Gobernu “progreak” inperialismoaren baliabiderik eraginkorrena direnean


Aspertuta naukate sare sozialetan eta hainbeste giro “ezkartiar”etan Latinoamerikako gobernu progre eta ustez anti-inperialistek jasotzen dituzten txaloek eta laudorioek. Egia esan, inperioak ezin zuen modu bikainagorik pentsatu eskualdean ezinbesteko dituen plan guztiak aurrera eramateko. Ez dago modu hobeagorik bestela gizarte erresistentzia handia piztuko luketen proiektuak isilean eta protestarik gabe -edo dagoen protesta apurra, “gorila”tzat hartuta, isilaraziz eta kolpeka erreprimituz, “progre” askoren txalo artean- gauzatzeko.

Latinoamerika, “ipar globalarentzat”  edo “lehen munduarentzat”, hots, Estatu Batuentzat, Europa eta Japoniarentzat, Errusiarentzat eta, orain, gero eta gehiago, Txinarentzat, oinarrizko baliabideen iturri agortezina izan da europarren eskuetan erori zenetik. Harrezkero, denok dakigunez -edo jakin behar genukeenez-, behar ziren jatorrizko herri eta nekazari guztiak indarrez, bolboraz edo, azken boladan, agrokimikoz kanporatuz, esklabo hartuz -edo “langile” bihurtuz, eufemismoa onartzen badugu, edo akabatuz -haiengandik behar zutenaren edo jartzen zuten erresistentziaren arabera-, Latinoamerika ipar hemisferioan behar ziren baliabideak espolioaren bidez lortzeko lur bihurtu zuten: zilarra, urrea, kautxua, kobrea, petrolioa…; kafea, kakaoa, garia, artoa, patata, azukrea, koka… Lurrik emankorrenetan herririk miserableenak, “aurrerabidearen” mesederako, noski. Hori mendebaldeak mendeetan egindako “oparia”, utzitako “ondarea”.

Espolioak ez du etenik izan, eta ez dauka etenik izateko itxurarik. Testuinguru horretan, askok uste dute Venezuelan, Ekuadorren, Bolivian, are Brasilen, Argentinan eta Uruguain -azken horietan inozoenek baino ez, seguruenik- inperialismoari aurre egin eta azkenean, hainbeste menderen ostean, Latinoamerikari burujabetza emango dioten gobernuak daudela egun. Hala ematen du haien monarken hitz sutsuak -demagogia merkea- entzun eta inperioaren itxurazko haserrea ikusten dugunean. Argi dago: antzerkiak emaitza onak eman ditu beti.

Errealitatea, ordea, beste bat da. Larriena, seguruenik, herri horiek guztiek, batere salbuespenik gabe, sinatu duten ituna, IIRSA delakoa. Baten bat Estatu propagandak tronpatuko balu, hemen ikus lezake, esaterako, jatorrizko herriek zer deritzoten AEB, Europa eta Txinatik bultzatutako “integrazio” plan horri. Venezuelako gobernuak herri indigenekin dauzkan gatazketako asko IIRSAri lotutako planen baitan baino ezin dira ulertu. Hala, Venezuelako eta Kolonbiako presidenteak zirenek, Chavezek eta Uribek, ez zuten iritzi oso desberdina plan horren garrantziari buruz…

Orain, testuinguru horretan, Evo Moralesek iragarritako azpiegitura berriaren albistea irakurri dut. Zelako poza! Progre askok, seguruenik, pentsatuko dute ideia ezin hobea dela Amazonia hankaz gora jarri eta kostalde biak lotuko dituen garraiobidea eraikitzea. Bai, marxismoak, oro har, gauza askotan egin du bat ideologia kapitalistarekin, jatorritik, neurri handi batean kapitalismo perfektua lortzeko ezkerreko irakurketa bat baino ez baita, eta muturreko industrializaziorako grina berbera izan baitu beti -salbuespenak salbuespen-. Geneetan daroa. Jakina, azpiegitura suntsitzaile hori askoz hobea izango da Estatu Batuen ordez Txinak eraikitzen baitu. Azken finean, zein da egungo kapitalismorik indartsuena, Txinakoa baizik?

IIRSA Latinoamerikak ipar globalarentzat ekoitzi behar dituen produktuak azkarrago mugitzeko bidea baino ez da. Izan ere, norentzat ekoizten dute bestela Txile, Argentina, Paraguai, Brasil, Peru… eta abarretako lurjabe aberatsek, indioen hiltzaile pedigridunek? Kubak, bahimenduak bahimendu, ez zion utzi estatu batuarrentzako azukrea eta oro har mendebaldeko erretzaileentzako tabakoa ekoizteari. Boliviak, besteak beste, gero eta kinoa gehiago ekoizten du Europako begano alternatiboek euren kalitate oneko proteina dosia izan dezaten. Argentina lehen munduarentzako transgeniko ekoizle nagusienetako bat da, Cristinaren txaloen artean. Kolonbiak urtez urte bidali ditu mendebaldeko merkatuak behar dituen kafe eta koka dosiak, CIAren babespean… Eta orain, merkatu potentzial izugarriak daukan produktuak, marihuanak, bere ekoizle ofiziala lortu du: Uruguai. Dena, Mujica “jator” eta “anarkista ohia”ri esker. Estatu Batuetako enpresa farmazeutikoak ezin dira zoriontsuagoak izan. Zenbait estatutan marihuana minbizia sendatzeko botikak egiteko legeztatuta zegoen baina… legezko ekoizle eta hornitzailea falta zitzaien. Orain, badaukate, eta egungo negoziorik arrakastatsuenak lasai har dezake arnasa. Sorosek eta Rockefellerrek ez dute patrika alferrik arindu Mujicak behar zuen publizitate kanpaina finantzatzeko, berak aitortu duenez. Monsantok ere lasaiago jarrai dezake marihuana transgenikoari buruzko ikerketak burutzen, non esperimentatu, saldu eta zabaldu baitauka orain.

Itxurazko etsaigoen atzean, munduko gobernu guztiak bat datoz “funtsezko” interes eta ikuspuntuetan. Izan ere, munduko gobernuak tokian tokiko elite militar eta ekonomikoak dira eta, zelan ez dute, bada, elkar ulertuko? Hala, Latinoamerikan beti egongo dira ipar globalak behar dituen gizarte laborategiak, lehengaiak, lurrak emandako luxuzko produktuak, eskulan otzana…, merke-merke, eta orain, estrategia borobiltzeko, ezkerraren txaloen artean. Estatuek ez dute ezer doan oparitzen…

(Castellano)

5 Erantzun to “Gobernu “progreak” inperialismoaren baliabiderik eraginkorrena direnean”

  1. iker Says:

    Kaixo Asel:
    Artikulo interesgarria. Ezkerreko askok Hegoamerikako gobernu progreak txalotzen dituztela esatean, ez al zaizu iruditzen hemen ere “progresistek” “progresoa” txalotzen dutela . Adb: Jende asko dago AHT edo pasaiako superportuarekin erabat kritiko direnak ,baina hain famatuak ez diren proiektuak babesten dituzte (Jakara doan autobidea ez bukatzean pena handia hartu dute eta ea obrak berriz noiz hasiko zain daude. Edo eta Bilduk Gipuzkoan aurrera daraman Deskargako autobide zatia ea noiz bukatu desiatzen dute. Gainera zati honetan AHTko obrak eta autobideko obrak nahastu egiten dira eta izugarrizko txikizioa dago).
    Honekin esan nahi dut naiz eta jende asko egon proiektu puntualen aurka, ia denak nere ustez desarrollistak dira, era batean edo bestean.
    Nik ere, adibidez, fabrika batetan lan egiten dut eta badakit gero eta fabrika gehiago egotea ez dela batere ona. Baina bestetik fabrikak ixteak ere beldur handia ematen dit eta kontradikzio asko sorrarazten dizkit. Oso oso zaila iruditzen zait desarroismoa gelditzea, eta ez multinazional handien presioarengatik, batez ere jendeak gero eta gehiago nahi duelako, nahiz eta oso ekologistak izan.
    Eta azken honen haritik. Lortu ahal izango bagenu lurralde ez desarroista bat sortzea, desarroismoa segitzen duten lurraldeek gurekiko lortuko luketen indar nagusitasunagaitk ez al ligukete erraz zapaldu eta menperatuko? Nik ala ikusten dut eta nahiz eta azken hilabeteetan honi nahiko buelta eman ez det tajuzko erantzunik aurkitzen.

    Agur eta ondo segi!

  2. aselluzarraga Says:

    Aupa Iker. Kontraesanez betetako gaia da, bai, argi dago, eta ez daukat erantzunik. Jende askorekin hitz egin eta, modu berean, badakite euren erosotasuna milioika pertsonaren esplotazioan, esklabotzan, gosean eta heriotzan oinarritzen dena eta, hala ere, gurago dute horrek guztiak horrela izaten jarraitzea haien erosotasunik txikiena galdu baino. Halako gizarte guztiz berekoia eraiki dugu. Dena dela, jende askok, gehienak balira ere, mundu osoaren txikizioa txaloka hartzeak ez du esan nahi denok begi onez ikusi eta “gehiengoaren” gogoarekin bat egin behar dugunik. Badago beste “gehiengo” bat, isilean hiltzen dena, ahotsik ere ez duena. Gehiengo isil horretan, milioika gizakiak dira eta, noski, beldurrezko pelikula honetan hitzik ez duten gainerako izakiak eta lurra bera ere badira. Hala goaz, amildegira zuzenean eta, txarrena dena, irribarrez… Koherentzia erabatekoa guztiontzat ia ezinezkoa izan arren, ahal den neurrian kontraesanei aurre egiten eta mundua aldatzeko deserosoago bizitzen ikasi beharko dugula barneratu beharko dugu, beranduegi ez bada (eta gero eta susmo handiagoa daukat: seguruenik beranduegi da dagoeneko, baina horrek ere ez luke aitzakia izan beharko nork mundu hobe, bidezko eta orekatuagoaren alde egin dezakeena egin dezan).
    Eskerrik asko zure iritzia hemen uzteagatik. Ta urte berri on! (opatzea geratzen zaigu, urte txarrak berez datoz, bata bestearen atzetik XD).

  3. Asier! Interesgarria oso artikulua. Zer pentsatua ematen du. Batez ere desberdin pentsatzekoa. Eta galderak sortzen: zer egin beharko lukete orduan gobernu horiek? Zer egin beharko genuke guk?

    • aselluzarraga Says:

      Eskerrik asko 😉 Egia esan, nik gobernuei ez diet inoiz ezer eskatzen, gobernu guztien aurka nago, ez naiz inoiz nire kateak aukeratu zalea izan. Niretzat bide bakarra behetik guk geure burua antolatzea eta politika herriari itzultzea da. Populismoa, eskumakoa zein ezkerrekoa izan, herria lasaitu eta goikoek nahi dutena lasaiago egiten jarraitzeko modua baino ez da… Bitartean, kontzientzia piztu eta gobernu guztiei mozorroak erantzi, eta oinarritik sortutako gizarte mugimenduetan parte hartu, alderdi logikak hautsiz. Badakit askoz errazagoa dena hori esan edo idaztea egitea baino, baina… 😉

Utzi iruzkina