Urtebetez amets libertarioak saretzen


Laster, otsailaren 19an, urtebete izango da askok nahi baina gutxik espero genuenaren hazia erein genuenetik. Zarautzen gertatu zen, Putzuzulo Gaztetxean. Zerbait sumatzen zen giroan, urrats bat aurrera egiteko, indarrak batzeko, elkar ezagutzeko gogoa. Segurutik, han bildu ginenon artean nork bere bidea egingo zuen lehenago han agertzeko. Nire aldetik, gogoan ditut aurreko udazkenean Gernikako Gaztetxean antolatu ziren jardunaldiak, anarkismoa eta nazio askapena gai hartuta. Harrituta geratu nintzen Gernikaraino Euskal Herrietako hainbat lekutatik etorritako jende aniztasun hura ikusita. Poz berezia eragin zidan Nafarroatik gurekin bat egiteko ahalegina egin zuten lagun berrien agerpenak. Segurutik, gutako batzuentzat elkarren berri izateko lehen aukera izan zen. Halaber, Zarautzen, Putzuzulo Gaztetxean bertan, handik aste batzuetara bertako CNTk, bere mendeurrenaren karietara, oker ez banago, gai berberaren gainean antolatu zuen solasaldia dut gogoan. Hura izan nuen hango jende jatorra ezagutzeko lehen aukera, iluntze bizi eta aberasgarria emanda. Horregatik, han ezagututako lagun batek Euskal Herrietako libertarioen arteko batzarra egiteko deia zabaldu zigunean, ez nuen zalantzarik egin deialdia zabaltzeko eta hara bertaratzeko. Busturialdeko lagun on batekin joan nintzen eta handik zerk irtengo zuen ez bagenekien ere, sentipen berezia generoan, zirrara moduko bat. Egun hartan bizitakoak, ordea, gure itxaropenik baikorrenak gainditu zituelakoan nago. Bai nireak, behintzat.

2011ko otsailaren 19 hartan laster EHKL (Euskal Herrietako Koordinakunde Libertarioa edo Euskal HerrietaKo Libertarioak) izango zena jaiotzen hasi zen. Batzar luzea izan zen, ideia, kezka, zalantza eta itxaropen asko jarri ziren mahai gainean. Zoruaren gainean esan beharko, Gaztetxeko areto nagusian zelanbaiteko borobil handia osatuta jardun baikegunen, jesarrita batzuk, zutunik besteak. Gehienok elkarren ezezagunak ginen, baina aurpegi ezagunak ere bazeuden, batzuk berriki ezagutuak, besteren bat aspaldikoa baina inondik inora han aurkitzea espero ez nuena. Batzarrak ohiko Estatu muga administratiboak urratu zituen, zorionez. Iparraldetik hegoaldera, Euskal Herrietako inguru gehienetako jendea agertu zen. Euskal Herrietan bizi diren beste zenbait tokitakoak ere bai. Beraz, lehen zeregina elkarren berri izatea zen, gure arteko hastapeneko konfiantza zubiak eraikitzen hasi. Ez geneukan argi zertarako batu ginen, seguruenik, nork bere itxaropenak, usteak, aurreiritziak, beldurrak, asmoak… izango zituen. Baina hala ere, behin-behineko elkartze hartatik asmo komun batzuk zirriborratu ziren: elkar ezagutzeko gogoa zegoen, bakoitzak egiten zuena partekatzeko, sakabanatuta ikusten ziren ekimenak batu, koordinatu edo, gutxienez, elkarren berri izateko, ideia libertarioei Euskal Herrietan leku duina emateko, gizartean parte hartze handiagoa izateko… Handik, hurrengo batzar baterako deialdia atera zen. Ez zen gutxi. Hasitakoa ukiezina zen, lanbrotsua, baina aurrera jarraitzeko, bidea elkarrekin egiten hasteko gogoa ez zen falta. Hori zen gure ondarerik preziatuena.

Esan dudanez, laster joango da lehen urtea hasierako batzar hura egin genuenetik. Eman ditugun urratsak ez dira gutxi, onerako zein txarrerako. Denbora honetan aukera izan dugu gure arteko loturak estutzeko, konfiantza sendotzeko, adiskidetasuna lantzeko. Asmoa ez da inoiz izan inork egiten duen ezeri amore ematea, nork egiten duenari hedapen handiagoa eman eta, ahal den kontuetan, indarrak batu eta ekimen bateratuak bultzatzea baino. Gogoan dauzkat hasiera batean utopikoak ziruditen Euskal Herrietako I. kanpaldi eta jardunaldi libertarioak, udako azken txanpan, Otxandio eta Olaeta artean. Niretzat bereziki hunkigarria izan zen, kanpaldia burutu ziren lurrak atontzeko lanetan, anarkisten artean eta euskaraz jardutea. Ederra jardunaldiek iraun zuten lau egunetan, egunero, ehun lagunetik gora ikustea han, egitarau interesgarriaren inguruan. Gure gabezia batzuk ere agerian geratu ziren, baina hura dena zein azkar eta zein baliabide urrirekin prestatu genuen ikusita, arrakasta itzela. Gogoan dut abstentzio aktiboaren aldeko kanpaina, hura amaitzeko Bilbon egin genuen manifa…  Gogoan ditut bidean aurkitu ditugun zailtasunak ere, astiro doazen ekimenak, ez atzera ez aurrera ibili garen asmoak… Gure ahultasun nagusia: zereginak inorengan eskuordetzeko joera, antolakuntzan ardurak hartzeko zailtasunak. Ez da arraroa. Sakabanatuta geunden eta sakabanaketa horri gutxieneko batasuna ematea ez da egun batetik bestera lortzen den paseotxoa. Hor dago, gure lotsen artean, Nizako 3en aldeko elkartasuna koordinatu eta ikusarazteko ahalegin huts egina, esaterako.

Baina okerrek alde ona daukate: zuzentzeko eta hobetzeko parada. Badakigu, jakin, Euskal Herrietan dauden libertario guztiek ez dutela gure ahalegin honetan parte hartu. Horrek ere pozerako behar luke, oraindik norbanako eta talde asko daudelako hor kanpoan, lanean, zein bere logikatik eta interesen alde, eta hori ere potentziala delako, etorkizunari begira.

Joan den urteak ideia libertarioen gaurkotasuna ere erakutsi digu. Sortu eta sortzen dituen mesfidantza ulergarriak gorabehera, ezin uka M-15 mugimenduak asko zor diela bide eta praktika libertarioei. Egiazko denborako laborategia izan da, neurri handi batean, bere alde on eta txarrekin. EHKLn ere tokia egin diogu gure hausnarketa eta eztabaidetan, eta gutako batzuk bertan egon gara. Munduan sistemarekin gatazkan dauden giza taldeak gero eta ugariagoak dira, eta haietan ekintzaile eta pentsalari anarkistak ez dira falta. Batzuetan, eta agian modu zuhurrena izan daiteke, gehiegi agertu barik, lelo eta ikur identifikagarri barik, herritarrak herritarren artean. Euskal Herrietan bertan une historikoa bizitzeko sentipena oso zabalduta dago, sistema aldatzeko gogoa ere bai. Halako prozesuetan, aukerak beste dira arriskuak, eta libertariook kateei eusten dien esku aldaketa hutsak ez gertatzeko lan egin behar dugu. Estatua eta kapitalismoa maila berean salatzea dagokigu, batzuek, ondo dakigunez, oker guztien sorburua bigarrenean jarriko dutelako, lehenengoan salbazio taula irudikatzen duten bitartean. Euskal Herriek Estaturik gabeko proiektua(k) behar d(it)u(z)te, gure herriak oinarritik, bitartekari barik saretzeko proposamena(k), ekonomia eta politika herriaren eskuetan jartzeko, ordezkeriatik erantzukizunera itzultzeko. Zorionez, halakoak ere ez dira falta, interesgarrienetako bat, zalantza barik, Auzolan ekimena. Asmatu beharko dugu haietan adimenez parte hartzen. Aurten batzuek Nafarroako erresumaren konkistari eman nahi dioten irakurketaren aurrean zeresan handia daukagu. Poztekoa da Iparraldean balizko euskal Estatuaz egiten ari diren lana. Poztekoa EHKL osoak horren inguruan ekimenak antolatzeari eman dion garrantzia.

Zailena, elkarrekin koordinatzeko erabakia hartzea, egin ostean, erronkak ez dira falta. Estatuaren eta kapitalaren erasoak egunetik egunera indartzen doaz. Iraultza agian ez da, batzuek aldarrikatzen dutenez, su festa erraldoi bat, baina borrokari alaitasun dosia ere jarri behar diogu. Balizko garaipenak baino gehiago, bidezko mundu aske baten alde borrokatzen garela jakiteak hauspotu behar gaitu. Urte honetan egin dugunaz jabetzeko hausnarketa egin beharko dugu, are gehiago aurrerantzean dauzkagun erronkei aurre egiteko bideak pentsatzeko. Oraindik gure artera hurreratu ez diren libertarioengana iristen ere asmatu beharko dugu, tokiko ekimenei duten garrantzi osoa aitortuta, horiek denak saretzearen garrantzia eta edertasuna helaraziz, agian. Zer ospatu era badaukagu. Ospa dezagun merezi duen moduan, aurrera jarraitzeko indarrak biltzeko!

(Castellano)

Utzi iruzkina