Bisturi garaiak


Honakoa gura+haize blogzinerako (A) Belgorriagak idatzitako testua da. Copyleft arauak profitatuz hona ostea erabaki dut… Laster paperean ere egongo da koadrila zoro horren lanaren lehen emaitza!

Bisturi garaiak

XXI. gizaldia XX.a joan legez etorri da, eta antzera bukatuko da haren lehen hamarkada ere: bisturiak gero eta zorrotzago, lana gero eta garbiago egiten. Holako garaietan bizi baikara, bisturi garaietan. Asepsia, higiene, garbitasun garaietan. Eta horrela ebakitzen gaituzte, horrela ebakitzen dizkigute eskubideak, ahotsa, pentsamendua: anestesia lehenago, bisturi desinfektatua gero. Dena garbi, ageriko min barik.

Erdi Aroa aizkora garaiak izan ziren Europan. Gillotina garaiak iritsi ziren gero. Batean zein bestean, odola begi bistan zegoen. Eskubideekin batera buruak ere mozten ziren, plazan, jendaurrean, lotsa barik, botere absolutuaren harrokeriaz, lotsagabekeriaz. Baina XIX. mendean odola isurtzea estetikaren aurkakoa, jabe berrien moralaren kontrakoa izaten hasi zen.

Egun, gaixotzea bera, are gehiago hiltzea, itsuskeria da, ez dago ondo ikusita. Beraz, gaixoak, eta are gehiago hildakoak, ezkutuan gorde behar dira. Edo telebistan erakutsi, baina ahal dela urrunekoak, itsusia izatea zilegi den herrietan, hala nola Etiopian edo Sudanen. Gure gizartean denak behar du higieniko, osasuntsu, sasoiko, eder.

Beraz, botereak aizkorak eta gillotinak gorde eta anestesia eta bisturia erabiltzen ikasi du. Anestesia telebistak jartzen du: albistegietan non ebaki behar den erakusten digute, ebaketa onar dezagun. Gizartearen minbiziak, zorneak, tumoreak seinalatzen dizkigu telebistak, haietan bisturia erabiltzea onar dezagun, are gehiago, bisturiaren lana eskertu eta txalotu dezagun.

Esaterako, azken egunotan Txileko telebistetan ikusi dudan azken anestesia: azken boladan sasi-kume batek neskatila bat bortxatu eta hil duela-eta, jendearen sentsibilitatea prest dagoela profitatuz, Txileko haur guztien hatz markak eta lagin genetikoak hartu eta gordeko direla iragarri digute komunikabideek, dena haurtxoen segurtasunerako, inoiz baten batek bahitzen baditu eta hilda agertzen badira, erraz identifikatzeko.

Hor dago anestesia, gurasoek eta haurrek eurek pozak txoraturik onar ditzaten denak poliziaren fitxategietan ondo artxibatuta egotea. Anestesia horren atzean, noski, bisturia dantzan: belaunaldi oso bat ezer egin aurretik fitxatuta, etorkizunean sistemaren gogokoa ez den zerbait egingo balute…

Anestesia nonahi daukagu, alarmak sortzen (“gripea datorrela, gripea datorrela!), alarma horien aurrean herritarrak lasaitzeko “irtenbideak” eskaintzen ondoren (“hartu tamiflu! txerta zaitez!”), eta bisturiari bidea prestatzen (“denon onerako aireportuetan neurri zorrotzagoak behar dira”, “ez elkartu gehiegi, ez joan gertaera jendetsuegietara”).

Sentsibilizazio berba darabilte maiz anestesiari deitzeko. Guk anestesia irentsi eta prest dauzkagu gorputza eta burua bisturiari egiten uzteko. Eta bisturiak ez du atsedenik hartzen. Edonondik ebakitzen ditu gure eskubideak, edonondik murrizten gure askatasuna. Garbi, agerian odolik utzi barik, minik barik.

Agian ebakuntzan giltzurrunik edo gibelik gabe laga gaituztela konturatuko gara egunen baten, anestesiatik itzartzen garenean, baina orduan lasai, komunikabideek sinetsaraziko digute hobeto bizi garela giltzurrun edo gibelik barik.

Bisturia, ordea, kultura arrotzekoa da. Berbari erreparatzea baino ez dago. Aizkora, behintzat, ezagutzen

genuen, haren lana garbi ikusten genuen. Haitzetik, Harri Arotik datorren lanabesa izanda, haren aurrean

defendatu behar genuela ere bagenekien. Baina bisturiari ez diogu usainik ere hartzen. Jakina, ez dauka usainik, hain da garbia tresna zorrotz eta zoli hori.

Badaukagu oraindik geure-geurea den tresna, hura ere Harri Arotik ondo dazaguguna: guraizeak, artaziak,

harriz zein burdinaz eginda egon, ondo menderatzen dugun lanabes xume eta herritik sortua. Guraizeak katamalo aseptiko horien sokak ebakitzeko erabil ditzakegu. Plastikozko aurpegi higieniko zuri horien atzean ezkutatzen dena agerian uzteko.

Has gaitezen, bisturi garaien aurrean, guraize garaiak aldarrikatzen. Katamaloak, mozorroak, marrauak anestesia barik mozteko ez dugu besterik behar.

(A) Belgorriaga

Advertisements

4 Erantzun to “Bisturi garaiak”

  1. Aupa Asel, betiko mudan testu paregabea.

    Ezin dizut arrazoia kendu (nahiz eta gustatuko litzaidakeen). Egungo gizartean geroz eta hobeto egiten dute politikariek eta gobernuak euren lana, geroz eta hobeto hasi dira gure ahotsak isiltzen eta geroz eta hobeto egiten gaituzte min.

    Baina min horrek ez du gure lana etziko ezta gure bihotzak apurtuko, hemen bagara zenbait aktibista hori egiten utziko ez diegunak. Batzuk ezagunak beste batzuk gerizpetik egiten dutenak eta badira baita ere izen abizenak dituztenak. Bisturia sartu eta gero gasa jartzen utziko ez diogunak, egin duten edo egiten dituzten sarraskiak kaleratzen eta jendarteratzen jarraituko dugunak bagara!

    Milaka ahots gaude eta gaur egun oso erraza egiten zaigu egiten dutena kaleratzea (horren inguruan idatziko dut nire blogean).

    Eta sin degizut, lanean jarraituko dugu bisturi hori apurtzeko eta bisturi hori erabiltzen duen gobernuaren eskua salatzen.

    Besarkada handi bat Bizkaiko kostaldetik lagun!

  2. aselluzarraga Says:

    mila esker, txo! badakit jakin zein ondo dakizuen sistemaren tresnak eurak bisturiaren aurka erabilten 😉 armak asmatzen dauzenak aldi berean zapaldu gura leukeenari oparitzen dotsazalako horreik berberak.

    herri komunikabideak, herrien arteko sareak, unitate txiki autonomoen arteko lotura sendoak, danon artean erabakitzeko zein dan gura dogun bidea. gure abantaila: ez dotsagu beldurrik egiari 😉

    estutu handia wallmaputik!

  3. Gaur egungo anestesiarik erabiliena, ta zuk zeuk Asel, askok baino hobeto ezagutuko duzuna, duzuna gainera, terrorismoa da. Eta bisturia? Izugarria da anestesia hori erabiliz bisturiarekin egindako sarraskiak: atxiloketak, okupazioak, bonbardaketak, lapurretak, kriminalizazioa, kontrol soziala… Baina aski ezagunak ditugu bisturiarentzat prestatzen ari diren ebakidura berriak, batez ere informazio teknologien gainean, gure komunikazio digital guztien jarraipena adibidez.

    Arrazoi guztia duzu euren tresnak euren kontra erabiltzen dakigula diozunean, baina ez da gure meritua, meritua sistemarena berarena da, berak erakutsi bait digu tresna hauek erabiltzen, halere, teknikoki momentuko arma boteretsuenak erabiltzen irakasten ez diguten arren, arma ez-tekniko boteretsuena gure baitan daukagu, eta hau izaera da. Izaeraren eta euren teknika hauen bidez sortzen ditugu gaur egungo guraizeak.

    Dabid, gasarena diozunean, itxuraz garbia den gasa hori jarri nahi digutenean, horrek barruan dituen sasikeriaren mikrobiak erakutsi behar ditugula datorkit burura. Azken finean, bisturiarekin egindako zaurietan gasa jartzen dutenak gu izan ohi garelako.

    Elkarrekin gaudenerako eztabaida mamitsua dugu hau, zalantzarik gabe.

    Besarkada bat Asel!

  4. Horrela da Joseba, gurea dena kentzen digute, inposizioz, okupazioz, mehatxuz… bisturiz. Gasa jartzeko orduan gasa hori ere kakaz beteta dagoela ezkutatzeen digute. Eta jendarteak jan eta jan, dena barrura. Baina ez dakitena da egunen baten, kolikoa ematen digunean dena batera kaleratuko dugula XD

    Ondo segi familia!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: