiko dugu. Halakoetan, beraz, esplotatuak, langile eta nekazari txiroak, bizirauteko euren lan-indarra besterik ez dutenak, biktima izatetik biktimario izatera igaro ohi dira berehala, gure komunikabide eta pentsamendu-sortzaile zintzoen lan apartari esker, halako familia “esplotatzaile” gehienen atzean justiziak nekez ukitzen dituen enpresari “zintzoak” daudela ahaztuta -atzo bertan La cáscara rota film oso gomendagarrian argi ikusi genuen bezala-.

Hala, gure garaiotan, ezker “erradikaletik”, maiz entzuten dira akusazio izugarriak familiaren aurka. Alde batetik, egitura patriarkala eta matxista. Bestetik, umeak gizarteratzeko, “normaltzeko”, otzandu eta “zibilizatzeko” oinarrietako bat direla. Eta, falta barik, noski, emakumearentzako kartzela ere badela. Hori dena, ñabardura barik, berriz ere. Hala, familia eredu bakarra, mendebaldeko familia patriarkal nuklearra, hartu eta dagoen eta historian izan den eredu bakartzat erabili ohi da familia mota guztiak arbuiatzeko. Hori izaten du maiz egungo diskurtsoak: errealitate aniztasuna oztopo da, nahi baino gehiago pentsarazten du, nagitasun intelektualaren garaietan askoz eraginkorragoa da dena sinpletu eta diskurtsoa minimizatzea. Zuria edo beltza. Gehienetan, esperientzian oinarritzen ez diren irakurritako edo entzundako sasi-teoriak iturri bakarra.

Familiaren aurkako etsaigoa, ordea, ez da berria, ezta modernoa ere. Pentsalaririk klasikoenetako batek, Platonek, hain zuzen ere, aspaldi idatzi zuen haren aurka, aspaldi aldarrikatu zuen haren desagertu beharra, eta nago, egun familiari, ñabardura barik, erasotzeko dauden arrazoi berberak ezkutatzen zirela filosofo ospetsuaren diskurtsoan. Izan ere, Platonentzat, bere gizarte totalitario “perfektua”, bere errepublika, diseinatzerakoan, arrazoi goren bakarra Estatua zen, eta Platonen Estatu totalitario hartan familiak oztopo ziren. Hala, bere Estatu hartako elite batentzat, zaindarientzat, emakumeen eta haurren “komunismoa” proposatu zuen -eugenesiarako plan oso zehatzekin batera proposatu ere, gizarte bikain harentzako mailan ez zeuden geneak desagerrarazteko-. Platonentzat maitasunak ez zeukan tokirik. Gehienez ere, ona zen gerretan, maitaleak elkarren ondoan borrokatuta -gerrara gizonak eta emakumeak berdintasunez joan eta borrokatzea ere proposatu baitzuen-, gerlariak adoretzeko, euren onena eman zezaten, maite zutenaren aurrean portaera heroikoa izan zezaten. Baina Estatuarentzat, onena familiak desagerraraztea zen. Harreman finkorik ez, maitasunik ez, sexu askea, gurasorik ezagutuko ez zuten umeak eta… Estatua bere gerlari guztien “aita” bakarra.

Baina Platonen ereduak ez zuen arrakastarik izan, eta orduko eta geroko Estatuek ez zuten familia akabatu. Hala, gizarte askotan egungoarekin zerikusi handirik ez zuten familia ereduak egon ziren. Batez ere, familia zabala deritzona. Familia haiek 20 kidetik gorakoak ere izan zitezkeen, horrek denak batera bizitzea esan nahi ez bazuen ere. Eta familia zabal hark indar handia eman zien herritar xumeei bizitzako gorabehera guztiei aurre egiteko, baita gorakoei aurre egiteko ere. Izan ere, egun familiaren aurka erabiltzen diren argudio guztien kontra, familiak, beste ezeren gainetik, altruismoaren, elkar-laguntzaren, maitasunaren eta elkartasunaren gotorlekua izan dira luzaroan. Eliteen kontrako kulturaren zaindari. Euren akats, gorabehera eta gatazka guztiekin.

Eta, hain zuzen ere, horiexek dira liberalismo modernoaren adar batek jasan ezin dituen ezaugarriak. Iraultza burgesaren proiektuan, familia proletarioak, diru eta giza baliabide iturri diren bezala, arazo eta buruhauste iturri ere izan dira betidanik. Alde batetik, ume “gehiegi” izaten zituzten garai batean, eta burges batzuk beldur ziren egunen batean, haien populazioa hain azkar hasita, matxinatuz gero, gehiegi izango ez ote ziren, haien indarrari aurre egin ahal izateko, eta hortik hasi ziren lehen proiektu malthusianoak eta eugenesikoak, abortuaren aldeko lehen aldarriak barne, hura baitzen proletarioen hazkundea kontrolatzeko proposatutako neurrietako bat, ez bakarra. Bestetik, auzo berberetan bizi ziren familia proletario zabal haiek gaitasun handia zeukaten elkarri laguntzeko, patroiari elkarrekin aurre egiteko, euren burua antolatzeko, eta, argi dago, hori ez zen patroien oso gustuko.

Azken mendeetan, baina, besoen premia hori beste modu batean hasi da antolatzen ipar globalean: hego globalak eman ditzala behar diren beso horiek -lantegirako zein gerretarako-. Ipar globalean, aldiz, hobe daukagu gizarte atomizatua, gizaki hiper-bakartua. Familia, burgesiak zabaldu zuen ereduaren araberako familia patriarkal nuklear eredu hori, hain zuzen ere, ez da beharrezkoa -eta, denboraren poderioz, familiaren aurkako diskurtso hori berez zabalduko da herri xumeetan ere, haien gizarte eredua ipar globala izaten baita lehenago edo geroago-. Ezin hobeto irudikatu zuen Aldous Huxleyk, bere Bai mundu berria famatuan, sistemak egun ipar globalerako nahi duen gizarte eredua, Platonek nahi zuenaren oso antzekoa, bestalde: gizakien, gizon zein emakumeen, ardura bakarrak hiru izan behar dira: produzitzea, kontsumitzea eta “zoriontsu” izatea. Gizaki bakartuak, isolatuak, egolatrak, hedonistak eta azalekoak behar dira. Maitasunak gidatutako harreman oro kaltegarria da, alferrekoa, oztopoa gizarte eredu horretan gora egiteko. Beraz, familiak ez dira gehiago behar. Haurrak haztea eta heztea eta herritar guztien oinarrizko “premiak” asetzea Estatuaren kontu. Esklabotza eredu berrian sistemari aurre egiteko eta bestelako harreman ereduak, materialistak ez diren interesak eta motibazioak hedatzeko balio izan dezakeen oro baztertu egin behar da.

Bide horretan, beste gauza askotan legez, arazo bat dauka sistemak, ordea: Estatu liberal burgesak sorreratik izan duen bitasuna. Sistemaren aldeko ikuspegi nagusi bina daude, moralari, ekonomiari eta politikari dagokienez, eta biak dira beharrezkoak. Kontua, orekari eustea da. Ikuspegi moral, ekonomiko eta politiko batzuk “eskuinari” lotuta ikusten dira. Beste batzuk, “ezkerrari” lotuta. Eta sistemak ezin hobeto ikasi du diskurtso bitasuna erabiltzen. Hala, garai batzuetan eskuina lan zikina egiteko erabiliko da, eta ezkerra lan garbia, eta beste garai batzuetan, alderantziz, norberak zikintzat eta garbitzat zer hartzen duen. Kontua, gainera, ez da beti erraz bistaratzen. Izan ere, pertsona –edo alderdi- berak eskuinari lotuta ikusi ohi diren balio moralak izan ditzake eta, aldi berean, ekonomiarako edo politikarako ikuspegi ezkertiarra, eta iruntzitara.

Moralari dagokionez, kristautasunari lotuta ikusi diren balioak eskuindartzat hartu ohi dira, familiari, sexuari, abortuari, eutanasiari… buruzko moral “estuak”. Eta haien kontrakoak, kontzientzia moral “zabalak”, ezkertiartzat jo ohi dira. Ekonomiari dagokionez, interes pertsonala, aberasteko “eskubidea”, merkatu askatasunaren defentsa, jabetza pribatua, berekoikeria… eskuinari lotuta ulertu ohi dira, eta “justizia” soziala eta aberastasunen banaketa, elkartasuna, publikotasuna, eskuzabaltasuna, merkatuaren kontrol estatala… ezkerrari lotuta. Politikari dagokionez, azkenik, eskuina Estatu minimoaren defentsan ikusi ohi da: Estatua bai, baina kapitalak batzeko bidea eman, pilatutako aberastasuna legez babestu eta jabeen “eskubideak” defendatzeko den neurrian eta, gainerakoan, Estatuaren abarotan neure negozioak aurrera ateratzea lortu dudan unetik aurrera, txiroak erreprimitzeko ez bada, nire bidetik desager dadila Estatua. Ezkerra, aldiz, Estatuaren defentsa sutsuari lotuta ikusi ohi da, Mussolinik zioen antzera, dena Estatuaren barruan, dena Estatuarentzat, ezer ez Estatutik kanpo, ezer ez Estatuaren aurka.

Errealitateak, aldiz, konplexuagoak izan ohi dira. Hala, esaterako, gauza askotan moral kristaua moral “unibertsaletik” -halakorik balego- gertu dagoen kontuetan, ez dago oso urrun etika anarkistatik, eta anarkismoak humanismotik duen horretan, bat egiten du kristautasunak, teorikoki behintzat, eta batez ere kristautasun primitiboari dagokionez, historikoki aldarrikatutako hainbat baliotan -elkartasuna, jabetza pribatuaren arbuioa, komunalismoa, maitasuna…-. Era berean, interes handiz entzun nien duela gutxi Argentinako emakume anarkista feminista batzuei kontatu zutenean XX. mende hasierako emakume anarkista feministak, argentinarrak, behintzat, abortuaren etsai eta familiaren defendatzaile sutsuak zirela. Dirudienez, garai hartako emakumeak artean ez zeuden joera neomalthusianoen mende, ez zekiten gauza handirik ezker erradikalaren familienganako gorrotoaz, eta egungoek baino argiago zeukaten patroiaren eta sistemaren aurrean familian zeukatela gotorlekurik sendoena. Argi zeukaten garai hartan, sistemari, hots, kapitalari eta Estatuari, aurre egiteko, emakumeek eta gizonek bat egin behar zutela, eta elkarrenganako maitasunean zeukatela indargunerik sendoena.

Nago, beraz, gauza askotan sistemak eskuineko ahoaz esan ezin dituen gauzak ezkerreko ahoaz hedatzen dituela. Nago, egun sistemak behar duen gizarte atomizatu, isolatu, bakartu, galdu, ahulduaren aurrean, familia eragozpen dela. Egun, Estatuaren besoetara biluzik eta itsu-itsuan botako diren norbanako babesgabeak behar direla, beste kontu askotan ikusten den bezala. Ez da arraroa, besteak beste, egun ezkertiarren eta iraultzaileen artean Nietzschek daukan oihartzuna. Ez arraroa, ez kasualitatea.

Edozelan ere, ez da gai sinplea, ez da baiezko ala ezezko batez ebazten den kontua. Kapitalismoa eta Estatua batera akabatu nahi dugunok, askatasunez erabaki behar dugu familiarik nahi dugun eta, batez ere, zer familia eredu nahi dugun, sistemaren eredu hierarkikoen isla izan barik, iraultzarako hazia bertan ere jarri ahal izateko.

(Castellano)

Gobernu “progreak” inperialismoaren baliabiderik eraginkorrena direnean

Posted in Anarkismoa, Drogak, Ekonomia, Gizartea, Ironia, Jatorrizko herriak - Pueblos originarios, Politika with tags , , , , , , , , , , , , , , , , , , on 2013/12/30 by aselluzarraga

Aspertuta naukate sare sozialetan eta hainbeste giro “ezkartiar”etan Latinoamerikako gobernu progre eta ustez anti-inperialistek jasotzen dituzten txaloek eta laudorioek. Egia esan, inperioak ezin zuen modu bikainagorik pentsatu eskualdean ezinbesteko dituen plan guztiak aurrera eramateko. Ez dago modu hobeagorik bestela gizarte erresistentzia handia piztuko luketen proiektuak isilean eta protestarik gabe -edo dagoen protesta apurra, “gorila”tzat hartuta, isilaraziz eta kolpeka erreprimituz, “progre” askoren txalo artean- gauzatzeko.

Latinoamerika, “ipar globalarentzat”  edo “lehen munduarentzat”, hots, Estatu Batuentzat, Europa eta Japoniarentzat, Errusiarentzat eta, orain, gero eta gehiago, Txinarentzat, oinarrizko baliabideen iturri agortezina izan da europarren eskuetan erori zenetik. Harrezkero, denok dakigunez -edo jakin behar genukeenez-, behar ziren jatorrizko herri eta nekazari guztiak indarrez, bolboraz edo, azken boladan, agrokimikoz kanporatuz, esklabo hartuz -edo “langile” bihurtuz, eufemismoa onartzen badugu, edo akabatuz -haiengandik behar zutenaren edo jartzen zuten erresistentziaren arabera-, Latinoamerika ipar hemisferioan behar ziren baliabideak espolioaren bidez lortzeko lur bihurtu zuten: zilarra, urrea, kautxua, kobrea, petrolioa…; kafea, kakaoa, garia, artoa, patata, azukrea, koka… Lurrik emankorrenetan herririk miserableenak, “aurrerabidearen” mesederako, noski. Hori mendebaldeak mendeetan egindako “oparia”, utzitako “ondarea”.

Espolioak ez du etenik izan, eta ez dauka etenik izateko itxurarik. Testuinguru horretan, askok uste dute Venezuelan, Ekuadorren, Bolivian, are Brasilen, Argentinan eta Uruguain -azken horietan inozoenek baino ez, seguruenik- inperialismoari aurre egin eta azkenean, hainbeste menderen ostean, Latinoamerikari burujabetza emango dioten gobernuak daudela egun. Hala ematen du haien monarken hitz sutsuak -demagogia merkea- entzun eta inperioaren itxurazko haserrea ikusten dugunean. Argi dago: antzerkiak emaitza onak eman ditu beti.

Errealitatea, ordea, beste bat da. Larriena, seguruenik, herri horiek guztiek, batere salbuespenik gabe, sinatu duten ituna, IIRSA delakoa. Baten bat Estatu propagandak tronpatuko balu, hemen ikus lezake, esaterako, jatorrizko herriek zer deritzoten AEB, Europa eta Txinatik bultzatutako “integrazio” plan horri. Venezuelako gobernuak herri indigenekin dauzkan gatazketako asko IIRSAri lotutako planen baitan baino ezin dira ulertu. Hala, Venezuelako eta Kolonbiako presidenteak zirenek, Chavezek eta Uribek, ez zuten iritzi oso desberdina plan horren garrantziari buruz…

Orain, testuinguru horretan, Evo Moralesek iragarritako azpiegitura berriaren albistea irakurri dut. Zelako poza! Progre askok, seguruenik, pentsatuko dute ideia ezin hobea dela Amazonia hankaz gora jarri eta kostalde biak lotuko dituen garraiobidea eraikitzea. Bai, marxismoak, oro har, gauza askotan egin du bat ideologia kapitalistarekin, jatorritik, neurri handi batean kapitalismo perfektua lortzeko ezkerreko irakurketa bat baino ez baita, eta muturreko industrializaziorako grina berbera izan baitu beti -salbuespenak salbuespen-. Geneetan daroa. Jakina, azpiegitura suntsitzaile hori askoz hobea izango da Estatu Batuen ordez Txinak eraikitzen baitu. Azken finean, zein da egungo kapitalismorik indartsuena, Txinakoa baizik?

IIRSA Latinoamerikak ipar globalarentzat ekoitzi behar dituen produktuak azkarrago mugitzeko bidea baino ez da. Izan ere, norentzat ekoizten dute bestela Txile, Argentina, Paraguai, Brasil, Peru… eta abarretako lurjabe aberatsek, indioen hiltzaile pedigridunek? Kubak, bahimenduak bahimendu, ez zion utzi estatu batuarrentzako azukrea eta oro har mendebaldeko erretzaileentzako tabakoa ekoizteari. Boliviak, besteak beste, gero eta kinoa gehiago ekoizten du Europako begano alternatiboek euren kalitate oneko proteina dosia izan dezaten. Argentina lehen munduarentzako transgeniko ekoizle nagusienetako bat da, Cristinaren txaloen artean. Kolonbiak urtez urte bidali ditu mendebaldeko merkatuak behar dituen kafe eta koka dosiak, CIAren babespean… Eta orain, merkatu potentzial izugarriak daukan produktuak, marihuanak, bere ekoizle ofiziala lortu du: Uruguai. Dena, Mujica “jator” eta “anarkista ohia”ri esker. Estatu Batuetako enpresa farmazeutikoak ezin dira zoriontsuagoak izan. Zenbait estatutan marihuana minbizia sendatzeko botikak egiteko legeztatuta zegoen baina… legezko ekoizle eta hornitzailea falta zitzaien. Orain, badaukate, eta egungo negoziorik arrakastatsuenak lasai har dezake arnasa. Sorosek eta Rockefellerrek ez dute patrika alferrik arindu Mujicak behar zuen publizitate kanpaina finantzatzeko, berak aitortu duenez. Monsantok ere lasaiago jarrai dezake marihuana transgenikoari buruzko ikerketak burutzen, non esperimentatu, saldu eta zabaldu baitauka orain.

Itxurazko etsaigoen atzean, munduko gobernu guztiak bat datoz “funtsezko” interes eta ikuspuntuetan. Izan ere, munduko gobernuak tokian tokiko elite militar eta ekonomikoak dira eta, zelan ez dute, bada, elkar ulertuko? Hala, Latinoamerikan beti egongo dira ipar globalak behar dituen gizarte laborategiak, lehengaiak, lurrak emandako luxuzko produktuak, eskulan otzana…, merke-merke, eta orain, estrategia borobiltzeko, ezkerraren txaloen artean. Estatuek ez dute ezer doan oparitzen…

(Castellano)

POZazkUNdea espazio irekia Gernikako Astran

Posted in Ekonomia, Euskal Herria, Garapena, Gizartea, Kultura, Osasuna, Politika with tags , , , , , , , , , on 2013/03/29 by aselluzarraga

pozazkundea 2013

Demokraziaren lapurreta (II). Euskal Herrietako adibide bat: Bizkaia

Posted in Anarkismoa, Euskal Herria, Gizartea, Oroimen historikoa, Politika with tags , , , , , , , on 2013/03/09 by aselluzarraga

(Castellano)

Aurreko artikuluan hartutako ildoari jarraituz, eta han azaldutakoa gertuko adibide batean ikusteko, Euskal Herrietan eredu politiko bakoitzak izan dituen tokia eta bilakaera ikusiko ditugu, zirriborro gisa baino ez bada ere, luze joko bailuke hori guztia sakon eta xehetasunez aztertzea. Lehenbizi, ordea, XIX. mende arteko filosofia politikoari buruzko testu guztiek definitutako sistema politiko nagusiak zertan dautzan gogoratuko dugu. Hala, Platonen Errepublikatik Rousseauren Gizarte-kontratua ospetsuraino, hiru sistema politiko nagusi bereizi ziren, oro har: demokrazia, aristokrazia eta monarkia.

Demokrazia gizarte bat osatzen duten herritar guztiek (edo herritartzat hartzen diren guztiek) berdintasunean osatutako batzarraren bidezko gobernua da, inolako ordezkaritzarik gabea. Historian, hainbat demokrazia mota egon dira, kalitate handiagokoak batzuk, txikiagokoak besteak. Hala, batzarrean parte hartzeko eskubidea mugatua izan daiteke, hala nola garai batzuetako Atenasen, pertsona batzuk (adibide horretan emakumeak, esklaboak eta atzerritarrak) erabakitzeko sistematik kanpo geratzen direnean, edo herria osatzen duten guztientzat zabalik egon daiteke. Halaber, erabakiak botoen bidez eta, beraz, gehiengoen eta gutxiengoen jokoaren bidez, har daitezke, Atenasen bertan egiten zen bezala, edo herritar guztien adostasunaren bidez har daitezke, David Graeber antropologoak ikertu dituen beste hainbat gizartetan gertatu eta gertatzen den bezala. Edozelan ere, demokrazietan ez dago buruzagi formalik (beste kontu bat da aberastasunek eta bestelako irizpide klasistek edo militarrek itxurazko berdintasun hori apurtu ahal izatea eta ezkutuko botereak ere egotea) eta horizontaltasuna da nagusi, gizartearen arazoak eta erronkak eztabaidatu eta haiei buruz erabakitzeko orduan. Era berean, nork bere buruaren izenean baino ez du hitz egiten eta erabakitzen. Batzarraren erabakiak gauzatzeko kargu publikoak egon daitezke, eta kargu publiko horiek batzarrak berak hautatuta, txandaka edo beste zenbait modutan erabaki daiteze.

Aristokrazia gizarte bat osatzen duten herritarretatik bakan batzuek, gutxiengo batek osatutako batzarraren bidezko gobernua da, eta batzar horrek gainontzeko herritarrak eta haien nahia ordezkatzen ditu. Batzarra osatzen duten aristokratak herritar guztiek hautatuak edo zozketaren bidez atereak izan daitezke edo, sistema degeneratzen denean, oinordetzan oinarritu daitezke. Mugak ere egon daitezke hautagai izateko, hala nola gutxieneko ondasunak edukitzea, klase jakin batekoa edo familia batzuetakoa izatea, legezko alderdietako bateko kidea izatea, etab. Behin batzarkideak izendatutakoan, haiek baino ez daukate eskubidea herriari ezarriko zaizkion neurriak eztabaidatu eta erabakitzeko, eta kasu askotan batzar horrek berak hautatuko ditu bere erabakiak betearaziko dituzten kargu publikoak edo bestelako erakundeak.

Monarkia gizarte bat osatzen duten herritar guztien arteko bakar baten gobernua da. Gobernuburua herritarrek hautatua izan daiteke, edo gerra edo oinordetza “eskubidea”n oinarritu daiteke, besteak beste. Beraz, gobernuburu bakarreko sistema guztiak, gobernuburu hura hautatua bada ere, monarkiak dira (gaztelerazko Wikipediak zer dioen ere).

Historian, ordea, ezagutu diren eredu gehienak mistoak izan dira, aurreko artikuluan ikusi genuenez. Egun ere munduan dauden gobernu sistemei erreparatuz gero (sistema formalaz ari naizela gogoratu behar da, beste kontu bat baita itxurazko sistemaren atzean boterea benetan nork daukan), ikusiko dugu gehienak mistoak direla. Hala, esaterako, Espainian maila gorenean erakunde monarkiko bi daude, erregea eta presidentea, eta erakunde aristokratiko bi, kongresua eta senatua (antzera gertatzen da Japonian, Suedian, Norvegian, Belgikan, Danimarkan…). Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan ere maila gorenean -arestian aipatu goragoko mailakoak alde batera utzita- erakunde monarkiko bana daukagu, lehendakari biak, eta erakunde aristokratiko bana, legebiltzar biak, eta eredu bera errepikatzen da beherantz, lurralde gobernuetan (ahaldun nagusia erakunde monarkikoa da eta Batzar Nagusiak aristokratikoa) eta udal gobernuetan (alkatea erakunde monarkikoa da eta udalbatza aristokratikoa). Frantzian, Italian edo Errusian, esaterako, erakunde monarkiko bina leudeke, presidentea eta lehen ministroa, eta beste erakunde aristokratiko bina, oker ez banago, kongresuak eta senatuak. Estatu Batuetan, Kolonbian, Venezuelan, Ekuadorren, Argentinan, Perun, Txilen… ere antzera, erakunde monarkiko bana, tokian tokiko presidentea, eta erakunde aristokratiko bina, kongresuak eta senatuak (guztietan halakorik balego, ez baititut denak ezagutzen). Txinan, Vietnamen, Laosen, Korean, Kuban edo garai bateko Sobiet Batasunean, esaterako, erakunde monarkiko bana dago, presidenteak, eta erakunde aristokratiko bana, tokian tokiko Alderdi Komunistako kideek osatutako batzarra. Aldea erakunde aristokratikoetan parte hartu ahal izateko zenbait alderdiren arteko baten batean edo alderdi bakar batean sartu beharra litzateke, era oso sinplean esanda, alde batera utzita batzuen edo besteen makropolitikak eta mikropolitikak gehiago ala gutxiago gustatzen zaizkigun. Salbuespenak salbuespen, eta berezitasunak berezitasun, antzeko zerbait aurkituko dugu munduko Estatu gehienetako gobernu sistema formaletan. Kasu batzuetan, aristokraziaren parte izateko alderdiren batean sartu eta botoak jaso beharko dira, beste batzuetan armadako goi kargua izan beharko da, edo klan, kasta, leinu edo erlijio bateko goi mailako kidea, edo ezaugarri horietako batzuk nahastuko dira. Monarka izateko, ordea, gobernuburu karguari errege, printze, jeneralisimo, führer, duce, komandante, enperadore, aita santu, dalai lama, presidente, lehendakari, ahaldun, alkate edo, historian atzerago eginda, duke, jaun, kalifa, faraoi… esan, aurrekoaren antzera, kargua boto eskubidea duten herritarrek hautatuta, zein talde itxi batek hautatuta, zein familia jakin batekoa izanda eskuratuko da.

Non daude, ordea, erakunde demokratikoak toki horietan guztietan? Kasurik onenean, oraindik bizirik dauden herri- eta auzo-batzarretan, gehienetan haien eskumenak hutsaren hurrengo izan arren. Beraz, ikusten denez, gaur egungo sistemen grina nagusia demokraziaren aztarna oro desagerraraztea izan da, XIX. mendeaz geroztik.

Interesgarria eta esanguratsua da, ordea, gure gertuko errealitateari erreparatu eta Euskal Herrietan erakunde demokratikoek, monarkikoek eta aristokratikoek zer toki eta zer bilakaera izan duten aztertzea. Horri heltzeko, bestalde, hizkuntzari lotutako kontu bat argitzea komeni da. Hizkuntzen bilakaeran, ohikoena bitxiak edo ezohikoak diren elementuei ohikoenei baino lehenago izena jartzea da. Euskaran argi ikusten da hori. Hala, airea, egunero arnasten badugu ere, ikusezina da, uneoro inguratzen gaitu eta, hala, zailagoa da halako elementua badela ere jabetzea. Hortaz, ez da arraroa euskarak airearentzat hitzik sortu ez izana eta, beraz, latinetik hartu behar izan bide zuen. Aireari era nabarmenean mugitzen denean igartzen diogu, eta hala “haize” hitza badaukagu, edo hura zikintzen duena ere erraz ikusten dugu, eta hala “ke” hitza ere badaukagu. Dirudienez, antzeko zerbait gertatu zen gure hizkuntzan bakearekin eta gudarekin. Lehenengoa berezko egoera zen, egunerokoa, normaltasuna, ikusten ez zena eta, beraz, izenik behar ez zuena. Horregatik, erromatarrek iritsi behar izan zuten euskaldunek hitz hori beregana zezaten. Guda, ordea, ezohikoa ei zen, eta sortzen zen une arraro horietarako bai, hitza sortu zuten euskaldunek. Horrek, bestalde, errotik gezurtatzen du Hobbesen teoria, botere absolutuaren beharra zuritzeko asmatu zuena, zeinen erabera, gizakien berezko egoera, natura egoera, baten guztien aurkako gerra bailitzateke. Argi dago gerra beti izan dela salbuespena, are gehiago Estatuak eta gizarte egitura finkoak sortu baino lehen. Laster ikusiko dugunez, hausnarketa hau ez da debaldekoa.

Izan ere, antzinako historiaz jakin dezakegun apurraren arabera, euskaldunek, bakean egon ziren bitartean, ez zuten egitura hierarkikorik sortu eta, zantzu guztien arabera, haien komunitate txikien antolakuntza horizontala zen, demokratikoa, komunitate bakoitza osatzen zuten guztien arteko berdintasuneko batzarrak izanik haien erakunderik zahar eta berezkoena. Kanpoko mehatxu militarra sentitzen zutenean, ordea, euren defentsarako, gudarako prestatu, eta halakoetan, eta mehatxuak ziraueino, buruzagia, aldi baterako erakunde monarkikoa, hautatzen zuten. Latinez primus inter pares deritzon pertsona zen, hots, lehena berdinen artean. Haren agintea gerrarekin batera desagertzen zen. Halako ohiturak herri askotan egon dira hedatuta luzaroan. Beraz, jatorrizko antolakuntza, ohiko egoeran, demokratikoa zen eta ez zegoen erakunde aristokratikorik edo monarkikorik, azkena aldian aldiko salbuespena izanik.

Kanpoko mehatxuak ugaldu eta guda egoerak luzatu ahala, erakunde monarkikoa egonkortzen hasi zen, Baskoniako Dukerria lehenago, eta Iruñeko Erresuma gero eratu arte. Hala ere, inguruko kultura estatistak imitatuz lehenago duke eta gero errege izendatutako buruzagia, hasiera batean, herritarrek hautatua izan zen, premiak bultzatuta, eta, denboraren poderioz, oinordetzan oinarritu zen, hautatzeak ezegonkortasuna zekarrelakoan, behar bada, edo apatia hutsez, agian. Herriak bere burujabetasuna galtzeko lehen urratsa izan zen, ordea. Hala ere, herrietan, eguneroko bizimoduan, batzar irekiak edo kontzejuak izan ziren erakunde politiko nagusiak, hots, erakunde demokratikoak -ez dakit erabakiak inoiz herritar guztien adostasunean oinarritu ziren ala botoaren bidez hartu ote ziren beti, baina bigarren eredua da iritsi zaiguna-.

Bestalde, herriak euren artean koordinatzeko, Euskal Herrietako lurralde guztietan Batzar Nagusiak osatzen hasi ziren. Bizkaian hiru ere egon ziren, Bizkaikoak, Enkarterrietakoak eta Durangaldekoak. Dena dela, hasiera batean, Batzar Nagusiak ere erakunde demokratikoa izateko osatu ziren. Bertan, Bizkaiaren kasuan (bestela zen beste lurraldeetan), herri bakoitzak jesarleku bat zeukan, boto bat, baina hara zihoan ordezkariak ez zeukan eskubiderik bere kabuz erabakitzeko. Aitzitik, Batzar Nagusietan erabaki beharreko gaiak tokian tokiko batzarretan eztabaidatzen ziren lehenago, eta herri-batzar horiek agindutako botoa edo iritzia eraman behar zituzten ordezkariek. Batez ere, beraz, bozeramaileak zirela izan daiteke, koordinazio erakunde batean. Hala ere, ez ziren falta izan egoera hori aldatu eta batzuek Batzar Nagusien kontrola eskuratzeko ahaleginak, hala nola Batzar Nagusietara bidalitako ordezkariek derrigorrez gazteleraz hitz egiten jakin behar zutela xedatu zenean, herririk txikienak eta erdaldunik ez zutenak erabaki guztietatik kanpo uzteko.

Era berean, Bizkaian ere erakunde monarkikoa ezarri zen denboraren poderioz, Bizkaiko Jauna, lurraldea jaurerri bihurtuz. Haren botera, ordea, mugatua zen, betearazlea, eta ez legegilea, legeak Batzar Nagusiek egiten baitzituzten, eta Jaunak foruak, hots, herriak bere buruari emandako legeak, beteko zituela zin egin behar zuen Jaun onar zezaten.

Inbasio saioak eta erasoak ohiko bihurtu ziren heinean, gerrari gustua hartu zioten leinuak edo familiak hasi ziren sendotzen, ahaide nagusiak edo aitonen semeak esango zietenak, eta lurren eta herrien kontrola izateko elkarren aurkako gerrak ere etorriko ziren, bandoen gerrak. Hala, demokraziaren eta jabetza komunalaren etsai nagusiak hasi ziren boterea pilatzen, kasta militarra, Europako beste toki askotan legez. Horrek, eguneroko bizimoduan ez ezik, erakundeetan ere izan zuen eragin handia. Izan ere, herri eta hiri askotan, herri-batzar edo kontzeju irekien ondoan, pixkanaka kontzeju itxiak ere agertu ziren, hala nola Bilbon. Kontzeju itxietan ezin zuen edonork parte hartu. Aitzitik, ahaide nagusiek kontzejuak euren artean banatzea lortuko zuten laster. Armak argudio nagusia izanda, legeak pixkanaka aldatzea lortu zuten eta, horrela, egun dauzkagun udalen hazia erein zuten. Herrietan alkateak eta zinegotziek osatutako udalbatza itxiak eratu eta legez bando bien arteko borroka instituzionalizatu zen, botere oreka ezegonkor batean. Neurri berean, herri-batzarrak edo kontzeju irekiak bazterrekoak bihurtu ziren, gai oso jakin batzuetarako baino ez zituzten deitzen, haiek deitzeko eskumena udal berrien esku geratu baitzen. Gobernu aristokratikoaren garaia hasia zen Bizkaiko eta Euskal Herrietako herri askotan. Herri xumeak, ordea, ahaide nagusien gaineko erakunde militar nagusian bilatu zuen aterpea, hots, Jaunari (ordurako Gaztelako Errege ere zenari) eskatu zion ahaide nagusien boterea eta haien gehiegikeriak muga zitzala.

Ikusten dugunez, gobernu demokratikoen funtsa herri baketsua zen bitartean, gobernu monarkikoen eta aristokraten funtsa armak eta guda izan ziren beti gure lurretan. Herri zibilaren senak demokraziarantz jotzen zuen; sen militarrak, monarkiarantz edo aristokraziarantz. Herri xumearen oinarriak berdintasuna, horizontaltasuna eta jabetza komunala izan ziren, eliteenak hierarkia, boterea eta jabetza pribatua. Ez da arraroa, beraz, hirietan burgesia diruduna eta diruzalea garatu ahala, burgesia jaioberri horrek eta aitonen semeen familiek bat egitea eta elkarrekin antolatzea. Burges dirudunek ahaide nagusien ohiturak, itzala eta abizenak bilatu zituzten neurri berean, aitonen seme askok negozioetan sartu, burgestu eta kapitala egitea bilatu zuten. Garai berrietara egokitzen jakin zuten burgesek eta aitonen semeek lortuko zuten aurrera egin eta herriak kontrolatzea, benetako aristokrazia osatzea.

Kostata bada ere, ordea, erakunde demokratiko batzuek, batzar ireki batzuek, XIX. mendea arte irautea lortu zuten, eskumenak gero eta inausiago, erakunde monarkiko eta aristokratikoekin tentsioan beti. Lehenak ziren erakunde bigarrenen azken oztopoa, desagerrarazi beharrekoa. Eta erabateko arrakasta lortu zuten XIX. mendeko politika liberal burgesari eta konstituzionalismo berriari esker. Frantzian monarka batzuen burua moztu eta beste monarka batzuk jarri ziren buru, presidente izenez bada ere, eta aristokrata batzuen burua moztu eta beste aristokrata batzuek bete zituzten parlamentuak eta bestelako erakundeak -antzera gertatuko zen mende bat pasatxo geroago Errusian-. Nobleak lehenak, burgesak edo burges bilakatutako nobleak bigarrenak. Espainian ez zuten buruak moztu beharrik ere izan, botere gerrak egon arren, eta burua, monarkia, bikoiztea izan zen irtenbide “zibilizatua” (Frankismoaren “ondoren” bezala, Espainian sistema zaharreko aristokratak aristokrazia berrietan integratzen maisu direla erakutsi dute maiz). Estatu bietako prozesuek, bestalde, Euskal Herrien patua ere idatzi zuten. Behean, gero eta beherago, herria, bere burujabetzaren, demokraziaren azken aztarnak betiko lurperatuta. Egun, demokraziaren izenez benetako demokrazia bakarra zapaldu duten monarkia (erregea, presidenteak, lehen ministroa, lehendakariak, ahaldun nagusiak, alkateak…) eta aristokrazia (parlamentariak, senatariak, legebiltzarkideak, batzarkideak, zinegotziak…) baino ez dira geratu gure artean. Espainiako erregetza alde batera utzita, monarkia eta aristokrazia horietara iristeko bide bakarra: alderdi politikoak.

Etorkizunerako zer gura dugu, Euskal Herri monarkiko eta aristokratikoa, ala Euskal Herri demokratikoak? Estatu erakunde bertikalak eta parte-hartze politiko erabat murriztua, ala herriz herriko erakunde demokratiko eta horizontal burujabe eta federatuak?

Demokraziaren lapurreta (I)

Posted in Anarkismoa, Gizartea, Oroimen historikoa, Politika with tags , , , , , , , , , , , , on 2013/01/28 by aselluzarraga

(Castellano)

Azken hiletan hainbat buelta eman diot ideia bati, hari ekiteko unearen zain, eta gaurkoari une egokia iritzi diot ideia kimu horri irteera emateko, Txileko Santiagon egiten ari den goi-bilera horietako baten karietara Txileko telebistan entzun ditudanak entzun eta gero. Dirudienez, eztabaida bizia piztu da ez dakit zein nazioarteko erakunderen buru Raul Castro izendatuko omen dutelako. Hori dela-eta, Txileko alderdi ultraeskuindarretako politikariak, herritar aberatsak eta talde neonazi batzuetako kaskamotzak agertu dira banan-banan hango telebista nazionaleko albistegian, aho batez, Raul Castro diktadorea dela eta Kubakoa diktadura dela aldarrikatzeko -xelebrea izan da, gainera, Txile bezalako herri batean, maputxeen, anarkisten eta disidente ororen aurkako errepresiorik bortitzena zuritzen eta are auspotzen duten berberek, giza eskubideen urraketaz berbetan entzutea-. Halaber, bat zetozen gehienak -neonaziak izan ezik- herri bat demokratikoa izateko alderdiak behar zituela aldarrikatzerakoan. Ez dut nik esango Kuba diktadura den ala ez, demokrazia ez dela argi dago, laster azalduko dudanez, baina, demokraziaren benetako esanahiari lotuz gero, beharbada konturatuko gara Kubak demokratikotzat hartu ohi diren herri guztiek baino esparru demokratikoagoak badauzkala, oraindik ere auzo- eta herri-batzarrek nolabaiteko zeresan politikoa daukatelako Kuban, beste herrietan holakoen aztarna guztiak aspaldi desagerrarazi zituzten bitartean, egungo sistema nagusitu zedin, hain zuzen ere. Izan ere, kontua ez da Kuba, Txile, Estatu Batuak, Txina, Espainia, Argentina, Venezuela, Frantzia, Iran, Egipto, Israel… diktadurak direnetz. Kontua da ea haietako bakar bat ere demokratikoa den. Eta horixe ahaleginduko naiz hemen argitzen, argi ikusiko dugulako haietako gehienetan, hots, euren burua demokratikotzat jotzen duten guztietan, daukaguna lapurreta historikorik handienetako bat dela. Izenen gerra haiek hasi eta, orain arte, haiek irabazi baitute.

Hori ulertzeko, oso interesgarria da historian -benetakoan, ez eskola eta unibertsitateetako doktrinamendurako idatzi den horretan- eta filosofian barneratzea, eta politika sistemek lehen teoria politikoak idazten hasi zirenetik izan dituzten izen eta definizioetara jotzea. Beldur naiz artikulu luzeegia aterako ez ote zaidan, eta horregatik buruan daukadan alboko hainbat gai baztertu eta punturik garrantzitsuenetara mugatzen ahaleginduko naiz. Irakurleak barka biezat harira ekarriko ditudan egileen aipu zehatzak ez ematea, uste dut norberaren lana dela irakurtzen duen edozeren atzean dagoen balizko egia bere kabuz ikertzea. Zoritxarrez, filosofia lehen eskutik irakurtzea oso gutxietsi da gure egungo kulturan -beren beregi gutxietsi ere-, eta eskoletan irakasten duten ebaketara mugatu ohi da gure ezagutza. Horren aurrean, filosofiaren testu historikoak osorik irakurtzera adoratu nahi nuke irakurlea, gure egungo gizartea eta egun nagusitu diren ideiak, kontzeptuak eta “egiak” nondik datozen eta zelan itxuraldatu edo itxuragabetu diren hobeto ulertzeko ezinbestekoa delakoan. Artikulu honek nire behin-behineko iritzia baino ez du islatuko, eta honetara mugatzea baino gomendagarriagoa da nork bere iritzi osoa egiteko tresna guztiak eskura izatea, nork bere erara ulertzen baitu irakurtzen duena.

Oharpen hori eginda, historikoki filosofia politikoaz idatzi duten pentsalari nagusiek egindako sistemen banaketari helduko diot. Hala, Platonengandik hasita, haren Errepublikan, eta Aristotelesekin jarraituta, haren Politikan, hiru sistema nagusi aurkituko ditugu: demokrazia, aristokrazia eta monarkia. Halaber, hiru sistema horien desbideratzeak edo degradazioak ere aipatu zituzten filosofo klasikoek eta haien ondorengo gehienek: demagogia batzuetan, anarkia besteetan, demokraziari dagokionez, oligarkia, aristokraziari dagokionez, eta, azkenik, tirania, monarkiari dagokionez. Platon eta Aristoteles, eta haien ondoren etorri ziren teorialari gehienak, hala nola Machiaveli, Hobbes, Locke edo Rousseau bera, zein bere zioengatik eta ñabardurak ñabardura, ez ziren ez demokraziaren oso aldekoak. Izan ere, Platonek eta Aristotelesek herria gutxietsi zuten beti. Ez da arraroa, kontuan hartzen badugu, esaterako, eta Platonentzat batez ere, lan egitea -eta batez ere soldatapekoa izatea- morroien kontua zela, ez gizaki askeena, guztiz zilegitzat jotzen zutela esklaboak izatea, eta euren ikuspegi etiko eta filosofikoei jarraituz, herri xumea, langileak eta nekazariak, ezjakintzat eta are astakirtentzat zeuzkatela. Hala, Platonek diseinatu zuen diktadura idealean, hots, haren errepublikan, filosofoak zeuden deituta gobernatzera, derrigorrezko komunismo oso berezian bizi behar zuten zaindari edo gerlariak berme hartuta, eta iruzurra eta manipulazioa ezinbesteko armak ziren herria gobernatzeko eta bere zoriarekin etsi zezan. Aristoteles malguagoa zen, eta aristokraziaren alde egin eta demokrazia oso begiko ez bazeukan ere, haren Politika batez ere Estatuari, zein ere zen haren sistema politikoa, iraunarazteko metodoa zen -emakumeen eginkizunari dagokionez, ordea, Platonek erakutsi zuen berdintasunaren aldeko jarreraren aurrean, erabateko misoginiak gidatu zuen Aristotelesen politika-. Antzeko zerbait egin zuen zenbait mende geroago Hobbes bere Leviatan famatuan: bera monarkia absolutuaren alde argi eta garbi egin eta haren teoria guztia hura zuritzeko sortua izan arren, helburu nagusia Estatua bera zen, eta hala, guztiz arbuiatu zuen Estatuaren aurka egitea gobernu mota, monarkia, aristokrazia zein demokrazia izan -azken biak asanblada subiranoen multzoan sartuta-.

Baina, zertan zeutzan hiru sistema nagusi horiek? Historiako teorialari guztien testuetan, haiek definitzerakoan guztiak bat datozela ikusiko dugu… XVIII. mendean burgesia liberal edo ilustratuak Frantses Iraultza herriari ostu eta bere doktrina, egun ere nagusi dena, ezarri eta izenen prostituzio sistematikoa gauzatu arte.

Hala, Platon, Aristoteles, Machiaveli, Hobbes, Locke eta Rousseaurentzat, arestian aipatutakoen teoriei jarraitzearren, demokrazia herritar guztien batzar edo asanblada burujabearen bidezko gobernua da. Gobernu hori demokratikoa izateko, herritartasuna duten guzti-guztiei zabalik egon behar du, eta batzar horretan denek hartu behar dute parte, berdintasunez. Beste kontu bat da nori aitortzen zaizkion herritartasuna eta, beraz, politika demokratikoan parte hartzeko eskubidea. Aristokrazia, ordea, asanblada-sistema izan arren, bakan batzuen parte hartze zuzenera mugatzen da. Hots, herritartasuna dutenetako batzuen, gutxiengo baten parte hartze politikoan oinarritutako gobernu sistema da. Gobernuan parte hartzen duten horiek, aristokratak, alegia, herriak berak hautatutakoak izan daitezke edo, sistema horren degradazioaren ondorioz, garai batean hautatutakoen oinordetza-eskubidean oinarritu daiteke, besteak beste. Parte hartze eskubidea mugatzeko beste bide batzuk ere egon ziren, hala nola gutxieneko aberastasunen jabe izatea. Beraz, jatorrian eta berez, aristokrazia ez dago noblezia tituluei lotuta eta “onenen” gobernua da. Jatorrian, herriak berak erabaki behar zuen “onenak” nor ziren, hautagaien trebetasunen edo dohainen arabera. Monarkia, azkenik, pertsona bakar baten gobernua da. Asanbladak egotea onar dezake, aholkuak emateko, esaterako, baina azken erabakia hartzeko eskumena monarkarena edo berak eskuordetuena da.

Era berean, Platonen eta Aristotelesen lehen lan teoriko haietan bertan argi ikusi zen hiru sistemetan ardatz nagusia goikoen eta behekoen, hots, aberatsen eta txiroen arteko tentsioa dela. Hala, printzipioz, demokrazia txiroei lotuagoa legoke, eta aristokrazia eta monarkia aberatsei. Filosofo klasikoek argi ikusi zuten ezegonkortasun politikoaren zio nagusia aberatsen eta txiroen interesen arteko talka zela. Horri dagokionez, bereziki interesgarria da Aristotelesen lana, sistema bakoitza desegiteko arrazoiak aztertu zituelako. Hala, haren helburua beste bat bazen ere, ondorio bat atera dezakegu: demokrazia demagogiaren (gaurko populismoaren) esku geratu eta tiraniarako jauzia emateko arrazoi nagusia jabetza pribatuak, hots, desberdintasun ekonomikoak, irautea da. Horrek, halaber, beste ondorio batera garoatza zuzenean: demokraziak komunismo ekonomikoa ezarrita baino ezin iraun dezake eta, beraz, ezarri orduko jabetza pribatua abolitzeko urratsa ere eman behar da. Anarkismoak, komunismo libertarioak batez ere, argi ikusi zuen hori.

Aipatutako egileen artean, Aristoteles eta Rousseau bat letozke, gutxi gorabehera, demokraziari dagokionez, teorikoki, behintzat: sistemarik ederrena izan liteke, baina ezinezkoa. Rousseauren hitzetan, demokrazia jainkoen artean baino ez da posible. Hala, demokrazia ezinezkotzat jo eta aristokraziaren alde egingo zuten biek, lerro artean.

Kasualitatez, Rousseauk eta haren Gizarte-kontratua ospetsuak finkatu zieten iparra burges liberal edo ilustratuei. Frantziako burgesiak eta nobleziaren zati handi batek herriaren indarra erabili eta, geroko Errusiar Iraultzan alderdi boltxebikeak legez, herriaren bultzadak non amaitu behar zuen erabaki zutenean -harago joan eta demokrazia ezarri nahi zuten sans-culotteei anarkista deituta, besteak beste-, Frantses Iraultza burututzat emanda, euren neurrirako sistema politiko, sozial eta ekonomikoa diseinatu behar izan zuten. Horixe zen, izan ere, iraultza bultzatzeko hasieratik izandako asmo bakarra: zaharkituta gelditua zen sistema politikoa deuseztatu eta sistema modernoagoa, zetorren kapitalismoari hobeto egokitzen zitzaiona, ezarri, euren negozioak errazago loratu eta industralizazioa herriak oztopatu barik burutu ahal izateko.

Izan ere, ordura arteko sistema guztiak ia, teorialari gehienek aitortu zuten bezala, mistoak ziren. Osagai demokratikoak, aristokratikoak eta monarkikoak nahasten ziren gehienetan, herri bakoitzaren historiaren arabera, demokraziarantz, aristokraziarantz edo monarkiarantz gehiago edo gutxiago lerratuta. Hala, Europa feudal gehienean, garai historiko askotan erakunde demokratikoak egon ziren herri eta hiri askotako batzar edo kontzeju irekietan, erakunde aristokratikoak herri eta hiri askotan, batzuetan berberetan ere, zeuden batzar edo kontzeju itxietan eta zenbait gorte eta parlamentutan, eta erakunde monarkikoak herrian herriko erregeen, dukeen, printzeen edo jaunen eskutik.

Zalantza barik, sistema misto horiek oztopo handia ziren burges eta noble ilustratuentzat. Alde batetik, monarkiak sabaia jartzen zien goitik haien nahiei, eta haren esku geratzen ziren zerga-bilketa, legegintza eta armada nagusien kontrola, besteak beste. Bestetik, batzar eta kontzeju irekiek ere muga jartzen zieten behetik, batez ere, batzar irekien burujabetasunari lotuta lur askoren jabetza komunala zegoelako, eta industralizazioa aurrera eroateko beharko zuen eskulan gehiegi zegoelako landari atxikita, eta lurraren jabetza esku gutxitan pilatu ezean ez zuen landatik hirirako urratsa emango. Biak batera akabatu behar ziren eta, horretarako, haien sistema politiko formal ideala Rousseauk berak iradokitakoa zen: errepublika aristokratikoa. Pentsatu eta egin, kasu askotan monarkia aztarnekin batera bizitzeko arazorik izan ez arren, oztopo nagusia ez baitzegoen goian, behean baizik. Izenak, ordea, bazeukan bere mamia. Izan ere, azken mendeetan aristokrazia hitza nobleziari gero eta lotuagoa ikusi zen, eta iraultzak nobleziaren pribilegioak, hots, ordurako hiztegian aristokrazia bera akabatu zuela suposatzen zen. Sistema zaharra deuseztatzeko bere odola jarri zuen herriak, beraz, nekez irentsiko zuen aristokrazia izena zeroan sistema politikoa, eta horrek, gainera, agerian utziko zuen boterea bakan batzuen artean banatuko zela eta demokraziaren azken aztarnak betiko desagerrarazi nahi zirela. Herriak armak eskuetan hartzeko izan zituen helburuetatik oso urrun geratzen zen aristokrazia formalerako asmoa, eta herritarren oroimen historikoan boterea borrokatu eta armaz garaitzeko esperientzia gertuegi zegoen. Ilustratuek, “askatasuna, berdintasuna, elkartasuna” hitz eder horien pean mozorrotuta, herriari demokrazia emango ziotela sinetsarazi behar zieten herritar xumeei, eta konfiantza hori bereganatuta haiek denak armaz gabetzeko denbora behar zuten. Nazio-Estatu sortu berrien etsai nagusia etxe barruan zegoen, eta ondo baino hobeto zekiten aristokrata berriek.

Erraz konpondu zuten, beraz: ordura arteko teoria guztiek aristokrazia esan ziotenari izena aldatu, demokrazia bataiatu eta, denborarekin, badaezpada ere, izen horri “ordezkatzailea” edo “parlamentarioa” izenondoa erantsi, baten batek benetako demokrazia aldarrikatuko balu…, eta kito.

Bestetik, oso tentelak ez ziren, eta orduko pentsalari liberalek, euren arteko talde interes kontrajarriak ez ezik, argi izan zuten gauza batzuetarako txiroak alde beharko zituztela, eta beste gauza batzuetarako aberatsak. Hots, gizartearen oinarrian betiko iraungo zuen benetako talka txiroen eta aberatsen interesen artekoa izango zela, jabetza pribatua ez baitzuten sekula zalantzan jarriko, ilustrazio burgesaren interes nagusia kapitalismoa garatzea izanda. Hala, eta hau ere nahiko barregarria da, burgesek gidatu eta manipulatutako iraultza hartan bertan alderdien jokoa hasi zen. Garai hartan girondinoak eta jakobinoak, batez ere, eta gerora sortzen joango ziren alderdi guztiak eta bloke nagusi biak: ezkerra eta eskuina (zein ere diren batek eta besteak hartzen dituzten izenak). Bata txiroen aldeko nolabaiteko diskurtsoan oinarrituta, bestea aberasteko askatasunaren aldekoan. Hau dena oso eskematikoki esanda. Eta barregarria dela diot, edo ironikoa, sistema horren alde egin zuten eta egiten duten gehienek Rousseau erabili dutelako sistema defendatzeko oinarri. Eta, zer idatzi zuen Rousseauk alderdiei buruz? Kalterako baino ez direla, hain zuzen ere. Hots, alderdiak sortzea eta politika alderdien arabera egitea askatasunen aurkako eraso bortitza dela. Halaber, ordezkatuak erabaki dezakeen tokian ordezkariaren beharrik ez dagoela ere idatzi zuen bere liburu famatuan, noizean behin demokraziari keinuak eginez. Bestalde, gizarte-kontratuari gizarte-kontratu edo gizarte-itun deitu ahal izateko -egungo sistemaren defendatzaile sutsu askori gizarte-kontratu baten barruan bizi garela esatea gustatzen zaielako-, herritarrek gizarte-kontratua edonoiz berrikusi, aldatu edo hausteko bidea izan behar dutela ere esan zuen, edo, bestela, gizarte-kontratu hori “sinatzearen” -sinbolikoki bada ere- aurka dauden herritarrek handik ateratzeko aukera izan behar dutela. Alegia, ezin dela jakintzat eman herritar batek, garai jakin batean eta gizarte-kontratu jakin baten pean jaio delako, berez, kontratu hori sinatu duela edo harekin ados dagoela, eta, beraz, herritar guztiek eduki behar dituztela adostasuna edo desadostasuna edonoiz agertzeko modua eta kontratutik askatzeko bidea.

Beraz, XIX. menderako, ideologo nagusiek XVIII. mende arteko teoria politiko guztiak lurperatu eta alderdi-aristokrazia zenari demokrazia, demokrazia parlamentarioa edo demokrazia ordezkatzailea esaten hasi ziren, leloa egun arte errepikatuta, sehaskatik hilobiraino. Hala, ez da harritzekoa, demokraziaren lapurreta hori gauzatu ondoren, Proudhon frantsesak, Zer da jabetza liburu gogoangarrian, “zu zer zara?” galdetuta “ni anarkista naiz” erantzutea eta, harrezkero, anarkista guztiek demokrazia deitoratzea. Izena ez zuen halabeharrez hautatuko, ez. Seguruenik, Proudhonek ondo zekien bere garaiko aristokrata berriek bezala, hots, euren burua “demokratiko”tzat zutenek bezala demokraziari gorroto izan zioten askok anarkia ere esan ziotela herriaren boterean eta berdintasun politikoan oinarritutako sistemari, eta anarkistatzat jo demokrazia aldarrikatzen zuten beste garaietako txiroak eta langileak. Beraz, geroztik, demokraziaren izenean eta omenez deitoratu dute anarkistek “demokrazia”, hots, alderdi-aristokrazia edo partitokrazia. Era berean, demokraziaren etsai gehienek “demokrazia” goresten dute hura ukatzeko. Anarkistek, gainera, argi ikusi zuten anarkia, edo bestela esanda, demokrazia, bideragarria izateko, jabetza komunala berreskuratu behar dela. Hots, herritar guztien berdintasunezko partaidetza politikoa eta berdintasun ekonomikoa banaezinak direla, baten gabeziak bestea ezinezko bihurtzen duelako. Eta horretarako, besteak beste, klase sozial guztiek ere desagertu behar dutela. Izan ere, klase sozialak, aberatsen eta txiroen arteko amildegia, jabeen eta langileen arteko hesia desagertzearen kontrakoak zirelako ziren Platon, Aristoteles, Machiaveli, Hobbes, Rousseau eta Ilustrazio guztia demokraziaren etsaiak, sutsuagoak batzuk, epelagoak besteak, baina etsai, azken finean.

Hala, gaur egun aldarrikatzen diren demokrazia horien sistema politiko formala aztertzen badugu, aristokraziaren eta, kasu gehienetan, haren desbideratze edo degenerazioaren, hots, oligarkiaren, ezaugarri guztiak dauzkala ikusiko dugu argi. Hasteko, demokraziatik ez da deus geratu, ez baitago herritar guztiek berdintasun eta askatasunez eztabaida eta erabaki politikoetan zuzenean eta ordezkaritza barik parte hartzeko erakunde bakar bat ere, konstituzio liberalek (guri dagokigunez Cadizeko 1812koak) azken kontzeju irekiak eta azken lur komunalak desagerrarazteko tresna guztiak erabili eta helburua erabat lortu zutenez geroztik. Bestetik, edozein mailatan, udalak, batzar nagusiak zein legebiltzarrak izan, parte hartzeko bide bakarra alderdien bidez egitea da, salbuespenak salbuespen -kasu batzuetan, hala nola udaletan, hautesle zerrendak edo independenteak ere onartzen dira-, hots, iragazki bat igaro behar da, lehen zantzu aristokratikoa, eta, Rousseauk ondo adierazi legez, banakako askatasunen lehen murrizketa, ideia eta iritzi aniztasuna multzo batbera baten barruan urtzen duelako, alderdi-diziplina ezarrita, kasu askotan. Gainera, alderdi baten barruan egonda ere, erakundeetan parte hartu ahal izateko bide bakarra bozketa batean eserlekua irabaztea da, hots, herritarrek, euren burua zuzenean ordezkatzeko biderik batere izan barik, beste aukerarik ezean, zu onenen artekoa zarela iriztea. Hala, asanblada aristokratiko klasikoak ateratzen dira hauteskundeetatik, asanblada horiek udalbatzak, batzar nagusiak, legebiltzarrak, parlamentuak edo senatuak izan. Hori gutxi ez, eta alderdiek, aurkeztu ahal izateko, berariaz egindako lege batzuk bete behar dituzte, gutxieneko sinadurak lortu eta, kasu gehienetan, gutxieneko ondare ekonomikoa pilatu eta frogatu. Beraz, alderdi-aristokraziak zenbait galbahe dauzka botere formalaren erakundeetara iritsi ahal izateko. Zer esanik ez Estatu Batuak bezalako herri baten presidentziara iristeko, non, jakina denez, hauteskundeak pilatutako diruaren arabera irabazi ohi baitira. Alderdiak, gainera, familia eta klan batzuen eskuetan egon ohi dira, batzuetan goi-karguak hautatzeko bide aristokratikoak izan arren, eta, hala, teoria politiko klasiko gehienen argitara, zuzentasun osoz esan genezake, formalki, gure inguruko sistema politiko guztiak edo ia guztiak alderdi-oligarkiak direla.

Formalki azpimarratu nahi izan dut, alderdi-aristokrazia, alderdi-oligarkia edo, kontzeptu osoa biltzeko hitzik aproposena, partitokrazia sistema politiko formala baino ez delako. Horri erantsi behar zaio, herritarrek aristokrata batzuk edo besteak hautatu arren, benetako botere faktikoa inoiz hautatzen ez diren elite militarren eta ekonomikoen -kasu gehienetan biak batera, elite militar-ekonomikoak- esku egon dela beti. Beraz, edonondik begiratuta ere, esan dezakegu Europan demokraziaren azken aztarnak XIX. mendean desagertu zirela eta, kasualitatez, garai berean egin zela hemen azaldutako izen prostituzioa edo lapurreta, aristokraziak, izenez, baina inoiz ez izanez, demokrazia bihurtzeko. Hurrengo artikulu batean, kasu jakin batean aztertuko ditut demokraziatik aristokraziarako urratsak: Euskal Herrietako eta, zehazkiago, Bizkaiko erakundeetako demokraziaren lapurreta.