Denok Kubari begira, eta orduan Txilen…
Azken egunotan telebistan behin eta berriz entzuten dugu Kubak askatu dituen preso politikoei buruz. Dena Fariñasek egindako gose greba luzeari esker. Eta orduan hemen bertan, Txilen, denek ulertzen dute Kubako gobernua gupidagabea izan dela eta komunikabide guztiek txalotzen dituzte askatutako disidenteen berbak. Eta orduan Txilen…
Orduan, nazioartean Txile deritzoten lur zati honetan, astelehenean, uztailak 12, kartzeletan dauden preso politiko maputxe guztiek gose grebari ekitea erabaki zuten. Eta horretan dihardute oraintxe bertan. Haien eskaerak,entzun dudanagatik, hiru dira: preso politiko maputxeei lege antiterrorista ez ezartzea, bidezko prozesuak izatea eta preso politiko maputxeak askatzea. Eta azken muturreraino eramateko prest agertu dira. Are gehiago, Estatuaren aldetik erantzunik ez dagoela ikusiz gero, egarri goseari ere ekingo diotela agindu dute.
Momentuz, ordea, Txileko komunikabideetan bertan euren herrikide behar luketenen aldarriak eta erabakiak Kuba urrunean gertatutakoak baino oihartzun askoz txikiagoa izan du. Zer oihartzun edukiko du munduan, komunikabide otzan guztiak Madrilen zazpi preso ohik esaten dituztenei baino ez badituzte belarriak eta lumak adi?
(Informazio osoagoa hemen)
2010/07/16 at 10:46
http://santiago.indymedia.org/news/2010/07/85073.php