Sistemaren aldeko ekologia eta giza eta gizarte aztarnak


(Castellano)

Zalantzarik gabe, azken hamarkadetan ekologismoak eragin handia izan du bizi garen mundu sistemaren bilakaeran. Sistemak berak bere egin du diskurtso ekologista, aspaldi -guk gehienok baino askoz lehenago-, eta kapitalismo berdearen eta Estatu politika ekologisten baitan txertatu du. Hola, Europan, esaterako, denok ikasi dugu papera eta kartoia ontzi urdinera botatzen, beira berdera, ontziak horira, eta Euskal Herrietan, hondatzen zaizkigun elektrotresnak Garbiguneetara eroaten. Gure etxeak kontsumo txikiko bonbillaz bete dira eta gutako askok geure poltsak eta motxilak eroaten ditugu erosketetara, plastiko eta, hola, petrolio gutxiago kontsumitzeko. Eta azken urteotan, gertuko produktuek ur aztarna txikiagoa uzten dutela ikasi, eta nekazaritza ekologikoaren negozioak elikatzen hasi gara, osatzen dugun elite ekonomikoarentzat eskuragarri dauden kalitate hobeko produktuak hautatzeko aukera eman zaigula. Greenpeace-k konbentzitu gaitu baleak salbatu behar direla, eta barru-barruan ulertu dugu lurrak mugak dauzkala eta gure kontsumo erritmo zoroan gorriak ikusiko ditugula laster. Buruko mapetan marraztu zaigun premia gorriak bultzatuta, desazkunde taldeak eta trantsizioko hiriak hasi dira ugaltzen.

Esan dudan bezala, ekologismoaren diskurtsoa bere egiten lehenetakoak gobernuak eta enpresak izan dira. Baina bakearekin bezala gertatu da. Egun, eskoletako doktrinamendu unibertsalari esker, haur guztiak dira gai gerren aurka argi egoteko… armadak eurak zalantzan jarri barik. Izan ere, eskolako itxurazko bakezaletasunak funtzio jakin bat dauka, eta ez da Estatuen oinarria, armada, alegia, ezertan ukitzea, hain zuzen ere. Gauza bera gertatzen da nagusi den ekologismoarekin. Helburu nagusia dauka: munduan dauden baliabide naturalak iraunaraztea, gu bizi garen bitartean, behintzat, urriegi bihur ez daitezen, sistemaren oinarriak -giza esplotazio orokorra eta bakan batzuen etengabeko etekin ekonomikoa- ukitu barik. Ekologismo horrek espezie bakarra utzi behar izan du bere kezketatik kanpo: gizakia bera.

Hola, azken boladan, iparralde globalean gutako askok ikasi dugu kontsumitzen ditugun produktuen ur aztarna edo aztarna ekologikoa zer diren, eta progreenek, ekologiarekin batera ongizateaz gehien arduratzen direnek, oso kontuan hartuko dute -batzuetan- erosiko dutenak zer ur aztarna eta zer aztarna ekologiko uzten dituen, bere denda solidariorik gogokoenean ondo hautatzeko. Baina ongizatearen Estatuarekin gertatzen den bezala, ekologismoak giza dimentsioa ezkutatu digu. Izan ere, bai Ongizatearen Estatuaren alde egiten dugunean, bai gure kontsumoari kontzientzia ekologikoa aplikatzen diogunean, geurekoikeria da pizgarri nagusia, berba politen atzean ezkutatu arren. Non geratu da, ordea, gizaekologia?

Eduardo Galeanok ere, oro har, diskurtso progre itxuraz erradikal berari jarraitzen dio, eta ezkertiar asko bezala, sistema osoak baino gehiago, kudeatzeko moduak kezkatzen du, baina hala ere, batzuetan ondorio egokietara iristen da. Hala, Latinoamerikako zain irekiak liburuan, esaterako, oso argi azaldu du errealitate ukaezin bat: eskualde geografiko batzuetan naturak eskainitako aberastasunak bertan bizi diren giza taldeen kondena eta txirotasun eta gose iturri bihurtu dira. Izan ere, kontsumitzen ditugun produktuek, ur aztarna bezala, giza eta gizarte aztarnak ere uzten dituzte. Zergatik ez ditugu haiek neurtzen? Azken finean, natura baliabideak urriak direlako eta haien urritasunak koloka jar dezakeelako nire “ongizatea” -egungo doktrina nagusiak hitz horri ematen dion zentzuan-, eta giza baliabideak, ordea, nahi adina daude; are gehiago, ondo ikasita daukagu dagoeneko gizaki gehiegi garela lur txiki honetan -herri gainpopulatuenak hegoalde globalean ez badaude ere, irakasten zaigunaren kontra- eta, beraz, urrun gertatzen direnak urrun gera daitezela, horri esker, goizero, azukredun kafesnea hartzea badaukat.

Zer gertatuko litzateke, ordea, giza eta gizarte aztarnak kontuan hartuko bagenitu? Konturatuko ginatekeela, Eduardo Galeanok liburu berean ondo azaldu duenez -horri badaezpadako interpretazioa eman arren, maiz-, herri batzuetan, gure etxeetan kafe, te, kakao, tabako, arroz, arto, azukre, banana… faltarik ez egoteko, hango herritarrak gosez hiltzen direla, eurek jaten zituzten jatorrizko produktuetarako lurrik geratu ez delako, lurrak gero eta lehor eta pobreagoak direlako -iparralde globaleko agroindustriaren aurrerapenei esker, neurri handi batean-, eta gainera, lur gehienak -europar jatorrizko- lurjabe bakan batzuen eskuetan gelditu direlako -eta euren poltsikoen interesen arabera erabakitzen dute iparralde globalak eskatzen dituen produktuen artean zeini ekin-. Konturatuko ginateke, halaber, gauza horiek guztiak esklabotzan ekoizten direla ekoizten diren kopuruetan, esklaboak ondo porta daitezen CIAk trebatutako talde militar eta paramilitarrek milaka nekazari eta indigena hiltzen dituztela urtero -Argentinan lurjabe batzuek beste teknika batzuk darabiltzate. hala nola nekazarien seme-alabak egun osoan lurreko zuloetan sartuta uztea, arazorik sor ez ditzaten eta gurasoek behar beste lan egin dezaten, txintxo-. Konturatuko ginateke, azken finean, kikara bat kaferen giza prezioa hainbat giza bizi dela, eta gizarte prezioa komunitate osoak suntsitu, desegituratu, akulturatu, txirotu, proletarizatu eta megalopolietako aldirietara bultzatzea dela, merke zabaltzen den drogak hiltzen ez baditu elkar akaba dezaten tiroka -segurtasunaren eta kartzelen negozioak ere bere diskurtsoa elikatu behar du-. Milaka haur esklabok Taiwan, India edo Argentinako tailerretan jositako gure Nike berrietan ez genituzke oinak hain eroso sentituko.

Petrolioa agortu eta gure energia kontsumo neurrigabea -gehien-gehiena industriek irensten dute eta, beraz, gure etxeetan egiten ditugun ahalegin txikien ondorioak ezdeusak dira- elikatu ezinik gelditu eta gure erosotasunari agur esan beharko diogun beldur, beharbada, auto elektrikoak, hidrogeno edo biodiesel bidezkoak bultzatuko ditugu; kapitalismo berdeari zintzo jarraituz, herritar eredugarriak izango gara. Baina zer gertatuko litzateke berriz ere giza eta gizarte aztarnei erreparatuko bagenie? Gure poz ekologikoa pikutara joango litzatekeela berriz ere. Lehenengo aukerari dagokionez, elektrizitatea ez da ezerezetik sortzen, oraindik ere, asko mineral fosiletatik dator, eta hori ezean, kapitalismo berdearen diskurtsoak energia nuklearra saldu nahi izan digu berriz -ondo zihoan kontua Fukushimakoa gertatu arte-, gure mendiak errota erraldoiek inbaditu bitartean. Mineral fosilei erreparatuz gero -baita errotak eta eguzki-panelak eraikitzeko behar diren materialen jatorriari erreparatuz gero ere-, energia sortzeko eragiten duten kutsadura itzela alde batera utzita, meategien mundu desatseginean sartu beharko genuke, eremu labainkorregia, eta Europako kapitalismoa ahalbidetu zuen errealitate odoltsura garoatzana. Europak bere jatorrizko kapitala meta zezan zilar eta urre meategiek zenbat milioi indigena irentsi zituzten pentsatzen badugu, Proudhonen berbak -jabetza lapurreta da- berretsi ez ezik, galdera deserosoa egin beharko diogu geure buruari: zenbat bizi irensten dute egungo meategiek, batez ere hegoalde globalean daudenek? Ui, kontuz! Mineralen giza eta gizarte aztarnak neurtuz gero agian zalantza handiak izango ditugu gure hurrengo iPoda, iPada, iPeda eta iCarlya erosteko, haiek eta gure ezinbesteko ordenagailuak egiteko behar diren mineralen artean dagoelako urre berria, herri txirotu askoren azkenaurreko kondena. Bestalde, ur aztarnaz arduratzen gara eta… hidrogenoz -urez- dabiltzan autoak erabiltzea ez da apur bat kontraesankorra? Jakina, Patagoniak ur erreserba “agortezinak” ditu… Beraz, biodiesela geratzen zaigu. Erabil dezagun landare olioa gure hirietako autobusetan…, pentsatu gabe hura lortzeko behar den koltza ari dela orain Latinoamerikako lurra jan eta jan, sojarekin batera, lehen kafeak, tabakoak, azukreak, kakaoak… eragindako giza eta gizarte hondamendi berbera errepikatuz -eta, hazi transgenikoak lagun, arazoak biderkatuz-.

Bide arriskutsu beretik jarraituz gero, erosten ditugun produktuen giza eta gizarte aztarnak ez ezik, gure Estatuenak ere neurtu behar genituzke. Kalkulua ez da zaila. Neurtu ditzagun Estatu bateko natura baliabideak, bere lurrak ematen dituenak; neurtu ditzagun natura baliabide horiekin ekoizten dituen produktuak; neurtu dezagun haren aberastasun ekonomikoa, batez besteko bizi maila; neurtu ditzagun beste herrietatik hartuta dauzkan kontsumoak -energia, elikagaiak, tresna elektronikoak eta haietarako behar diren lehengaiak, arropa, papera…, nahi den guztia-. Dauzkan aberastasun mailari eta kontsumo mailei berak bere baliabideen bidez sortzen duena kentzen badiogu, bizi maila horri eusteko behar den kanpoko esplotazio eta arpilatze maila aterako zaigu -horri, barruko esplotazio eta arpilatze mailak erantsi behar litzaizkioke, jakina, baina iparralde globaleko herriek hegoaldera eroan dituzte esplotazio mailarik latzenak, barruan nolabaiteko gizarte bakea bermatzeko-. Azken finean, Estatu horrek bere aberastasun mailari eusteko kanpoan uzten dituen giza eta gizarte aztarnak ere neurtu ahalko ditugu. Jakina, hegoalde globaleko Estatuetan maila negatiboa izango dugu, giza eta gizarte aztarnarik handienak euren mugen barruan dauzkatelako. Baina Estatu horiei ere ez die axola, Estatuak eurak, hots, bertako elite armatu eta antolatuak, direlako giza eta gizarte aztarna horietatik zuzenean elikatzen diren lehenak, ahalbidetu dituztenak eta bermatzen dituztenak, eta herritarrak arazoak ematen hasten direnean berehala dauzkate anaia nagusiak prest behar den laguntza militarra emateko, sinbiosi mota oso berezian.

Horrela, oso bitxia egiten zait progreen artean Suedia, Norvegia, Finlandia… hainbeste goresten dituztenean. Han ikusten da sozialdemokraziaren lastozko buztana. Batzuentzat -ezkertiarrentzat batez ere-, arazoa kudeaketari baino ez dagokio. Argi ari da ikusten oraingo krisian. Espainia, Grezia, Italia… gorriak ari dira ikusten, Estatuak ondo kudeatuta ez ei daudelako, neoliberalismoa nagusi ei delako. Horren froga, Europako iparraldeko herriak. Sozialdemokrazia da nagusi haietan, eta krisiak ez ditu horrenbeste kolpatu, ondo ari dira ateratzen, Estatua handia da, ongizate maila are handiagoa, denek ordaintzen dituzte euren zergak zintzo… Diskurtso patetiko horretan kontu formal bat gertatzen da barregarrien, lehenbizi: ezkertiar eta progre horietako batzuek, ikur nagusia Errepublikaren aldarrikapena izanda -¡gora Errepublika! oihu egin berri du Ondarroako Udalak…-, bat-batean, amnesia kolektibo moduko batean, ahaztu dute, Italia eta Grezia Errepublika diren bezala, Norvegia eta Suedia monarkiak direla -baina jakina, monarkia sozialdemokratak…-. Baina aztertzen ari garenera etorrita, zertan oinarritzen da Norvegia, Finlandia eta Suediaren ongizate eredugarri hori? Azter dezagun Eskandinaviako lurrak, urte erdia ilunpetan ematen duten lur izoztu horiek, zertan diren aberats, euren baliabideen bidez zer ekoizten duten, erka dezagun kontsumitzen dutenarekin -esaterako, negu gorriei aurre egiteko behar duten energia kontsumoarekin-, jarrai diezaiogun kontsumitzen dituzten lehengaien jatorriari…, eta konturatuko gara zer giza eta gizarte aztarnak uzten dituen herri sozialdemokrata eredugarri horietako Ongizatearen Estatuak. Kasualitatea ote da ekologistenak ere haiek izatea?

Ekologiak gizaekologia kontuan hartzen ez duen bitartean, Estatuek eta kapitalismoak beharrezko duten beste partxe bat baino ez da izango, egun den bezala, iparralde globalaren interes berekoien morroi. Eta irtenbidea ez dago bidezko merkataritza aldarrikatzen duten Oxfam eta halakoen produktuetan, produktu horiek ekoizten dituzten nekazariak hobeto ordainduta badaude ere, giza eta gizarte aztarnek bertan dirautelako, merkatu logika berari jarraitzen diotelako: herri batzuek, euren herritarrek jateko eta bizirauteko behar dutena ekoitzi beharrean, gure merkatu aberatsek eskatzen dituzten lehengaiak ekoitziko dituzte etengabe. Gizaekologia arriskutsua da, beraz, gogorarazten digulako gure ongizatea urruneko gizarteak -baita gurea ere, batez ere XIX. mendetik hona- guztiz hankaz gora uztean eta egunero milioika gizaki esklabotzara edo, zortea dutenean, heriotzara, kondenatzean oinarritzen dela. Gizaekologia ez da bateragarria kapitalismo edo Estatu berdeekin. Ekologia bere osotasunean, hots, gizakiak ere haren funtsezko elementu direla, hartu nahi badugu, Estatu interesak -mugen barrukoak zein geopolitiko eta geoestrategikoak- eta merkatu interesak, hots, Estatuak eta kapitalismoa, batera desagerrarazteko lan egin behar dugu, etiketa ekologikoa duten poteak erosi eta gure kontsumoen ur aztarna eta aztarna ekologikoa neurtzetik harago.

Advertisements

2 Erantzun to “Sistemaren aldeko ekologia eta giza eta gizarte aztarnak”

  1. iker Says:

    Oso textu ona, bai hau eta bai Felixi buruzkoa. Kritika asko entzun ditut Felixi buruz eta gehienak erabat exajeratuak iruditzen zaizkit, benetan esaten duena kritikatu ordez esaldi sueltoak hartu eta zentzugabeko kritikak egiten dituzte (nere eritziz). Hori bai Felixek erabiltzen duen tonua eta gauzak interpretatzeko sarri komeni zaiona bakarrik erabiltzen du (hau ere nere eritzia da). Baina beste alde batetik asko irakurri dut eta batez ere entzun izan dut Felix azken aldian, eta garrantzitsuena neri gauzak beste perspektiba batetik ikusaraztea izan da.Zure kritika oso oso egokia iruditu zait.
    Ekologiari buruzko kritikarekin ere bat nator. Gaur egungo umeei gerla gorrotatzen ERAKUSTEN zaiela armada kuestionatu gabe esan duzunean, iaz Gernikako bonbardeaketaren urtemugan, jende guztiak bonbardeketen aurka hitz egieten zuten bitartean eta horrelakorik inoiz gehiago gertatu behar ez zela esaten aritu ziren bitartean beraietako askok (pnv, psoe, pp) baimendu eta babesa ematen ari ziren Libiako bonbardeaketa bortitzei. (OTANeko web orrian sartuta garbi jartzen zuten 27.000 hegazkin irteeratik 9.964etan bonbak jaurti zituztela). Hori egitean inori ez zitzaion aurpegia gorritzen eta inork ez zuen hipokresi hau salatzen gure super egunkari, irrati, tb…etan. Horrelako asko eta asko gertatzen dira, baino komentatutako kasu onekin benetan sufritu nuen ezin ulertuz nola neri hain eskandalagarria iruditzen zitzaidana nola inorrek ez zuen ikusten.

    Bueno, nahiko txapa bota det. Zorionak textuengaitik!

  2. aselluzarraga Says:

    Eskerrik asko, Iker, oso adibide ona Gernikako bonbardaketaren harira jarri duzuna, holako hipokrisian bizitzen irakasten digute, bai horixe. Ulertzen dut Felixi buruz diozuna. Niri ere tonua ez zait beti gustatzen, baina oso lan garrantzitsua egiten ari delakoan nago, ezkerrak Estatuari eta oro har historiaren interpretazio bakar bati egiten dien jokoa agerian utziz eta benetako iraultza baterako bidea eraikitzeko oinarri teorikoak, doktrina teorikoen esanetara ez dauden ikuspegi etikoak bilatuz. Doktrinamendu bako pentsamendu askea, norberaren esperientzietatik aterata, sortu behar dugu 😉

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: