Dirua


Zer da berez dirua? Zertarako asmatu zen? Beharbada diruak bere zentzua izan zuen gizarte primitiboetan, trukean oinarritutako harremanak zailtzen hasi zirenean. Distantzia handiak, ondasun galkorrak eta iraunarazteko bide gutxi… Seguruagoa zatekeen trukerako balio sinbolikoa erabili leku batean, transakzio batean, demagun, ardia behar duenari hura emateko, berak niri interesatzen zaidan ezer eduki ez arren, eta gero balio eskuratutako balio sinboliko bera beharbada handik urrun asteak pasatuta beste leku batean behar nuen olioa, edo gurdirako gurpila, edo arraina eskuratzeko. Baina zer da gaur egun dirua? Zer balio dauka? Ez dago hura jaterik, ez diruz janzterik edo ezer eraikitzerik… Diruz inguratuta gosez hil gaitezke berdin-berdin. Beraz?

Berez daukan balioa guk, gure fedeak ematen diona da. Txanponak edo diru-paperak edo, gaur egun, ordenagailu bateko apunte elektronikoa jasotzen ditugunean, hala egiten dugu sinesten dugulako jaso dugun horren ordez gerora behar ditugun gauzak eskuratu ahalko ditugulako, baliokidetasun moduko bat erabiliz. Hori da teoria, eta hala begiratuta ez du ematen ezer txarrik daukanik.

Diruaren errealitate gordina, ordea, harago doa. Dirua, benetako ondasunak ez ezik, zentzuak agintzen duenaren gainetik pila daitekeen ustezko balioa da. Are gehiago, dirua pilatzeko geroko irabazi batean sinestea baino ez da behar: espekulazioa, alegia. Gaur egun, ezer ekoitzi gabe, gizarteari onurarik batere ez dakarkion ezer egin gabe, “aberastu” liteke, hots, diru mordoa bildu. Diruak desberdintasuna egiten du. Ez du adierazten hura eskuratzeko egiten den lanaren balioa. Horrela, buru argiek asmatu dute “lan” mota batzuek besteek baino diru gehiago merezi dutela, eta gizarteak hala onartu du historikoki (ez gustura, atsekabez, baina beste biderik ez balego legez). Dirua arma burgesik boteretsuena da, egun gizartea mailakatzen duena. “Azkarra”, azeria, esango nuke, da gizartearentzat ahalik eta lan gutxien eginda “aberasten” dena. Hots, diruaren bidez, beste guztien benetako lan eta nekeari doako etekina ateratzen diona.

Argentinako kasua oraintxe bertan polita da ikusteko diruaren balioa zein den, falta dena dirua bera denean (txanponak, kasu honetan). Holako egoeretan posible da talde txiki batzuek diru urritasunari etekin handiagoa ateratzea, diruaren beraren balioa aldatzea, azken finean, esan legez, diruak gure irudimenak, gure sinesmenak ematen dion balioa baino ez dauka.

Sistema honen barruan, batzuek, bizi osoa lanean eta ondasunak sortzen eman arren, ez dira inoiz dirua biltzeko gai izango. Ez dute inoiz lortuko nahi dutena bizimodu duina eramateko. Beste batzuen egoera are okerragoa da, sistema horretatik guztiz baztertuta bizi baitira. Guk, eskuzabal burgesok, txanponen bat emango diegu noizean behin zein bihotz onekoak garen erakusteko. Txarrena: sinestu ere sinestuko dugu zerbait oparitu diogula, eta ez lapurtutako zerbait, lapurtutakoaren zati ñimiñoa, itzultzen ari gatzaizkiola.

Egun lehen munduak bizi duen krisialdia diruaren krisialdia da, espekulazioarena. Ezer eduki gabe asko izan balute bezala jokatu dutenena. Baina horretan ere, diruaren gurtzaileak salbatzera etorri da diru jainkoa, Estatuen eskutik. Txiroak salbatzeko egiten ez dutena krisialdia sortu dutenei salbatzeko egin dute. Baina jakina, Estatuak ere espakulatzaile horien poltsikoetatik bizi dira, haien diruek ordaintzen dituzte alderdi politikoak boterera daramatzaten kanpainak. Estatuak, azken finean, diruaren jabeen morroi leialak, txakur zintzoak baino ez dira.

Diruaren beste kalteetako bat da guztiok sarrarazten gaituela bere jokoan, bere logika gaiztoan. Lehen munduan batez ere. Bestela, begira dezagun zein diren azken hamarkadetan langileen sindikatuek izan dituzten eskaera nagusiak, zergatik egin diren greba handiak…, eta ikusiko dugu atzean langile-burgesak izateko gogoa egon dela. Hots, burgesek beste diru izateko desioa, burgesen bizimodu bera eraman ahal izateko. Alde batera geratu dira, salbuespenak salbuespen, jabetza bera, sistemaren logika bera aldatzeko aldarrikapenak. Ezker mugimenduek ahaztu dute, diruaren logikan sartuta, gobernuetatik datozen sosen pastela banatzeari begira, euren helburu nagusia lantegien, soroen, lanaren eta haren emaitzaren jabe egitea zela; euren lanaren etekina kapitalisten eskuetatik kendu eta eurek kudeatzea, autogestioa erabiltzea zeinek bere lantokian. Diruak langilea burgestu du.

Beraz, anarkista ororen helburuetako bat, helburu nagusietakoa ez esatearren, dirua eta bertan oinarritzen den ekonomia sistema guztia suntsitzea, desagerraraztea da.

Posible da dirurik gabeko gizartea? Hain korapilatsua den munduan funtziona daiteke dirurik gabe? Nire erantzuna baiezkoa da. Jakina funtziona daiteke, elkartasunez biziko bagara, eta askoz hobeto gainera. Kontua irakatsi diguten logika horretatik ateratzea da eta ikustea nik, egunero egiten dudan lanagatik, azokan dagoen sagar hori jateko eskubidea daukadala, hark, lantegian sartu dituen ordu guztiengatik, egun batzuetarako bakea eta atsedena ekarriko dizkion leku horretara joateko hegaldi hura hartzeko eskubidea dauka bezalaxe.

Diruaren logika atzera uzteak bankuak, aseguruak, maileguak, jabetza intelektualak, patenteak… eta ahazten ditudan beste gauza asko egiten ditu debaldekoak, premiarik gabeak.

Momentuz, dirua eta haren inguruan sortutako sistema bidegabea suntsitzeko premiaz jardun dut. Hurrengo batean utziko ditut hemen mundua dirurik gabe ibiltzeko ideia batzuk. Nire irudimenak eman dizkidan irtenbideak, ez bakarrak eta seguruenik ezta onenak ere. Baina seguru nago munduan nirea baino buru askoz argiagoak daudela dirurik gabeko mundu bidezkoagoa diseinatzen laguntzeko. Norbaiti bidea ez bururatzeak (ondo dakidalako irakurriko nauzuen zuetako batzuen kritika holako sinplista izango dela, barkatu didazue) ez du esan nahi bide hori asmatzerik ez dagoenik. Nire ustez, gaur egun diruan ipintzen dugun fede bera edo are handiagoa gizakiarengan aurrean daukagun pertsona bakoitzarengan ipintzean dago gakoa, gizakia dirua bera baino fidagarriagoa baita (edo behar luke).

Esan legez, hurrengo batean garatuko ditut horren inguruko ideia zehatz batzuk.

(2008-11-30)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: