Balizko euskal anarkismorantz I


Ezer baino lehen nire ezjakintasuna aitortuz, euskal anarkismorako bidean erabil daitezkeen ideia batzuen zirriborroa kopiatuko dut hemen, baten batek haietan ezer interesgarririk topatuko balu. Testu luzetxoa atera zait, eta horregatik zati bitan kopiatuko dut hemen:

Azken boladan gero eta buelta gehiago ematen ari natzaio gai bati: “euskal” eta “anarkista” berben arteko itxurazko arrakalari. Ez euskal anarkistarik egon ez delako edo ez dagoelako. Hortxe daukagu Likiniano bera, hark gidatuta anarkistak izan baitziren Francoren tropa altxatuei Gipuzkoan aurre egin zieten lehenak. Kontua da, gerora, anarkismoak eta euskaltasunak ez dutela behar bezala bat egiten jakin, eta egun ideia anarkistak ezezagun handiak dira Euskal Herrian, aurreiritzi eta ideia faltsu askok zokoratuta. Demokrazia kristauak eta ideia sozialdemokratek eta marxistek euskal nortasunarekin bat egiten (edo kasu batzuetan euskal nortasuna euren alde desitxuratzen) jakin zuten bitartean, ematen du anarkismoa eta euskal nortasuna ez direla inoiz bide hori egitera iritsi. Ez mugimendu gisa, behintzat. Eta horrekin ez dut esan nahi anarkismoak ikurrina egin behar duenik bere. Ez dut uste anarkismoaren lana estatu berri bat sortzen laguntzea denik, ezta pentsatu ere, eta ez diot arrakala horren ardura edo “errua” anarkismoari berari egozten. Baina bitxia egin zait ikustea Argentinan eta Txilen egondako denboran, FORA, Frente Popular Darío Santillán edo bestelako taldeen inguruan mugitzen diren anarkista uruguaiar, argentinar eta txiletarrek (edo nik ezagutu ditudanak, behintzat) elkartasun handiagoa adierazten dutela -kasu batzuetan ia bere egiten dutela- euskaldunek (edo euskaldun askok) Espainiarekin daukaten gatazka, kapitalismo eta inperialismoaren aurkako borrokaren baitan sartuz, Euskal Herrian eratuta dauden talde anarkista nagusiek (edo nik neuk) baino. Are gehiago, bertoko gatazketan, indigenak gobernu kolonialen aurka altxatzen diren borroka guztietan ez da anarkistarik falta, eta mugimendu anarkista askoren borroketan indigenen aldarrikapenak defendatzen dituzten lehenetarikoak dira.

Argi dago: ez dago euskaldunen eta indigenen egoerak erkatzerik, eta indigenek euren lurretan daukaten estatusaren eta euskaldunek eurenetan daukaten estatusaren arteko aldea ere arrakala horretarako oinarrietako bat da.

Izan ere, Euskal Herriaren independentziaren hastapeneko aldarrikapenetara eta orduko gizartera jo behar dugu “euskal” eta “anarkista” hitzen arteko arrakala ulertzeko.

Nortzuek sortu zuten independentziaren aldeko aldarrikapen hori? XIX. mendeko euskal burgesiak, Europako beste mugimendu nazionalistak bezala. Ez da kasualitatea hasieratik gehien defendatu zena (eta horretan Espainiarekin bat egitearen alde zeudenak ere ados zeuden) Aldundiak, hots, zerga bilketa izatea. Garai haietan euskaldunen, independentzia nahi zutenen etsaiak “maketoak” ziren. Nor ziren baina maketo haiek? Gaztelatik, Andaluziatik, Extremaduratik… iritsitako etorkinak. Eta etorkin haiek, egun hegoaldeagotik datozenak legez, esplotatuak izateko iritsi ziren Euskal Herrira. Gizarte bien arteko talka bikoitza izan zen: kultura mailakoa eta klase mailakoa. “Okupatzaile” berriak, beste kultura batekoak izan ez ezik, beste maila ekonomikokoak ere baziren, eta euskal burgesen lantegi eta harrobietan hiltzen ziren euliak legez.

Hego Amerikako indigenen kasuan haiek aldi berean okupatuak eta esplotatuak badira, lurrak oro ostu bazaizkie (eta lapurren artean euskaldun asko egon bada), Euskal Herrian esplotatuak “okupatzaileak” eurak ziren. Izan ere, euskaldunek, besteen morroi, langile xume izan baino, Ameriketara alde egin eta bertan jabe eta esplotatzaile nahiago zuten izan. Beraz, luzaroan ez zen euskal langileriarik izan. Zaila, beraz, langileen aldarrikapenek eta euskaldunenek bat egitea. Errua ez zen orokorrean ez euskaldunena (alde batetik, euskal burges esplotatzaile guztiak ez zeuden independentziaren alde, eta bestetik, euskaldun gehienak ez ziren esplotatzaileak edo ez zeukaten esplotazio horren kontzientzia oso argi), are gutxiago kanpotik ekarritako langileena. Amildegi horren funtsa estatismoa bera izan zen. Euskaldunek, Sabino Aranaren eskutik, estatismoa besarkatu zuten, eta horrela, ez ziren gai izan ikusteko langile haiek birritan zirela biktima: euskaldunek gainetik kendu nahi zuten Estatu espainolaren biktimak, espainiar burgesiak sortutako bazka zirelako euren herrietan, eta haien lan-indarra esplotatzen zuten bitartean, Estatu berri baten aldeko borrokan inbaditzailetzat hartzen zituen euskal burgesiarenak. Horri euskal gizarteak hezurretaraino barneratuta zeukan katolizismoa batu behar zaio, ideia ezkertiar oro heresiatzat jotzen baitzuen. Gauzak horrela, Errepublika garaian Katalunian, Aragoin, Asturiasen… anarkistak gizarte iraultzaren buru zeuden bitartean, Euskal Herria, herri gisa, mugimendu horretatik at geratu zen.

XX. mendean, ordea, euskal langileria ere sortu zen. Euskaldunen artean ere klase kontzientzia garatu zen. Une horretan euskal langileen mugimenduek anarkismorantz egin zezaketen, baina orduan ere, independentziaren aldarrikapen nagusiak Estatuaren alde (Estatu sozialista nahi bada, baina Estatua, azken finean) egitea erabaki eta marxismoa besarkatu zuen. Anarkismoak ere ez zuen euskal aldarrikapenekin bat egiten jakin edo ez zuen nahi izan. Beharbada ez zen ikusi Estaturik gabeko independentziaren alde ere egin daitekeela, edo ez zuen anarkismoarekin batere zerikusirik ez daukaten aldarrikapenekin nahastu nahi izan. Beharbada, garbizaletasunak jokatu zuen alde bietan: “anarkismoa Euskal Herririk, aberririk nahi ez dutenen mundua da”; “independentzia langileei onik ekartzen ez dien burgesen kezka baino ez da”. Argi dago, anarkismoak ezin du aberriarekin amets egin, aberri hitzak Estatua, herrien arteko areriotasuna, mugak, armada berriak, kapitalisten ehiza gunea esan nahi badu. Independentistek ere nekez egingo dute amets anarkiarekin horrek inposatutako mendekotasuna, kultura ezaugarriak edo harremanak izatea esan nahi badu. Baina derrigorrez behar du independentziak Estatu berri bat? Aberria eta Estatua sinonimo al dira? Aberria kultura ezaugarri batzuek eta gogo hurkotasunak, kidetasunak sortutako komunitatea izan daiteke. Horrela bada, independentistek ez diote anarkismoari beldurrik izan behar (bai euskal estatalistek, edozein herritako estatalistek legez), eta anarkistek ez diote euskalduntasunari, ezta independentismoari berari ere, beldurrik izan behar.

(2009-9-10)

(Traducido a castellano por Ekintza Zuzena)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: