Batasuna eta autonomia


(Castellano)

Mugimendu libertarioen baitan ia anarkismoa bera bezain zaharra den eta mugarik errespetatzen ez duen eztabaida bat dago, batasunaren bilaketaren eta banakako eta taldeko askatasun eta autonomia premia osasuntsuaren arteko etengabeko tentsio bat. Ez da nire asmoa formula magikorik ematea, baina hemen agian ekarpenen bat egin dezaketen hausnarketa batzuk utzi nahi ditut. Kasurik txarrenean idatzi edo esaten den beste gauza asko legez hemen ahaztuta geldituko dira. Beren-beregi norbaitek Txile deitzea erabaki zuen lur zati luze honetan mugimendu libertarioek bizi duten unea buruan daukadala idatzi dut, baina seguruenik munduko beste edozein tokitako anarkistek eta libertarioek ere ulertu ahalko dute.

Horretara bultzatu nauen zio nagusia berezkoa bezain osasungarri eta aberasgarria behar lukeen anarkismoaren ikuspegi desberdinen arteko eztabaidak batzuetan hartzen duen deskalifikazio maila da. Gauzatzen ditugun ekintza, logika, taktika, estrategia eta abarri buruz pentsatzen dugunean ez dakit erdietsi beharreko xede bat, emaitza bat edo gutxienez noranzko jakin bateko aurrerapenen bat buruan daukagula egiten dugun. Horrela bada, eta hori litzateke logikoena, beti eduki behar genuke gogoan benetako garrantzia daukana nahi dugun xede hori dela eta ez xede hori lortzearren darabilgun ekintza, logika, taktika edo estrategia bera. Horrela, bigarrenak, ekintzak, taktikak , aldiro ebaluatua, birpentsatua, lagaezintzat, dogmatzat, helburutzat ez jotzera irekita egon behar luke beti. Hortaz, aldaketetara zabalik egon behar luke, denboran estrategia horren bidez lortutako emaitza nahi genuena ez balitz, xedera batere hurbilduko ez bagintu edo are hartatik urrundu edo ezinbestean geldiarazten gaituela ikusiko bagenu. Edonola ere, horrek gutxienez malgutasun handiagoa eman behar liguke teorikoki xede bera bilatzen duten beste talde batzuen ekintzak edo estrategiak baloratzerakoan (eta horixe egin behar genuke, baloratu, epaitu barik, horretarako teorikoki desagerrarazi nahi dugun estamentu bat baitago); izan ere, ulertuko genuke guk geure metodoekin egiten dugun berbera egiten dutela haiek ere eurenekin, dena dagoela kritika eraikitzailera eta, batez ere, autokritikara zabalik, metodoan ez dagoela ezer absoluturik eta estrategiak praktika zehatzean eta denboran baino ez direla egoki edo desegoki agertzen, ez aldez aurretik idatzitako paper edo gidaliburu batean. Metodo batzuk egoera egoki batean erabilgarriak izan daitezkeela eta beste batzuetan, ordea, aurrera baino gehiago atzera eragin dezaketela, oztopoa izan.

Libertario ororen ametsa, gutxi gorabehera eskematikoki esanda, autoritaterik ezean, elkarrekiko laguntzan, kontsentsuan eta horizontaltasunean oinarritutako gizarte errotik desberdina bada, zaila da pentsatzea amets horretarantz  goazela lubaki berean daudenak, beste logika bat erabilita teorikoki xede bera dutenak, gupidagabe iraintzen ditugunean. Gure artean horrela jokatzen badugu, anarkisten arteko adostasuna hain zaila bada, zelan pentsa dezakegu etorkizuneko gizartean egun beste muturreko parametroen arabera bizi direnak gurekin ezer adosteko gai izango direla? Bihotzean daroagun gizarte hori bihotz horretatik bertatik eraiki behar dugu egunero, geure baitan bizi behar dugu. Horrela baino ez da posible bihurtuko eta besteentzat sinesgarria izango. Eta inork ez beza hemen uler nik neuk metodo guztiak, logikak denak, estrategiak oro ontzat ematen ditudanik. Nik ez dut uste helburuak bitartekoak zuritzen dituenik. Baina ez deritzot honi ez lekua ez unea neure jarrera finkatzeko. Nork bere praxiari eta haren emaitzei buruzko gogoeta egin eta horren arabera jokatu behar du, oso urrun nago asmatzeko edo okertzeko, egunero bere burua berrausnartzeko, bere hausnarketaren, ideiak, bizitza eta ekintza sentitzeko moduak ontzearen arabera bide bat edo bestea hartzeko eskubide berbera daukan inoren epaile sentitzetik.

Hori dena esanda, noan itzulinguru gehiagorik gabe heldu gura nion gaira: batasuna eta autonomia. Betiko arazo horri bueltak emanda, nire ikuspuntutik akats ohikoenetako bat gaia aurkakoen arteko kontutzat hartzea da. Batasunak autonomia ezeztatzen duela edo autonomiak batasuna galarazten duela pentsatzea. Uste dut bizi garen unean, bai Latinoamerikan bai Europan, errealitateek oso urrunak eman arren, batasuna inoiz baino beharrezkoagoa dela, hainbat zio direla-eta. Lehenengoa, mendeetan menderatu gaituen ekonomia, politika eta gizarte sistema betiko konorterik gabe utz litekeen une historikoaren aurrean gaudela, eta zaila dela hori zentzu bateraturik gabeko ekintza isolatuen bidez  lortzea, batez ere helburu eta proposamen argirik gabe. Baina, batasun hori autonomia, askatasuna, banakako edo taldeko bat-batekotasun osasungarria giltzaperatzearen truke? Ez dut uste hori hain beharrezkoa denik eta, izan ere, horri txirotzea, anarkismoaren oinarriari berari uko egitea neritzoke.

Kontua da posible dela zentzu bietan jokatzea. Uste dut argi eta garbi direla beharrezkoak koordinazioa, elkar ulertzea eta elkarrekiko laguntza, norabide bateratua; eta, horretarako, langile, ikasle, langabetu, ekologista, emakume (nik neuk emakumea gizonarekiko benetako berdintasunean behin betiko kokatuko duen borrokari premiazkoenetakoa deritzot), okupa, jatorrizko herri eta menderatuta edo borrokan diharduten giza talde edo sektore ororen arteko bestelako giza, lan, familia, auzo, bizi harremanak amesten ditugun guztion arteko ekintza, taktika eta estrategia bateratuak; hausnarketa bateraturako, kontsentsurako eta indar batzeko esparru bat, guztion artean borroka beharrezkoa den, gizartea, ekonomia eta politika interesdunentzat eurentzat, herriarentzat, bizitzako benetako aktoreentzat berreskuratzea ezinbestekoa den arlo guzti-guztietan aurrera eragiteko. Horretarako, nire hausnarketaren arabera, aurrerapen handia litzateke nortasun ezaugarri bateratuen peko esparru bateratua izatea (nolabait esateko, izen eta nortasun ezaugarri bateratuak, “marka” bat); nahi duten erakunde, kidetasun talde, elkarte edo banako guztientzako aterkia izan liteke eta haren izenean, guztien artean adostutako helburu zehatzen bila eta denok finkatutako norabidean, bertan sartzen diren guztiek bere egingo lituzketen ekintzak baino ez lirateke egingo. Halaber, logikoa litzateke borroka esparru bakoitzean zuzenean eragiten dien eta arazo zehatzak eta eremu horretan egokia edo kaltegarria izan daitekeena sakonago ezagutzen dituzten taldeen ahotsa nagusitzea. Zaila da Zuzenbideko ikasle batek metalgintzako langile batek baino hobeto ezagutzea metalgintzan komeni den estrategia, eta alderantziz, adibide bat jartzearren, baina seguruenik biek eman diezazkiokete ideia erabilgarriak elkarri, nork bere jakintzatik.

Aldi berean, erakunde, kidetasun talde, elkarte edo banako bakoitzak autonomoki, bere izenean eta multzo bateratu horren estaldurarik gabe jokatzeko eskubidea gordetzeko aukera izan behar luke, adostasun horretan sartzen ez diren eremuetan edo metodoen bidez. Aske eta autonomiaz jokatzeko eskubidea ez ezik, zenbait arrazoi direla-eta zabaldu behar ez direla uste den ekintzen edo estrategien berri ez emateko eskubidea ere bai. Jakina, ekintza, estrategia edo logika autonomoak kritikatzeko esparruak ere beti geratu behar luke zabalik, guztiei onurak edo oztopoak sortzen dizkienari buruz etengabe eztabaidatzea, xedeari begira eta ez bitartekoak xedetzat hartuta betiere, ezinbestekoa baita beti eta inork, norberaren jardueraren kilikak eta batez ere maiz elikatzen den egoak, inkontzienteki bada ere, jarduera batzuek ematen duten protagonismoa dela-eta, itsututa, zerumuga bistatik ez galtzen laguntzen baitu.

Koska honakoa da: nork hartuko du ardura egun hain sakabanatuta eta sarritan elkarri bizkarra ematen dioten borroketan murgilduta dauden erakunde, elkarte, kidetasun talde eta banakoei batasun horretara deitzeko? Borondatea egonda dena lor daiteke.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: