Txanponik gabeko herria


Itzul gaitezen kontzientzia azeleratu didan herrira, Buenos Aires zoro honetara alegia. Idatzi nuen lehen atalean hormak, zoruak, kioskoak… estaltzen dituzten aldarrikapenei egin nien leku. Baina hori eta etengabe dauden manifestazioak deigarriak badira, berehala egingo dugu topo hemengo berezitasun batekin: txanponik eza.

Txanponek, batez ere txikienek, gure Europa aberats horretan ia mespretxuz baztertzen ditugun borobiltxo horiek, hemen suposatzen zaien balioa baino handiagoa daukate. Eta balio ekonomiko errealaz ari naiz. Ez berez txanponek hemen diru asko esan nahi dutelako! Kontua da oso zaila dela txanponak topatzea inon. Arrazoia? Berriro ere Estatuaren eraginkortasun eza, antolakuntza eza, eta batez ere, interes publikoak enpresa pribatuen esku uztearen ondorio zuzena.

Datuen arabera, Argentinan ez da txanponik falta, egin egin dituzte eta berez nahikoak behar lukete baina… nora doa latorrizko urre berria?

Har dezagun kolektiboa, autobusa, alegia, eta berehala ohartuko gara. Buenos Aireseko autobusetan diruz, txanponez, baino ezin da erosi, bonoren bat erosi ezean (baina bonoek autobus jakin baterako baino ez dute balio, garraio publikoa hemen guztiz pribatua delako eta hamaika direlako kudeatzen duten enpresak, zein bere kolore eta ibilbideekin); beraz, autobusez mugitzeko, holako hiri erraldoian ezinbestekoa, batez ere subtea, metroa, hain murritza eta txarto lotua denean, txanponak behar beti, poltsikoan, bestela gidariak ez baitizu sartzen utziko.

Hor dago lehenengo gakoa. Bigarrena… ohitura mafiosoak. Kolektibo konpainiek ez dute gehiegi behar izan negozioa ikusteko: gure zerbitzuak erabiltzeko txanponak derrigorrezkoak badira, pila ditzagun eta igo dezagun haien prezioa. Pentsatu eta egin, goizero merkatari txiki andanak egiten dute ilara euren negozio txikietarako egun osorako diru xehea “erosteko”, non eta autobus konpainietan. Eta erosi, bai, izan ere, konpainiok %3 kobratzen diete, 100 peso txanponetan eramateko ordaindu 103. Antzeko zerbait egiten dute merkatal zentro txikiei dirua banatzen dieten “segurtasun” konpainiek, txinatar merkatariek salatu dutenez.

Harritzekoa badirudi, aho bete hortz gera zaitezke telebista kate batek hori, kamera ezkutua hartuta, zuzenean grabatzen duenean autobus enpresa batean. Zer egiten du gobernuak? Orokorrean, zer egiten du Buenos Aireseko gobernadore Macrik, herria izorratzea ez bada? Ba, horixe, ezer ez dakitela esan, ikertuko dutela, neurriak hartuko dituztela… eta dena berdin egunez egun.

Denda guztietan, eta are bankuetan noiz edo noiz, iragarkirik ohikoena hauxe da: “Eman kopuru zehatza, ez daukagu kanbiorik”. Eta hain da larria txanpon eskasia ezen denda eta kiosko batzuetan gozokiz itzultzen hasi baitira! Behin kaleko saltzaileari berakatza erosi eta limoi bi eman zizkidan txanponik ez zeukalako. Batzuetan bere alde ona ere badauka: metroa diru-paperez ordain daiteke eta, itzultzeko txanponik gabe geratzen direnetan, ez da arraroa, protesta gisa, bidaiariei ez kobratzea eta doan sartzen uztea. Horra hor diruaren balioa… Horra hor berez ezer balio ez duenaren zigorra.

Oso ondo etorriko zait errealitate hau hurrengo batean dirua desagertu beharraz jarduteko, hasitako beste artikulu sailari ere jarraipena emateko. Lehenago nagia atera behar dut gainetik, eta lan zama kentzea ere ez letorkidake txarto…

(2008-11-21)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: