Herritar ergelak


Ez ditut politikariak inoiz begiko izan, zertarako ukatu. Politikari, ordea, jarraipen estua egiten diot, beharbada nire alde masokistari gustua ematearren. Beti pentsatu dut politikarientzat herritarrak ergelak direla, baina azken egunotan, kontsulta ospetsuaren zalaparta ulertezin honekin, inoiz baino argiagoa geratu zait kontua. Eta ez da politikariek ergeltzat gaituztela ondorio larriena: lelo, ergel, ezjakin, bildots, itsu, analfabeto nahi gaituzte. Horregatik ezinezkoa da politikarien arteko eztabaida seriorik entzutea, benetako goi mailako dialektikarik, ideiei buruzko, kontzeptu eta ideologiei buruzko eztabaidarik. Bost axola horrek denak. Kontua da alderdiei logikari jarraitzea eta herritar inozo eta otzanak ere logika horretan harrapatzea eta norberaren zentzu edo logikaren arabera pentsatu barik, denok alderdi honen edo haren diskurtsoari ondo lotuta egitea bidea, noizean behin, beeeeee ozenen artean alderdien leloak mantra moduan errepikatzea.

Lehengo egunean gure hiru probintzietako lehendakariak irakurritako galdera biak entzun nituen. Ez naiz klaseko azkarrena, baina lehenengo entzunaldian-irakurraldian ezin hobeto eta batere traba barik ulertu nituen. Agian gure eskola Euskal Herrian bost berbatatik gorako galderak ulertzen irakasten zuen bakarra zen. Euskadi Irratian eta bestelako komunikabideetan, berriz, galderen arazo nagusietakoa galderen luzera da, eta, lerro artean bada ere, zenbaiti holakoa entzuten diedalako sentipena dut: gure herritarrak laburrak dira, motelak, eta ez dira gai galdera horiek ulertzeko. (Neure buruari egindako galdera: ez ete da zuk ez dituzula ulertu? Hala balitz, zelan zara gai legebiltzarrean edo are udalbatzetan eztabaidatzen diren lege proiektuak aditzeko? Hala ez bada, hain argi dioskuzu iruzurti galanta zarela?). Gaur barikuetan goizean Euskadi Irratiko solasaldietan astero egoten den sozialisten ordezkariari entzun diot galdetzen beste bati ea gai den galderak buruz errepikatzeko. Hori bai arazoa! Ni gazteegia nintzen garai hartan, baina Estatutuari edo atzerritar Konstituzio mugatzaile zikiratzaile hari baietz edo ezetz esan zioten guztiak, pentsatu dut nire lainotasunean, testu luze haiek Atik Zra errepikatzeko gai bide ziren, osterantzean orduko politikari txit argiek ez zieten herritar laburrei bozka ematen utziko!

Holako eztabaidetan dabiltza gu gobernatzeaz arduratzen direnak. Zuei ez dakit, baina niri beldurra ematen dit holako maila intelektualaren eskuetan egoteak.

Nire laburrean, galderetan ez dut ikusi arbuiatzeko moduko ezer. Jakina, nik nahiago nuke beste galdera labur eta zuzenagoa: Euskal Herriak Espainia eta Frantziaren zati eta morroi izaten jarraitzea nahi duzu? Tira, luzeegia hau ere, bost berba baino gehiago, herriak ez luke adituko… Baina, eta hor dago goi mailako beste eztabaida horietako bat, lehendakariak ez dauka sei lurraldeei buruzko erabakia ezartzerik (zelan izan behar luke, Nafarroako, Zuberoako eta Lapurdiko herritarrek ez badute hiru lurraldeotako legebiltzarra hautatu?). Eta egingo zaizkigun galdera hain tentuz idatzi horiei holako beldur atabikoa badiote, holako galdera inuzenteek hainbesteko zalaparta eragin badute, zer ez luke hankaz gora jarriko beste galdera laburrago horrek?

Nire galdera beste bat da: lehendakari batek, are gehiago, gobernu batek, galderarik egiteko eskubiderik ez badu, zertarako nahi dugu gobernurik? Zertarako balio du? Tren lasterrak eta zentralak eraikitzeko? Kontua ez da batzuei herriari galdetze berak ematen diela beldurra, galdera zein den ere? Ai, ez, ahaztuta neukan Patxi Lopez balizko garaipenez mozkortuak agindu duela bera lehendakari izanez gero galdeketarik ez, erreferendum oso-osoa, ondorio guztiak izango duena egingo duela. Hori morroi ausarta! Beldurra ematen duena, beraz, ez da galdera, herriatarrak erantzuteko gai izatea baizik. Eta batez ere, hau egiteak, hura egiteak, zer alderdiri egingo dion mesede. Bost axola niri, joko zeken zikin horrekin aspaldian gauzkate izorratuta batzuek eta besteek. Herria ez da alderdi multzo bat, alderditik kanpo errealitate izugarri aberatsa da (edo behar luke). Horri ere, dirudienez, beldurra diote politikariek.

Nik beste galdera bat nahi nuke, esan dudanez, baina funtsezko galdera hori egiten ez zaidan bitartean, ez diot beldurrik bestelako galderei erantzuteari. Hiru lurraldeotara mugatu arren, galdera horiei bozka emateko, gainera, ez da legez kanpoko boto emailerik egongo, horietan ez baitzaie (behingoz!) alderdiei emango bozkak. Edonork bozka lezake alde ala aurka, baita alderdirik ez daukagunok ere, bestelakoetan etxean lasai geratzen garenok ere, alderdi guztiez nazka-nazka eginda gauden herritarrok (eta ez gara gutxi). Eta egun batez ea jendeak alderdien aginduei baino, bere barneko gogoetari egiten dion kasu. Legaz kanpo uztekotan, alderdi guztiak, eta ez bakarra, dira utzi beharrekoak, gure sistemaren minbizi bihurtu baitziren ia jaiotzez, eta minbizi horrek gero eta janago dauka herriaren gorputz osoa.

Behin kontsultei gustua hartuta, jarrai diezaiotela holako ohitura osasungarriari, eta kontu garrantzitsu guztiei buruz galde diezagutela. Herritarrok ez gara inozoak, eta informazio osoa jasoz gero, edozeri buruzko erantzuna emateko gai gara. Badakigu tren lasterrik behar dugun, badakigu, edo jakin genezake, behar genuke, ekonomia eredu hau nahi dugun, gure herrian holako edo halako porturik nahi dugun, erraustegirik nahi dugun, ideiak epaitu behar diren, transgenikoak nahi ditugun, eutanasia bidezkoa den, haxixak legezkoa behar duen, erresistentzia zibila kartzelaratu behar den, espekulazioa zilegizkoa den, auzoko eta senideak etxean nahi ditugun… Agian gehiegi dakigu herritarrok eta hortik politikarien beldurra. Ez gara ez ergelak (zoritxarrez).

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: