Noiz balio du demokraziak? Honduras eta beste…


Europan kultura demokratikoan hazi eta hura balio gorena dela barneratzeko hezi gaituzte. Baina bizi garen sistemetan zer da demokrazia sakrosantu hori? Non daude haren mugak?

Politikari eta faxista guztien ahoetan hitzetik hortzera dabilen demokraziak esanahi bakarra dauka: egungo sistema ekonomiko-politikoari eusteko tresna. Hauteskundeek botere faktikoen gustuko emaitzak dakartzatenean baino ez dute balio. Orduan baino ez dira demokratikoak. Burgesiak XIX. mendean bere interesen defentsarako sortu zuen sistemaren xede bakarra horixe da: statu quoari eustea eta gizartean onarpen anestesiatua zabaltzea, legitimitate itxura izatea.

Euren sistemak huts egin eta kontrako emaitzak dakartzanean, ordea, demokraziak ez du balio, burgesei ez die balio, eta orduan erabakitzen dute “herriak” ez duela hauteskundeetan hautatutako gobernu hori gura eta indarrez kendu behar dela, “demokrazia” eta “legea”, “konstituzioa” eta enparauak salbatzeko.

Herriren batean, demagun Venezuelan, Bolivian, El Salvadorren, Nicaraguan…, mendebaldeko demokraziek euren interes ekonomikoen aurkakotzat jotzen dituzten alderdiak “demokratikoki” hautatuak direnean, berehala zabaltzen da, eta horretarako daude sistemaren morroi leialak, komunikabideak, iritzi bakar eta “egiazkoa”: tirania berria ezarri da herri hartan, ez dago demokraziarik… Eta berehala hasten dira nazioarteko eskumen arteko mugimenduak gobernu horien aurka konspiratzeko. Estatu kolpea prestatzen da CIA eta haren kideen bulegoetan.

Estatu kolpeak garaipena lortuz gero, herri horretako “demokrazia faltari” buruzko albiste guztiak joango dira isiltzen, herria ahaztuta geratuko da komunikabideetan, ez da albiste izango, eskumari “oinarri sendoak” ezartzeko denbora emateko. Hots, hara ideia ezkertiar “arriskutsuak” itzuliko ez direla eta gehienez ere sistemaren parte diren alderdi sozialdemokratak baino onartuko ez direla ziurtatzeko.

Estatu kolpeak huts eginez gero, gobernu horien aurkako ahotsek ez dute aukerarik galduko demokrazia falta salatzeko.

Hondurasen hango presidenteak galdeketa prestatzen ziharduen, herriari nolabaiteko ahotsa emateko. Herriak aukera izango zuen presidenteak proposatutakoaren alde zegoen ala arbuiatzen zuen esateko. Demokrata burgesak, ordea, ez bide zeuden oso seguru, ez ziren herriaren borondateaz fio (inoiz fio ez diren bezala), eta galdeketa konstituzioaren aurkakoa zelakoan, militarrak bidali dituzte, oso demokratikoki, galdeketa galarazteko eta herriaren nahia zein zen argi uzteko. Zertarako botoak balak eskura daudenean… Gaur hango kolpearen bozeramaileetako bat entzun dut kolpea zuritzen, demokraziaren aldekoa izan dela esanez, galdeketa konstituzioaren aurkakoa zela defendatuz, eta herritarren %95 presidentearen aurka dagoela berretsiz. Herritarren borondatea ezagutzeko bidea bitxia izan da oso: telebistan telefonoz egindako inkesta batean 40.000 lagunek deitu zuten presidentearen aurka zeudela esateko. Oso bide demokratikoa, telebista kate batera telefonoz deitzea, galdeketa batean botoa ematea baino askoz demokratikoagoa, dena telebistaren bidez erabakitzen den garaiotan. Horrela egingo dituzte hauteskundeak aurrerantzean? Tele-botoz? Badaukat horren inguruko eleberri bat buruan, baina hori beste baterako izango da.

Horrek guztiak gauza bakarra berresten dit niri: ez dago mundua, gizartea, sistema ekonomiko eta politikoa “demokrazia” deritzoten horren bidez aldatzerik. Eskumak, burgesiak, argi uzten digu behin eta berriz boto emateak sistema bera defendatuko duen txotxongiloa hautatzeko baino ez duela balio. Horraino demokraziaren mugak. Emaitzek kontrakoa esanez gero, akabo demokrazia, hor dago armada leiala gauzak bere lekuan jartzeko.

Zer gertatuko litzateke Europan bertan kapitalismoa bukarazi nahi duen alderdi batek irabaziko balu eta Europa osoa herriak hautatutakoaren arabera sozialismorantz eraman nahi balu? Ez egin zalantzarik, horretarako dago NATO bizirik…

Horrexegatik alderdiek, Estatuek, gobernuek, demokraziak… ez dute balio. Haiek denak burgesiak sortutakoak dira, eta euren interesen alde funtzionatzeko baino ez ziren sortu. Demokraziak aldaketarako bide bakarra uzten du: iraultza. Iraultza txikiak, egunerokoak, bortizkeriarik gabeak, norberaren baitakoak; iraultza apur bat handiagoak, hala nola lantegien okupazioak, sistema osoa geldiarazteko greba orokorrak, boikotak, desjabetzeak…; ala erabateko bortizkeriaren aurkako (bai, demokrazia deritzo egunero pairatzen dugun bortizkeriari, langileen aurkako eguneroko bortizkeriari, herri txiroen aurkako gosearen bortizkeriari, baliabideen ustiapen basatiaren bortizkeriari, “zaintzen” gaituzten polizia eta armaden bortizkeria gordeari…) iraultza bortitza, armen bidezkoa. Ez diot nik inori biderik egokiena adieraziko, baina bakar bat ere ez dut nik arbuiatuko. Nork bereari ekin diezaiola besteenei oztoporik egin gabe, helburu bererantz abiatzeko: benetako eta erabateko askatasun eta berdintasunerantz. Demokraziak ukatzen dizkigun horietarantz.

(2009-6-30)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: