Ongi etorri, Eztabai!


Jaiotzen garenetik, etsaiak asmatutako teknologiek inguratuta bizi gara, eta haietara ohitzen gaituzte, gure onerako direlakoan, gure askatasuna handitzen dutelakoan. Haietako bat dugu Internet, armadak aspaldi sortutakoa eta munduko gobernu guztiek herritarrak gero eta zorrotzago kontrolatzeko hasieratik eta etengabe erabilia. Komunikazioaren ameskerian bizi gara, ‘informazioaren gizartean’, doktrina modernoak barnerarazi nahi izan digunaren arabera. Inkomunikazioaren, desinformazioaren, intoxikazioaren, doktrinamenduaren eta gizagabetzearen gizartean, zintzoak izateko.

Kontrol, manipulazio masibo eta errepresiorako sortutako tresna horiei mozorroa kentzen diegunean, bide bi baino ez zaizkigu geratzen: haietatik ihes egin eta Estatuen kontroletik kanpo dauden geure tresnak asmatu, edo ahal dugun neurrian tresna horien izaera kaltegarria murriztu eta geure alde baliatzea. Beharbada, geure buruari iruzur egitea da pentsatzea teknologiak inoiz neutroak izango direla eta Estatu aparatuek asmo zehatz batekin sortu zutenari buelta eman ahalko diogula, baina guztiz amore emateak ere ez lituzke haiek desagerraraziko eta erabateko garaipena emango lioke sistemari, eremu horretan, bederen. Horregatik, agian, jarrerarik zentzuzkoena ahal dugun neurri xumean gure xedeetarako erabiltzea izan daiteke, ahalik eta gutxien eta helburu oso zehatzekin baino ez bada ere, sistemak uzten dituen arrakalak inoiz handitzeko itxaropenez.

Gure helburuetarako tresna mugatuak eta gehien bat gure aurka erabiliak direla ahazten ez badugu, etekina ere atera diezaiekegu teknologiari eta Interneti. Bide horretatik, garrantzitsua da inkomunikazioaren garaiotan geure artean komunikatuta eta maila xume batean koordinatuta egoteko tresna bateratuak eskura izatea. Baita sistemak isilarazi nahi dituen ahotsak, ideiak, jarrerak, jarduerak… komunikazio hesitik aterarazi eta hedatzea ere. Asmo horrekin sortu da Eztabai webgunea, gizarte mugimenduek Euskal Herrietan egiten dituzten jarduerak, publikoki jakinaraz daitezkeenak, behintzat, bildu eta edonorentzat eskuragarri bihurtzeko “leiho” berria. Diskurtso menderatzaile nagusiari bere lurraldean bertan hozka egiteko jaio da Eztabai, beraz, informazio gune bateratu eta zabala, euskal lurretan kapitalismoaren eta faxismoaren aurkako gerran mugitzen diren fronte guztien ahotsen bozgorailua izan nahian. Zoritxarrez, sistemaren estrategia ondo hausnartuak barnerarazi digun ildotik, espezializazio garaietan bizi gara, eta gure borrokak ere zatikakoak dira sarritan, esparru jakin bati mugatuak. Horixe interesatzen zaie gobernuei, hola dihardugun bitartean ez baitugu inoiz sistema bere osotasunean eta erroetatik koloka jarriko. Horregatik, ez da alferreko ahalegina fronte guztiak bateratzea eta elkarren berri izateko tokia ere eskura izatea, kapitalismoaren eta faxismoaren aurkako gerra bakarra dagoela bistatik ez galtzeko. Gerra horretan dihardugunon betebeharra da orain tresna berriari erabilera zentzudun eta arduratsua ematea, ahaztu barik, jakina, elkarrekin topatzeko esparrua eta Estatuen aurkako borroka-zelaia kalean, auzoetan, herrietan, kartzeletan, okupetan, geure asanblada eta topaguneetan… daudela. Nork bere banderari eusteak baino premia larriagoa du borroka orokor horrek. Konplizitateak eta esfortzuak saretzeko bide horretan, ondo etorri, Eztabai!

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: