Argentina, protestaren herria


Aste bi pasatxo dira Buenos Airesa iritsi nintzela. Hirira apur bat ohitu, kaleak, oinarrizko funtzionamendua, “kolektiboen” (autobusak) arriskua, enpanadak, Quilmes garagardoa eta beste gauza garrantzitsu asko ezagutu, eta prest nago noizean behin hemengo sentsazioei buruz idazteko.

Ikusi dudanagatik, argentinarrek dohain asko dauzkate, eta haien artean, interesgarrienetakoa protestarako gaitasuna da. Hemen inor ez da isilik geratzen, eta usoak dira manifak antolatzeko falta diren bakarrak.

Hura izan zen nire ongietorritako bat. Sergio iruindarrarekin Eusketxerantz joan, han barikuero egiten duten afarietara, eta Plaza de Mayon polizia mugimendu ikaragarria ikusi nuen. Benetan ikustekoa da zelan inguratzen duten dena burdinezko hesiz, atzean armada oso bat babesteko, Casa Rosadaren aurrean. Ur-kanoiak prest, eta telebista guztietako kamioiak inguruan dena jasotzeko pronto.

Berez, egun normal batean, Casa Rosadarantz hurbildu, eta lehen irudia honen modukoa izan daiteke…

Leku lasaia, etzateko ederra, boterearen eta ordenaren ikurra… Baina aurrera eginda berehala hasiko dira bestelako banderak, aldarrikapenak, bozgorailuetatik datozen ahotsak… lekua hartzen. Egun hartakoa ikasleen protesta zen, diru-laguntzak moztu behar dituztela-eta. Manifa itzela eta ondo antolatua, baina aldi berean, hemen ezkerrak bizi duen zatiketa itzelaren lekuko. Ikasle talde bakoitza bere alderdiaren banderatxoen gerizpean. Gorriak, gorri-beltzak, beltzak… Denak batera baina… nahastu gabe.

Atzokoa bezalako egun lasai batean ere, manifestazio handirik egon ez arren, Plaza de Mayon gora apur bat egin eta han topatuko dugu lehen protesta. Kasu honetan, Paraguayko preso politiko batzuen estradizioaren aurkakoa. Hego Amerikan, argi dago, lehen sektorean, nekazaritzan, dago lehen borroka frontea. Lurraren jabetza eta aberatsek mendeetan ezarritako sistema dira zalantzan ipini beharreko lehenak. Mikrofonoa hartu, pankartak nonahi jarri, eta itxurazko lasaitasuna beste kolore bat hartzen hasi da. Bandera ofizialen eta oroigarrien artean bestelako herria ageri da…




Ez dira giroan sumatzen diren kexu bakarrak. Hemen jubilatuak ere ikus daitezke Kongresuaren kontra harriak botatzen, eta atsekabea gutxitan gordetzen da norberaren baitarako. Denek daukate zer aldarrikatu eta leku sinboliko batzuetan egunero daude pankartak zabalik biltzen direnak. Bestela, espaloia bera izan daiteke bozeramailea…


Izan ere, Buenos Aires pintaden hiria ere bada, baina hormetako arteaz beste batean idatziko dut. Kioskoek itxita daudenean ere dakite mintzatzen, eta askotan umorea ere ez da falta.


Beharbada matea da hainbeste mugimenduren pizgailua…

(2008-10-11)

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: