Estatua -en artxiboa

Sistemaren aldeko ekologia eta giza eta gizarte aztarnak

Posted in Anarkismoa, Ekonomia, Garapena, Gizartea, Lana, Politika with tags , , , , , , , , , , on 2012/05/06 by aselluzarraga

(Castellano)

Zalantzarik gabe, azken hamarkadetan ekologismoak eragin handia izan du bizi garen mundu sistemaren bilakaeran. Sistemak berak bere egin du diskurtso ekologista, aspaldi -guk gehienok baino askoz lehenago-, eta kapitalismo berdearen eta Estatu politika ekologisten baitan txertatu du. Hola, Europan, esaterako, denok ikasi dugu papera eta kartoia ontzi urdinera botatzen, beira berdera, ontziak horira, eta Euskal Herrietan, hondatzen zaizkigun elektrotresnak Garbiguneetara eroaten. Gure etxeak kontsumo txikiko bonbillaz bete dira eta gutako askok geure poltsak eta motxilak eroaten ditugu erosketetara, plastiko eta, hola, petrolio gutxiago kontsumitzeko. Eta azken urteotan, gertuko produktuek ur aztarna txikiagoa uzten dutela ikasi, eta nekazaritza ekologikoaren negozioak elikatzen hasi gara, osatzen dugun elite ekonomikoarentzat eskuragarri dauden kalitate hobeko produktuak hautatzeko aukera eman zaigula. Greenpeace-k konbentzitu gaitu baleak salbatu behar direla, eta barru-barruan ulertu dugu lurrak mugak dauzkala eta gure kontsumo erritmo zoroan gorriak ikusiko ditugula laster. Buruko mapetan marraztu zaigun premia gorriak bultzatuta, desazkunde taldeak eta trantsizioko hiriak hasi dira ugaltzen.

Esan dudan bezala, ekologismoaren diskurtsoa bere egiten lehenetakoak gobernuak eta enpresak izan dira. Baina bakearekin bezala gertatu da. Egun, eskoletako doktrinamendu unibertsalari esker, haur guztiak dira gai gerren aurka argi egoteko… armadak eurak zalantzan jarri barik. Izan ere, eskolako itxurazko bakezaletasunak funtzio jakin bat dauka, eta ez da Estatuen oinarria, armada, alegia, ezertan ukitzea, hain zuzen ere. Gauza bera gertatzen da nagusi den ekologismoarekin. Helburu nagusia dauka: munduan dauden baliabide naturalak iraunaraztea, gu bizi garen bitartean, behintzat, urriegi bihur ez daitezen, sistemaren oinarriak -giza esplotazio orokorra eta bakan batzuen etengabeko etekin ekonomikoa- ukitu barik. Ekologismo horrek espezie bakarra utzi behar izan du bere kezketatik kanpo: gizakia bera.

Hola, azken boladan, iparralde globalean gutako askok ikasi dugu kontsumitzen ditugun produktuen ur aztarna edo aztarna ekologikoa zer diren, eta progreenek, ekologiarekin batera ongizateaz gehien arduratzen direnek, oso kontuan hartuko dute -batzuetan- erosiko dutenak zer ur aztarna eta zer aztarna ekologiko uzten dituen, bere denda solidariorik gogokoenean ondo hautatzeko. Baina ongizatearen Estatuarekin gertatzen den bezala, ekologismoak giza dimentsioa ezkutatu digu. Izan ere, bai Ongizatearen Estatuaren alde egiten dugunean, bai gure kontsumoari kontzientzia ekologikoa aplikatzen diogunean, geurekoikeria da pizgarri nagusia, berba politen atzean ezkutatu arren. Non geratu da, ordea, gizaekologia?

Eduardo Galeanok ere, oro har, diskurtso progre itxuraz erradikal berari jarraitzen dio, eta ezkertiar asko bezala, sistema osoak baino gehiago, kudeatzeko moduak kezkatzen du, baina hala ere, batzuetan ondorio egokietara iristen da. Hala, Latinoamerikako zain irekiak liburuan, esaterako, oso argi azaldu du errealitate ukaezin bat: eskualde geografiko batzuetan naturak eskainitako aberastasunak bertan bizi diren giza taldeen kondena eta txirotasun eta gose iturri bihurtu dira. Izan ere, kontsumitzen ditugun produktuek, ur aztarna bezala, giza eta gizarte aztarnak ere uzten dituzte. Zergatik ez ditugu haiek neurtzen? Azken finean, natura baliabideak urriak direlako eta haien urritasunak koloka jar dezakeelako nire “ongizatea” -egungo doktrina nagusiak hitz horri ematen dion zentzuan-, eta giza baliabideak, ordea, nahi adina daude; are gehiago, ondo ikasita daukagu dagoeneko gizaki gehiegi garela lur txiki honetan -herri gainpopulatuenak hegoalde globalean ez badaude ere, irakasten zaigunaren kontra- eta, beraz, urrun gertatzen direnak urrun gera daitezela, horri esker, goizero, azukredun kafesnea hartzea badaukat.

Zer gertatuko litzateke, ordea, giza eta gizarte aztarnak kontuan hartuko bagenitu? Konturatuko ginatekeela, Eduardo Galeanok liburu berean ondo azaldu duenez -horri badaezpadako interpretazioa eman arren, maiz-, herri batzuetan, gure etxeetan kafe, te, kakao, tabako, arroz, arto, azukre, banana… faltarik ez egoteko, hango herritarrak gosez hiltzen direla, eurek jaten zituzten jatorrizko produktuetarako lurrik geratu ez delako, lurrak gero eta lehor eta pobreagoak direlako -iparralde globaleko agroindustriaren aurrerapenei esker, neurri handi batean-, eta gainera, lur gehienak -europar jatorrizko- lurjabe bakan batzuen eskuetan gelditu direlako -eta euren poltsikoen interesen arabera erabakitzen dute iparralde globalak eskatzen dituen produktuen artean zeini ekin-. Konturatuko ginateke, halaber, gauza horiek guztiak esklabotzan ekoizten direla ekoizten diren kopuruetan, esklaboak ondo porta daitezen CIAk trebatutako talde militar eta paramilitarrek milaka nekazari eta indigena hiltzen dituztela urtero -Argentinan lurjabe batzuek beste teknika batzuk darabiltzate. hala nola nekazarien seme-alabak egun osoan lurreko zuloetan sartuta uztea, arazorik sor ez ditzaten eta gurasoek behar beste lan egin dezaten, txintxo-. Konturatuko ginateke, azken finean, kikara bat kaferen giza prezioa hainbat giza bizi dela, eta gizarte prezioa komunitate osoak suntsitu, desegituratu, akulturatu, txirotu, proletarizatu eta megalopolietako aldirietara bultzatzea dela, merke zabaltzen den drogak hiltzen ez baditu elkar akaba dezaten tiroka -segurtasunaren eta kartzelen negozioak ere bere diskurtsoa elikatu behar du-. Milaka haur esklabok Taiwan, India edo Argentinako tailerretan jositako gure Nike berrietan ez genituzke oinak hain eroso sentituko.

Petrolioa agortu eta gure energia kontsumo neurrigabea -gehien-gehiena industriek irensten dute eta, beraz, gure etxeetan egiten ditugun ahalegin txikien ondorioak ezdeusak dira- elikatu ezinik gelditu eta gure erosotasunari agur esan beharko diogun beldur, beharbada, auto elektrikoak, hidrogeno edo biodiesel bidezkoak bultzatuko ditugu; kapitalismo berdeari zintzo jarraituz, herritar eredugarriak izango gara. Baina zer gertatuko litzateke berriz ere giza eta gizarte aztarnei erreparatuko bagenie? Gure poz ekologikoa pikutara joango litzatekeela berriz ere. Lehenengo aukerari dagokionez, elektrizitatea ez da ezerezetik sortzen, oraindik ere, asko mineral fosiletatik dator, eta hori ezean, kapitalismo berdearen diskurtsoak energia nuklearra saldu nahi izan digu berriz -ondo zihoan kontua Fukushimakoa gertatu arte-, gure mendiak errota erraldoiek inbaditu bitartean. Mineral fosilei erreparatuz gero -baita errotak eta eguzki-panelak eraikitzeko behar diren materialen jatorriari erreparatuz gero ere-, energia sortzeko eragiten duten kutsadura itzela alde batera utzita, meategien mundu desatseginean sartu beharko genuke, eremu labainkorregia, eta Europako kapitalismoa ahalbidetu zuen errealitate odoltsura garoatzana. Europak bere jatorrizko kapitala meta zezan zilar eta urre meategiek zenbat milioi indigena irentsi zituzten pentsatzen badugu, Proudhonen berbak -jabetza lapurreta da- berretsi ez ezik, galdera deserosoa egin beharko diogu geure buruari: zenbat bizi irensten dute egungo meategiek, batez ere hegoalde globalean daudenek? Ui, kontuz! Mineralen giza eta gizarte aztarnak neurtuz gero agian zalantza handiak izango ditugu gure hurrengo iPoda, iPada, iPeda eta iCarlya erosteko, haiek eta gure ezinbesteko ordenagailuak egiteko behar diren mineralen artean dagoelako urre berria, herri txirotu askoren azkenaurreko kondena. Bestalde, ur aztarnaz arduratzen gara eta… hidrogenoz -urez- dabiltzan autoak erabiltzea ez da apur bat kontraesankorra? Jakina, Patagoniak ur erreserba “agortezinak” ditu… Beraz, biodiesela geratzen zaigu. Erabil dezagun landare olioa gure hirietako autobusetan…, pentsatu gabe hura lortzeko behar den koltza ari dela orain Latinoamerikako lurra jan eta jan, sojarekin batera, lehen kafeak, tabakoak, azukreak, kakaoak… eragindako giza eta gizarte hondamendi berbera errepikatuz -eta, hazi transgenikoak lagun, arazoak biderkatuz-.

Bide arriskutsu beretik jarraituz gero, erosten ditugun produktuen giza eta gizarte aztarnak ez ezik, gure Estatuenak ere neurtu behar genituzke. Kalkulua ez da zaila. Neurtu ditzagun Estatu bateko natura baliabideak, bere lurrak ematen dituenak; neurtu ditzagun natura baliabide horiekin ekoizten dituen produktuak; neurtu dezagun haren aberastasun ekonomikoa, batez besteko bizi maila; neurtu ditzagun beste herrietatik hartuta dauzkan kontsumoak -energia, elikagaiak, tresna elektronikoak eta haietarako behar diren lehengaiak, arropa, papera…, nahi den guztia-. Dauzkan aberastasun mailari eta kontsumo mailei berak bere baliabideen bidez sortzen duena kentzen badiogu, bizi maila horri eusteko behar den kanpoko esplotazio eta arpilatze maila aterako zaigu -horri, barruko esplotazio eta arpilatze mailak erantsi behar litzaizkioke, jakina, baina iparralde globaleko herriek hegoaldera eroan dituzte esplotazio mailarik latzenak, barruan nolabaiteko gizarte bakea bermatzeko-. Azken finean, Estatu horrek bere aberastasun mailari eusteko kanpoan uzten dituen giza eta gizarte aztarnak ere neurtu ahalko ditugu. Jakina, hegoalde globaleko Estatuetan maila negatiboa izango dugu, giza eta gizarte aztarnarik handienak euren mugen barruan dauzkatelako. Baina Estatu horiei ere ez die axola, Estatuak eurak, hots, bertako elite armatu eta antolatuak, direlako giza eta gizarte aztarna horietatik zuzenean elikatzen diren lehenak, ahalbidetu dituztenak eta bermatzen dituztenak, eta herritarrak arazoak ematen hasten direnean berehala dauzkate anaia nagusiak prest behar den laguntza militarra emateko, sinbiosi mota oso berezian.

Horrela, oso bitxia egiten zait progreen artean Suedia, Norvegia, Finlandia… hainbeste goresten dituztenean. Han ikusten da sozialdemokraziaren lastozko buztana. Batzuentzat -ezkertiarrentzat batez ere-, arazoa kudeaketari baino ez dagokio. Argi ari da ikusten oraingo krisian. Espainia, Grezia, Italia… gorriak ari dira ikusten, Estatuak ondo kudeatuta ez ei daudelako, neoliberalismoa nagusi ei delako. Horren froga, Europako iparraldeko herriak. Sozialdemokrazia da nagusi haietan, eta krisiak ez ditu horrenbeste kolpatu, ondo ari dira ateratzen, Estatua handia da, ongizate maila are handiagoa, denek ordaintzen dituzte euren zergak zintzo… Diskurtso patetiko horretan kontu formal bat gertatzen da barregarrien, lehenbizi: ezkertiar eta progre horietako batzuek, ikur nagusia Errepublikaren aldarrikapena izanda -¡gora Errepublika! oihu egin berri du Ondarroako Udalak…-, bat-batean, amnesia kolektibo moduko batean, ahaztu dute, Italia eta Grezia Errepublika diren bezala, Norvegia eta Suedia monarkiak direla -baina jakina, monarkia sozialdemokratak…-. Baina aztertzen ari garenera etorrita, zertan oinarritzen da Norvegia, Finlandia eta Suediaren ongizate eredugarri hori? Azter dezagun Eskandinaviako lurrak, urte erdia ilunpetan ematen duten lur izoztu horiek, zertan diren aberats, euren baliabideen bidez zer ekoizten duten, erka dezagun kontsumitzen dutenarekin -esaterako, negu gorriei aurre egiteko behar duten energia kontsumoarekin-, jarrai diezaiogun kontsumitzen dituzten lehengaien jatorriari…, eta konturatuko gara zer giza eta gizarte aztarnak uzten dituen herri sozialdemokrata eredugarri horietako Ongizatearen Estatuak. Kasualitatea ote da ekologistenak ere haiek izatea?

Ekologiak gizaekologia kontuan hartzen ez duen bitartean, Estatuek eta kapitalismoak beharrezko duten beste partxe bat baino ez da izango, egun den bezala, iparralde globalaren interes berekoien morroi. Eta irtenbidea ez dago bidezko merkataritza aldarrikatzen duten Oxfam eta halakoen produktuetan, produktu horiek ekoizten dituzten nekazariak hobeto ordainduta badaude ere, giza eta gizarte aztarnek bertan dirautelako, merkatu logika berari jarraitzen diotelako: herri batzuek, euren herritarrek jateko eta bizirauteko behar dutena ekoitzi beharrean, gure merkatu aberatsek eskatzen dituzten lehengaiak ekoitziko dituzte etengabe. Gizaekologia arriskutsua da, beraz, gogorarazten digulako gure ongizatea urruneko gizarteak -baita gurea ere, batez ere XIX. mendetik hona- guztiz hankaz gora uztean eta egunero milioika gizaki esklabotzara edo, zortea dutenean, heriotzara, kondenatzean oinarritzen dela. Gizaekologia ez da bateragarria kapitalismo edo Estatu berdeekin. Ekologia bere osotasunean, hots, gizakiak ere haren funtsezko elementu direla, hartu nahi badugu, Estatu interesak -mugen barrukoak zein geopolitiko eta geoestrategikoak- eta merkatu interesak, hots, Estatuak eta kapitalismoa, batera desagerrarazteko lan egin behar dugu, etiketa ekologikoa duten poteak erosi eta gure kontsumoen ur aztarna eta aztarna ekologikoa neurtzetik harago.

Advertisements

Neo-matxismoei buruz

Posted in Anarkismoa, Ekonomia, Erlijioa, Gizartea, Kultura, Lana, Politika, Sexualitatea with tags , , , , , , , , , , , , , on 2012/03/17 by aselluzarraga

(Castellano)

Azken egunotan feminismoei eta matxismoei buruz ditudan ideien gainean hausnarrarazi didaten zenbait testu irakurri ditut. Azkena, alasbarricadas-en gustura irakurri ohi dudan Acratosaurioarena izan da, Esperanza Aguirreren hitz batzuen harira. Oraingoan, ordea, ezarritako diskurtso politikoki zuzenetik aldentzen ez dela begitandu zait, testuaren eta ideien kalterako.

Irakurritako testu horiek -besteak beste, Prado Estebanen “Pensar la mujer desde el 15-M” eta “Una nueva reflexión a 15 de octubre” eta aipatu Acratosaurioaren “¿Existe la violencia estructural contra las mujeres?”– feminismo eta matxismo kontzeptuei zenbait buelta emanarazi didate. Gaia oso sentikorra da eta interpretazio okerretarako bidea eman dezake; horregatik, ahalegin handia egingo dut hemen zirriborratuko ditudan ideiak matxismoa elikatzeko biderik eman ez dezaten. Bestalde, aurreratu behar dut, gai guztietan bezala, hemengo hausnarketak ez direla ziurtasunak, etengabe birpentsatzera zabalik daudela eta behin-behineko ondorioak baino ez direla.

Hasi baino lehen, gizonen eta emakumeen balioez hitz egiten dudanean, argitu nahi dut, txarto uler ez dadin, kultura judeo-kristau-islamdar patriarkaleko -eta seguruenik gutxiago ezagutzen ditudan munduko bestelako kultura patriarkaletako- gutxiengoek, historikoki boterea izan dutenek -gizonak haietako gehienak, baina ez denak- gizonentzat eta emakumeentzat finkatu dituzten paradigmez ari naizela, ondo baitakit historian egon diren eta orain diren emakume eta gizon gehienek eredu horietatik norabide batean edo bestean aldentzen diren hamaika balio eskala, gustu, joera eta nortasun izan dituztela eta dauzkatela.

Politikoki zuzenak izan beharrak feminismoak dioen oro ontzat hartu eta zalantzan ez jartzera bultzatu gaitu askotan, haren ideia nagusien atzean ezkutatzen den errealitatearen irakurketa ofizialaz besteko interpretazioak baztertuta. Askotan, emakumeak baino gehiago, gizonok bultzatu ere, feminismo ofizialarekin aurkitu ditudan kritikoenak emakumeak eurak baitira, maiz diskurtso horrek emetasuna bizitzeko duten modua ukatzen diela sentitzen dutelako. Hori dela-eta, ematen du momentu batean denak bihurtu garela, ezpainetatik kanpora, feminista, zalantzan jartzerik ez dagoen ideologia nagusia balitz bezala. Baina feminismo ofizial horrek bultzatzen duen gizarte eredua sakonago aztertuta, hasi naiz pentsatzen erabateko matxismoaren garaipen atzeraezina ez ote dagoen haren baitan. Askok feminismoa matxismoaren ifrentzutzat hartzen dute, baina nago matxismo beraren jantzitik modernoena ez ote den, sarri. Neo-matxismoa, azken finean. Adierazpen arriskutsua da eta horregatik kontu handiz azaltzen ahaleginduko naiz.

Hasteko, ikusi behar dugu feminismoa, ideologia moduan, zer testuinguru historikotan eta nork bultzatuta sortu zen eta, horri lotuta, zein ziren aldarrikapen nagusiak, harrezkero, gure egunotaraino aldarrikapen nagusi horietan sakondu eta ildo beretik jarraitu baino ez baita egin, oro har. Feminismo mota asko egon daitezkeela jakinik -eta haien artean feminismo ofizialarekin guztiz kritikoak direnak, are erabat arbuiatzen dutenak edo, “ismo” horri hartzen dioten usainagatik, feminismo deitzeari ere uko egiten diotenak ere badaude-, batez ere adar ofizialari, mendebaldeko Estatu kapitalistek bultzatzen dutenari helduko diot.

Ez naiz aditua, baina historiografiari kasu eginez gero, feminismoa, mugimendu gisa, XIX. mendearen amai aldera sortu zen, aldarrikapen nagusia emakumearentzako boto eskubidea zelarik. Haren bultzatzaileak, oker ez banago, klase ertaineko emakume burgesak ziren. Harekin batera, aldarrikapen historiko nagusiak ardatz ekonomikoei lotuta egon dira: lan egiteko (soldatapeko izateko) aukera berdintasuna, soldata berdintasuna, ikasteko -langile izateko prestatzeko- aukera berdintasuna, enpresetan goi karguak betetzeko berdintasuna… Politikari edo, zehazkiago, botereari lotutakoak ere etorri dira, eta horren gailurra zenbait erakundetan ezarri diren “parekotasun” legeak eta kupoak dira. Halaber, jakina, Estatuaren egitura guztietan berdintasunez egoteko aldarria ere egon da; besteak beste, epaile, polizia, soldadu… izateko aukera berdintasuna. Bestetik, sexualtasunari, gorputzari eta genero rolei lotutako aldarriak ere agertu dira. Horiei dagokienez, nagusienak abortu eskubidearen -edo ama izan ala ez izan hautatzearen- aldeko aldarria -askotan zio ekonomikoen arabera erabakitzen dena-, eta sexu indarkeriaren aurkako borroka lirateke. Horiekin guztiekin batera, aldarrikapen txikiagoak ere egon dira -hauek ere ekonomikoak, batik bat-, hala nola Estatuak emakumeen etxeko lanak ordaintzekoa edo prostituzioa legeztatzekoa.

Lehen begiratuan, zentzuzkoak ematen dute guztiek eta daukagun gizarte eredu hau ontzat ematen badugu, bitan pentsatu barik haien alde egiteko modukoak. Baina zentzuzkoak, zer begirada edo balio eskalaren arabera? Ikus dezagun zein izan diren gizonezkoei eta emakumezkoei historikoki goitik eman zaizkigun eginkizunak eta balioak eta argiago ulertuko dugu.

Horretarako, gizarte eredu bat hartuko dut, kultura eredu nagusi eta menderatzaileak izan duen ehiztarien sistema patriarkala. Izan ere, gizarte guztiek ez dituzte balio eskala berberak, mundu ikuspegi berberak eta eginkizun banaketa berberak izan, ezagutarazi dizkiguten nagusiak egiturazko matxismoan edo patriarkatuan bat etorri badira ere.

Gizarte patriarkalean, ontasunaren eredua gizona izan da. Hura da izaki bukatua, buruzagia, legea, benetako gizakia. Haren balio nagusiak ehizatzeko eta besteak menderatzeko indarra eta gaitasuna izan dira. Gizonak ezin da umeez erditu eta, beraz, gaitasun hori gutxiesgarria da, amatasuna gizonezkoen eginkizunak betetzeko oztopo baino ez, beste izaki ahul horren, sasi-gizakia den emakumearen, zama gogaikarria -are gogaikarriagoa “zikin” edo “kutsatu” bihurtzen dituen hilekoa, batez ere sexu harremanetarako oztopo sentitzen denean-. Alabak izatea, gainera, lotsagarria da, emakumeen dohain bakarra gizonezko oinordekoak ematea baita -Biblia irakurtzea baino ez dago, ikusteko patriarken semeen zerrendak baino ez direla aipatzen-. Beraz, emetasunari lotutako ezaugarriak gutxietsiak izan dira historikoki, eta gizontasunari legozkiokeenak goretsi. Maitasuna, besteekiko ardura, elkar-laguntza, errukia, ahulekiko ardura, etxea, familia… traba dira gizonentzat. Beraz, haiek denak emakumeei dagozkie -eta halako joerak dauzkaten gizonak baztergarriak, maritxuak, ahulak haiek ere, azken finean, emakumeak bezalakoak direlako-. Horiek denak, noski, paradigmatzat hartuta; horregatik, gorriak eta bi ikusiko zituzten bestelako ezaugarriak zeuzkaten gizonek eta emakumeek euren burua zen bezala onartzeko eta besteen aurrean agertzeko. Hori horrela izan dadin ziurtatzeko, erlijioak jantzi morala eman dio emakumeen “betebeharrari”. Familia jainkoaren nahia da, eta emakume ororen derrigorrezko desira -eta patua- ama izatea. Emakumea ahula izatea merezi duen zigorra da, gizona bezain duina ez delako; azken finean, bekatuaren iturria -desiraren objektu debekatua- da emakumea.

Gizonari egotzitako balio eskala hori ideologia liberalak eta hark asmatutako kapitalismoak eta Estatuak eraman dute gorenera, antiklerikalismo erabilgarriz mozorrotuta maiz. Kasu honetan, gizarte patriarkalaren balioak batez ere ekonomiaren eta boterearen -politikaren- ikuspegi bat ezartzeko erabili dira. Balio gorena besteak menderatzea izanda, ekonomian ere kapitalista baten (eta Estatuaren) balio gorena beste enpresariak, merkatuak, kontsumitzaileak (eta Estatuak) menderatzea da; politikariarena beste politikariak eta herritar guztiak menderatzea, boterea, gobernua eskuratzea. Hobbesen filosofia: guztiok guztien aurkako gerra maila guztietan. Arrakastatsua, miretsia, goraipatua, edozein gerra motatan garaile irteten duena. Indarra ahultasunaren aurka, ahultasuna -mota guztietakoa, hortik gaixotasunari, zahartzeari, txirotasunari… eta emetasunari eta homosexualitateari izandako higuina, horiek denak ahultasuntzat jotzen direlako, gizarte patriarkalaren ereduan- deitoragarria baita. Horixe bera zen, besteak beste, Nietzscheren balio gorena. Errukiak ez du lekurik, ez gerran, ez negozioetan, ez politikan. Hortaz, maitasunari eta altruismoari lotutako jarduera guztiak gutxietsi behar dira. Familiak eginkizun bakarra du: gerlari eta morroi gehiago sortu eta heztea. Eginkizun hori beharrezkoa den bitartean, familia onargarria da.

Horixe da eredu kapitalistaren barruko tentsioa, familiari dagokionez: gustura ezabatuko luke, gorrotoaren logikari ihes egiten dion azken aterpeetako bat delako, baina hura behar du Estatuaren beharrak asetzen dituzten besoak berritzeko -gogora dezagun Aldous Huxleyk bikain marraztu zigun gizartea, klonazioari esker familiak herri atzeratu eta basatien bitxikeria bihurtu zirenekoa, gizaki guztien betebehar nagusiak sistemarentzat lan egin eta beti zoriontsu izatea zirelarik-. Beraz, komeni zaionean, Estatuak erlijioaren diskurtso moralista erabiliko du, alde baterantz bultzatzeko, eta komeni ez zaionean, diskurtso antiklerikal faltsua eta “erradikala” erabiliko du besterantz orekatzeko. Emakumeak -eta gizonak- presio horien bien artean kateatuta beti.

Larriena honakoa da: feminismo ofizial edo instituzionalak, emakumeen balioak -zenbat emakume hainbat balio, zalantza barik- bilatu, balioetsi eta haien arabera beste mundu bat asmatu beharrean, bere egin ditu eredu patriarkalak bultzatutakoak eta berdintasuna bilatzeko bide bakarra hautatu: emakumea gizon bihurtzeko bidea. Horrela, eredu patriarkalak egindako emetasunari lotutako balio guztien negatibizazioa bere egin, eta maitasunaren, sentiberatasunaren, elkartasunaren, elkar-laguntzaren aurkako diskurtsoa eraiki du, gizonak eta emakumeak elkarren arerio bihurtuta. Ez da harritzekoa batzuengan sentitzen den gizon guztiekiko gorrotoa, androfobia: hura izan nahi eta ezin. Zoritxarrez, gainetik kentzerik ez duten emetasunari gorroto diote. Gizarte patriarkaleko gizonentzat haurrak, adinekoak, gaixoak… zaintzea zama, katea, arrakasta ekonomikorako oztopoa bada, emakume feminista patriarkalentzat -neo-matxistentzat- ere maitasunak gidatutako jarduerak oro zama, katea, kartzela bihurtu dira. Gizarte patriarkaleko gizonentzat balio nagusiak arrakasta ekonomikoa eta botere nahia badira, emakume feminista patriarkalak ere arrakasta ekonomikoaren eta boterearen atzetik jarri dira, hil ala biziko lehian.

Horrela uler daiteke hainbat gizon eta emakume ezkertiarren artean emakume gerrillariek sortzen duten miresmena. Haiengan ametsa gauzatzen da. Gizarte patriarkaleko gizonen balio eskala erabat bere egin duen emakumea ikusten dute, basakeria gizonen pare erabiltzeko kapaz den emakumea, gerra egiteko eta goitik beherako sistema hierarkiko eta diziplinatuan bere tokia betetzeko gai den eta, aldi berean, gizonentzat desio objektu ezkutua den izakia. Uste dut ez dela kasualitatea azken gobernu sozialistan gerraren ministroa -Defentsa Ministerioa diotsote Gerra Ministerioa zenari, eta Afganistanen soldaduak izatea, seguruenik, “defentsa” kontua baino ez da…- Carmen Chacon izendatu izana. Nork bere borrokak borrokatu behar ditu, noski, eta seguru nago emakumeek ez dutela inoren beharrik euren borrokak eurek borrokatzeko -dirudienez, feminista batzuek uste dute emakume “ahulek” Estatuaren laguntza behar dutela aurrera ateratzeko-, baina horretarako ez dut uste gizonezkoek sortutako borroka paradigmei eta estetikari jarraitu behar dietenik.

Feministen eginkizuna kontrakoa ere izan zatekeen: gizonoi maitasunaren, elkartasunaren, errukiaren, elkar-laguntzaren… edertasuna erakutsi, balio haiek goresten irakatsi eta gorrotoak, botere eta arrakasta nahiak bultzatutako balioak gutxiesteko bidea gure begien aurrean jarri. Horrela, agian, guk haiei lotzen dituzten kateak seme-alabak, bikotekideak, gaixoak eta aitaita-amamak direla irakatsi beharrean, haiek irakatsiko ziguten benetako katea soldatapeko lana dela, egunero txanpon batzuk ateratzearren, telebistak nahiarazten dizkigun mila tontakeria erosteko dirua izatearren, gogoko ez dugun zeregin batera abiatu eta gure bizitzako ordurik onenak eginkizun hari ematea dela daroagun katerik astunena. Arrakastak edo botere nahiak baino atsegin handiagoa ematen duela gure beharra duenari laguntzea, saririk espero barik. Irabazten aterako ginen denok eta ardurak eta premiak elkarrekin eta berdintasunean hautatu eta banatzeko askoz askeagoak ginateke.

Gizarte patriarkalaren ikuspegi zikiratu horren erruz, emakumeek guk baino sarriago, hobeto edo maitasun handiagoz egin dituzten eginkizun horiek guztiak gutxietsi ditugu eta, okerragoa dena, emakumeei ere gutxietsiarazi dizkiegu, gure gizartean “prestigiorik” ematen ez dutelako. Eta hori, emakumeen kalterako ez ezik, gizonon kalterako ere izan da, hots, gizaki guztion txarrerako, geure buruari maitasunez jarduteko aukerak murriztu dizkiogulako eta behar genuen eta dugun benetako iraultza atzeratu baino egin ez dugulako -ez ahal da betiko izango!-.

Bestetik, emakumeak “gizonezkoenak” ei ziren esparruetan sartu direnetan, gizonezkoek ezarritako ikuspegi berbera erabili dute haietan jarduteko. Azken finean, haiei heltzeko bultzada ez da emakumeen erabaki aske eta kontzientetik atera -ezta gizon gehienon erabaki aske eta kontzientetik ere-, sistemak oso ondo pentsatutako operazio batetik baino. Horrela, esan legez, feminismo ofiziala neo-matxismoa baino ez da izan. Emakumeak gizonezkoek diseinatutako sistemaren borondatezko mendeko bihurtzeko estrategia ezin hobea. Emakumeei “eman” zaien “eskubide” bakoitza ez da haiek askatu eta berdintasuna eskuratzeko urrats bat, guztiontzako kate estuago bat baizik.

Horregatik, feminismoak, benetako berdintasuna bilatzen duen mugimendua izan nahi badu, lehenbizi honako hausnarketa egin behar luke: berdintasuna zertan? zer ereduren arabera? berdintasuna gu gizonezkoak bezalakoak izateko, haien balioak indartu eta geureak lurperatzeko? berdintasuna gizarte eredu patriarkalaren arabera goitik behera eraikitako Estatuan eta kapitalismoan? Ala hutsetik hasi behar genuke geure mundua, geure balioak, geure harremanak, geure nortasunak, geure gizartea, geure gorputzak… eraikitzen, emakumeok eta gizonok, gizakiok, denok batera eta benetako berdintasunean?

Pentsa dezagun emakumeak gizonekin berdintzeak (zergatik ez da alderantziz izan, gizonak emakumeekin berdindu? edo, egokiena, elkarrekin zertan eta norantz berdindu eta zertan ez erabaki? aniztasuna askoz aberatsagoa, emankorragoa eta askeagoa delako) zer “aurrerapen” ekarri duen: emakumeek -herri batzuetan- boto eskubidea lortu zuten eta…, zelako gobernuak atera dira hautestontzietatik, ezer aldatu da, gizarte ereduak hobetu dira gobernu horiei esker, aintzat hartu dituzte emakumeen balioak gobernu horiek?; emakumeak gizonezkoek egiten zituzten soldatapeko lanetan hasi dira eta…, morrontza bikoitzean ez dira sartu, bada, emakume -eta gizon- anarkistek eurek aspaldi salatu zuten bezala, hain zuzen ere, lehen egiten zituzten zereginak gutxietsita, zama gorrotagarritzat hartuta, gizonezkoak haiei heltzeko prest egon ez direlako?; emakumeak gobernuburu bihurtu dira -gogoratu behar da aspaldi ere erreginak egon zirela eta horrek ez zuela gehiegi aldatu erresuma horien izaera totalitario eta inperialista, Ingalaterra edo antzinako Egipto eta Kleopatra ospetsua gogoratzea baino ez dago- eta, zer aldatu da onerako haien gobernuetan, emakume izateagatik? Margaret Thatcher eta Angela Merkel, Esperanza Aguirre, Yolanda Barcina, Michelle Bachelet…, ezagun egiten zaizkigu?; emakumeek enpresak zuzentzea eta administratzea lortu dute eta…, galdu dute enpresa horiek euren izaera esplotatzailea edo hobetu da haietan emakume langileen egoera?; emakumeak polizian eta armadan sartu dira, epaile bihurtu eta…, aldatu da haien izaera errepresibo, edo hiltzailea, haien ankerkeria? gogoratzen naiz, honi dagokionez, Espainiako Polizia Nazionala istiluen aurkako taldeetan emakumeak sartzen hasi zenean, lagun batzuek esaten zidatela -horretan eskarmentua izan zutelako esan ere- nahiago zutela emakume polizia batek ez atxilotzea, gizonezkoen pare egon nahi horretan askoz basatiago jokatzen zutelako, indarkeria mailan ere “gizonak baino gizonago” bihurtuta, “ahul” ez agertzeko…

Aipatutako aldarrikapenen artean, oso bitxia da Estatuek etxekoandreei soldata ordaintzeko garai batean egiten zen aldarrikapena -gaur egun argi dago Estatuaren kutxa ez dagoela holako alaitasunetarako-. Lehen begiratuan aldarrikapen onargarria eman dezake, baina, azken finean, lerro artean irakurriz gero, ondorio bi atera daitezke: mundu honetan ez dago ezer musu truk edo maitasunez egiterik balioa galdu barik -eta emakumeek ere horrela ikasi behar zuten, ahalik eta lasterren-, eta dirua bikotekidearen eskutik onartzea baino duinagoa da Estatuaren eskutik jasotzea, horrek “independentzia ekonomikoa” ematen ei duelako. Egiten den guzti-guztia monetarizatu behar da -zer eta kontsumitzeko ahalmen handiagoa izan dezagun, noski-. Jakina, pentsaera hori ezin hobea da Estatuaren beharra elikatzeko. Lehen, legez, senarraren mendeko zen emaztea. Orain, Estatuaren mendeko da emakumea, gero eta gehiago. Kasu batean zein bestean, inoiz ez bere buruaren jabe. Objektu beti, inoiz ez subjektu, feminismoak berak objektu bihurtu baititu emakumeak, Estatu gurasokeriaren kate hertsatzailearen mende.

Are bitxiagoa da, aldarrikapen feminista delakoan, prostituzioa legeztatzeko eskatzea, batzuek, oso aurrerakoiak direlakoan, egiten duten bezala. Estatuak aldarrikapen hori behar du, egon daitezkeen errezelo moralak ahultzeko. Azken finean, askoz egokia litzateke emakume horiek -eta batez ere haien atzean dauden gizonek- egiten duten jarduera ekonomikoa legearen barruan egotea eta zergak ordaintzea. “Babestuago” leudeke, gainera. Zentzuzkoa dirudi, hola ulertuta, baina prostituzioa, jarduera moduan, nekez defenda daiteke. Batzuek, zurigarri, esango dute puta batzuek gustura eta euren gogoz dihardutela, eta haiei legez lan egiteko aukera eman behar zaiela. Berriz ere, gizonei -sexu esklabotzaren onuradun nagusiak eurak- komeni zaien irakurketa sinplifikatzaile, atzerakoi eta patriarkala. Sexua era osasuntsuan bizi bagenu, zama moralik, taburik eta konplexurik gabe, benetan denok, emakumeek eta gizonok, gizakiok, geure gorputzaren eta, batez ere, geure buruaren jabe bagina, prostituzioak ez leukake lekurik. Gainera, “nahi duelako” prostituitzen den emakume bakoitzeko, seguru nago milioi batek modu batean edo bestean derrigortuta eta gogoz kontra egiten dutela. Baina gizarte patriarkalak buruan sartu digu munduko lanbiderik zaharrena delako leloa -eta ikuspegi ezkertiar batzuek erromantizismoz jantzi dute drama-, berezkotzat eta saihestezintzat harrarazi digu milioika neska-mutil, gizon eta emakumeren eguneroko tragedia den jarduera. Prostitutak benetan babestu nahi baditugu, haien onerako zerbait egin nahi badugu, eman diezaiegun beste zerbaitetan jarduteko aukera.

Bestalde, pentsatu behar da noiz eta zer helbururekin “eman” zaizkien “eskubideak” emakumeei. Pentsa daiteke feminismoa emakumeek askatasunez eraikitako ideologia dela, baina “emakumeen” aldarrikapenei “men” egiteko uneak eta haien onuradunak aztertuz gero, ikusiko dugu oso bestelakoa dela kontua:

Emakumeei boto emateko “eskubidea” eman zitzaienean, emakume burges eta kultuen botoa -egun bezala, haietako asko manifestazioetan ateratzen ziren bitartean, etxeko lan “desatseginak” bigarren mailako emakume txiroek egiten zituzten- beharrezkoa zen Estatua eta kapitalismoa -botoa batez ere emakume burges horiek emango baitzuten- indartzeko eta partitokrazia parlamentarioari zilegitasun handiagoa emateko.

Lan indar gehiago behar zenean, emakumeak soldatapeko lanetara bultzatu zituzten -AEBn ere, lan indar gehiago behar zutenean beltzak “askatu” zituzten, haiek proletarizatu eta iparraldeko industriak elikatzeko, orain hegoaldeko etorkinekin egiten den bezala, euren herrietatik kanpo estrategia askoren bidez eta egoera guztiz dramatikoetan bultzatuta europarrek nahi ez dituzten lanpostuak har ditzaten eta Gizarte Segurantzaren kutxak eta europarren jaiotza-tasa urria orekatzeko, kasurik pribilegiatuenetan, txarrenetan paperik gabeko esklabotzan murgiltzen baitituzte batzuk aberasteko behar den azpi-ekonomian; haiei guztiei “eskubideak” pixkanaka onartzea Estatuarekiko fideltasuna ziurtatzeko estrategia oso adimentsua izan daiteke, behar denean arazo guztien errudun bihurtzeko erabiltzen dituzten bitartean, diskurtso bikoitz oso interesatuan-, eta enpresen interesei jarraituz, Unibertsitateak haientzat ere zabaldu; bide batez, lanean ere emakumeen eta gizonen arteko lehia bultzatu zuten, eta langile guztien baldintzak okertu, eskulan gehiagoren artean hautatzea zegoelako, emakumeen soldatak baxuagoak beti. Baldintzak zelan okertu diren ulertzeko, nahikoa da ikustea emakumeak lan merkatuan sartu aurretik klase ertaineko pertsona baten soldata nahikoa zela familia aurrera ateratzeko, eta egun klase bereko bikotekide bien soldatekin ere ozta-ozta iristen dela hilaren amaierara, besteak beste, kontsumo “premiak” muturrera eraman direlako. Beraz, ematen du merkatuak askoz lehenago ulertu zuela kontsumo mailari eusteko eta enpresen irabaziak handitzeko familia bakoitzeko pertsona bik egin beharko zutela lan, gutxienez.

Armadak krisian zeudenean, kalean haien aurkako mugimenduak guztiz gizarteratuta eta onartuta zeudelako eta modernizatu behar zirelako, profesionalizatu eta emakumeak -eta ondoren etorkinak; AEBn homosexualak ere “onartzea” neurri izugarri demokratikotzat saldu zen, armadaren aldeko propaganda operazio ikusgarri batean- onartu ziren.

Estatu aparatuetan emakumeari leku handiagoa emanda, berdintasunean aurrera egin baino askoz gehiago, Estatua sendotzea lortu da. Kapitala ere bai. Normala da. Mendeetan emakumeei esan bazaie besteak menderatzea, boterea izatea, materialki aberastea gauzarik desiragarrienak direla, azkenean haietarako guztietarako “aukera” ematen zaienean zelan egingo diote uko! Estatuaren eta kapitalismoaren defendatzailerik sutsuenak izango dira, haiek ere gizonen arabera hain desiragarriak diren plazer horiek dastatu nahi dituztelako. Ez da haien errua hala nahi izatea eta ezin bestela izan mendeetako doktrinamenduaren ondoren. Bestalde, daukagun gizartea hau bada, ez dago ukatzerik emakumeek gizonek egiten dituzten gauza berberak baldintza berberetan egiteko “eskubidea” daukatela -edozein gizartetan behar lukete, eskatu beharrik gabe, erabateko aukera berdintasuna-. Baina, gizonok zein emakumeek, gizarte honekin konformatzen gara? Eredu honetara etsi dugu? Aukera berdintasunik izan dugu hura hautatzeko?

Sistema hau gorrotoak elikatzen du, gorrotoa guztiz funtzionala da Estatuarentzat eta kapitalismoarentzat. Gizartea zatituta egotea, elkarren arerio sentitzea, elkarren lehian, aurrez aurre. Herritarren arteko elkartasuna, batasuna, maitasuna, elkar-laguntza… arriskutsuak dira oso sistemarentzat. Ildo horretan, feminismo instituzionalak lan handia egin du sistemaren alde, sexuen arteko gorrotoa bultzatuz. Daukaten bide bakarra gizonen balioak bere egin eta gizonek diseinatutako borroka zelaian eta arauekin haiekin lehiatzea dela barnerarazi zaie emakumeei. Benetako lehia agertzen ez den esparruetan, artifizialki sortu behar da. Helburua, gainera, ez da gizona bezalakoa izatea, bera baino “hobea” izatea baizik. Gizakiak arriskutsuak dira eta ezinbestekoa da edozein harreman motatan argi izatea ez garela gizakiak, gizonak eta emakumeak baizik, ondo bereizita eta elkarren aurkari.

Bestalde, Estatua, kapitalismoa, gizarte eredu hau, berez, egiturazko indarkerian oinarritzen badira ere, indarkeria mota batzuk ezkutatu eta bakan batzuei jarri behar zaie bozgorailua edo lupa. Indarkeria, gehienetan, botere harreman baten adierazpena da, eta indartsuak darabil ahularen aurka -edo ahulak indartsuaren aurka, indartsua bere indarraz kontura ez dadin-. Botere harreman horren arabera, gurasoek erabil dezakete seme-alaben aurka, edo seme-alabek gurasoen aurka; patroiek erabil dezakete langileen aurka, edo langileek patroien aurka; gobernuek erabil dezakete herritarren aurka, edo herritarrek gobernuaren aurka; herri inperialistek erabil dezakete herri menderatuen aurka, edo herri menderatuek herri inperialisten aurka; aberatsek erabil dezakete txiroen aurka, edo txiroek aberatsen aurka; bikotekide batek erabil dezake beste bikotekidearen aurka; gizakiek erabil dezakete beste izakien aurka, edo beste izakiek gizakiaren aurka; gizonek erabil dezakete emakumeen aurka, edo emakumeek gizonen aurka; gizonek erabil dezakete gizonen aurka; emakumeek erabil dezakete emakumeen aurka… Baina, esan bezala, indarkeria mota horien guztien artean, sistemaren bozgorailuek, komunikabideek, batzuekin bonbardatu eta besteak isilaraziko dituzte. Erabilera ez da neutroa, eta beti pentsatu behar genuke zer ezkutatzen den ikusarazten digutenaren atzean. Sistemari guk zerbait oso argi ikustea interesatzen bazaio, susmatu behar genuke atzean ikusten ez dugun mekanismoren bat jarri dela martxan.

Emakumeen aurkako indarkeria aspaldikoa da, eta sistema patriarkalak berak bultzatu du. Gerra guztietan, menderatutako herriko emakumeak bortxatzea aitortu gabeko lehen arauetako bat da -duela zenbait urte txanponaren ifrentzua ikustea tokatu zitzaigun, Irakeko inbasioan, emakume soldadu haren argazkia erakutsi zigutenean, biluztutako gizona txakur gisa zerabilela, eta ez da harritzekoa, emakume hark sistema eta mundu ikuspegi oso bat barneratu baitzuen soldadu egitea erabaki zuen unetik-. Emakumea gizonaren desio iturria da -baita gizona emakumearena ere, normala denez, batzuetan hori ahaztarazi nahi badigute ere; desio homosexualak bezain berezkoak biak-, eta horrek sortzen duen tentsioa modurik makurrenetan lasaitzen da maiz. Baina Estatuen oinarria armada eta gerrak izanda, armadek gerretan egiten dituztenak ezin dira zalantzan jarri eta hobe haiek isiltzea, politikoki gure alde erabiltzerik ez badaukagu, behintzat. Lanean ere, emakumeen -eta gizonen- aurkako indarkeria etengabea da, baina sistema kapitalistaren oinarria ezin da kolokan jarri eta emakumeen eta gizonen arteko gerra elikatu behar da soldatapekoen eta jabeen artekoa uxatzeko. Familian ere indarkeria ez da falta eta modu askotan agertzen da. Luzaroan, hori dena ere ezkutatu egin da, familia eredu sakratu bakarra egon den eta hura erakustea funtzionala izan ez den bitartean. Orain, ordea, interes berezia dago indarkeria horren alde bat -eta bakarra- egunero jartzeko gure begien aurrean. Bikote homosexualetan dauden indarkeria kasuak tabu dira oraindik. Genero indarkeria esaten diote, edo indarkeria matxista. Alde batetik, kasu askotan hala dela ukatzerik ez badago ere, eta haiek inolaz ere gutxietsi barik, pentsatu behar genuke gizonen eta emakumeen artean dauden indarkeria kasu guztietan generoa edo matxismoa ote den eragilea, salbuespenik gabe. Bestetik, geure buruari galdetu behar genioke zein den indarkeria mota bat eta bakarra egunero gure aurrean jartzeko helburua eta, era berean, zein diren horren emaitzak. Eta, batez ere, indarkeria mota guztietan bezala, hartzen diren neurriak hura desagerrarazteko diren ala beste xederen bat duten. Indarkeriaren zioetan sakontzen ari gara, ala haiek ezkutatzen eta sintomak baino ez erakusten. Dirudienez, Stieg Larssonek bizia galdu zuen Suedia bezalako herri “eredugarrian” eskandaluzko zifren atzean ezkutatzen den errealitatea agertzeagatik. Jakina, askoz errazagoa da azalpen sinpleak eta norabide bakarrekoak ematea eta haiei heltzea, arazoek eduki ditzaketen konplexutasun guztiak ulertzen saiatzea baino, batez ere konplexutasun horiek sistemaren erroak ukitzen badituzte.

Izan ere, gorrotoan, lehian, kontsumismoan eta indarkerian oinarritutako gizartean bestelakorik espero genezake, gure gida espirituala zaborra besterik ematen ez duen telebistaren doktrina dugunean? Gizakiok galduta gaude eta ez daukagu helduleku etikorik ezta gatazkei, frustrazioei, bakardadeari, ezintasunari, beldurrei, antsietateari… aurre egiteko tresnarik. Maitasunak balioa galdu du, aspaldi, gizartea desegituratuta dago eta komunitate sena galdu du, eta geratzen zaizkigun aterpeak -familia eta lagunartea, batez ere- ahuldu eta suntsitzeko lanean ari dira.

Aztertzen ari naizen berdintasunaren ikuspegi horretan eredu baten barruko ekonomia eta botere borrokari baino ez zaio begiratu, eta, gainera, espiritualtasun eta etika oro desagerrarazi eta eredu haren atzean gordetzen diren balioak ezkutatzea ezinbestekoa zenez gero, gure begien aurrean emakumeak eta gizonak bereizten dituen generoa, sexua, alde biologikoa baino ez da jarri. Emakumea gizonarekin berdindu nahi izan da, ez alderantziz, ez ezarritako eredutik at. Eta bien arteko harremanak aurrez aurreko lehia bilakatu dira. Horrela, ez da arraroa egungo emakumeek eta gizonok geure nortasuna eraikitzeko, geure sexua bizitzeko eta harremanak eraikitzeko hainbeste zailtasun izatea. Emakumeek -eta gizonok- moralak ezarritako ereduaren edo interes ekonomikoak ezarritako bidearen artean hautatu behar dute. Ez daukate modurik euren bidea, euren eredua, euren baitatik eraikitzeko. Ezkerreko ideologia “progresista” eta “iraultzailea”k erakutsi die naturak ezarritako “kateak” hautsi eta moral klerikalari aurre egin behar diotela, horretarako gizonak borrokatuz eta gizon bilakatuz. Moral kristauak erakutsi die gizonaren atseginerako eta Jainkoaren borondatea betez seme-alabak ekartzeko makina bat direla. Dirudienez, ez dago beste eredurik. Eta eredu biak gizarte patriarkal matxista berberak eraiki ditu, kasu bietan, emakumeen balio etiko eta pertsonalak eta haien balizko gizarte ereduak gutxietsiz.

Euren gorputza bizitzeko modua ere su biren artean dago. Alde batetik, gizonen gutiziarako zaindu behar dute gorputza, haien desiren arabera moldatu, edertasun kontzeptu jakin bati erantzun. Bestetik, eder sentitzeari, seduzitzeko gogoari uko egin behar diotela agintzen zaie, gizonekin mesfidatiak izan, bestela haien mendeko izango direlakoan. Batzuek eta besteek erabaki dute emakumeak ez direla gai zer nahi eta behar duten erabakitzeko; besteek interpretatu behar dute beti zer sentitu behar duten eta zelan ulertu behar dituzten euren gorputza, euren gogoa, euren libidoa, gizonek haiekiko dituzten portaerak… Harremanak feministek ezarri duten bezala ulertzen ez badituzte, kolonizatuta daudelako eta jakin gabe ere matxistak direlako da. Publizitateak erakusten dituen emakumeak bezalakoak ez badira edo gizarteak ezarritako interesak eta jarduerak bilatzen ez badituzte, ez dira bizitzan ezer izango, ez dute arrakastarik lortuko.

Zoritxarrez, Esperanza Aguirreren hitzak -ez berak ematen dien zentzuan, zalantza barik- Acratosaurioarenak bezain egiazkoak dira. Moral kristauak ama eta emazte fin eta saiatuak izateko eskatzen die, seme-alabak izatera bultzatzen ditu -eta abortua, haren aurka agertu baina ordain dezaketen familia aberatsen pribilegio hipokrita da-. Baina erlijio feministak, Estatuaren egungo premiak, “askatasun” ekonomikoaren alde eta gizonen pareko jarduteko edozer sakrifikatzeko gertu nahi ditu; langile, ama edo bikote baino lehenago; dirua maitasunaren aurretik. Gozamena, atsegina, zoriontasuna, gainera, derrigorrez bilatu beharrekoak dira, ulertzeko modu bakarra dute eta ez daude erantzukizunari lotuta, oinarria eskubideak direlako, eta ez betebeharrak. Horrela, zaila da pentsatzea emakumeei erabakitzeko askatasun handirik geratzen zaiela. Gizonezkooi ere geratzen ez zaigun bezalaxe, baina maila larriagoan. Hala sentitu duelako ama izan eta soldatapeko izateari uko egin dionak -agian, besterik gabe, enpresa baten morroi bilakatzeko asmorik izan ez duelako- hamaika azalpen eman beharko dizkie besteei eta bere buruari bere erabakia “zuritzeko”, batez ere bere burua aurrerakoi, ezkertiar eta iraultzailetzat badu. Oso bitxia da, seme-alabak izan dituztenean, haiek haztearren, euren sormen lanari uko egin eta idaztea beste une baterako utzi duten zenbait gizon idazle ezagutu ditut azken urteotan -eta ahalke barik adierazten dute seme-alabok euren zoriona direla-, aurrerakoiak eta ezkertiarrak haiek denak, kontzientzia handikoak eta, beharbada, euren erabakia hartu duten gizonak direlako, eta ez emakumeak, ez dakit inork esan dien seme-alabak, bikotekidea eta etxea kateatzen dituzten oztopoak direla eta ez lioketela euren pasioari uko egin behar mendeko bizitza bat izateko. Jakin nahi nuke zer entzungo zuten emakumeak izan balira…

Esandakoaren eredu ezin hobea da publizitate kapitalista. Seguruenik, jende askok izango du gogoan frankismoaren garaiko etxetresna elektriko marka ezagun baten zuri-beltzeko iragarkia. Han, garai hartako estilo apaineko klase ertaineko emakume eder batek larritasun eta itxaropenez begiratzen zion, zutik eta atzetik, berak prestatutako oilaskoa jaten zuen senarrari, garai hartako pelikuletako galai frankista horietako bat. Senarrak plateraren gozoa laudatzen zuenean, emazteak arnasa hartu eta berekiko ziotson sukalde modernoari, eskerroneko: <<Zenbat ordu zoriontsu emango didazun>>. Garai hartako matxismoaren paradigma da iragarkia. Baina duela pare bat urte, Txilen, feminismo instituzionalaren paradigma den iragarki ezin matxistagoa ikustea tokatu zitzaidan. Matxismo atzerakoiaren eta feminismo patriarkal aurrerakoiaren uztarketa perfektua. Aurrekoaren bertsio modernoa baino ez zen, azken finean. Kasu honetan ere, etxetresna elektriko marka ospetsua zen iragarlea. Emakume gazte, eder -gure garaiko edertasun ereduaren arabera, esan nahi baita-, lirain, bizi eta modernoa zen protagonista, klase ertainekoa hura ere. Harro zioskun bera, aldi berean, chef -etxeko sukaldari-, psikologo -ama-, hizkuntza aditua -ama berriz, haurrei etxeko-lanetan laguntzen-, ez dakit zer arlotako langile -bulego moderno batean ageri zen-… eta ez dakit zenbat gauza gehiago zela. Guztietan irribarretsu, fresko, neke aztarna barik. Hori dela-eta, honakoa haren buruari ziotsona: <<Harro nago super-emakumea izateagatik>>. Eta elektrotresnei esker, “askeagoa” ei zen. Uste dut super-emakume horrekin pozik bizi zen gizona ere ageri zen non edo non. “Super-emakumeen” marka farandulako programa batean ere iragartzen zuen haren aurkezleetako batek, bera ere emakume eder, moderno eta “emantzipatua”. Azken finean, hamaika lan eta bosti lotuta egonda, gizona baino gehiago dela erakusten ei du eta muturreko esplotazio horrek harrotasun eta pozerako zioa behar du, antza.

Ondorioak atera nahi badira, honakoa esango nuke: berdintasun mota guztien alde nago, baina berdintasuna askatasunean baino ez da posible. Askatasunak baldintza bat behar du, ordea: aukera guztiak maila berean egotea. Hortaz, gizarte eredu patriarkal batean, Estatua eta kapitalismoa nagusi diren bitartean, emakumeen eta gizonen -eta, oro har, gizakien- arteko benetako berdintasuna ezinezkoa da, balio eskala gizonek (gizon batzuek, gutxiengoak, eliteak) ezarri duten sistema batean, ez dagoelako aukera berdintasunik nork bere balio eskalaren arabera hautatzeko. Arrakasta ekonomikoa eta boterea balio gorenak diren gizartean, ezin dut askatasunez hautatu nire lehentasuna soldata lortzea eta lanean gora egitea den, ala sari bakarra maitasuna izango duen jarduera batean jardutea. Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna baino askoz gehiago behar dugu: gizaki guztien arteko aukera berdintasuna. Lehen batez ere emakumeek egiten zituzten lanak eta eginkizunak, hala nola haurrak, gurasoak, gaixoak zaintzea, etxea txukun edukitzea eta otorduak prestatzea -ahaztu barik horiek baino askoz gehiago ere egin dituztela beti, batez ere beti egon diren emakume nekazari eta langileek-, eta maitasunez eta ordainik eskatu gabe egiten diren jarduera guztiak, maitatzen eta balioesten ikasi bagenu, emakumeei zerbait irakasteko aukera eman bagenie, soldatapeko lana baino hobetsiko genituzke haiek denak, beharbada, eta zamatzat hartu beharrean, gustura egin geure haiek guztiak. Orduan bai, aukera legoke, berdintasunez, askatasunez eta doktrinamendurik gabe hautatzeko, emakumeek eta gizonok, ama edo aita izan nahi dugun -edo ez dugun izan nahi-, zer lan egin nahi dugun, zein diren gure lehentasunak, zelan eta norekin bizi nahi dugun gure sexualtasuna, zer eta zertarako ikasi nahi dugun… Bestela esanda, gure denbora zertan, norekin eta zertarako erabili nahi dugun eta gure emetasuna edo gizontasuna -edo biak- zelan bizi nahi ditugun hautatzeko askatasuna. Baina sistemarentzat arriskutsua litzateke, seguruenik bai emakumeek bai gizonok ohartuko ginatekeelako egiten ditugun -sistemak behar dituen- gauza gehienak ez ditugula egin nahi eta ez dutela merezi, kontsumitzen ditugun produktu gehienak ez ditugula behar eta kalte egiten digutela guri eta gu parte garen inguruneari, eta posible dela beste balio eskaletan oinarritutako gizarteak eraikitzea, hasieratik berdintasunean eta adostasunez eraikitakoak. Indarkeriak ere askoz leku txikiagoa izango luke, eta sistemarena ere ez genuke onartuko.

Bukatzeko, beste zerbait argitu nahi dut. Beharbada, testua irakurrita, uler daiteke nire ustez patriarkatuak ezarritako prozesu guztietan, iraganekoetan zein azken mendeotako bultzada berrian, emakumeak biktima eta objektu pasibo hutsak izan direla. Hori egitea berriz ere diskurtso neo-matxistarekin bat egitea litzateke, eta errealitatetik kanpo kokatuko ninduke. Ez. Gauzak aldatzeko onartu behar dugu patriarkatuaren ezarpenean emakumeek gizonek beste egin dutela. Alde batetik, era aktiboan, patriarkatuaren oinarri izan den esplotazioari eta rol banaketari emakume askok etekin handia atera diotelako, piramidearen goiko erpinean egonda, itzalean zein agerian. Neo-matxismoaren bultzatzaile eta onuradunen artean, noski, ez dira emakumeak falta. Bestetik, era pasiboan, sistema patriarkala zuzenean bultzatu ez arren, emakume asko, gizon asko bezala, oso eroso sentitu direlako. Honetan ere La Boétieren Borondatezko morrontzaren diskurtsoak esanahi osoa hartzen du. Gutxiengo batek gehiengoa menderatzeko derrigorrezkoa da gehiengoa menderatuta bizitzeko prest agertzea. Pasibotasuna, askatasunari uko egitea, gizatasuna galarazten badigu ere, oso tentagarria da, bizitza errazten zaigulako. Azkenik, garai guztietan, ez dira gutxi izan sistema patriarkalari aurre egin dioten emakumeak -eta gizonak-, estrategia batzuk edo besteak erabilita, hura saboteatzeko modu asko erabili direlako -armak hartzea modu bat baino ez da, eta gehienetan ez da eraginkorrena izan aldaketa sakonak lortzeko-, eta haietan emakumeak ere protagonista izan dira. Beraz, patriarkatua -eta hark sortutako Eliza, Estatua eta Kapitala- menderatzeko eta gizartea errotik aldatzeko bidean, ez dut uste gizonen eta emakumeen borrokak daudenik, eta banaketa horrek emakumeak eta gizonak ahuldu baino ez gaitu egiten. Gizaki guztiak emantzipatzeko borroka bakarra da, gizaki guztiok batera, aukera berdintasunez eta estrategiak eta helburuak adostuta, egin beharrekoa. Hori horrela ulertzen badugu, urrats handia emango dugu emakumeen emantzipaziorako eta benetako berdintasunerako bidean, emakume emantzipaturik gabe ez baitago gizon emantzipaturik, beltz emantzipaturik gabe zuri emantzipaturik ez dagoen bezala, edo homosexual emantzipaturik gabe heterosexual emantzipaturik ez dagoen bezala. Nire benetako askatasuna beste guztiak ere aske direnean baino ezin da gauzatu. Besteen kateek neu ere lotzen naute. La Boétiek ere argi ikusi zuenez, herria lotzeko darabilen tiraniaren kateak tiranoa bera lotzen du herria beste. Inoiz txakurrik paseatu baduzue, erraz ulertuko duzue. Txakurrari heltzen dion eta mugimenduak mugatzen dizkion uhalak geuri ere heltzen digu eta mugimenduak murrizten dizkigu. Uhaletik askatu nahi badugu, hari jaregin eta txakurra askatzea dugu irtenbide bakarra. Tiranoaren egoera tragikoagoa da, txakurraren kasuan ez bezala, hark jakin baitaki kateari jareginez gero herri askea ez dela haren eskua miazkatzera itzuliko, haren lepoaren bila baizik.

Paradigmak elkarrekin birdefinitzen hasi behar genuke, ezta?

Ezker monarkia zalea eta Estatuaren apologia (kateak berritzen)

Posted in Anarkismoa, Euskal Herria, Gizartea, Oroimen historikoa, Politika with tags , , , , , , on 2012/01/15 by aselluzarraga

2012. urtean sartu gara, batzuentzat, munduaren bukaeraren urtea. Iragarpen apokaliptikoak alde batera utzita, ordea, euskaldun eta espainiar batzuentzat atzera begiratzeko urtea ere bada. Batzuek, mundu ikuskera oso bat betiko lurperatzeko jarritako lehen harriaren bigarren mendeurrena ospatuko dute, eta herrian zeuden demokraziaren azken apurrak betiko deuseztatuz Estatu liberal kapitalista modernoaren lehen garaipen ideologikoa laudatu, 1812ko Cadizko konstituzioa, alegia. Besteek, negar egingo diote 1512an galdutako erresuma zaharrari, Nafarroako erresumari. Batzuk zein besteak bat etorriko dira puntu batean: nazio-estatuaren gurtzan.

Lehenengoen logika guztiz ulergarria da, askatasunean sinesten dugunok gogotik borrokatu beharrekoa izan arren. Espainia bakar, handi eta askearen defendatzaile sutsuak dira, eta konstituzio hura haien ideologiaren garaipenaren ikur nagusietakoa da. Bigarrenen logika, ordea, ulergaitzagoa da, benetan bitxia. Izan ere, azken boladan gero eta gehiago entzun dira, eta are gehiago entzungo dira, Nafarroako erresumaren diskurtso apologistak, norengandik eta euren burua ezkertiartzat duten zenbait euskaldunengandik. Neurri batean ulertzen dut, bolada labur batez, aspaldi, neuri ere eragin zidan historiaren irakurketa partzial horren lilurak. Bigarren efemeride horri helduko diot testu honetan, beraz, Nafarroako erresuma nostalgiaz goraipatzen dugunean, zer aldarrikatzen dugun argitzeko. Testu honen neurriak eta asmo xumeak laburbildu eta sinpletzea eskatzen didate, eta eztabaidarako eta ideiak gehiago garatzeko heldulekua baino ez du izan nahi.

Nafarroako erresumaren minez bizi direnen arabera, hura izan zen euskal Estatua, gure askatasunen oinarri eta egungo Euskal Herriaren independentziaren aldeko argudio nagusi. Horrela, gogora beste lelo badaezpadako batzuk dakarzkigutenak irakurriko ditugu han edo hemen, hala nola “Euskal Herria bat eta bakarra”. Halakoek ezin dute herrien independentzia Estatu barik aditu, ez zaie buruan sartzen. Euren burua guztiz euskalduntzat izanda, ez dira ohartzen pentsaera kolonizatuta daukatela, mundu ikuskera arrotzek ekarritako moldeak errepikatzea amesten dutela, hain maite dituzten jatorrizko euskal herriak mespretxatuz.

Berez, bitxia da XXI. mendean bere burua ezkertiartzat, are marxistatzat daukan inork monarkia baten alde egitea. Ulertu behar dugu hegoaldean 1512an galdu ei zen monarkia gure edo orduko euskaldunen askatasunen euskarria zela? Monarkiari “euskal” izenondoa jarrita koroa baleko bihurtzen dugula? Okerra, ikusiko dugunez, bikoitza da. Alde batetik, koroa, monarkia agertze bera, herri askatasunak lurperatzeko lehen harria izan zen, euskaldunek independentzia edo hautazko interdependentzia galtzeko lehen kolpea. Bestetik, ordurako monarkia hark ezer gutxi zeukan euskaldunetik. Monarkia frantsesa zen eta, neurri handi batean, frankoen onerako agintzen zuen, euskaldunen kaltetan.

Zein da Nafarroako erresumaren jatorria? Historiografiari apur bat begiratuta, ikusiko dugu haren sorlekua Iruña dela, garai hartako Pompaelus, eta hala, hastapenetan, Pompaelo, Pamplona edo Iruñeko erresuma esango diote. Orduko Iruñeak zerikusi gutxi zeukan euskaldunen askatasunekin, ohiturekin eta kulturarekin. Erromatarrek sortu edo birsortutako hiria izanda, haien legeen eta ikusmoldeen arabera antolatutako hiria zen. Frankoek ere euren nortasuna emango zioten, baita bisigodoek ere. Eta kultura horien gizarte antolamendu hierarkiko eta klasistari eta izaera militarrari zor zion haien klase banaketak bultzatutako oligarkia militar bat bertan errotzea. Lehen erregetzat dugunak, Eneko Aritzak, Banu Qasitarren bultzadari esker eratu zuen bere erresuma, karolingiarrei aurre egiteko. Banu Qasitarrak musulman bihurtutakoak ziren, jatorriz beharbada erromatar-hispanoak, beharbada bisigodoak. Euskaldunak, ez dirudi.

Edozelan ere, zer ekarri zien erresumak mendi eta haranetan aske bizi ziren euskaldunei? Errege baten mendeko bihurtzea, horrek dauzkan ondorio guztiekin. Aurrerantzean, herri demokrazia, udaletako herri-batzarretan gauzatzen zena, etengabeko tentsioan egongo zen beti Erregearen botere nahiarekin, herriaren independentzia atzera eginez, urtetik urtera. Inposaketa horrek argudio nagusia izango zuen: indar militarra.

Ordura arte euskaldunen artean horizontalak ziren harremanak bertikaltzen joan ziren, eta monarkia izan zen bidea kristautasuna ere erlijio ofizial bihurtzeko, lehenagoko mundu ikuskera paganoa, jatorrizkoa, legez kanpo jarrita. Baita latina eta hizkuntza erromantzeak nobleen artean ofizial bihurtu zituen erakundea ere.

Euskal Herriak Estatu bihurtzea kalterako baino ez zen izan euskaldunentzat. Herri demokrazia (errepikakorra da, baina gaur egun, demokrazia hitza hain ustelduta dagoenean, behar ez liratekeen adjektiboak jarri behar dizkiogu, egungo diktadura partitokratikoetatik bereizteko) etengabeko mehatxupean geldituko zen, gero eta gehiago, herriak berak bere buruari emandako gobernu sistema barik, Erregeak (edo Jaunak), “eskuzabaltasunez”, emandako pribilegio edo oparitzat hartuta. Batzar Nagusiak eurak, maiz erabiliko ziren oligarkien interesen alde eta herrien aurka. Adibide argia da, garai batean, Bizkaiko Batzar Nagusien legeak haietan ordezkaritza izateko herriek gazteleraz zekien norbait bidaltzera derrigortzea. Horrela, erdaldunik ez zeukaten herri asko ahotsik gabe gelditu ziren luzaroan, lege hori atzera botatzea lortu zen arte. Ez da kasualitatea foru zaharrak eta berriak hain berandu eta erromantzez idatziak izatea. Ordurako, bazegoen tokian tokiko elite bate herriaren nahia bere interesen arabera berrinterpretatu eta interpretazio hori idatziz jasotzeko. Euskaldunek idatzizkoari (kontratuak, legeak zein literatura izan) zioten mesfidantza oso osasungarria eta zuhurra zen, bai horixe. Bestalde, gaur egungo lurralde erakundeei Batzar Nagusiak esateak txantxa iluna dirudi. Garai batekoek gorde zuten sen demokratiko apurretik izena baino ez dute gorde, haiek ere alderdi interesen aldeko borrokarako esparru bihurtuz, haiek ere frantses iraultzak ezarritako diktadura parlamentarioaren kopia hutsa.

Edozein ikuspegitatik begiratuta, Estatu egiturak sortzea izan zen herrien independentzia murrizteko lehen kolpea, eta erresumak eta jaurerriak, egitura hierarkiko eta zentralizatzaileak sortzea hartu behar genuke euskaldunen independentzia galeraren abiapuntu, 1512a baino askoz lehenago.

Bestetik, bertsio ofizialak diosku Nafarroako erresumak galtzea euskal Estatua galtzea ekarri zuela baina, benetan zen euskal Estatua 1512an “galdu” zena?

Ordurako, Bizkaiko oligarkiak aspaldi zuen erabakia euren Jauna Gaztelako errege bihurtzea, ezkontza bitartez. Gipuzkoa eta Arabako gehiena ere Gaztelaren eskuetan zegoen, lurralde bakoitzeko Estatu buruzagiek erabakita edo okupazio militarraren bidez. Ordurako, foruak errespetatzearen truke, Lapurdiko erakundeek ere Frantzia osatzea erabakia zuten, eta Baiona militarki konkistatua zen. Zuberoa ere militarki okupatua zen. Eta geratzen zen Nafarroako erresuma horretan nork agintzen zuen? Aspaldi, Ximena dinastiaren azkena hil ondoren, Frantziatik ekarria izan zen monarkia berria, Xanpaina familiakoa. Hori XIII. mendean gertatu zen. Alegia, XIII. mendetik, Nafarroako erresuma frantses dinastia biren eskuetan egon zen, Xanpaina familiarenean hasieran, Foix familiarenean gero, tarte labur batez, Frantziako eta Gaztelako erregeen artean partekatuta egonda. Hori zen euskal Estatua? Izan ere, 1512ko konkistaren ostean euskal Estatu “askearekin” zer gertatu zen ikustea baino ez daukagu, monarkiak zer ekarri zuen argi ikusteko: 1589an, konkista ospetsuaren 77 urte ondoren, Nafarroako erregeak Frantziako errege bihurtzea onartu zuen, ezkontza bitartez, horretarako katoliko bihurtuz, eta hurrengo mendean haren ondorengoak koroa biak bat egitea erabaki. Beharbada, Gaztelak Nafarroa konkistatu ez balu, egun frantsesak lirateke nafar guztiak, “euren” erregeari esker. Eta ez da harritzekoa, “nafar” errege horien jatorriari erreparatuta. Azken finean, frantses jatorrikoak ziren, ezta?

Bestetik, gogoratu behar da erresumaren “galera” Nafarroako monarkiaren abarotan loditutako handikien arteko norgehiagokak bultzatu edo erraztu zuela, neurri handi batean. Herrien interesekin zerikusirik ez zeukaten agramondarren eta beamondarren arteko liskarrek zabaldu zizkioten ateak konkistari. Euskal Estatuan, Euskal monarkian, boterea eskuratzeko lehiak, azpijokoak eta ustelkeriak beste edozein monarkia zein Estatutan zeuden eta dauden berberak ziren. Eusko labelak ez zituen ez herrikoiago, ez duinago, ez zintzoago, ez demokratikoago, ez eskuzabalago bihurtu.

Eta hainbat ezkertiar historia horri begira jartzen dira euskal Estatua aldarrikatzeko, monarkia bat goraipatzeko. Haiek ere, handikien, oligarkien, tiranoen erabakiei begira jartzen dira, haien arabera irakurtzen dute herrien historia. Horrek azaltzen du kanpotik ekarritako beste diktadura mota bat ere, alderdi politikoen eta legebiltzarren bidezkoa, ontzat ematea.

Euskal Herriek, ordea, beste historia bati begiratu behar liokete, jauntxoek, eliteek, apaizek, nobleek eta burgesek idatzi nahi izan ez duten historiari, ahal izan duten neurrian ezabatu eta ahaztarazi nahi izan duten behekoen historiari. Herrien historiari, alegia, herri horietan, sarean, borondatez eta horizontalki antolatutako herri burujabeetan baino ez dagoelako benetako independentzia baterako edo, zehatzagoak izateko, hautazko interdependentzia baterako giltza. Estatu guztiek, frantses, gaztelar, espainol zein euskal estatu izan, herrien askatasuna, autoantolakuntza, auzolana eta jabetza komunala suntsitzeko baino ez dute lan egin, euren sorreratik beretik. Monarkia zale berriek, Estatu apologista berriek, ezkertiar izatea zer den aztertu behar lukete. Pentsatu behar lukete, euskal Estatua aldarrikatzen dutenean, Estatuak dakarren guztia, hots, euskal armada, euskal atzerritartasun legeak, euskal polizia, euskal kartzelak, euskal errepresioa, euskal kapitalismoa… ere eskatzen dituzten. Tirania monarkiko bat zuritzeko prest daudela ikusita, beldur naiz benetan hori dena zuritzeko prest ez ote dauden, aurretik “euskal” ipinita autoritarismoa ere eder eta desiragarri bihurtuta.

Aurtengo mendeurrenetan zerbait aldarrikatu behar badugu, Estatu ororen desagerpena eta herrien burujabetasuna aldarrika ditzagun, eta bidea egin Euskal Herriek banakako zein taldeko askatasuna eskura dezaten. Izenda ditzagun Estatuak, monarkiak eta konstituzioak oro herrien etsai, herrien azpiratzaile. Udalbiltza, esaterako, eredu interesgarria izan zitekeen, alderdi interesetatik kanpo antolatutako benetako herri-batzarren koordinazio erakundea izan balitz, demokrazia zuzenaren isla, burujabetza de facto baten bidean, baina tamalez, horretatik oso urrun geratu zen, botere borrokaren baitako beste eszenatoki bat bihurtuz. Behetik gorako ereduen lurperatzaile izan diren goitik beherako sistemak aldarrikatzeak ez dio askatasunari mesede handirik egingo.

Libertariook erantzukizun historikoa dugu, Estatu ororen aurrean, benetako herrigintza bultzatzeko, eta urte egokian gaude horretan buru-belarri jarduteko. Jose Mari Esparzak bere liburuan erakutsi digunez, historian Euskal Herriak jaso dituzten hainbat mapa egon dira, hainbat politika eta administrazio ikuspegi eta interes jaso dituztenak. Bada garaia goikoen eta garaileen erabakietatik harago, euskal herriek, euskal herritarrek, egun gure herrietan bizi diren biztanle guztiek borondatez, burujabetasunez, askatasunez, behetik eratutako mapa marraztu dezaten.

(Castellano)

Zer gertatzen da Kolonbian? – ¿Qué sucede en Colombia?

Posted in Ekonomia, Errepresioa, Gizartea, Politika with tags , , , , , , , , , , , , , , , on 2010/03/22 by aselluzarraga

Latinoamerikako egoerarik larrienetakoa, hain zuzen ere. Horregatik, “eman ta zabal zazu”.

La imagen del Terrorismo de Estado en Colombia: ayuda a difundirla. Rompamos el silencio que sustenta al genocidio!

El Terrorismo de Estado en Colombia ha desaparecido a más de 50.000 personas, ha desplazado de sus tierras a más de 4,5 millones de personas, mediante sus militares y su Herramienta paramilitar.

imagen de Areito, contexto Azalea Robles
www.kaosenlared.net/noticia/imagen-terrorismo-estado-colombia-ayuda-difundirla-rompamos-silencio-s

<!– –>La imagen del Terrorismo de Estado en Colombia: ayuda a difundirla, Rompamos el silencio que sustenta al genocidio!

7.500 presos políticos en Colombia, son completamente invisibilizados por los mass media…. Son sindicalistas, estudiantes, maestros, campesinos, ecologistas, todos ellos del pueblo, encarcelados en su mayoría bajo burdos montajes judiciales y condenados por “terrorismo”… La cantidad de presos políticos en Colombia es escandalosa, y sus condiciones de vida son infrahumanas, ya que el Estado colombiano es unos de los principales Estados torturadores en el mundo (OMCT). Pero la   subvaloración mediática de estos miles de presos políticos, ha domesticado incluso las mentes de personas de “izquierda”, que no los reclaman debidamente.

·                El Terrorismo de Estado en Colombia ha desaparecido a más de 50.000 personas(1). El Terror Estatal ha desplazado de sus tierras a más de 4,5 millones de personas, mediante sus militares y su Herramienta paramilitar, así ha ofertado las tierras vacías de habitantes y reivindicaciones a las multinacionales y al agro-industrial.

La CIA mantiene al criminal Estado colombiano(mediante planes sistemáticos de exterminio de la oposición, como el plan “LASO” o el plan “Baile Rojo”); la oligarquía colombiana y las multinacionales tienen a ese Estado como su instrumento para viabilizar el saqueo, acallando resistencias y reivindicaciones sociales; y el dinero del narcotráfico es co-gestionado por la oligarquía paramilitar de Colombia y la CIA…con ese ingreso financian las masacres contra la población colombiana (porque además del dinero público de los impuestos del pueblo, hacen falta sumas rápidas en ciertas operaciones del Terrorismo de Estado, y la gestión del narco da esos réditos). La CIA a su vez, usa los dineros del narco para financiar sus operaciones encubiertas contra los demás pueblos que busquen liberarse: golpes de estado (el caso más reciente siendo Honduras), desestabilización y financiación de paramilitarismo contra el proceso de emancipación de Venezuela, paramilitarismo contra la resistencia en Honduras, reactivación de terror paramilitar en Perú(particularmente en las zonas de alto interés para las empresas mineras),inyección de Maras y estructuras destinadas a la desintegración social en Centro-América, coordinadas en Guatemala por las sanguinarias PAC de Ríos Montt, etc.

Ayuda a denunciar al Terrorismo de Estado en Colombia, que perpetúa el genocidio contra el pueblo, gracias al silencio y a su mascarada de “democracia”.

Notas:

(1) Terrorismo de Estado, 50.000 desaparecidos en Colombia: http://justiciaypazcolombia.com/50-000-personas-desaparecidas-en

Azalea Robles en Kaos en la Red

Zer da jabetza? Anarkismoaren abiapuntua

Posted in Anarkismoa, Liburuak with tags , , , , , on 2009/10/19 by aselluzarraga

Egun honako galderari erantzun behar banio: zer da esklabotza? eta berba gutxitan: hilketa da, erantzungo banu, nire ustea, zalantza barik, ulertuko litzateke. Ez nuke arrazoibide handirik beharko gizakiari pentsamendua, borondatea, nortasuna kentzeko eskubidea bizi eta herioko eskubidea dela eta gizakia jopu bihurtzea hura hiltzea dela frogatzeko. Zergatik, beraz, ezin diot zer da jabetza? galderari zehatz-mehatz: jabetza lapurreta da erantzun, ulertuko ez zaidala seguru egon gabe, bigarren adierazpen hori lehenengoaren aldaketa hutsa baino izan ez arren?

Gure gobernuaren eta gure erakundeen oinarria bera, jabetza, eztabaidatzea erabaki dut: nire eskubidea da. Nire ikerketatatik aterako den ondorioan oker naiteke: nire eskubidea da. Laket dut nire liburuko azken gogoeta lehen orrialdean kokatzea: hori ere nire eskubidea da.

Egile batek irakasten du jabetza eskubide zibila dela, okupaziotik jaioa eta legeak berretsia; beste batek defendatzen du eskubide naturala dela, haren iturria lana dela; eta doktrina hain aurkako horiek onartuak eta txalotuak dira. Nire ustez ez lanak, ez okupazioak, ez legeak, ezin dute jabetza sortu, hura egilerik gabeko egina baita. Zentsuratuko naute horregatik? Zenbat iruzkin eragingo dute holako adierazpenek?

Jabetza lapurreta da! Horra hor 93.eko ordara jotzea! Iraultzen matxinada istilutsua!…

Horrela hasten da Pierre Joseph Proudhonen Zer da jabetza? liburua. Hasiera probokatzaile bezai argi eta zorrotza. Hori da anarkismoaren jaiotza, liburu horretantxe erabili baitzuen frantsesak “anarkista” hitza lehen aldiz bere ideologia definitzeko. Eta ezin zuen bere hasieran hobeto asmatu. Estatua bera kolokan jartzeko jaio zen ideologiak bete-betean asmatu baitzuen oraindik ere denok kateatzen gaituen munstro horri eusten dion oinarria jotzen. Estatua jabetza (batez ere pribatua, Estatu kapitalisten kasuan, eta Estatuarena berarena, Estatuko sozialismoetan) babesteko tresna nagusia baino ez da. Jabetza da haren funtsa eta jabetzaren defentsa da zentzua ematen dion oinarri bakarra. Estatua, eskubide guztien aurretik (askatasun, berdintasun, segurtasun… eskubideen aurretik), jabetza babesten duen boterea delako.

Ez ditut hemen Proudhonek darabiltzan argudioak errepikatuko. Besterik gabe, esango dut anarkismoaren aitak zuzenbidetik zein ekonomiatik jabetzaren alde erabilitako argudio guztiei heldu eta banan-banan deuseztatu zituela, hasieran adierazitakoa, jabetza lapurreta dela, argi utziz. Historian jabetza zelan eta noren “eskubideak” defendatzeko sortu zen begiratzea baino ez dago. Zelan izan daiteke unibertsala pribilegiatu batzuek baino ez daukaten eskubidea, oinordetzan, meriturik gabe ere, ematen edo ukatzen zaiguna, eta, besteak beste, askatasuna, berdintasuna eta segurtasuna (justizia bera) ukatzen dituena.

Bestalde, liburu honetan ideia jaio baino ez dela egin senti daiteke, indartsu jaio bazen ere, eta Proudhonen esanak batzuetan jainkoaren ideia kendu ezinik eta matxismoak jota aurkitzen ditugu. Zorionez, horietan ere Proudhonek jabetzari buruz bezain ausart jokatu zuten beste batzuk etorri ziren anarkismoaren aitaren okerrak zuzentzera, Bakunin bera lehena. Hori baita anarkismoak daukan beste alde onetako bat: dogmatismo orotatik urrun, egile bakoitzak gogoko duena hartu eta okertzat daukana baztertu egiten du, ideia osatu, aberastu, hobetu, ezer bukatutzat jo barik.

Zoritxarrez, oraindik ez dauzkagu holako liburu ezinbestekoak euskaraz. Beharbada, egunen batean gure hizkuntzako apalategiak anarkismoak emandako testu ederrekin aberastuko dira. Bitartean, erederetara jo beharko dugu.

Duela 36 urte

Posted in Anarkismoa, Politika with tags , , , , , , on 2009/10/14 by aselluzarraga

Dorre bikien iruzurrak oraindik bonbardatzen gaituen bitartean (mila aldiz errepikatzen den gezurra egia bilakatzen dela dioen taktika zaharrari jarraituz), Txilen Pinocheten estatu kolpea gogoratzen da gaur (gogoratu bai, ez ospatu). Txileko hirietan borroka eguna da gaur askorentzat, oraindik ere diktadura faxista horren ondorioek bizirik dirautelako.

(2009-9-11)

Derrigorrezko abertzaletasuna (urtean bi egunez)

Posted in Anarkismoa, Gizartea, Politika with tags , , , , , , , on 2009/10/14 by aselluzarraga

Laster urte erdi beteko dut Txilen, eta oraindik harritzen naiz joera faxisten sustrai sakonak baieztatzen ditudan bakoitzean. Oraingoan urtean bi egunez erakutsi behar den derrigorrezko abertzaletasunak utzi nau aho bete hortz.

Behin legeek konpondu nahi dituztenak baino arazo gehiago sortzen dituztela irakurri nuen (uste dut Malatestak idatzi zuela, baina buruz nabil) eta harrezkero hamaika aldiz egiaztatu dut esaldiaren zuzena, baina Txilen banderei buruz dagoen legeak surrealismora hurbiltzen gaitu (ez surrealismo iraultzailera, zoritxarrez).

Datorren astean, 18an eta 19an, “Fiestas Patrias” deritzeten egunak ospatuko dira, hots, Txilek Estatu gisa independentzia lortu zuenetik mende bi joan direla. Neure buruari galdetzen diot noiz lortuko duten independentzia bera herritarrek, gizateriaren historian Estatuak direlako “independentzia” eskuratzen duten bakarrak. Kontua da, horren harira nire maiteak gaztigatu egin ninduela: egun horietan derrigorrez jarri behar da Txileko bandera etxe guztietan. Bestela, poliziak isuna jarriko dizu. Hots, egun horietan, derrigorrezko abertzaletasuna agintzen du Txileko legediak.

Harritu egin ninduen albisteak, eta hasieratik intsumisioa agindu nion neure buruari. Maputxeei buruz pentsatu nuen gero: haien etxeetara ere joango dira Estatu konkistatzailearen bandera jartzen dutela ziurtatzeko? Imajinatu nuen zer litzatekeen Euskal Herrian Frantziak edo Espainiak euren aberriaren egunean euren banderak jarraraziko balituzte. Euskal etxe guztietako leihoetan Frantzia edo Espainiako banderak imajinatzea ere… Gauza bera aberri egunean ikurriña jartzea derrigorrezkoa balitz, noski. Pentsa zer ez luketen esango batzuek!

Baina surrealismoa ez da bertan bukatzen, ez. Beste xelebrekeria batzuen artean (besteak beste, bandera jartzeko erabili beharreko mastaren kolorea, banderaren kokapen zuzena…), harritu ninduen bigarrena (harritzeko gaitasunik geratzen bazait, behintzat) derrigorrezkotasunari lotuta dagoen debekua: Txileko bandera aberri egun horietan baino ez da jarriko, hots, irailaren 18an eta 19an baino ez. Urteko beste egun guztietan debekatuta geratzen da Txileko bandera leihoetan jartzea. Tira, debekua, behintzat, agindua baino errazago beteko dut. Bada zerbait…

Nik nahiago dut banderei ezezko borobila (borobil barruan A handia daukana) ihardestea.

(2009-9-11)