Busturialdeko herri-batzarrak aurrera jarraitzen du


Kostata eta astiro hasi da, baina Busturialdeko herri-batzarrak aurrera jarraitzen du, eskualdera demokrazia deitzea merezi duen bakarra, herriak asanbladetan, horizontalki, buruzagitza eta ordezkaritzarik gabe bere kabuz antolatua, araikitzeko prest, harriz harri. Zure parte hartzea baino ez da falta, zure ideiak eta proposamenak, denon artean kapitalismotik eta Estatutik haragoko Busturialdea eraiki dezagun.

Hona batzarraren adierazpena eta jarduteko oinarriak, partaideen adostasunaren bidez aldaketerara beti zabalik daudenak.

BUSTURIALDEA AZUZOLANEAN

ADIERAZPENA

 Batzar honetan bildutakook honakoak adierazi nahi ditugu:

Testuinguru historikoa

Gaur Gernikan bildu gara herri honek Bizkaiko demokrazia eta askatasun historikoan daukan garrantzia eta sinbolismoa aintzat hartuta. Hemen, arbola honen inguruan batzen ziren Bizkaiko udalerrietako bozeramaileak euren elizpeetako herritarren ahotsa helarazteko. Azken mende biotan Errepublika zein monarkia parlamentarioaren itxurapean, liberalismoak Europako herri gehienetan inoiz egon ziren batzar irekiak desagerrarazi zituen eta gutxiengoaren interes ekonomiko eta politikoen mesedetan diharduten alderdiak demokraziarako ezinbestekoak direla sinetsarazi nahi izan digu; horrekin batera, desamortizazioen mozorropean, lur komunalak desagertu eta jabetza pribatua nagusiarazi ditu. Era berean, herriak Estatu jakin batzuen pean uniformatzeko eta identitate kultural oro oligarkia ekonomikoen interesen arabera moldatzeko prozesuari ere ekin zitzaion, odolez eta printzipio demokratiko guztien aurka. Hau guztia dela eta, herritarrok politika publikoetan parte hartzeko ditugun bitartekoak oso-oso urriak eta eskasak dira.

Hala ere, ez dugu sena galdu eta oroimen historikoa erabat ezabatzea ez dute lortu. Horregatik erabaki dugu Gernikan batzea, Iparragirreren berbak hartuta: “eman ta zabal zazu munduan fruitua”, geure buruarentzat nahi dugun fruitua, askatasuna, munduko herri guztientzat eta neurri berean nahi dugulako, herri guztien arteko parekotasunean eta elkartasunean sinesten dugun heinean. Benetako demokrazia bakarraren sena iratzartzen hasi den honetan, herri batzarren prozesuak atzera ez egiteko eta hari gure ekarpena egiteko konpromisoa hartu dugu. Busturialdeko herritar guztiei, zein ere den haien sexua, adina, arraza, jatorria, ideologia, lanbidea…, herri batzarra osatu eta bertan aktiboki parte hartzera dei egiten diegu. Politika, ekonomia eta justizia bezala, herritar guztion eguneroko eginkizuna da eta zenbait mendez bahitu izan digute. Aldarrikatu nahi dugu ez dugula politiko profesionalen beharrik.

Adierazpena

Gaur Gernikan osatu dugun Batzarra burujabea da, ez dago alderdi politiko, sindikatu, mugimendu, elkarte edo bestelako erakundeen mende, eta norbanako askeek osatzen dute, inoren buruzagitzarik eta ordezkaritzarik onartu gabe. Haren helburua demokrazia berreskuratzea eta bertan eskualdean herritar guztioi sortzen zaizkigun arazo mota guztietarako irtenbideak bilatu eta adostea da. Herritarrok adin nagusikoak gara eta ez dugu inoren tutoretzarik behar. Herri jakintza herritar guztion banakako jakintzaren batuketa baino gehiago, haren biderketa da. Herritar bakoitza teknikaria eta aditua da ezagutzen duen alorrean. Jakintza hori eta elkarlana baino ez ditugu behar dauzkagun eta sortuko zaizkigun arazoei aurre egiteko.

Horretarako batzarretan antolatu gara, funtzionamendu horizontalari jarraituz, eta batzar honek hala erabakita edonoiz alda daitezkeen honako irizpideak adostu ditugu:

1. Osatu dugun batzarra horizontala eta burujabea da, batzarrean bertan eztabaidatu eta onartutako erabakiak baino ez dituela bere egiten.

2. Lehenengoa Gernikan egin bada ere, Busturialdeko edozein herritan egin daiteke, batzarrak berak hala erabakiz gero, eta etorkizunari begira asmoa herri edo auzo bakoitzak bere herri batzar burujabea izatea da. Hala balitz, orain osatu dugun honek eskualdeko guztiak koordinatzeko eta arazo komunak erabakitzeko baino ez luke balio.

3. Batzarrak berak beharrezkotzat jotzen dituen eginkizunak zozketaz banatu eta txandakakoak izango dira, inor kargu batean ez betikotzeko eta bertikaltasun oro saihesteko, denok edozer ikasi eta egiteko gai garela oinarri hartuta. Eginkizun baten ardura hartzen duten pertsonek ez dute euren burua ordezkatuko, batzarraren agindua bete baino, beraz, norberaren iritziak alde batera utzi eta batzarrak erabakitakoa betetzera mugatuko dira, batzarraren izenean diharduten bitartean.

4. Batzarrean edozein herritarrek ekarritako gaiak eztabaidatuko dira, aurreiritzirik , mugarik eta bereizkeriarik gabe, adostutako denbora tartearen barruan.

5. Batzar bakoitzean hurrengoan eztabaidatuko diren gaiak finkatu eta aurrekoan eztabaidatutakoak erabakiko dira. Horrela, arrazoizko tartea utziko da hurrengoan eztabaidatu beharreko gaiei buruzko informazio ahalik eta zabal eta objektiboena lortzeko eta, eztabaidatu ondoren, tarte nahikoa egongo da eta partaide bakoitzak esandakoei buruz bere hausnarketa egiteko. Gai ordenak Busturialdeko herri guztietako leku publikoetan eta interneten jarriko dira herritar guztiek prestatzeko aukera izan dezaten, betiere eskualdeko herritar guztien arteko horizontaltasuna bermatze aldera.

6. Batzarraren helburua Busturialdeko herritarroi eragiten diguten gai guztiak antolatzea eta merkatu eta kapitalismotik kanpoko berdintasuna eta askatasuna bultzatzea da. Horretarako, posible den neurrian, eskualdeko baliabideen kudeaketari, ekoizpenari eta banaketari buruzko erabakiak bere gain hartzen ditu batzarrak, elkar-laguntzan eta auzolanean oinarrituta.

7 Batzarrak askatasun osoa dauka nahi duen batzar guztiekin federatzeko edota koordinatzeko, edozein unetan loturak sortu diren legez askatzeko eskubide osoa beretzat gordez.

8. Batzarraren lan hizkuntza euskera da. Hala ere, mendeotan Busturialdera beste hizkuntza batzuk ere iritsi direla eta iritsiko direla jakitun, batzarretan edozein hizkuntza erabili ahal izateko eskubidea bermatzeko ahalegina egingo da, hizkuntzak komunikaziorako bide eta ez oztopo izan daitezen.

9. Batzarretan Busturialdean bizi den herritar orok parte har dezake, berdintasunez eta inongo mugarik gabe. Hori hala izanda, dei egiten diegu euren burua etorkintzat dutenei bazterrean ez geratu eta denok osatzen dugun jendarte honentzako erabakietan aktiboki parte har dezaten. Horrek denok aberastuko gaitu eta, inor “integratu” barik, jendarte integratua sortzeko aukera emango digu.

10. Batzarrak gatazkak konpontzeko bide baketsuen alde egiten du eta sistemaren egiturazko indarkeriaren aurrean herritarrek bere burua antolatzeko eskubidearen zilegitasuna ere aitortzen du.

11. Batzarrak erabakiak aho batez hartzeko ahalegina egingo du beti baina, gutxiengo batek beto eskubidea ezar ez dezan, batzarrak berak aldez aurretik finkatutako denboraren barruan halakorik lortzen ez denean, gaiaren garrantziaren arabera batzarrak finkatutako gehiengo sinpleak edo gehiengo zabalak erabiliko dira.

12. Hurrengo batzarra egiteko tokia eta data batzar bakoitzean erabakiko da, gaien garrantziaren edo premiaren arabera informazioa biltzeko eta hausnarketarako epeak luzatu edo laburtu daitezkeelarik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: