Demokrazia ordezkatzailea edo ordezkarien diktadura


Jaiotzen eta kontzientzia izaten hasten garenetik gure bizimodua baldintzatzen duen sistema demokratikoa dela barneratzeko tresna guztiak abiarazten dira. Hasteko, demokrazia gehiengoaren diktadura dela irakasten digute (jakina, diktadura hitza erabili gabe, gu erne ez jartzeko). Horrela dago egituratuta gure eskoletan guztiz alferrekoak diren klaseko ordezkariak eta azpiordezkariak hautatzeko agintzen digutenean. Hortxe hasten da botoaren mistika eta sistema ezin hobeto darabilte eskolako egiturek taldeen jokabide baldintzatu eta goitik bideratua irakasten hasteko. Irakasleei galdetuz gero, inor ez da gai oso ondo azaltzeko zein diren klaseko ordezkarien eginkizunak, are gutxiago benetako eskumenik daukaten baieztatzeko. Zelan azalduko lukete ordezkarien helburu bakarra erabakitzeko bide asanbleario eta horizontala, adostasunean oinarritutako benetako demokrazia zuzena betiko estali eta ordezkaritzaren sistema ikasleen garunetan ezartzea baino ez dela? Ikasle talde txikien neurria, hain zuzen ere, ingurune ezin hobea litzatekeelako adostasunaren, erabateko kontsentsuaren indarra, gutxiengoak baztertzen ez dituen sistema, guztien iritziak balekotzat jotzen dituen demokrazia zuzena irakasteko, baina hori ez da komeni eta goitik, irakaskuntza diseinatzen duten erakundeetatik, ordezkaritzaren sistema derrigorrezkoa dela agintzen digute. Klaseko ordezkariek, jakina, ez dute batere botererik ez eskumenik, baina ezinbesteko urratsa dira kontzientzia “demokratiko” zuzena (Estatuari komeni zaiona) finkatzen hasteko.

Telebista eta komunikabide nagusiek ere etengabeko propaganda egiten diote “demokrazia ordezkatzaileari”, eta horrela, herritar gehienak sistema antidemokratiko hori benetako demokrazia modu posible eta desiragarri bakarra dela sinestera iristen dira. Alderdi politikoen, legebiltzarren, Estatuaren beraren eraso oro demokraziaren beraren aurkako erasotzat joko da, hezurretaraino barneratu den gezur handi horri jarraituz. Gezurra, “demokrazia” eta “ordezkatzaile” hitzek elkar ukatzen dutelako. Sistema bat demokratikoa da (hots, herriak berak dauka agintea) ala ordezkatzailea da (agintea dutenak ordezkariak dira, edo haiek benetan ordezkatzen dituzten interesak), baina ezinezkoa da biak batera izatea. Ordezkariek agintzen duten bitartean herriak ez dauka biderik bere izenean zer erabakitzen den hautatzeko.

Ez dut nik baino lehenago beste askok hobeto adierazi ez duten ezer berririk esango, baina hala ere ez da inoiz nahikotan errepikatuko eta begietan jarri diguten (edo, are okerragoa dena, geure buruari jartzen irakatsi diguten) oihala zenbat eta jende gehiagok kendu hobeto. Ikus dezagun, beraz, zein neurritaraino diren bateraezinak demokrazia eta ordezkaritza.

Hasteko, sistema ordezkatzailean gehiengoen logikak agintzen du. Gehiengoari gutxiengoa zapaltzeko ahalmena aitortzen zaio, gehiengo osoa baduzu ez daukazu ezer negoziatu beharrik, aurka daudenek men egitea beste aukerarik ez daukate. Hortik hasita, sistema zapaltzailea da sortzez, eta horrela erabiltzen da maiz, gainera: mendeku gisa, botoen arteko oreka aldatu eta oposizioa zenak boterea hartu bezain laster, boto kopuruak horretarako bidea emanez gero.

Bestetik, gehiengoak eta gutxiengoak erabakitzeko herri gehienetan talde nagusien mesedetarako zenbatzeko sistema erabiltzen da. Sistema horren bidez, “gobernagarritasunaren” alde, zer esan handia izan dezaketen ahotsak betiko isilarazten dira eta atzean interes ekonomikorik handienak dauzkaten alderdi politikoak loditu eta artifizialki hazarazten dira, urtez urte. Horren ondorioetako bat, herri askotan alderdi-bitasunerantz ikusten den joera gero eta nabarmenagoa da.

Baina gehiengoen logika ustel horrek ere beste gezur are latzagoa ezkutatzen du: hautatuta ateratako ordezkarien ordezkatze maila edo, bestela esanda, haien erabakien legitimitatea.

Agian, azken hauteskundeen ostean EAEn inoiz baino hobeto ulertuko dute askok, baina beti izan da hola. Zer esan Txilen, boto emateko darabilten erregistratze sistemarekin. Adibide horixe, EAEkoa, alegia, erabiliko dut zer esan nahi dudan argi ikusteko. 2009n EAEko hauteskundeetan parte-hartzea %64,26koa izan zen, abstentzioa %35,74koa, boto baliogabeak (legez kanpo utzitako alderdiari emandakoak barne) %5,38, zuriak %1,03 eta Legebiltzarrean ordezkaritzarik gabe geratutako taldeei (legeztatutako alderdiei, alegia) %2,60. Gauzak horrela, Eusko Legebiltzarrean boto emateko eskubidea zutenen %44,75 ez daude ordezkatuta, hasteko. Bestela esanda, Eusko Legebiltzarrak boto emaile posible guztien %55,25 ordezkatzen ditu. Hori da daukan benetako ordezkatze maila. Hortik gobernu bat sortzeko “negoziazioetatik” alderdi bik osatutako “gehiengoa” atera zen, PSEk eta PPk osatuta. Bien artean balizko boto emaileen %24,55 biltzen dituzte. Alegia, EAEn botoa emateko eskubidea zuten herritar guztien %24,55en babesa duen indarra ari da agintzen, EAEn bizi diren %100entzat legeak sortzen, hezkuntza, osasun, azpiegitura, enplegu, hizkuntza… politikak oro erabakitzen. %24,55 gainera babes guztiz teorikoa da, boto emaile horiek hainbat arrazoi tarteko direla-eta erabaki baitzuten euren botoa. Batzuek programetan adierazitakoaren arabera, beste askok, besterik gabe, siglen arabera, programei behin ere erreparatu gabe.

Eta hori da sistema ordezkatzailean herriari eskatzen zaion guztia: lau urtean behin (gure kasuan) papertxo bana kutxa batean sartzea. Aurrerantzean, isildu eta “euren” ordezkatzaileek erabakitzen dutenari men egin, ordezkari horien erabakiak oro botoa eman duten unetik beretik legitimatu dituztelako. Gobernua osatzen denez gero, aurrera eramaten dena benetan programetan esandakoa balitz eta boto emaileek benetan programan agertzen diren puntu guztiekin bat datozelako eman balute euren botoa (berez kontrako ideologia izan behar luketen alderdi biren programak nekez etor daitezke bat, baina tira), gobernu horren legeek boto emaileen %24,55 ordezkatuko lituzkete. Hori kasurik onenean, idealenean. Baina denok dakigu nekez betetzen direla programetan esandakoak, boto emaileek gutxitan ezagutzen dituztela programak eta oso inuzentea izan behar dela edozein herritan benetan agintzen dutenak hautatutako politikariak direla sinesteko. Hasteko, alderdiek defendatzen dituzten interes mota desberdinak dira, herritarrengandik oso urrun daudenak (gehienetan, talde ekonomiko handienak, herritarren gogoa eta ongizatea irabaziak ekarriz gero baino aintzat hartzen ez dituztenak), alderdien erabakiak baldintzatzen dituztenak. Bestetik, alderdien euren aldeko interesak: erabaki batzuk boto emaileak “irabazteko” baino ez dira hartzen, helburua azkenean alderdia bera delako, alderdien logikak agintzen du. Hortik alderdi politikoek herritarrei zuzenean galdetzeari dioten izua, demokraziari, herriaren aginteari dioten nazka, herria gutxiesten dutelako, haren izena erabili beharrean badaude ere. Nori egiten zaio arraro gobernuei herritarren onespena izango ez duten neurriak hartu beharko dituztela entzutea? Neurri gogorrak hartu beharko dituztela, jendeak pazientzia beharko duela, herritarrei ulertzea kostatuko zaiela eta antzekoak? Hortaz, munduko gobernu ordezkatzaile (ez demokratiko) gehienetan antzeko ordezkatze maila izanda (boto emaileen %25 inguru, kasurik onenetan), ordezkaritza horren izenean sistemak barnerarazten digun “gehiengo demokratikoak” ere onartuko ez lituzkeen neurriak etengabe hartzen dira, boterea eman diegun politikari jakintsu horiek, antza, guk baino hobeto dakitelako guretzat zer den ona. Guretzat? Ala sistema ordezkatzaile horren ipuina saldu diguten enpresa handientzat? Jakina, sistema osoa bere biluzian ez uzteko, gobernuek itxurazko oreka bat gorde eta guk “nahi” ditugun neurriak ere hartzen direla sinetsarazi behar digute (hasteko, komunikabide eta bestelako talde batzuen bitartez, GKE batzuk eta sindikatuak tarteko, guk zer nahi dugun irakatsiko digute, horretarako eurek moldatutako “inkestak”, bonbardaketa mediatikoak, etab. erabiliz). Horrela, euren burua feministatzat, ekologistatzat, langileen aldekotzat, segurtasunaren bermatzailetzat, txiroen defendatzailetzat… aurkeztu beharko digute, feminismoaz, ekologismoaz, langileriaz, pobreziaz, enpresaz… euren neurrirako ikuspegia sortuz gugan. Ikuspegi mugatua, inoiz enpresa handien interesak, sistema patriarkala, harreman bertikalak, sistemaren beraren muina zalantzan jarri gabe.

Sistema horren aurka jotzen duen oro bidegabea, terrorista, desorekatzailea, iraultzailea, higuingarria, antidemokratikoa… izango da.

Balizko boto emaileen %55 inguru ordezkatzen dituzten alderdiek etengabe emango diote legitimitatea sistemari, azken finean, garaile zein galtzaile, guztiek ateratzen dutelako boterearen opiletik zati mamitsu bat. Eta balizko boto emaileez hitz egiten dut, horiengandik kanpo milaka herritar geratzen direlako (hasteko, etorkin guztiak). Beraz, biztanleria osoa hartuko bagenu, legebiltzarrak osatzen dituzten alderdiek nekez ordezkatuko lituzkete euren legeak derrigorrez bete behar dituzten herritar guztien %40 eta, beraz, gobernua osatzen duten alderdiek, ozta-ozta ordezkatuko lituzkete herritar guztien %20. Hori da demokraziaren izenean atzean benetan duten indarra. Hori da sistema ordezkatzailearen legitimitatea bere biluzian. Eta hala ere, askok demokratikotzat jo eta herritarren %20ren izenean erabakitako legeak bete behar direla defendatuko dute, sutsu.

Agian, egunero eragiten eta erasotzen diguten legeen zilegitasuna benetan zein den ikusita (gu guztion %20k emandako zilegitasuna, alegia) desobedientzia zibilerako eskubidea zein ezinbestekoa den ulertuko dugu. Agian, hasiko gara ikusten zergatik den hain gogorra sistema horri aurre egiten dietenen aurkako errepresioa. Zergatik den hain garrantzitsua sistemarentzat bizi garen diktadura agerian uzten duten ahotsak isilaraztea. Sistema horrek irauteko bermea gure otzantasuna delako, gure onarpen isila. Azken batean, demokrazia ordezkatzailea ordezkarien diktadura ondo planifikatu eta mozorrotua baino ez delako. Eta errazagoa da diktadura baten aurkako erresistentzia zilegitzat jotzea ustezko demokrazia baten aurkakoa baino. Demokrazia ordezkatzailea ordezkarien interes pribatuen diktaduraren mozorroa delako. Bada garaia mozorro hori denon artean eranzteko.

(Castellano)

(legez kanpo utzitako alderdiari emandakoak barne) %5,38, zuriak %1,03 eta Legebiltzarrean ordezkaritzarik gabe geratutako taldeei (legeztatutako alderdiei, alegia)
Advertisements

Erantzun bat to “Demokrazia ordezkatzailea edo ordezkarien diktadura”

  1. […] This post was mentioned on Twitter by Euskal blogosfera, Euskal blogosfera. Euskal blogosfera said: Demokrazia ordezkatzailea edo ordezkarien diktadura: Jaiotzen eta kontzientzia izaten hasten garenetik gure bizimo… http://bit.ly/dBfaxW […]

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: