Drogak -en artxiboa

Erretzea kapitalismoaren banakoikeriaren ikur

Posted in Anarkismoa, Drogak, Ekonomia, Gizartea with tags , , , , , on 2011/01/06 by aselluzarraga

Orain tabakoaren aurkako lege berria indarrean sartu dela, hainbat kexu eta demagogia entzuten dira, negargarriak gehienak, baina kasu batzuetan normaltzat jo daitezkeenak. Normaltzat jo daiteke, esaterako, tabernaria kexu izatea. Azken finean, taberna, bere xumean, enpresa kapitalista da eta kapitalismoak lege bakarra dauka: etekina lortzea, zein ere den hirugarrenei eragindako kaltea. Izan ere, erretzea kontsumismo kapitalistak bultzatutako filosofia ezin hobeto laburbiltzen du. Ideologia kapitalistak “askatasun”, “eskubide” mota bakarra aldarrikatzen du: “neure” askatasuna, “neure” eskubidea. Baina besteak aintzat hartzen ez dituen askatasuna ez da askatasun eta horregatik kapitalismoak, askatasuna aldarrikatzen duenean ere, morrontza mozorrotua baino ez du aldarrikatzen. Zer da, berez, erretzea? Neure buruari plazera eragiten dion banakako ekintza ikasia (irakatsia), urte luzez irudi erabat matxistan oinarritua, gainera, emakumeak, gauzarik makurrenetan ere gizonen pare jartzeko lasterketa zoroan (ulertu gabe bideak kontrakoa behar zuela gauza askotan: gizonok emakumeen pare jarri beste gizarte eredu batean), egun gizonezkoak baino erretzaileago bihurtu dituena, imitazioaren poderioz (gaur, demokrazia femizidaren lorpenik handienetakoa emakume soldadu, emakume polizia, emakume epaile, emakume agintari, hots, eredu patriarkala bere egiten eta betikotzen duten emakume gizonduak ugaltzea izan da). Baina batez ere, neure buruari plazera sortzearekin batera neure burua eta nire jardueran parte hartzera derrigortzen ditudanak kaltetzen dituen ekintza da erretzea. Kapitalismoaren erabateko laburpena: ustezko etekin baten bila kapitalista bera (erretzailea kasu honetan) eta haren ekintzaren ondorioak pairatzen dituzten beste guztiak amildegira eramatea.

Esan legez, normaltzat jo daiteke batzuen haserrealdia, eta normaltzat jo daiteke kapitalismoaren beraren demagogia eredu bera erabiltzea: legeak nire banakako eskubideak murrizten ditu, nire askatasuna ukatzen du (baina hori egin ez duen bitartean legearen alde egin dut). Arraroagoa dena, ordea, urte luzeetan anarkista erretzaile askok logika berari jarraitu izana eta oraindik jarraitzea da. Edozein anarkistak (anarko-kapitalistak alde batera utzita, halakoak ere egon badaudelako) erraz ulertzen du, esaterako, norberaren askatasuna besteen askatasunaren luzapena dela, norberaren askatasuna besteen askatasunean hedatzen dela, ni ez naizela aske besteak aske ez diren bitartean. Besteak ez direla aske nik aske aitortzen ez ditudan bitartean. Horregatik, etorkizuneko gizarte anarkista batean besteak esplotatzea, besteei kalte egitea… ez da eskubide edo askatasuntzat joko, eskubide eta askatasun ukaziotzat baizik. Baina erretzeari buruz hitz egiten dugunean… Halakoetan anarkista erretzaile gehienek (edo nik ezagutu ditudanek, behintzat) anarkismoaren oinarriak ahaztu eta kapitalismoarenei heltzen diete, euren berekoikerian gotortuz eta ustezko askatasunaren demagogia berean babestuz. Zoritxarrez, ez dute euren kabuz hausnarketa sinplea egin, alegia: 1. erretzea kontsumismo eroenaren ikurra da, onurarik ez dakarren, enpresa (mafia) kapitalistarik makurrenak eta Estatua bera lodiarazten, norberaren auto-suntsiketa eta besteena baino ez dakartzan ekintza zentzugabea, publizitate estilorik ustelenaren iruzurra; 2. leku itxi eta publikoetan erretzeak erre nahi ez dutenen hautua ezinezko bihurtzen du, ekintza libertizida, askatasun hiltzailea da, nire ustezko askatasunaren mende jartzen ditu nire inguruko guztien askatasuna, askatasun ukatzailea da; 3. erretzeak berak erretzailearen askatasuna murrizten du, mendekotasuna sortzen duen heinean ez baita bera erretzea hautatzen duena, haren mendekotasuna baizik; 4. erretzeak harreman eredu guztiz bertikala ezartzen du, erretzen duenaren erabakian ez delako besteen adostasunik bilatzen ondorioak besteei ere eragin arren, erretzailea ez erretzaileen gainetik jartzen da harreman hierarkiko batean. Azken finean, erretzaileak berak “askatasunez” (gizartearen, publizitatearen, badaezpadako balioen presioari askatasun esan badakioke…) hautatu duen bizioaren, mendekotasunaren, ahuleziaren mende jartzen du gure inguruneak uzten digun neurrian kerik gabe bizitzea erabaki dugunon nahia, besteen bizioaren, mendekotasunaren, ahuleziaren morroi bihurtzen gaitu. Leku publiko eta itxietan erretzeko askatasuna aldarrikatzea besteak zapaltzeko askatasuna aldarrikatzea baino ez da. Zoritxarrez, begirunerik oinarrizkoena ez da orain arte nahikoa izan. Erretzen ez duenari “erre dezaket?” galdetzea bera hertsadura, txantaje mota bat baino ez baita. Demagun pistola bat daukagula eskuan. Gure lagunari, gure kideari tiro egin diezazuket galdetuko genioke? Eta kasu horretan errazago leukake berak ezetz erantzutea. Baina erretzeko, bestea izorratzeko baimena eskatzeak erantzuna bera baldintzatzen du, bestearen borondatearen zapaltze mota bat da, terminoak aldrebesten dituelako: nik, errez gero, bera zapaltzetik, berak, niri erretzea ukatuz gero, ni zapaltzera pasatzen da, kontzientzian behintzat. Txortan egin nahi ez duela dakigun gizon edo emakume bati txortan egin nahi duen galdetzea bezalakoa da, ukatuz gero estu hutsa, zakil berotzailea-edo dela leporatzeko. Jakina, aukeran hobe hori galdetu gabe bortxatzea baino, hots, galdetu gabe gure kea irenstera derrigortzea baino. Hor ere esan genezake gurekin txortan egin nahi ez dutenek gure sexurako askatasuna ukatzen dutela. Baina txo, bakarka kanpaia jotzea daukazun bezala, bakarka erretzea ere badaukazu!

Beraz, ondo letorkiguke, kapitalismoa, botere harremanak, ezarpenak apurtzeaz hitz egiten dugunean gogoratzea erretzerakoan zer jarrera darabilgun. Esan legez, erretzea, gaur egun, kapitalismoak bultzatutako banakoikeriaren ikurrik handienetakoa da.

(Castellano)

Cannabis, jazarpen ero baten historia

Posted in Anarkismoa, Drogak, Errepresioa, Gizartea with tags , , , , , on 2009/10/14 by aselluzarraga

Orain dela mende bateko anarkistek, Malatestak eta Kropotkinek, besteak beste, argi adierazi zuten maiz, oraindik ere, eta tamalez, jendeak kontrakoa sinistu arren (horrela sinisteko hezten gaituzte, ezta?): legeak konpondu nahi dituen kalteak baino handiagoak sortzen ditu. Horixe da legeak kanabisa dela-eta dakarkiguna. Mendeetan gizarte askotan gurean ardoa bezain arrunta eta kalte txikiagoak sortu dituen landareak zorte txarra dauka gure demokrazietan… Hemen adibide ezin argigarriagoa.

(2009-4-22)

Paco, izua zabaltzeko arma Argentinan

Posted in Anarkismoa, Drogak, Gizartea with tags , , , , , , , on 2009/10/12 by aselluzarraga

Gobernuek, estatuek, konkistatzaileek eta borrero mota guztiek aspalditik erabili dituzte drogak etsaia, arriskutsua izan daitekeena, matxinoa… kontrolatzeko eta kontzientziak lokartzeko. Hala egiten zuten kolonoek indigenei kalitaterik txarreneko alkohola helarazten zietenean, haien gazteen artean (gazteak izan baitira beti arriskutsuenak, moldakaitzenak) alkoholismoa hedatuz. Horrela egin dute Euskal Herrian poliziaren bidez heroina zabalduz, batez ere 80. hamarkadan, eta orain droga sintetikoak eta bestelakoak. Drogen mende daudenak droga horiek kontrolatzen dituztenen mende daude.

Argentinan sistemaren arma horrek “paco” du izena. Kokainaren azken hondakina da, keroseno bezalako substantzia batzuekin nahastua. Haurrak 7-8 urterekin hasten dira kontsumitzen, ohikoa da auzo baztertu eta txirotuetako 12-14 urtekoak hari itsatsita ikustea…, eta 6 hilabete kontsumitzen nahikoa izan daiteke hiltzeko, organismoa guztiz suntsitzen baitu. Pacozaleen bizi itxaropena urte bikoa izaten da.

Biztanleen sektorerik txiroenek hartzen dutela ziurtatzeko, haren prezioa barregarria da. Peso 2 (1€ = 4,40 peso inguru) izatea nahikoa da holako bidaia batean sartzeko. Sortzen dituen ondorioek 5 minutuan behin kontsumitzera daramate. Eta ez dago haren kontsumoaren edo salmenten gaineko batere kontrolik.

Denok dakigunez, holako mendetasunek, txirotasun eta bazterkeriari lotuta, lapurretetara eroan ohi dute, are bortxakeriarik handienera dosi batzuetarako dirua lortzeko, bidaiaren ondorengo infernu psikikoari ihes egiteko etsipenak gidatuta. Eta hortxe dago sistemaren, gobernuaren interesa, hain zuzen ere. Hori da, behintzat, Buenos Airesen egunero bizi den kanpaina: segurtasun falta, herritar “zintzoen” arteko izua, psikosia.

Hona iritsi ginenetik konturatu ginen Argentinako telebistek gai nagusia daukatela: Buenos Aireseko segurtasun falta. Albistegietan nekez ikusiko duzu atzerrik albisterik, baina Buenos Aires ez den beste inongo albisteak ikustea ere zaila da. Argentina, telebistarentzat, Buenos Aires da. Ordubeteko albistegia ikusi eta, Maradonari buruzko edo munduko krisialdi ekonomiaren gaineko berriren bat kenduta, beste guztia politikariei egindako elkarrizketa aspergarri eta amaigabeak edo, batez ere, gertatutako azken “krimenei” buruzko albisteak dira. Kolektibo (autobus) bati eraso egin diotela Palermon (aberatsen auzoan, zelan da posible!), Recoletan (auzorik pijoena!) bortxatzaile bat dabilela eta denak izututa daudela… Telebista ikusita ematen du munduko hiririk arriskutsuenean bizi zarela. Etxean itxita geratzeko gogoa pizten dizu.

Gero, kontuak atera eta, hainbeste milioi biztanle daukan hiri batean, albistegirik garrantzitsuena bada gazte drogatu batek labana atera duela kolektibo batean… Hori bada egun osoko gertaerarik lazgarriena… Horretaz hitz egin nuen lehengo egunean hemengo beste lagun euskaldun batekin. Berak eta biok aspaldian ez dugu telebistarik ikusten, are gutxiago albiste kakatsu horiek, eta gure inpresioa da hiri seguru batean bizi garela. Oinez goaz edonora, gauez ere mugitzen gara, eta ez dugu inoiz arriskurik sentitu. Badugu hemen beste ezagun bat, ordea, bera ere euskalduna, albistegiak irensten dituena, eta munduko hiririk arriskutsuenean bizi dela sentitzen duena. Arriskua ez du kalean ikusi, telebistan baizik. Argi eta garbi, izua zabaltzeko kanpaina baten aurrean gaude, atso eta agure izutuek segurtasun gehiago eska dezaten, kexa daitezen, gaizkileen aurkako amorrua erakuts dezaten.

Buenos Airesen Macri eskuindarra da gobernadorea. Kasualitatez, beste basakeria batzuen artean (plan inmobiliarioen mesedetan gizarte zerbitzuak ematen dituzten erakundeen eraikinak, psikiatrikoren bat… botatzea, besteak beste), haren azken plan nagusia Buenos Airesen polizia talde berria sortzea da, “policía de proximidad” esaten dio berak. Hil hauetan trebatzen ei dihardute, urte berriarekin batera hemengo kaleetan zabaltzen hasteko. Dagoeneko poliziak nonahi ikusten diren hiri batean, beste polizia bat!

Ez da proiektu izar bakarra. Bestea kartzelaratzeko adina jaistea da. “Kriminalak” gero eta gazteagoak direnez, hara Estatuaren erantzuna. Zertarako bilatu gazte horientzako etorkizunik? Ez da hori nahi dena, ez. Pacoak hiltzen ez dituenak… kartzelara! Horrela borobila ixten da txiroen artean. Adin penala laster jaitsiko ei dute. Hori da, behintzat, asmoa, telebistaren bidez saltzen den irtenbidea. Hori da gaztetxo, haur txiroentzat prestatzen duten irtenbidea. Hori da sistema kapitalista gizajalearen betiko formula. Orain haurren txanda da. Zertarako itxaron 18 urte bete arte, askoz lehenago eduki ahal badituzu horma eta alanbre-hesiek ondo inguratuta?

Eta orduan hasten zara ulertzen pacozale gizajoak aldez aurretik neurtutako joko zikin, krudel eta faxista baten pieza ziztrinak baino ez direla. Beharrezko aliatua hirian segurtasun falta sentiarazteko, jendea kezkatzeko, izutzeko… Abantaila handi batekin: zure aliatu koitadu horiek txiroak dira, auzo baztertuetakoak, eta urte gutxiren buruan hilko dira zeuk banatutako drogak hilda, hain zuzen ere. Pobrezia “murrizteko” beste sistema mota bat?

“Zoritxarrez”, drogek ez dute mugarik ezagutzen, eta klase ertaineko gazteen artean ere hasi da paco zorionekoa ziztuan zabaltzen. Agian orain familia burges “zintzo” horiek benetan kezkatzeko arrazoia daukate, haien seme-alabak izango direlako laster hiltzen (eta beharbada lehenago lapurtzen) hasiko direnak.

Badakigu gizarte desberdintasunak borrokatzeko zein arma darabilten Estatuek: kriminalizazioa, drogak eta errepresioa. “Borondate oneko” herritarren laguntzarekin, behin telebistak buruak garbitzeko lana eginda.

(2008-12-11)