Posible al da banku greba?


Ez da ezer berria hemen aztertuko dudan aukera (eta azterketa ez da munduko sakonena ere izango); iaz ere, konbentzimendu handirik gabe, aitor dut, lagunarte txikian proposatu nuen, orduan neukan Facebookeko lagun batzuen artean, oker ez banago. Orduko erantzunetatik, besteak beste, argi geratu zitzaidan honako ideiak “lehen munduan” baino ez duela bere benetako ahalmena hartzen, erraz ulertuko denez. Azken boladan CGT abenduaren 21erako kontsumo greba ari da proposatzen. Kontzeptuarekin bat etorrita baina holako ekintza isolatu batek eduki dezakeen eraginkortasunari buruzko zalantzak handiak izanda, mota horretako deialdietan harago joaterik ez ote dagoen nabil bueltaka. Une honetan, gainera, egun jendea gehien mugiarazten duen arloko, hots, futboleko, aurpegi ezagun baten bultzada balia liteke. Izan ere, Eric Cantonáren proposamenak freskatu du nire buruan hona ekarriko dudan ideia.

Uste dut inork gutxik jarriko duela zalantzan kapitalismoaren oinarri eta euskarri nagusiak bankuak direla. Orain, merkatu “libreak” aspaldiko krisialdirik sakonena eragin (edo hori saldu digute, behintzat) eta mundu osoko gobernuek batez ere bankuak salbatzeko jarri beharreko guztia jarri dutenean, horretarako langileei azken urteetako bide sozialdemokrata erreformisten “aurrerapen” apurrak kendu behar izan badizkiete ere, inoiz baino argiago eduki behar genuke gerra honetan haiek aurrera egiteko gu azpiratu behar gaituztela, eta alderantziz, guk aurrera egin nahi badugu haiek azpiratu behar ditugula. Hortaz, zergatik ez zabaldu kontsumo grebarako deialdia nazioarteko banku greba erraldoi batera? Seguruenik ondo hausnartu eta denboraz jokatzeko kontua da baina, posible litzateke euren burua antikapitalistatzat daukaten mundu osoko gizarte mugimendu, sindikatu, elkarte, alderdi… guztiek, edo mendebalde aberastukoek behintzat, horretarako, ez egun bat, aste pare bat finkatzea? Egun interneten bidez inoiz baino errazagoa izan behar luke bat egin lezaketen mugimendu guztiak konektatzea, ideia taldez talde zabaltzea, eta internazionalismoa berba hutsa baino zerbait gehiago dela agertzea.

Mendebalde aberastuaz hitz egiteak badauka bere zergatia. Argentinar lagun batek oso ondo ohartarazi zidanez, herri askotan horretarako prest leudekeen gehienek ez daukate ezer bankuetan, edo hutsaren hurrengoa. Gurean, ordea, onartu behar dugu anarkista gehienok ere daukagula lotura bankuekin, eguneroko bizimoduak irentsarazten dizkigun beste kontraesan askoren artean. Eta gainera, banku horien basatzazko oinei geuk pilatutako aurrezki apurrek eusten diete.

Pentsa dezagun ondo: zer gertatuko litzateke data jakin bat finkatu, demagun abenduaren 21 hori bera edo aipatu albistean proposatu den abenduaren 7a, eta astebeteko epean horretarako prest gauden guztiok bankuetan daukagun dirua aterako bagenu? Batzuek, hasteko, esango didate askorentzat hori ezinezkoa dela, gure Europa burges honetan proletarioenek ere dauzkatelako hainbat faktura -elektrizitatea, telefonoa, hipoteka…- kontu korronte horietan helbideratuta eta, zenbat leudeke gertu zenbaki gorritan geratu eta egoera larriari holako zorrak eransteko arriskuari aurpegi emateko? Beharbada bakoitzak ikusi behar luke, ahaleginean hiltzeko prest ez badago, zenbat litzatekeen utzi beharreko zuhurtziazko kopurua. Baina, bestalde, banku greba horretan hipotekak ordaintzeari uko oldea ere sar liteke. Agian ametsetan baino ez nabil edo kafeak kalte egin dit, baina pentsa dezagun: zer egoera ekonomikotan geldituko lirateke bankuak oso egun gutxitan milaka lagunek euren kontuetan daukaten diru gehiena atera eta gainera hipotekak ordaintzeari uko egingo baliote? Gaitasuna leukakete bat-batean milaka ez ordaintzeri aurre egin eta horiek denak ordainarazteko? Higiezinen merkatua hondoa jota dagoen unean errentagarria, are bideragarria edo desiragarria litzateke bankuentzat etxe horiek guztiak bere egin eta pisu mortu hori salgai jartzea?

Ipin gaitezen emaitzarik onenean, Europatik irten gabe: herri guztietan prest gaudenok deialdiari kasu egin eta oso egun gutxitan milaka euro hasiko ginateke bankuei eskatzen. Ekonomiaz ikasitakoa nahiko ugertuta daukat baina dakidan pixka horren arabera egun mugitzen den diru gehiena ez da materiala, birtuala baizik. Alegia, merkatuan, kontuetan, transakzioetan dagoen dirutik oso gutxi dago paper edo moneta benetan eginda, %10 inguru txarto ez banabil (eta zenbakietarako zelako burua daukadan jakinda seguruenik txarto nabil, baina ideia bat egiteko). Horrek esan nahi du, bankuei gurea den diru guztia edo gehiena eskatuz gero ez legokeela likideziarik eta bankuek ezinezkoa luketela horri erantzutea. Horretarako, derrigorrez, banku zentralek, gurean Europakoak, diru material gehiago sortu behar luke, horrek ekonomian dauzkan ondorioekin. Ez litzateke zaila kapitalismoaren aldekoak ere izuak jota ibiltzea, diru barik gelditzeko beldurrez. Zer egingo lukete bankuek, argentinar gisako “korralito” bat? Izan liteke. Horri espero dituzten hipotekak kenduz gero, bankuen arazo finantzarioak areagotuko lirateke, eta erabakia hartu behar lukete: dirutza gastatu hipoteka ordaintzen ez duten milaka horien hipotekak egikaritzeko, auzitegietara jotzeko…? Horren ondorioz, eta kasurik onenean jarraituz, bankuek, batzuek behintzat, porrot egingo balute, noren ardura litzateke hipotekak ordainaraztea? Agian, eta hau seguruenik ezjakintasunak bultzatutako ameskeria baino ez da, bankuen gatibuak garenok etxeak benetan geure egiteko bidea ere izan liteke. Edozelan ere, kapitalaren aurkako benetako matxinadarako giroa piztu edo, leku batzuetan, areagotzen lagunduko luke. Itota omen dauden gobernuek zer baliabide edukiko lukete bankuak berriz salbatzeko? FMIren mafia eta gobernuentzako mezua, gainera, argia litzateke: zuen burua salbatzeko gure dirua behar duzue eta gu ez gaude zuen eskuetan uzteko gertu, zer eta gure aurka erabil dezazuen.

Kasurik txarrenean, jende gutxik erantzun eta eraginik ez baleuka, aste pare bat pasatuta nahi duenak dirua bankuan berriz jar dezala eta galdutakoa ez litzateke asko. Gihar matxinoa apur bat astintzeko balioko zukeen. Eta kapitalismoa amildegira eramateko prest benetan zenbat gauden, gure benetako indarrak zein diren jakiteko. Porrot eginez gero errua geure buruari baino ezin geniezaioke egotz. Baina saiatzeko prest gaude?

Egitekotan eguna jarri eta serio joka dezagun, etsaiari prestatzeko astirik eman barik baina gu benetan prestatuta egon aurretik presaka eta ondo antolatu gabe jokatzeko arriskuak ere saihestuz.

(Castellano)

Advertisements

Erantzun bat to “Posible al da banku greba?”

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: