aberastasuna -en artxiboa

Bazen behin kontinente bat…

Posted in Ekonomia, Gizartea, Ironia with tags , , , , on 2009/10/11 by aselluzarraga

Bazen behin kontinente nahi legez espoliatu bat. Gizon zuri jakintsuak (honen guztiaren buru gizonak baitzeuden, lorpen handi guztietan bezala) hara joan eta erabaki zuten, erlijio eta kultura aurreratuagoak usaintzen uztearen truke, zilegi zela handik aberastasun guztiak ateratzea, mugak gogoak eman ahala ezartzea, eta premiazkoa zen doako lan-eskua indarrez eramatea itsaso handiaren bestaldean aurkitutako lur konkistatu berrietara.

Ordaina, horixe bera: zibilizazioa. Eta gosea eta miseria gorria ere

bai, bide batez. Egun batean kontinente espoliatu hartakoek erabaki zuten, gizon zuri jakintsuek garatzen uzten ez bazieten, agian lor zezaketela gosez ez hiltzea gizon haien lurretara joanda. Baina gizon zuri jakintsuari ez zitzaion ideia gustatu, eta alarma guztiak piztu ziren kontinente txiki eta aurreratuenean. “Neurriak hartu” agindu zieten kontinente espoliatuko gobernuei, “zuen txiroak zuen etxean ustel daitezen guri buruhausterik , gure etxean sartzeko”.

Baina goseak ez ditu ulertzen gizon zuri jakintsuaren arrazoi pisuak eta tematia da. Horregatik, ipuin hau ez da bukatu, hasi besterik ez. Agian gizon txuri jakintsuak, txiro horiek goseak akabatzen ez uzteaz gain, berak ere apur bat txiroago izan beharko duela ulertzen duenean hasiko da bukatzen. Beharbada lehenago eta ezer ulertzeko astirik izan aurretik…

(2006-9-5)

Advertisements