Nazioari bueltaka


Ez da nazioa maiteen daukadan kontzeptua ez gehien arduratzen nauen eztabaida baina, balizko euskal anarkismoari buruzko zirriborroa idatzi eta etxera itzuli naizenetik, gura baino gehiago tokatu zait gaiari heltzea eta horretaz hausnartzea. Ez dut ukatuko aberasgarria ere badela hainbat anarkistak kontzeptu labainkor horretaz uste dutena entzutea eta neure buruari horretaz pentsaraztea, besteen hitzetan aurkitutakoei tiraka hausnarka ibiltzea. Entzun eta irakurritakoen artean interesgarrienetakoa laster Ekintza Zuzenak Víctor Muñoz txiletarraren artikulua (El Surco hilabetekariaren arduradunetako bat bera), batez ere sinplekeriei ihes egin eta arazoaren konplexutasunari seriotasunez heltzeko ausardia erakutsi duelako bertan; nazioaren gaiari dagokionez anarkismoan maiz falta izan den zerbait, beste gai labainkorretan bezala (indarkeriaren balizko zilegitasuna, izpiritualtasuna, afektibotasunaren adierazpenak…, tabu ez badira ere, sinplekerietatik eta topikoetatik kanpo behar beste eztabaidatzen ez diren gaiak dira, bazterrekoak, bakarkako hausnarketa isiletara kondenatuak sarritan).

Nazioaren gai labainkorrari helduz, beraz, bihoa aurretik, beste gai gehienetan bezalaxe, hemen zirriborratuko ditudan ideiak denak behin-behinekoak direla, azken egunotako gogoeta partekatuek bideratutakoak edo azken egunotan entzun eta irakurritakoei bilatutako behin-behineko erantzun xumeak. Gainera, nire lagun batzuen aldean, ez dut ohiturarik inoren aurreko azterlanak edo idatziak helduleku hartzeko, neure buru mugatuak emandako sasi-erantzunak baizik, dokumentazio lan patxadatsurako nagiegia naiz-eta. Are nagiagoa izenak, datak edo hitzez hitzezko aipuak gogoan gordetzeko.

Neure buruaren gabeziak zurituta, beraz, ahaleginduko naiz anarkista batzuen artean gaiak sortzen dituen mesfidantzak, zalantzak edo aurkako jarreren iturburuak biltzen eta halamoduzko erantzunak ematen.

Alde batetik, batzuentzat nazioa eta Estatua gauza bera dira, hots, Estatu-nazioa, eta anarkismoaren oinarrietako bat Estatua ukatzea izanda, nazioa bera ukatzen dute. Munduan ez dago naziorik, burgesiak Estatuaren sorrera zuritzeko asmatutako kontzeptua da, XIX. mendean sortua, artifiziala, eta gainditu beharrekoa. Nazioak goitik inposatuak dira eta, Estatuen eskuetan, eginkizun homogeneizatzailea daukate. Anarkismoak unibertsaltasuna bilatu behar du eta, beraz, nazioaren kontzeptuari aurka egin. Nortasun kolektibo oro da asmakizuna, batzuen aburuz, eta banakoa baino ez dago. Hala ere, ikuspuntu hori defendatzen duten batzuek, nazioaren ordez, klasea defendatzen dute izaera kolektibo bakar eta nazioaren defentsak eragin dezakeen klaseartekotasuna ikusten dute arrisku handi. Beste batzuek, jatorri artifiziala onartuta, halako zerbait badagoela onartzen dute, baina zalantza handiak sortzen dizkie nazioaz egin daitekeen erabilerak. Nazioa aukeratua izan barik inposatua izatearen aurka agertzen dira, eta, lehen aipatu legez, nazioen aldekoek bilatu ohi duten prozesu homogeneizatzaile artifiziala, bertikala, asmo politikoz, Estatua sortzeko asmoz edo Estatua zuritzeko asmoz bilatutako berdintasuna deitoratzen dute. Azkenik, nazio ideia orok idealizazio prozesu akritikoa izan ohi du, kultura nazionalekotzat jotzen den oro berez ontzat, are beste ohiturak baino hobetzat jotzeko, bizirauteko arrazoia jatorri etniko garbian bilatzeko joera, eta dauzkan ohitura arbuiagarrienak (emakumeen zapalkuntza, homofobia, animalien aurkako tratu txarrak ospakizunetan…) betikotzeko arriskua, kultura ezaugarri ezin utzizkoak balira legez, kulturaren berezko bilakatzeari, bizitasunari uko eginez, horrek nazioa bera arriskuan jarriko duelako ideia zabalduz.

Hel diezaiegun ideia horiei banan banan. Hasteko, Estatua eta nazioa nahasten dutenek sinpletze ikaragarri bezain faltsua egiten dute. Munduan dauden Estatuei begiratzea baino ez dago. Europako Estatuei so eginez gero, ikusiko dugu guztiek hartzen dituztela egitura zentralizatu edo deszentralizatu baten azpian zenbait nazio. Kasu batzuetan, Estatuen izenek (Greziak, adibidez) nazioetako baten nagusitasuna uzten du argi; beste batzuetan (Erresuma Batua litzateke argiena) nazio baten nagusitasuna inorena ez den izen komun baten azpian mozorrotzen dute. Gauza bera esan liteke Espainiari buruz. Espainiar Estatua egon badago, baina ez da sekula espainiar naziorik egon, batzuen irudimenean baino. Ameriketako Estatuei erreparatuta, ordea, zenbait jatorritako kolono europarrek asmatutako herrietan identitate nazional bakarrak azpiratutako herri indigenei dagozkie eta ez dago nazio horiek aintzat hartzen duen edo haietan oinarritzen den Estaturik. Zer nazioren izenean daude sortuta Estatu Batuak, edo Kanada, edo Mexiko, edo Argentina, edo Txile…? Zer esan Afrikan europar kolonialismoak Estatuak asmatzerakoan egindako triskantzaz… Bestalde, mundua Estaturik ez daukaten, inoiz eduki ez duten eta kasu askotan inoiz nahi izan ez duten nazioz beteta dago. Estatuak lur eremu bat, bertako herritarrak eta baliabideak menderatzeko eta finkatutako mugen barruan legezko indarkeriaren monopolioa izateko egitura bertikalak dira eta oso gutxitan datoz bat nazio jakin batekin. Ez dakit holako Estaturik dagoen ere.

Estatuen eta nazioen arteko nahastea alde batera utzita, nazioak dakartzan aipatu arrisku guztiekin bat nator eta neurri batean neure egiten ditut ikuspuntu horietan agertzen diren kezkak. Egia da nazioak, kontzeptu kolektibo guztiek bezala, banakotasuna ezkuta dezakeela eta gizakiaren sorkuntza artifizialtzat jo daitekeela. Baina, era berean, hura bezain egia da antzeko kultura ezaugarriak dauzkaten giza taldeak badaudena, arrazoi batengatik edo besteagatik, gizakia gizaki denetik, giza talde bateko eta ez besteko sentitzeko joera egon dela. Paisaiak, gastronomiak, hondamen naturalek, klimak… giza talde batzuk arazo batzuen eta irtenbide batzuen aurrean jarri dituzte, eta beste batzuk beste batzuen aldean, ohiturak, kosmobisioak, sinesmenak, hizkuntzak, gizarte sistemak… dinamikoki eratuz, eta horrek gutxieneko ezaugarri berdintsuak eman dizkiela giza talde jakin bateko kideei. Horrela, esan daiteke Europan kultura grekoari eta judu-kristauari zor zaizkion ezaugarri komun batzuk daudela, Asiako, Afrikako edo Ameriketako jatorrizko herrien beste ezaugarri batzuekin zerikusi gutxi daukatenak, esate baterako, eta aldi berean, Europako herri edo nazioen artean ezaugarri bereizgarriek ere iraun dutela. Grekoek grekotzat zeukaten euren burua, erromatarrek erromatartzat, egiptoarrek egiptoartzat, galiarrek galiartzat, euskaldunek euskalduntzat…, eta hori burgesak Europan agertu baino askoz lehenagotik dator. Beste horren beste esan daiteke Amerika, Afrika, Asia edo Ozeaniako biztanleei buruz. Beraz, nazioa kontzeptu artifiziala bada ere, badauka gizakien historiak naturalki garatu duen oinarria ere. Bakuninek berak oso ondo azaltzen zuen nazioa gizakiei berez atxikitako ideia dela eta abertzalekeria deitoratzearekin batera, nazio zapaldu guztien aldeko jarrera irmoa aldarrikatzen zuen. Bitxia da, halaber, nazioa sutsuki arbuiatzen duten anarkista espainol batzuek iberismoaren alde egitea. Ez dakit nondik atera den baina oso berezkoa, oso naturala ere ez dirudi kontzeptuak. Zertan datza iberiarra izatea? Bitxia da ultra-eskuindar espainol peto-peto batzuek ere kontzeptu bera erabiltzea gustuko ez dituzten nazioak ukatzeko. Ahaztu nahi genituzkeen garaietako batzuen batasun desiratuaren kirats bera dario, zoritxarrez.

Nazioa, bestalde, ez da taldeko kontzeptu artifizial bakarra, ezta zapalkuntzarako erabil daitekeen bakarra ere. Erlijioa bezalaxe, esaterako, klasea ere gizakiak asmatutako kontzeptua da. Ez da naturak sortutakoa eta ez dago gizaki guztien kontzientzian. Bizimodu eta ekonomia, gizarte eta politika harreman jakin batzuek, botere harremanek eragindako kontzeptua da. Sozialista mota askok klasea ere gizabanakoen arteko desberdintasunak ezabatzeko eta jendea homogeneizatzeko erabili dute. Hala sinistu beharko dugu “burges”, “langile” edo “aristokrata” jaio diren guztiek ezaugarri komunak dauzkatela, beste “klasekoekin” zerikusirik ez dauzkatenak, gainera? Hola balitz, zelan uler liteke Marx eta Engles bezalakoek (goi mailako burgesiako kideak jaiotzez eta hezkuntzaz), Proudhon bezalakoek (euren ideologo nagusiak bere arerioa gutxiesteko erabili zuen jatorri burges txikia darabilte marxista batzuek behin eta berriz anarkistak eta, oro har, eurekin bat ez datozenak erasotzeko, baita inkontzienteki hizkuntza marxista bere egin duten anarkista batzuek ere, euren ildoarekin bat ez datozen beste anarkistak iraintzeko; halakoentzat bekatua, burgestasunean baino gehiago txikitasunean ei dago) edo Bakunin, Kropotkin eta Tosltoi bezalakoek (jatorriz aristokratak hirurak ere) ez zegokien klasearen alde ematea euren bizitzaren onena? Edo langile, soldatapeko diren askok eta askok, gehienek, zoritxarrez, egunero euren jabe kapitalisten alde egitea hautatzeko aukera izan orduko? Klasea ere norberaren baitan dagoen sentipena, egoera, kontzientzia baino ez delako. Azken hamarkadotan lehen munduan ia erabat ezabatuta, nahastuta gelditu den kontzientzia. Eta klasea ere, langileria bera, alderdi jakin batek, tirania luze eta gupidagabea zuritzeko erabili du, defendatzen ei zuen klasea bera zapaltzeko aitzakia. Dena dela, kalseartekotasunaren arriskua onartuta, anarkistoi, hain zuzen ere, nazio inposatuei aurre egiteaz batera, gure nazioko burgesiari ere aurre egitea dagokigu, munduko zapaldu guztiekin naziorik gabeko elkartasunean batu bitartean. Borroka biak izan daitezke bateragarriak eta aldi berekoak. Duela gutxi 20ko hamarkadako testu bat irakurri dut, Japoniak Korea menderatuta zeukan garaietan, korear anarkistek euren argitalpen nagusian argitaratu zutena, eta bertan, japoniar inperialismoa kanporatzeko gerrarako deia eta korear burgesiaren aurkakoa batera aldarrikatu zuten, euren nazioa ukatu barik baina abertzalekeria sen handiz salatuz, eredu oso interesgarria, zalantza barik. Gaur egun, bestalde, “klase” bi bereiziko nituzke nik, zerbait bereiztekotan: esplotazioaren aldekoak (jabe zein soldatapeko, jakitun zein jakin barik, euren ongizatea edo bizirautea besteen esplotazioan zein euren buruarenean oinarritzen dutenak edo hura hala izatea onartzen dutenak) eta esplotazioaren aurkakoak (esplotatzaile zein esplotatu izateari uko egiten diotenak eta esplotazioa bera bukarazi nahi dutenak). Klase erabat heterogeneoak biak ala biak eta, taldeko beste izaera guztiak legez, bereizgarri bakarrak kontzientzia (edo kontzientziarik eza) eta kontzientzia horren aurreko jarrera dauzkatenak. Bestela ere egin liteke, hiru klase bereiziz: agindu nahi dutenak, aginduak izan nahi dutenak eta inolako aginterik nahi ez dutenak Bereizketa, berriz ere, guztiz artifizial eta arbitrarioak eta hamaika kritika eta ñabardura jaso dezaketenak. Taldeko bereizketa guztiak bezala egunen batean suntsituak izateko sortuak.

Azkenik, norberak bere nazioaren izatea onartzeak ez du esan nahi aitortzen zaizkion ezaugarriekin bat egin behar duenik. Anarkiston lanetako bat, hain zuzen ere, gure inguruan errotuta dauden ohitura arbuiagarri guztiak salatzea eta haiek desagerrarazteko, aldatzeko, bilakarazteko kontzientzia sortzea da. Are gerra egitea ere, kasu batzuetan, dauzkagun baliabide guztiekin. Edozein kultura zerbait bizia da, ohiturak asmatu bezala ahazten dira, betikotzat jotzen ditugun gauza asko atzo sortu ziren eta maiz asmo makurrak ezkutatzen dituzte. Jaso dugun kultura ezagutzen dugu, ez guk ondorengoei utziko dieguna, hura gaur bizi garenok eta etorriko direnek sortuko dugulako, eta ondorengoei topatu duguna baino zerbait hobea uztea izan behar da asmoa beti. Nazio guztiak dira etengabeko bilakatze prozesuan dauden errealitate biziak eta tradizioaren izenean inposatu nahi zaigun orori egin behar diogu aurre amesten dugun gizarterako bidean oztopo bada.

Nazioaren arazoa, baina, ez da ukatzeagatik edo saihesteagatik desagertuko, eta kontua da haren aurrean hartzen dugun jarrera.

Niri dagokidanez, nazioa taldeko zapalkuntzaren bati aurre egiteko, aberasgarriak eta egokiak izan daitezkeen kultura ezaugarriek bizirauteko baino ez dut erabilgarri ikusten. Egun Vargas Llosak eta antzeko nazionalista-inperialistek nazionalismoen aurkako diskurtsoa tokiko kultura eta errealitate zapalduak betiko azpiratzeko, ukatzeko, iraintzeko, desagerrarazteko baino ez darabiltenean, uste dut nazioek halakoen nazio “handi”ei aurka egiteko, globalizazioari aurpegi emateko baino ez daukatela zentzua. Horrela ulertuta, anarkismoarentzat nazioak erresistentziarako kontzeptua behar luke, zapalduen arteko elkartasunean oinarritua. Nazio guztiak elkarren parean, berdin, errespetatu sentitzearekin batera zentzua galdu eta desagertu beharrekoa. Eta Estatuen aurkakoa. Elkarren arteko harresi artifizialak eraiki ordez, berdintasun heterogeneoa bilatzeko kontzeptua. Internazionalismoa benetako nazioartekotasuna izateko, erabat alferreko bihurtu arte. Nork bere nazioari uko egiteko askatasuna behar da. Eta horretarako lehenago, denek behar dute euren naziokoak sentitzeko eta nazio inposaturik ez edukitzeko eskubidea.

Bide horretan, anarkista batzuek ikusten dituzten/ditugun arrisku mota batzuk eta besteak ez ditugu inoiz bistatik galdu behar, baina prozesu guztietan legez, arriskuen kontzientzia ez dadila bilaka ezer ez egiteko aitzakia edo egiten den guztiari egurra emateko ohitura antzua. Eta Estatuak eman dion nazioarekin eroso sentitzen diren anarkistek ez dezatela mugatu ezarri zaienarekin deseroso sentitzen direnek zelan jokatu behar duten eta nazioaren arazoaren aurrean hartu beharreko jarrera.

Luzeago idazteko ematen du eta egunotan beste asko izan dira egindako hausnarketak, baina nahi nuen baino luzeago ere idatzi dut. Bukatzeko, beste barik, aipatuko dut Gernikan egin ziren jardunaldietan, nazioari buruzko kezka baino nabarmenago gelditu zela Euskal Herrietan badagoela jendea maite duen lurrean indarrak batzeko eta bide libertarioak bultzatzeko gogoz, gure Euskal Herriak anarkismorantz eraikitzeko gertu. Ez da gutxi!

(Castellano)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: