A20 kanpainiaren desinformazioa argitzen


Hauteskunde ziklo baten aurrean gaude eta, berriz ere, asko dira aukera bakoitzak -alderdi jakinentzako botoa, boto zuria, boto baliogabea edo abstentzioa- esan nahi duenari buruz irakurri eta entzuten diren zalantzak, informazioak eta desinformazioak
Zenbait ildotatik, proposatzen ari den aldaketa desiragarriaren ikuspuntutik, eta egungo egoerara ekarri gaituena berriz nagusitzea inola ere bultzatu nahi ez dela ulertuta, zenbait ahots entzun dira honako aukerak sustatu, argitu edo zehaztu dituztenak, eta haiei helduko diegu:

1. Alderdi txikiei boto ematea.
2. Boto zuria ematea.
3. Boto baliogabea ematea.
4. Abstenitzea.

Objektibotasun ahalik eta handienaz eta , doktrinetatik at, praktikotasunaren eta esanahiaren ikuspegitik azaltzen ahaleginduko gara. Horretarako, lehenago, jesarlekuak banatzerakoan botoak zelan zenbatzen diren ezagutu behar da.

Kongresuko jesarleku kopuru osoa (gauza berak balio du Senaturako, Batzar Nagusietarako, Udaletarako…), %100, alderdi guztien artean banatzen da, zein ere den parte hartze indizea, hots, ez da jesarleku hutsik uzten. Botoa, sistema parlamentarioan, norberak daukan banakako botere zatia da, eta ordezkapen sisteman eskuordetu edo, ez erabiliz, beretzat gordetzea erabaki dezake. Boto baliogabeak ez dira zenbatzen eta, beraz, jesarlekuen banaketa legez emandako boto guztien artean (legezko hautagaitza duten alderdientzako botoak + boto zuriak) egiten da. Legez emandako botoen kopurua hartuta, jesarleku bat lortzeko behar den gutxieneko kopurua ezartzen da. Boto zuriak eta jesarlekua lortzeko gutxieneko boto kopurua lortu ez duten alderdi politikoei emandakoak, D’Hont sistemaren bidez banatzen dira, eta boto gehien jaso duten alderdiei eransten zaizkie, gehien bat irabazleari. Aritmetikoki, horrek ahalbidetu ohi du alderdi batek gehiengo osoa lortzea legez emandako botoen %50 eskuratu beharrik gabe. Parte hartze handia dagoenean, jesarleku bat lortzeko, boto kopuru handiagoa behar da. Aitzitik, parte hartze txikiak jesarleku bat lortzeko behar den boto kopurua murrizten du.

Ikus ditzagun orain arestiko aukerak argibide horien argitara

1. Alderdi txikiei botoa ematea: Aukera honen bidez, egungo egoera aldatu nahi dela oinarri hartuta, ordezkapen sistema onartzen da, bere maila guztietan, hots, norbaitek ordezkatua izan gura da, baina alderdi-bitasuna edo ordezkatuak izan ohi diren alderdiek politika kontrolatzea saihestu nahi da. Zentzu horretan, erabilgarria izan daiteke, bozkatutako alderdiak boto kopuru nahikoa lortzen badu. Bestela, arestian ikusi denez, D’Hont sistemak alderdi irabazleari emango dizkio horietako gehienak, haren abantaila handituta.

2. Boto zuria ematea: Aukera honek esan nahi du ez digula axola nork gobernatuko gaituen, edo inork ez gaituela konbentzitu, baina norbaitek egitea nahi dugula. Praktikan, hitzez hitz, irabazleari txeke zuria ematea da. Parte hartze indizea handitzen du eta, beraz, garestiago jartzen du jesarlekua (alderdi txikiek zailago izango dute tartaren banaketan leku bat lortzea), eta D’Hont sistemaren bidez gehien bat alderdi irabazleari gehitzen zaizkio.

3. Boto baliogabea: Aukera honek esan nahi du aurkeztutako alderdi politiko guztien aurka gaudela, baina hauteskunde sisteman parte hartu nahi dela. Sistemaren funtzionamenduaren aurkako protesta edo zigor modu bat da, osorik zalantzan ipini barik. Abstentzioak bezala, legez emandako botoen artean zenbatzen ez denez gero, merkeago uzten du jesarlekua, eta aukera handiagoa ematen die alderdi txikiei ordezkapena lortzeko.

4. Abstenitzea: Aukera honek esan nahi du ez garela hauteskunde eta parlamentu sistemaren partaide egiten, orokorrean. Prozesuari berari zilegitasuna kentzeko modua da, zein ere den emaitza. Boto baliogabearen kasuan bezala, emaitzan duen ondorioa da, legez emandako botoen proportzioa murrizten duenez, merkeago jartzen dela jesarlekua, eta errazagoa dela alderdi txikiek ordezkapena lortzea. Aukera bien arteko aldea ordezkapen sistemari aitortu nahi zaion zilegitasun maila da.

Bizkaia adibide hartuta, guztira 8 jesarleku banatuko dira bertan (9tik murriztu ziren, lurraldearen demografia murrizketaren ondorioz). Parte hartzea zenbat eta handiagoa, 8 jesarleku horietako bakoitzak boto kopuru handiagoa beharko du, eta parte hartzea zenbat eta txikiagoa, boto kopuru txikiagoa. 2011n, 11 hautagaitza aurkeztu dira. Horrek esan gura du, pentsa litekeen kasurik lehiatuenean, haietako 8k lortuko luketela ordezkapena, bana, alegia. Azken hauteskunde orokorretan, 2008an, Bizkaian 21 alderdi aurkeztu ziren , eta jesarleku horiek hiruren artean banatu ziren: PSE-EE (4), EAJ (3) eta PP (1). Boto zuriak eta gutxienekoa (esan denez, parte hartze handiago edo txikiagoaren arabera aldatuko da) lortu ez duten alderdi politikoek jasotakoak, lurraldean garaipenagatik lehiatzen diren alderdi politikoei gehituko zaizkie, jesarleku gehiago edo gutxiago emanez. Boto zuriak eta abstentzioak dira ezein hautagaitzari gehituko ez zaizkion bakarrak, baina osotasunari eragingo diote.

Orain aukera zurea da, gura dituzun ondorioen, mugitzen zaituenaren eta zure kontzientziak diotsunaren arabera. Zuk baino ezin duzu interpretatu zugan bizi dena. A-20an, eta zure bizitzako egun guztietan, askatasunez, erantzukizunez eta elkartasunez pentsatu, erabaki eta jardun. Informa eta presta zaitez, parte hartu, lagundu eta izan.

Sarean dabilen Anonymousen #OP 20N kanpainari buruzko bideoari dagokionez, honakoa argitu behar da:

Oso polit dago eta zenbait egia dio, baina zer pentsatu asko ematen duten zenbait akats eta ahazte bitxiak dauzka. Hasteko, Konstituzioa eta gizarte bakea, ez ziren hainbeste onartu eskuinaren azpijokoagatik, bideoan berariaz diotenez, ezkerren -PSOE, PCE eta UGT eta CCOO sindikatuak- ekarpen eskuzabalagatik baizik. Multzo politiko-sindikal horrek zelaitu zuen bidea, gogoz hartu zuen parte idazketan, eta sari oparoak jaso zituen neska-mutil zintzoak izateagatik. Filmeko gaiztoak aurkeztarakoan, behin eta berriz aipatzen ditu lau: PSOE, PP, CiU eta EAJ, eta “beste batzuk” ezkutu batean uzten du Estatu mailako botoetan hirugarren indarra dena: IU, besteak bezain partaide egungo politiketan eta askotan “ardura” politikoaren izenean jokatu duena, “egonkortasunaren” alde (haien egonkortasuna, ez gurea). Proposamena egiteko garaian, azterketa alderdikoia eta iruzurgilea da, honakoengatik (eta edonor gonbidatzen dut kontrakoari buruzko datuak ematera): boto zuria eta abstentzioa emaitza beraren baitan aurkezten dira. GEZURRA! Boto zuriak, hala da, alderdi handien alde egiten du, boto zenbakarria delako eta, beraz, legez emandako botoen %an sartzen denez, jesarleku bakoitzak boto kopuru handiagoa behar izatea dakar, garailea indartuz (proportzioz esleitzen dira ordezkapena lortu duten alderdien artean, eta ia osorik doazkio indar garaileari, ordezkapenik lortzen ez duten ALDERDI TXIKIEI emandako botoek bezalaxe, bideoan isiltzen den beste kontu bat). ABSTENTZIOAK, aldiz, boto BALIOGABEAREN ondorio berberak dauzka, zenbaketari begira. Boto BALIOGABEA ez da legez emandako botoetan zenbatzen, eta abstentzioaren ondorio praktiko BERBERA dauka: legez emandako boto portzentaje txikiagoa egonda (legez aurkeztutako alderdientzako botoak gehi boto ZURIAK), jesarleku bat lortzeko boto kopurua txikiagoa da eta, KASU BIETAN (abstentzioa eta baliogabea), alderdi HANDIAK kaltetzen ditu eta aukera gehiago ematen die txikiei. Boto BALIOGANEA, azken finean, botoa denez, botoa emateko, norberaren boterea hauteskundeak irabaziko dituztenengan, zein ere diren, eskuordetzeko ekintzarekin adostasuna adierazten du. Benetako mezua honakoa litzateke: EZ DUT INOR GOGOKO, BAINA SISTEMA HAU NEURE EGITEN DUT ETA, BERAZ, EMAITZA ERRESPETATZEN DUT. ABSTENTZIOAREN mezua, BALIOGABEAren eragin “praktiko” berbera izanda, oso bestelakoa da: EZ DUT SORTU DUZUEN SISTEMA HONETAN PARTE HARTZEN ETA NEURETZAT GORDETZEN DUT NIRE EKINTZA ETA ERABAKI AHALMENA. EZ DUT HAUTESTONTZIEN EMAITZA ONARTZEN, EZ BAITUT NEURE EGITEN.

Anonymousen bideoaren egileek nahi dutela diotena (sistema aldatzea, eta ez hura salbatzea edo ukitu batzuk ematea) benetan nahi balute, ABSTENTZIORAKO dei masiboa egingo zuketen. Onartu egiten dute abstentzio masiboa litzatekeela eraginkorrena sistema baliogabetzeko, baina berehala baztertzen dute ezinezkoa delakoan. Aukera hori gutxiesteko, zurigarri, seguruenik alderdi politikoek eta desinformazio hedabide masiboek erabiliko duten diskurtsoa darabilte; dirudienez, horien iritzia da kontuan hartu behar duguna eta alderdi eta hedabide horiek ez dira gai diskurtso gutxiesle eta manipulatzaile bera beste aukerei buruz, komeniko balitzaie haiek ikusezin bihurtuz edo euren interesen arabera interpretatuz. Ez zatekeen sistemaren baliogabetasuna erakustea egingarriagoa izango, hautua alderdi txikien (lerro artean argi ikusten da zer alderdi “txikiri” begira dauden) eta boto baliogabearen artean sakabanatu beharrean, aukera bakarrean, botorik ez ematean, pilatu balute? Aitortu gabeko arrazoiren batengatik batzuei beldurra ematen die horrek eta M15eko partaide batzuk hastapenetatik garatzen ari diren mugimenduari buruz ohartarazi behar digu: abstentzionistak erakarri eta haien haserrea alderdi “txiki” baterantz bideratzeko maniobra, izena aipatu barik, oso nabarmena izan ez dadin, ea Estatu mailako boto kopuruan hirugarren indarra ez ote den. Drakula odolez elikatu eta hura barik geratzen zaion bakarra bere hilkutxan atseden hartzea den legez, alderdi politikoak, GUZTIAK, eta haien kideak, botoz elikatzen dira, eta haiek barik… ez dugu esan behar zer geratuko litzaiekeen, ezta? Bideoa, erdiko zatiko egiek interesa izanda ere, manipulazio trebea da, hasieran historia kontatzeko eta amaieran aukerak azaltzeko moduari dagokionez. Erne!

Advertisements

Erantzun bat to “A20 kanpainiaren desinformazioa argitzen”

  1. […] esteka hau lau aukerei buruz gehiago […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: